Txapelketa alternatiboak VII: Itxaso Paiaren bertso jarriak

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

2017-10-14

 

Itxaso Paiaren bertso jarriak

Doinua: ke azpitik su gainetik

 

1.- Txapelketa nagusiaz

 bertsozale oparo

kokoteraino dago

hala ere lau urtero

enbido zein hordago

eta gero 4 trago

Nahiz eta askok beste giro

bat daukaten nahiago

Sumatzen da arraro

alternatiba moduan

sortzea alboz albo

txapelketa gehiago.

 

2.- Etxarriko bertso-afari

txapelketa horrena …

ez al da zoramena?

Dietan dagoenarentzat

zer nolako problema

edo zeliakoena …

sarritan saiatu arren

ezin ulertu dena

Hau da nire dilema

Nor ote da irabazle;

bertsotan trebeena

ala jatun onena?

 

3.- Eskolartekoa amaitu

eta Soraluzera,

Deba, Elgoibarrera…

A8tik zeharkatuz

peajeko barrera

lagunekin batera.

Lehenbizi saioa eta

gero festan topera!

Isiltzea hobe da…

Berriro joango nintzake

pixka bat gaztetzera

Plazatik Gaztetxera

 

4.- Bertsozale batek nahi du

poteo borobila

edo saio isila

zerbait esperimentala

zein betiko profila

aukerak dira mila

Maitasuna nahi duena

zein patata tortilla

edota bertso pila

Gasteizera hurbilduta

Kutxira joan dadila

Bertsokatuen bila.

 

5.- Ederra da nahastea

zaila eta erraza

lehia eta jolasa

txapelketa izan bedi

dibertitzeko plaza

husten den kalabaza.

Lapurtarrek mahai jokoak

maite dituzte antza

nola egin zalantza

nahastuz monopolya,

bertsolaritza, txantxa

eta dadoen dantza!

 

 

6.- Soziedadea, txokoa,

aretoa zein BECa,

denak zalez beteta;

naturala da, bertsoa

bizirik dago eta.

Horra hor gogoeta.

Behin zoazenean berriz

egin nahi duzu buelta

lagun onak gordeta.

Aitzakia bat baino ez

Elkartzeko tarteka,

Hori da txapelketa

Itxaso Paiaren bertso jarriak