BERTSOLAMITZA III: Sustrai Colina

Sustrai Colina-(r)en argazkia Sustrai Colina 2020-01-16
Argazkiak: Bertsozale Elkartea

Bertsolamintza Sustrai Colina –

LABANAK ETA ETSAIAK

 

Denok eskatzen diogu gure artista kuttunari transgresio-dosi bat (gu ere transgresore senti gaitezen), baina inork ez du bere artista kuttunarengandik transgresio gaindosirik desio (hau ez dunk gurea!). Erremediorik gabe, beraz, politikoki zuzena denaren eta transgresioaren arteko talkan bizi da bertsolaria.

 

LABANAREN AHOAN

Pasadizoa ez da gaurkoa. Jo hamabost urte atzera. Uda betea. Gipuzkoako herri txiki bateko festetako saioa. Bere amaren mutil-laguna ezagutu berri duen semeak, “ez dakit zaren gizon edota zaren gay” bota du bigarren puntuan. Barre algarak bertsoaren erdian. Handik hogei minutura, bertsolari horri mozorroa erantzi eta homosexualitateari (ez, gaia ez zen askoz zehatzagoa) kantatzeko agindu dio gai-jartzaileak. Bertsolariak kantatu beharrekoen liburua zabaldu eta hiru arrazoi ponpoxorekin lehertu du plaza. Nola lortu liteke, hain denbora-tarte laburrean aurkia eta ifrentzua abestuta, entzulearen erabateko onespena? Bertsolariak ba al zekien ofiziotan bigarren puntu hori txalotuko zitzaiola baina bakarkakoan diskurtso ofizialari heldu behar ziola? Jendartearen alarmaren sentsibilitateak bereizten ote ditu politikoki zuzena eta transgresioa?

Ahoan labana duelako famatzen den arren, labanaren ahoan bizi delako zamatzen da bertsolaria; labanaren ahoan bizi delako du xarmatzen. Hala ez balitz, berdin-berdin helduko nioke gaiari hemengo jaialdian zein hango bertso-afarian; politikoki zuzenaren orratza leku berean legoke Gasteizko batzokian zein Donaixtiko gaztetxean; Alkizan transgresiotzat daukatena transgresioa litzateke Bilbon; egun guztiak berdinak lirateke herrientzat, egun guztiak igualak niretzat… Sinple, argi, garden, galdera-ikurren abolizioa aldarrikatzeraino. Alabaina, zenbateraino naiz nire mezuaren jabe? Nik baldintzatzen ditut bertsozaleen belarriak ala bertsozaleek moldatzen dute nire mingaina? Zenbat naiz daridanetik? Zenbat dagidanetik? Zenbat dakidanetik? Zer da kantatzen dudana? Zer, kantatu nahi dudana? Zer, kantatu dezakedana?

Dominique Lecourt filosofo frantsesaren arabera, politikoki zuzena disuazio-erretorika da, pentsamendu bakarra instalatzen duen intimidazioa, epaia ardazten duen bide zuzena, boterearen konkistarako lanabesa. Transgresioaren definizioarekin erantzuten dio Harluxet hiztegi entziklopedikoak. Transgresioa ozeanoak kontinentea hartzea da, erregresioaren kontrako fenomenoa. Transgresioa ozeanoaren maila igotzen delako edo kontinentearen lurrazala hondoratzen delako gertatzen da.

Horregatik, politikoki zuzenaren eta transgresioaren arteko talka etengabe da aldatzen, garai, jendarte, leku nahiz gorputzaren arabera. Denok dakigu egia eta gezurraren arteko gerran zein den ongi ikusia. Gabonak heltzean, alta, egian (Olentzero ez da existitzen) ala gezurrean (Olentzero existitzen da) oinarritzen da politikoki zuzena? Hots, 2001ean, Belodromoan, zabor-biltzailearen paperetik kantatu behar izan zuen bertsolariari, laban zorrotzagoak ferekatuko ziokeen azala, gai bera dozena bat urte geroago jarri izan baliote, balkoiak zabor-poltsaz eta kaleak zaborrontzitxo marroiz dekoratuta zeuden sasoian. Izan ere, iritzi olatuek zentzu komuna aldatzen dute; transgresorea izatea iritzi publikoaren batailan terrenoa irabaztea da. Ez gaitezen engaina, beraz: bidea zabaltzen duena da transgresorea, baina transgresoreak zabaldutako bidetik doana norma baino ez.

Bitartean, haatik, labanaren ahoan bizi da bertsolaria, zauritzeko gai bezain zaurgarri, inguruarekiko zein bere buruarekiko etengabeko negoziazioan.

