Zortzi motxila bete liburu

Finala amaituta eta amaitu aurretik ere entzuleriari buruz kritika dezente jaurti dira itxuraz Amets Arzallusen alde lerratuegi azaldu zirelako, eta han-hemen hooligan hitza ere entzun izan dut haiei buruz aritzeko. Uler dezaket bertsolarientzat, batez ere Amets Arzallus ez diren beste zazpientzat, delikatua izan daitekeela egoera, baina ulergaitza irizten diot hooligan talde hau kakazteko hainbat kritikariren temari, aspaldikoa baita bertsogintza jarduera kulturala kirol jarduera bilakatzeko tema, ez bakarrik Elkartearen aldetik, baita bertsolarien eta kritikarien partetik ere.

Roland Barthesek zioen beharrezkoa dela, obra bat epaitzeko, obra eta egilea bereiztea (literaturaz ari zen, baina baliagarria izan liteke bertsoetarako ere), hots, testua huts-hutsean hartu behar zela, egilea, hartzailea, egoera eta garaiak kontuan hartu gabe. Baina uste nuen teoria haiek iraganeko bazka zirela (ez nago segur hala ote diren). Nola uler liteke bertsoa, bertsolaritik aparte? Bertsoa, izan ere, ez da ahozko hitz eta kontzeptu konbinaketa soila, eta ezin da bereizi konbinaketa mirarizko hori, konbinaketaren egiletik (ez eta hartzailetik ere, bidenabar esanda). Bertsoa bertsolariaren ahotik heltzen zaigu, eta baita bertsolariaren nortasunetik (eta motxila horretan kabitzen dira hainbat tasun: generoa, janzkera, geografia, ideologia, posea…) eta nortasun horrek eragiten dizkigun sentimenduetatik ere. Ez hori bakarrik: entzuleak, bertsolariarekiko enpatiaren edo antipatiaren arabera ez ezik, bere biografia propioaren baitako jazoera pertsonalenetatik epaituko du bertsoaldia, bere gustu eta apetei (estetikoak, pertsonalak, ideologikoak, geografikoak, biografikoak, eta abar) men eginez. Uste dut komunikazioa-edo esaten zaiola horri, eta hori, nire ustez, ez litzateke zigortu behar. Besterik da bertsolari batzuen komunikazio gaitasuna ertz soziologikotik hartuta zertan oinarritzen den aletzea, bertsogintza fenomenoa abiapuntu hartuta bertso jarduna bertsolari bakoitzaren soslaiarekin, garaiko jendartearekin, bertsoak sortu diren garai historikoarekin eta humus politikoarekin harremanetan jarrita xehatzea; uste dut publikoaren olatuak kriminalizatzea baino interesgarriagoa eta aberatsagoa litzatekeela.

Txapelketaren zirimola iraganda, ordea, ezin izan diot, Barthesen ideiari jarraituz, bertsolariak idatzizko testuinguru literariora ekartzeko tentazioari eutsi. Hona airean egindako zirriborro bat:

Amets Arzallus Antiaren bertsokerari balada baten edota kopla sorta baten traza hartzen diot: bere bertsoek uharri baten leuntasuna dute, mendearen indarra segundo bakoitzean, norbanako batek bat-batean eginagatik herriak belaunaldiz belaunaldi garbituta, kamustuta, trinkotuta baletoz bezala sartzen dira, horra nire begi-belarrietara Ametsen handitasuna. Arrago izaera du, kidetasun ideologikoetatik aparte (nor ez zen inarrosi “eta ordutik lana egin dut/ intxaurrondoak astintzen” entzutean?), beretik aparteko sentiera, pentsaera eta ahotsak urtzeko gaitasuna, jende askok populaturiko gu baten ahotsa kristalizatzen du, eta alde horretatik zaila da berak ordezkatzen duen amets kolektiboaren zabaltasunaren kontra lehiatzea. Amets, beraz, idazle anonimoa litzateke, edo bestela esanda, balada zaharren egiletza azalduz datorren herrikoia terminoaren pareko zerbait.

