Mañukortaz

Millan Telleria-(r)en argazkia Millan Telleria 2023-01-30

Mañukortaz –

Mañukortari buruz zerbait idazteko esan zidatenean zalantza egin nuen horretarako ni baino egokiagorik egongo zela pentsatuz, baina bere hiletatik halako sentsazio arraroa ekarri nuen (Mañukortari beste askori egin izan diogun agurrik egin ez geniolako), aukera hau aprobetxatzea erabaki dut.

Gregorio Larrañaga Mañukorta guk ezagutu genuenean sasoi bikaineko mutila zen, bai behar ere hark askotan egiten zituen ibilerak egiteko. Mahai inguruan lagun atsegina zen eta lanera joandakoan saiatua bere bertso eta txistez jendearekikoa egiten. Baserria asko maite zuen, proba zalea, ahari jokoak eta herri kirolak ere oso gustuko zituen.

Ibilera aipatu dut lehen eta bere ibilerak ugari izan ziren. Garai hartan ez zen gaur egun bezala, bertsolariei herriak, udaletxeak, auzo elkarte edo festa batzordeak zuzenean egiten zien deia, eta bolada batean plaza gehien egiten zituzten bertsolarien tartean ibili zela esango nuke. Urtean 200 plaza egitera ere iritsi omen zela esaten zuen, eta hori baserritar bizitza eta erreleboko lanarekin uztartuta. Askotan tokatu izan zitzaigun gauean lantokian jardun eta egunez bertsotara joan beharra edo alderantziz, egun osoan bertsotan aritu ondoren gauean lantokira joatea. Hori oso gogorra da, probatu gabe sinistu ezinezkoa, eta horregatik ematen diot meritu izugarria Mañukortaren bertso ibiliari. 1989ko Txapelketan finalerako ateetan geratu zen eta jendearengana iristeko gaitasun aparta zuen.

Azken urteetan bertso plazak utzi eta lantokitik jubilatuta gustura bizi zela aitortzen zuen. Goiza baserri inguruan pasa, bazkaldu eta siesta, arratsaldean lagunarteko tertulian alde batera eta bestera, afari-merienda eta Jainkomendira bueltan, berak esaten zuen moduan.

Azkenaldian erdi gaixorik zebilen arren, bazuen nork zaindu eta lagundua. Mañu atseden lekurik baduk har ezak betiko atsedena, ondo irabazia duk eta.

Mila esker eta agur.

Mañukortaz

Mañukortaz