 

DENOK BEHAR DUGU ETSAI BAT

Ez garenez ideietara aldi berean iristen, denok behar dugu etsai bat autokritikarik ez egiteko.

Zer gertatzen da bertsolaritzari moldeak errotik iraultzera datorren artikulazio berri bat lotzen zaionero? Ezinbestez egiten dute talka politikoki zuzenak eta transgresioak. Transgresioak norma bihurtzea du xede, politikoki zuzenak ez dio kanona izateari utzi nahi; ondorioz, botere-lehiak txinpartak pizten ditu. 90eko hamarkadaren hastapenean, beste jite, estetika eta mundu batekin zetorren belaunaldi gaztearen agerpena da horren adibide. Ez zegoen piura horiekin bertsotan egiterik, rocka eta bertsoa antipodetan zeuden, baina ez zen hori bakarrik. Ezezagunari atea irekitzea kontrola galtzea da, kontrolik gabe ez dago pribilegiorik, ez dago botererik. Pertsonak euren obsesioekin hiltzen diren arren, jendarteek kriki-krakak gaindituz egiten dute aurrera, eta, zorionez, egungo kanonaren parte dira orduan bertsolaritzari erantsitako ezaugarri asko.

Ez da ikasgai txarra bertsolaritza eta feminismoa artikulatzen ari diren aroa aztertzeko, sistemaren patroia berbera baita ia beti. Lehenbizi, publikoki ez-entzunarena egin eta pribatuan transgresioa gutxiesten du kanonak; bigarrenik, lagin bat bereganatzen du exotikotzat saltzeko; hurrena, laginaren presak gainez egiten dionean, bekoz beko egiten dio aurre; eta, azkenik, transgresioaren diskurtsoa deskafeinatu eta bereganatzen du, praktikak aldatzetik libratuko delakoan. Orain, gizonezko bertsolari guztiek esaten dugu publikoki feministak garela, bertsozaleek ere bai; denok dakigu bakarkako hiru bertsoetan zer kantatu eta zer txalotu behar den. Hori bai, bigarren puntuko txiste matxistak leku askotan barreak eragiten ditu oraindik. Denok behar dugu etsai bat autokritikarik ez egiteko.

Hala, musika talde baten zalea traizionatuta sentitzen da taldeak estiloz aldatzen duenero. Jendearen gehiengo handiak bere iritziak berresteko irakurtzen du egunkaria. Guri okurritzeko modukoa (baina okurritzen ez zaiguna) jotzen dugu miragarritzat, eta, ohartzerako, entzuleak bertsolaria etiketatzen du, tiradera mental batean sartu, eta horren arabera epaitzen dio bertso bakoitza. Horregatik, gerta liteke bertsolariak lortu nahi duen erreakzioaren kontrakoa erdiestea. Ez zait gutxitan pasatu aitatasunari serio kantatu eta jendeak barrez erantzutea; edo, larriagoa, nire bizi-printzipioekin bat datorren txistea otu eta ideologia horren kontra doazen motiboengatik egitea jendeak irri. Frustrantea da oso errealitateari ertz batetik kantatu eta jendeak antipodetatik entzutea. Ardi beltzari ere, ordea, artalde zuriaren begiek ematen diote kolorea.

Koloreak kolore, denok behar dugu etsai bat autokritikarik ez egiteko. Zer gertatzen da, bestela, giroa gaiztotzeko beldurrez, herri jakinetan gai jakinak sahiesten ditugunean? Zer gertatzen da bertsolari batek doinukera bat, gaikera bat, gaiei heltzeko manera bat proposatu eta bertsokideak aldiro zangotrabatzen duenean? Partaide guztien arteko negoziazio isil bezain subliminala gailentzen da bertsoaldiro, politikoki zuzenaren eta transgresioaren arteko talka, bertsolarien arteko nahiz bertsolarien eta entzuleriaren arteko botere-jokoa. Halaber, gai-jartzailea ere ez dago gudu-zelaiko lokatzetatik salbu. Txapelketan, bertsolaria paper bat bestea baino zailagoa delako kexatzen denean, zentzu komunarekiko defendatzen nekezagoa dela ari da esaten; gaien arteko desorekaz mintzo denean, zentzu-komunak oso abiapuntu ezberdinak eskaintzen dituela ohartarazi nahi du. Izan ere, politikoki zuzenaren eta transgresioaren arteko talka bortitzak eta askotarikoak eragiten dituzten gaien aurrean, zer egin behar du bertsolariak? Bere burua traizionatu? Gai-jartzailea salduta laga? Entzuleari min eman? Buelta erdia hartu eta kantatu gabe eseri? Azken aukera horri heltzea zer litzateke, politikoki zuzena ala transgresorea? Norbera korapilo egin arte bihurritu liteke mataza.