Oso bestelakoa irizten diot Maialen Lujanbio Zugastiren sorkuntza lanari. Bera entzunez Angelica Liddelleren antzerki lanak datozkit burura, publikoa dagoen tokitik mugitu arte ez du etsitzen, eta publikoa beste norbait da antzokitik irtendakoan, agian mikra bat mugiaraziko zaitu, eta agian milia bat. Zeren eta Arzallusen indarra denbora den bezala, Lujanbiorena espazioa da: gu lekutik mugitu arte ez du etsiko, eta gero geunden tokira itzultzen utziko digu, nahiz eta dagoeneko ez garen izan ginen haiek. Zentzu honetan Konfuzioren garaikide izan zen Lao Tse poeta edota filosofoaren Tao Te King lana ekartzen dit gogora Lujanbioren bertsokerak, garena eta ez garena aldi berean onartzera egiteko gonbita egiten digu (“bizitzeko bat berandu eta/ hiltzeko oraindik garaiz”; “parrea ere parre(a)go dela/ minekin nahastuta”…), geure argi-ilunak onartzekoa, baina kontraesanaren miserian laketu ordez, kontraesanaren argia du helburu Lujanbiok, eta zentzu horretan antzinako jakintsu baten antza hartzen diot.

Kosta egingo zait Igor Elortza Aranoa Julian Barnesen edota Martin Amisen tankerako idazle ingelesen batekin ez erkatzea, ez bakarrik umorearen fineziagatik, ez bakarrik gaia heltzeko eta testua josteko erakusten duen flemagatik, baizik eta baita ere oinetakoengatik (tea hartzera edo Bloomsday ospatzera joateko paregabeak); haatik handiagoa da Annie Ernaux maitearekin erkatzeko tentazioa. Idazle normandiarrak bere aitari buruzkoa den Lekua (Igela, 2003) eta bere amari buruzkoa den Emakume bat (Txalaparta, 2012) liburu itxuraz intimoen bitartez belaunaldi, klase sozial eta herrialde oso bateko gizon-emakumeen erradiografia egiten du, eta halaxe iruditzen zait niri egiten duela Elortzak kantuan ari denean, beretik ariz, bere belaunaldikoen ispilu bilakatzen dela, eta zentzu horretan bertsolaririk soziologikoena dela esango nuke.

Aitor Mendiluze Gonzalezen bertsokera egiten zait zedarritzen gaitzen, edo hobeto esanda, bere bertsoen jantzien atzean ezkutatzen den gorputza nolakoa den irudikatzea egiten zait nekezen. Hermetikoa eta misteriotsua zait Mendiluze. Esango nuke, gazte zenean helduago baten biluztasuna zuela, eta orain, hain gazte ez den honetan, lotsak galdu eta “zahartzean, zapatagin!” egin duela, bejondeigula. Edonola ere, plazer hutsa da bere jantzien desfilea ikustea, guztiak gustu handiz sortuak eta ederki josiak, okasioa eta bertsokidea kontuan izanda hautatuak. Alejo Carpentierrekin eta Itxaro Bordarekin akordatzen naiz, eta nola, batzuetan, beren paragrafoak diren hitz orgietan galtzea bilatu izan dudan, biluztasun gordinean adina plazer hartuz jantzien toles eta usainetan.

