Inkontzientziatik ausardiara

Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Bertsolari aldizkaria

“Inkontzientziatik ausardiara” –

Hamazazpi urte bete nituen egunean ere bertso eskolara joan nintzen. Gogoratzen dut jende gutxi elkartu ginela, baina bakoitzak bertso bat bota zidala. Guztiak ahaztu zaizkit denborarekin. Guztiak, bat izan ezik: “Gaur hamazazpi bete dituzu / oraindik zaude kulona, / rejimena egin beharko duzu / ze hori ezta hain ona“. Horraino inkontzientea nintzela gogoratzen dut, ez nituela erasoak ondo kokatzen, ez nekien zergatik gertatzen zitzaizkidan gauza asko. Lodia banintzen, baina zerbait gehiago zegoen. Barruak buelta eman zidan. Zapalduta sentitu nintzen, txiki. Nik beti jakin dut lodia naizela: ez naiz inoiz argala izan. Jaio nintzenerako banituen lau kilo eta erdi. Gertatzen ari zenak beste dimentsio bat zuen, ordea: plazandrea izango naizela muturra okertuta esaten zuten haiek dieta aholkatzen ari zitzaizkidan. Bai, bertsotan ere gertatzen ari zen: ni neska gaztea nintzen, eta gure irakasle lanetan zebiltzanak gizon helduak. Bizitzan zein bide hartu erabakitzeko unera hurbiltzen ari nintzen, eta egin nahi nuena ez zen egin behar nuena, haien begietan.  

Ordura arte sinistu egiten nuen bertsotan ez dagoela desberdintasunik. Konbentzituta nengoen. Egia da behin esan zidatela ez nintzela neska bat, gizonetako bat gehiago nintzela, baina gerora ikasi dut esaldi hori non kokatu. Ordura arteko sentipenak, hitzak eta irakaspenak zerrenda batean nituen, baina ez nekien puzzlea nola osatu. Pieza bakoitza independentea balitz bezala neukan gordeta. Banekien, entzuna neukan, enbeitatarren artean izan zirela kantatzeko aukerarik eman ez zitzaien emakumeak, baina garaiari botatzen nion errua. Bertsolaritza, sistema matxistatik kanpo kokatzen nuen. Nire burua aukeradun ikusten nuen. Gainera, nirekin batera beste neska batzuk ari ziren kantuan eta haietako batzuek txapelak irabazten zituzten. Inork ez zigun esaten ez kantatzeko, inork ez gintuen agertokitik bidali, inork ez zuen zuzenean zalantzan jarri gure gaitasuna. Erreferentzia guztiak gizonak ziren, baina ez genuen arazorik ikusten. Bizkaitarrak izanda, ia-ia ondoko herrikoak izanda, bertso eskolan ez ziguten Kristina Mardarasi buruz ezer esan. Etxean hitz egiten ziguten neskez, andreez eta haien aukerez. Hala ere, gu ari ginen, eta askatasuna onartzen zitzaigula sinisten genuen.

Inkontzienteak eta inozenteak gu. Gogoratzen dut nola esan ziguten behin, Ibarruriko jaietan, ume ahotsa geneukala. Ez genuen oso ondo ulertu zertaz ari zitzaizkigun: ordura arteko bertsolaritza moldea ez zetorren gure jarrerarekin bat. Gona jantzi behar genuela esaten ziguten batzuek, eta ez janzteko, besteek. Gure gorputza erakusleiho batean zegoen, eta gu handik ehunka kilometrora ari ginen geure konplexuak gainditzen. Denborarekin, adinkide nituen neskak plaza uzten hasi ziren, eta nire inguru hurbila husten ari zela sentitu nuen. Bai, mutil askok jarraitzen zuten bertsotan eta haiekin ibili nintzen bat gehiago banintz bezala; baina kideak falta nituen. Ahizpak behar nituen gure gauzez hitz egiteko. Mutilen taldean gauza garrantzitsuak ikasi nituen: kirola, dena irabazteko duzunean fitxak nola sartu, ehiza, edozer esan eta denek barre egingo duten ziurtasuna, ahulagoak barregarri uzten… eta gero, banan-banan haietako bakoitzarekin, taldean existitzen ez ziren gauzak konpartitu nituen: maitasuna, sentimenduak, bizitza, konplexuak, gorputza.

