Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2021-10-28

Galdutako ahotsak

Galdutako ahotsak –

Azken asteetan, Urepeleko bailarako bertsolari ohien inguruko ikerketa lan bat eraman behar izan dut ene lanerako. Eta zenbat diren Xalbador bera aurretik kantuan aritu eta gaur egun erabat ezezagunak direnak. Nik neuk ere gutxi ezagutzen nituen izenez, eta gehienak erabat ezezagunak egiten zitzaizkidan. Ikerketa lana egiten ari nintzela, soilik izen-abizen eta data biografiko batzuk aurrean nituela, nere baitan pentsatzen hasi nintzen, ea oraindik geratzen den bertsolari hauen aztarna idatzi edo grabaturik. Berriz ere, ikerketa sakondu eta erantzuna errepikatu egin da: gutxi.

Hala ere, gehienek bertso idatziak utzi dituzte, baina seguruenik, bat-batekoan ere arituko ziren XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako junta horretan. Dena dela, guregana grabazio oso gutxi iritsi da, eta garaiko prentsa edo idatzien bidez daukagu hauen informazio gehiena. Elizondon gerra zibilaren atarian burutu zuten Nafarroako finala 1936ko urtarrilaren 12an. Bertan kantatu zuten Urepeleko bailarako bertsulari batzuk bertze aldeko bertsolariekin batera.

Finala hartako parte hartzaileen prentsako argazki bat ikusi ahal izan dut ikerketa lana sakontzerakoan. 8 bat bertsolarik jokatu zuten egun hartako finalean, eta argazkian, 8 aldiz irudi berdina ikusi ahal izan  dut: 8 gizonak, zortziak txuri eta beltzez jantziak, zortziak bonetarekin. Gizon hauen bertsoen arrasto oso urriak iritsi zaizkigunez, pentsagarriena litzateke garaian ere bazeudela emakumeak bertsotan ari zirenak, oholtza ofizial hauetatik kanpo, eta jada gizonen ahotsak erdi galduak ditugunez oholtzako fokopean izanik ere, emakume hauen ahotsak erabat galdu ditugula.

Oso Maria Luisa Erdozio gutxik biziraun dute gaur egun arte. Ea galdutako ahots gehiago iristen zaizkigun erraustutako grabagailu eta ahaztutako bertso liburuen artetik.

 

Galdutako ahotsak

Galdutako ahotsak