Mataza nahasia da bertsoarena, zentzu komunaren tai gabeko negoziazioa bezain korapilatsua. Horregatik, ez zaie bertsolari guztiei gauza bera baimentzen, inor ez da inoiz hutsetik abiatzen; batzuei transgresoretzat jotzen zaiena politikoki zuzena da beste zenbaiten ahotan, eta alderantziz. Hori jakinik, “hauxe da nire harrikada!” aldarrikatzen jakin behar du bertsolariak, eta, batez ere, zentzu komunaren negoziazioan, egin nahi duena gauzatu ahal izateko espazioak irekitzen eta irabazten.

Alabaina, negoziazio horren baitan, posible ote da entzuleak gutxieneko ulermena garatzea edo entzulea harrera positibo baterako prestatzea bere sentimenduen eta pentsakeraren kontra egin arren? Bai, hautatu liteke polizia baten ahotik jardutea, baina kantatu ote litezke polizia horrek gutaz zinez botako lituzkeenak? Oso da fina politikoki zuzenaren eta transgresioaren arteko marra. Hala, muga horien baitan dabilen bitartean, bertsolariak modu eraginkorrean betetzen ditu bere helburu komunikatiboak, baina izan ote daiteke transgresorea politikoki zuzenaren barnean? Iritzi publikoaren borroka, oskola barrutik arrakalatuz, zentimetroka irabazten da ala kanpotik dena zapartaraziz eta enfant terrible-arena eginez? Etengabe negoziatzen ibili beharra eskizofrenikoa gerta dakioke bertsolariari. Eskerrak, egun, bertsolaritza ez, bertsolaritzak dauden, eta publiko zein saio mota batzuetan hegemonikoa dena, besteetan ez den interesgarria izatera iristen. Eskerrak, denok behar baitugu etsai bat autokritikarik ez egiteko.

Norbera da norbere etsairik handiena, ordea. Gutxi gehiago, bertsolariak badaki zerk funtzionatzen duen, badaki non dagoen txaloa, zer espero duen entzuleak. Hori deskubritzean, boteretsua sentitzen da, formula magikoaren jabea, bere burua, beti kantu berbera konposatzen duen musikaria nola, politikoki zuzenaren uberan pentsatzen higatzen duen arte. Beti besteen arabera pentsatzea norbere burua ukatzea da, urkatzea. Horregatik, bere burua hil beharko du bertsolariak, berriro sortzen saiatu, pentsatzen eta sentitzen duenaren arabera kantatu, halako batean, bere bidetxoa urratu eta jendeak aitor diezaion. Loturetatik askatzean, alta, korapiloak tinka: transgresoreena izanik ere, beregandik espero dena espero den gisan kantatzen duen bertsolaria ez al da politikoki zuzena bilakatzen? Espero nauten lekuan topatzen nautenean, nekez sentitzen naiz transgresore. Horregatik, denetik izan nahi duenerako bidean, txaloari uko egin beharko dio bertsolariak, bere transgresioak politikoki zuzen bilakatzeko borrokan bizi, eta, behin hori lorturik, berriz urratzen tematu.

 

ETA BUELTAK AMARI

Gaur egungo serieetan modan dago “gaiztoa” humanizatzea. Protagonista naziari down sindromedun alaba jaiotzen zaionean, bihotza kizkurtzen zaio ikusleari.   Orduak pasatzen dira protagonistak egiten duena zergatik egiten duen esplikatzen, xehetasun txikiena enpatiarako heldulekua bailitzan. Posible den heinean asmoa bertsotara ekarriz, politikoki zuzena ala transgresorea ote litzateke bortxatzailea, diktadorea edo pederasta humanizatzea? Izan ere, ez genituzke berria eta politikoki zuzena nahasi behar, Koldo Almandoz zinegileak dioen gisan, “putzuetan sartu eta ez itotzea baita benetako arrakasta”.

Bertsolamintza Sustrai Colina Bertsolamintza Sustrai Colina Bertsolamintza Sustrai Colina Bertsolamintza Sustrai Colina Bertsolamintza Sustrai Colina Bertsolamintza Sustrai Colina Bertsolamintza Sustrai Colina Bertsolamintza Sustrai Colina Bertsolamintza Sustrai Colina