Aitor Sarriegi Galparsororengan ederren dialogoei eusteko bere dohaina ikusten dut. Euskal literaturaren azpimunduan debaluatua dagoen bertutea izanagatik, idazle estatubatuar garaikideek sortzen duten liluraren (A.M. Homes edota Jonathan Franzen aipa nitzake hemen) parterik handiena dialogoak sortzeko duten aztikeriari eta gaiztakeriari egozten diot, eta estutuz gero esango nuke dialogo horietan har litekeela estatubatuarren pultsua. Bertsolariaren kasuan itxuraz errazagoa dirudi dialogoan aritzea, erdia soilik sortu behar duelako, eta aldiz, kosta egiten da, erdi salduta dagoelako, are gehiago txapela egonik lehian, dialogoa den leku lanbrotsu eta zalantzazkoan murgilduko den bertsolaririk topatzea. Horregatik zait deigarri Sarriegiren kasua, erantzuteaz gain entzuten ere badakielako.

Unai Iturriaga Zugaza-Artaza bizitza/heriotzaren alde sakon, depresibo eta perbertsoenerako bezain gaitua dago bizitzaren/heriotzaren alde komiko, tuntun eta plazerezkoenarekin jolasteko, eta David Foster Wallaceren nobela, errelato, asterisko eta bere zapi amerikanoa dakarzkit gogora guztietan heriotza presenteen duen bertsolari honek. Agurrean esan zuen moduan, “hiltzeko egun ederra” duenaren izpiritua ikusi uste izan diot maiz Iturriagari taula gainean, eta baita behean ere, eta halako zerbait izango zuen Foster Wallacek buruan bere etxeko garajean suizidatu zenean. Lujanbiorenean ez bezala, Iturriagarenean beti garaitzen dute iluntasunaren indarrek, eta horrek egiten du erakargarri eta bakan bere jarduna, ez baitzaigu egunero egiten norberaren amildegira akonpainatuta hurbiltzeko eskaintza.

Oso bestela dakusat Beñat Gaztelumendi Arandiaren kasua: adinaren miraria edo genetikoki emana datorren ebatzi ezin dudan arren, bertsolari honek xalotasunaren indarra gordetzen du (oraindik) eta gai da (oraindik) bidegabea den munduari aurrez aurre eta begi gardenez begiratu eta justuago baten aldeko borrokara deitzeko, nahiz eta “mapa gabeko herri zahar hau hitzetan marraztu” behar. Italo Calvinoren Cosimo pertsonaia izan liteke, hamabi urterekin aitarekin (agintearekin) haserretu eta zuhaitzetatik jaitsi gabe biziko zen baroia. Pasioa, duintasuna eta utopia. Gazte literaturaren moduan, gaztetan entzun eta heldu egiten zaitu, heldutan entzun eta gaztetu.

Sustrai Colina Acordarementeria begitantzen zait bertsolari guztietan pikaroen. Inoiz izan dut sentsazioa ez zaiola umorea den gauza serio hori barkatzen, eta ez litzateke harrigarria, literaturan gutxietsia baitago neurriz kanpo baloratutako pornotragediaren ondoan, edo begira bestela Literatura Nobelak. Colina kantuan entzunda Bernardo Atxagak idatzia datorkit akordura, berak liburu bat hasi orduko, antzoki bateko taula gainean irudikatzen du bere burua, eta palkoan, liburu horren ezaugarrien arabera, gonbidatu batzuk edo beste eserarazten ditu, halako kritikaria, idazleren bat, haur talde bat haur literatura bada, ez dakit non ezagutu zuen literaturzalea… haientzat idatziz, haiengan jarrita arreta eta ez bakarrik bere irizpide estetikoetan. Colina, zentzu honetan, ingurunea ongien katalizatzen duen bertsolaria dela esango nuke, pilotu automatikorik ez duen bertsolari kamaleoia.

Bai finalean zehar eta bai hitz hauek kolpatzen ari nintzela Eduardo Galeanori inoiz irakurria izan dut buru inguruan jiraka euli gizen baten antzera, eta azkenean pausalekua aurkitu du, alu horrek: irakurri ezin dutenentzat idazten omen du Galeanok, eta bururatzen zait bertsolariek ere ez ote duten irakurri ezin dutenentzat kantatzen.

Eider Rodriguez