Herorrek antzemango diok!

Joseba Tapia-(r)en argazkia Joseba Tapia 2023-01-11

Herorrek antzemango diok! –

Askorenan jaio nintzen duela 58 urte, Lasarteko Goikokalen. Hala zuen izena gure etxeak, Askorena. Lau solairu eta bakoitzean lau familia bizi ginen. Michelin gurpil fabrikan lanera etorriak erdaldun eta euskaldun. Han egin nituen lehenengo belaun urratuak.

Aitak doskaballosa erosi zuen eta plastikozko loreak jartzen zizkion kristalean. Giltza izkina batetik sartzen zion eta estarterrari tira behar arrankatuko bazuen. Ni aurrean joaten nintzenetan burua kanpora begira juxtu ikusten nuen txapazko tripa, gauez ilargi bana bihurtzen ziren fokoen ipurdia ezker-eskuin… ze antamobil ederra!

Pasillo luzea zuen gure etxeak, bukaeran sukaldea balkoitxo batekin. Ekonomika eta karbonera genuen denok. Mahaiaren gainean irrati handi bat bere hautsezko lore artean: Paris, Luxenburgo… Irratian Basarri, Nere Bordatxotik.

Asteburuetan esnatzerakoan, ohean oraindik, Azpeitiko premiokoak kontatzen zizkidan aitak, Pello Errota, Pedro Mari Otaño eta Udarregi. Udarregi bertsolari hobea omen,  baina gaiztora jarriz gero Pello nagusi. Ehun ontza urre onenarentzat. Pellok partekatzea proposatu irabaziz gero ere. Pedro Mari, konforme. Udarregi ez, guztia irabazlearentzat. Gero, Pellori eman omen zioten lehenengo saria. Udarregi dirurik gabe gelditu, eta, minez, bertsoak jarri omen zituen.

Alkatiak jarria
zan kondiziyua
lagunari emateko
partiziyua.
Eman behar danean
txarra soziyua
botata konplitzen da
obligaziyua.
Zure aziyua
dala traiziyua
ai zer leziyua!
konparaziyua
Judasek izan zuen
ofiziyua.

Donabadi jaun hori
frantsesa da berez
ni berriz española
pobrea nerez
premioak partitzen
ditu kantidadez.
Azpeitira joan nintzen
bizirik dolorez
bajua kolorez
eskasa balorez
Pello dugu juez
nonbratua legez
ni hutsik gelditu naiz
portatu gabez.

Buruz ikasten nituen 9 puntuko bertso haiek.

Xabier Lete eta Antton Valverderekin ezagutu nuen Txirrita. Hainbatetan ikusi nituen Xabier eta Antton zuzenean. Sanyo grabagailu txiki bat zeukan osaba Mikelek. Hura katxarro polita! Bolumena horrelako borobil metaliko batekin. Harekin grabatzen genituen kontzertuak. Gero osabak transkribatuarazten zigun. Guk ezin erabat. 

  – Idatzi iezaiok Xabier Leteri!

Eta Xabier Letek erantzun! George Brassens, Txirrita, Xenpelar… Ez genuen erabat konprenitzen baina erakartzen gintuen.

Horregatik txanogorritxu
pozik dabil otsoekin…

Usurbilen ikusi nituen Xalbador, Mattin, Lazkao Txiki, frontoiaren ezker paretan jasotako eszenatoki txiki batean. Antton Aranburu gai jartzen. Mattin zan graziosoena. Xalbador serio. Lazkao Txiki gertuko.

Oskorri eta Mikel Laboarekin ezagutu nuen Gabriel Aresti. Arestik bertsolariak goren kontsideratzen zituen, Basarrik ez bezala.

Bizkaiko aberatsak
dira diruzale…

Xabier Amurizak, bi aldiz txapela. Ni, aita eta osaba Antoniorekin, finalean. Beste ekarri bat Amurizak. Gero eskolan bertsotan hasi ginen ikasle eta irakasle. Jolas denboran idatzitakoak elkarri pasatzen genizkion. Azukre Koxkorra izeneko musa edo muso bat asmatu genuen. Nor baino nor lotsagabeago berearen defentsan. Eskolarteko bertso txapelketan parte hartu genuen. Hernanin azaldu ginen. Puntuazioan, atzean gelditu. Almen eskolakoek bestelako ahalmen bat zuten.

Soinujotzera Altzora egun guzirako. Nik 17 urte. Osaba Eleuterioren Farfisa anplifikadorea nirekin. Mikro erosi berria. Bertsotan Joxe Agirre eta Joxe Lizaso. Eguna haiek eta nire artean bete behar. Eguerdian, bertsolariek saiotxo bat, ni teknikari. Shure SM58 erosi berria. Joxe Lizasok ondo entzuten ez eta mikroari kolpeka…

–Gaste! Honek ez dik egiten!

Mekauen! Zahar kaskailua, mikro berriari joka!

Lau bertso bota eta txanda trikitilariari, nik nahi baino azkarrago.

Lasarte eta Lazkao Txiki, Bidanin. Eguerdikoa pasa eta gero bazkaltzera bide bazterreko jatetxera. Lasartek puru txikiak erditik moztuta eramaten zituen. Serio aurpegia, baina umore fina Lasartek. Gustura egoten nintzen haiei begira.

Lehengo bertsolariak gogoko nituen, baina harritu eta liluratu bertsolari gazteek egin ninduten: Sarasua, Egaña, Murua, Sebastian, Peñagarikano… horiek.

Geroago, aproba batzuk egin nituen Hernaniko bertso eskolan. Gidari Anatx eta Jokin Sorozabal, Anatx zigarro puru eta guzi. Ez aurkezpenik, ez teoriarik… txanda iristean bertso osoa bota behar. Aztamuka, estropezuka osatzen nuen ahapaldia. Baina aurrerapenik, apenas.

Halako batean, Anatxi galdetu nion ea noiz jakingo nuen bertsotarako balio nuen edo ez. Erantzun argigarria eman zidan, dudatik atera ninduena:

  –Herorrek antzemango diok!

Hurrengo belaunaldiarekin kontaktu eta gertutasun handiagoa eduki dut. Askotan, elkarrekin musika eta bertso, eszenatoki gainean eta handik behera. Lagun min izan ditut Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, Unai Agirre, Unai Iturriaga, Igor Elorza. Hauen defendatzailea naiz ni. Sekta bereko sentitzen naiz.

Anatxek ez zidan argitu bertsolari izateko sekreturik bazen, edo garai batean bezala  jaungoikoaren ukitua behar zen. Sorozabalek argitu zigun azkenean edabe magikoaren sekretua: bertso liburu bat buruz ikasarazi omen zioten berari. Beraz, hauta ditzagun gustuko bertso sailak liburu oso bat osatu arte eta buruz kantatu!

 

Herorrek antzemango diok!
Arg: Xabier Cañas
Herorrek antzemango diok! Herorrek antzemango diok! Herorrek antzemango diok!