Egoeraz zenbat eta kontzienteago izan, orduan eta gauza gehiago apurtu zitzaizkidan barruan. Arazoa egiturazkoa dela jakiteak lasaitasun handia eman zidan. Ordura arte, ia dena eraso pertsonalak ziren. Azkenean, mundua kontra neukala onartu, eta egin nahi nuena zer zen erabaki behar izan nuen. Utzi edo hartu. Gure herrian esaten den moduan: ito ala lehertu. Zer pentsatu handia ematen zidaten etxera joan ziren neskek. Neuk ere zer beharrizan neukan eusten ari nintzenari eusteko? Baina norbait edo zerbait neukan barruan ez uzteko esaten zidana. Ahizparik gabe jarraitu behar nuen, baina jarraitzeko prest nengoen. Zergatik? Ez dut inoiz erantzuten jakin. Neu ito nintzaten baino lehen, beste guztia lehertzeko prest nengoen: baina nik bertsolari izan nahi nuen. Eta egiari zor, mahai buelta asko lehertu ditut, baina neu ere askotan heldu naiz etxera itota. Eta urte batzuk pasatu ziren neure buruari ispiluaren aurrean bertsolari deitu nion arte. Geure erabakiek ere ez digute balio: besteen onespenaren zain egon gara. Eta hamazazpi urteko Onintza kulona hari asko kosta zitzaion ulertzea batzuek inoiz ez diotela onarpenik emango, eta arazoa ez dela ipurdiaren tamaina, aluaren kokapena baino.

Kontua da, kulona izateaz gain, kuarentona naizen honetan, neure buruari ausardia handia aitortzen diodala. Eta nirekin kantatzen duten emakumeei ere bai. Gauzak nola dauden jakinda, kobazuloaren barruan piztia dagoela jakinda, sartu egin gara eta geuretzako lekua egin dugu. Inkontzientziatik pauso bat gehiago eman dugu piztiaren zurrungak entzun ondoren han jarraitu dugunok. Eta plaza utzi zutenentzat esker ona baino ez daukat. Inoiz bidean egon ez balira, gaur ni ez nintzatekeelako hemen egongo, seguruenetik.

Gaur egun, bertsotan egitearen adinako plazera zait neska gazteak entzutea. Inkontzientziarik gabe hasten dira gehienak plazan: hasieratik usaintzen dute zer dagoen. Gure ondoan jarri eta bertsotan egiten dute. Haiei begira nagoenean, hamazazpi urteko Onintza kulona hura pizten zait barruan, eta, eskuak atzean ditudala, erdiko atzamarra puzten zait inkontzienteki: kulonen iraultza ez da amaitu, izorra zaitezte!

Ez baitut gainditu jasandako min guztia. Txapelak goxatzen laguntzen du, baina ahaztea eta barkatzea ariketa latzak dira. Eta oraindik ere minek sortzen jarraitzen dute. Lodi, sexurik gabe, desiorik gabe irakurria izateak egin nauen moduan egin ditu beste batzuk argal, hipersexualizatu edo eder irakurtzeak. Zauriek ere egin gaituzte, dudarik gabe. Zaurien gainean azala gogortu egiten da, ordea, eta nahi duguna esateko arrakalak ireki ditugu. Gero eta libreago sentitzen naiz, ni behintzat, bertsotan. Ikasi dut futbolaz, lizunkeria ohikoez, ohiko bikoteen gorabeherez, heldutasunaren ajeez… kantatzen. Lehenagotik nekien emozioez, gorputzaz, hilekoaz, sentimenduez eta gauza txikiez kantatzen.

Emakumeok abantaila ere badugula sentitzen dut: ikasi dugunarekin eta geurez dakargunarekin, ia dena daukagu. Minak indar bihurtzen baditugu, bertsolaritza heteropatriarkalarenak egin du! Ba ote dago horrelako bertsolaritzarik, baina? Ez, ez. Gu ez gara horrelakoak. Desberdinak izan gara. Guk ondo hartu ditugu emakumeak. Guk lagundu egin diegu. Hemen ez da bereizketarik egon. Arnasa hartu, begietara begiratu, eta lasai hitz egiteko ordua heldu da: bai, hemen ere bereizketak egon dira, bai, hemen ere egon gara zapalduagoak eta zapaltzaileagoak… Kontua da, garai batean ez ginela kontzienteak eta orain bai.

Eta horrela egin dugu eta egin dut bertso bide bat: inkontzientziatik ausardiara. Eta gozatuz. Asko gozatuz.

“Inkontzientziatik ausardiara”
“Inkontzientziatik ausardiara”
“Inkontzientziatik ausardiara”
“Inkontzientziatik ausardiara”
“Inkontzientziatik ausardiara”