Feminismoak egin ninduen bertsozale

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

2019-10-01

Feminismoak egin ninduen bertsozale –

Testua: Maider Iturbe Mujika. Bilgune Feministako kidea eta antropologoa

 

Feminismoak gerturatu nau ni bertsolaritzara. Bertsolaritzan feminismoaren aldarrikapenak errotu eta bertsolariek feminismoari ekarpenak egiten dabiltzanez, bi aldeko norabidean dabilen harreman estua eraiki delako, agian. Bertsolaritzan erabilitako gaiek interpelatu nautelako, akaso. Bertsolariek gure errealitateaz aritzeko duten gaitasunagatik, bestela. Feministok identitate anizkoitzak dauzkagu eta esparru askotan aurkitzen gara lanean. Bertsolaritza dugu haietako bat, eta, euskal kulturari dagokionez, paradigmatikoa gainera, gure barrenera begiratzeko leiho moduan baliagarri zaigu-eta. Bertsolaritza herriaren ahotsa kontsideratu izan da, bertsolariak komunitateari hitz egin eta komunitatearen izenean hitz egiten duela, baita ere.

Feminismoak egin ninduen bertsozaleBertsolaritza ez da atzean gelditzen, ez. Alderantziz. Bertsolarien artean ere badugu eraldaketa bultzatzen ari den aliatu feminista kidegoa. Lan ikusezin hori gure plazetan ikusgarri bihurtzen ari da, eta historiako haria josi duten bertsolarien jarraipen oparoa daukagu gaur egungoen artean. Emakume-gizon dikotomiak jarraitzen duen honetan, emakumeak espazio maskulinizatuan sartu dira, aspaldian, eta begiratuak izateko eta begira egoteko rolarekin hausteko asmoz, gainera.

Bertsolari feministek sorkuntza lanean ekarpen handiak egin dituzte eta egiten ari dira, bai bertsolaritzaren esparruan, baina baita gizarte zabalagoan ere. Gai eta protagonista berriak, hausnarketak, hitzaldiak, iritzi artikulu, irrati saioak, ikuskizunak, saio bereziak, ikastaroak, argitalpenak, besteak beste. Zenbat eta zenbat bertso saio eta iritzi artikuluk astindu duten irakurle eta ikusleon pentsamendu eta ikuspuntua. Emozionatu gara, borrokarako grina piztu eta, nola ez, gozamenerako tarte ederra eskaini digute bertsolariek feministoi. Beraz, bidelagun ditugun bertsolari feministei erabateko eskertza eta aitortza zor diegula azpimarratzetik hastea ezinbestekoa egiten zait, bestelako kontuei erreparatzen hasi aurretik.

Lanketa feminista bertsolaritzan martxan da. Eraldaketara bidean badugu egitekoa oraindik ere, eta dena lortua dagoenaren sinismena zabaltzeak bidea oztopatuko digulakoan nago. Feminismoak lortu du espazio bat, nolabait. Genero ardatza lehen lerroan jartzea lortu dute. Gai horiek hor egotearekin batera gizonezkoak interpelatzen hasiak dira, eta denok astindu behar ditugu zimenduak, aurrera egiteko gogoz bagara behintzat. Zailtasunekin eta erresistentziekin bada ere, estrategia kolektibo indartsu bat eta genero gatazkari heldu dioten bertsolari feministen bidez eman ditzakegu aurrerapausoak.

Interesgarria iruditzen zait bai sortzaile feministen emari aberatsa, baita gaur egun bertsolarien munduak duen hausnartzeko maila eta prestutasuna ere, erresistentziak egon badauden arren. Momentu honetara iritsi bagara aurretik egindako guztiari esker dela esan izan dugu, bizipen eta lorpenei esker, eta une honetara iritsi izanak eta zenbait gairi buruz hitz egiteko gaitasuna izatea bera aurrerapauso ikaragarria iruditzen zait. Bertsolari feministek ariketa ausartak egin dituzte hori horrela izan dadin. Bestalde, kontuan izan behar dugu izendatzen ez den hori ere hor dagoela, noizbait azaleratzeko zain edo ez, baina hor egon daiteke eta sumatu dezakegu esaten ez dena identifikatzeko gai bagara.

Emakume identitatetik eta gorputzetik bertsolaritzaren esperientzia oso bestelakoa dela eta desberdintasun hori zertan oinarritzen den argitaratu du Lisipeko bildumako ale batean Uxue Alberdi bertsolariak, horrek dakarren guztiarekin, entzun eta aldaketarako prest dagoenarentzat zein errealitate batzuen aurrean entzungor eta ihes egin nahi duenarentzat ere. Zer gertatzen da indarkeria eta botere harremanak aztertzeko genero ikuspegia azaleratzen denean? Deserosotasunak, beldurrak, gatazka, segurtasun galera… baina baita ere erreparazioa, aldaketarako motorra, zerbait berria eraikitzeko aukera, moduak eta harremanak eraldatzeko aukera, zein espazioak eta giroak berrantolatzeko parada.

Feministok, bertsolaritzaren alorrean ere, gure jardunaren bitartez tradizioz egindakoa hankaz gora jarri eta beste plano batzuei erreparatuz gauzak egiteko eta pentsatzeko aukera hori zabaltzen dihardugu. Feministen ahots eta testigantzen bitartez bertsolaritzaren irudi idealizatua arrakalatu eta errealagoa den zerbait deskribatzeko gaitasuna lortzen dugu, genero ikuspegia txertatzeak ezkutuan gelditzen den informazio ugari ematen baitigu.

Bertsolaritza praktika sozial moduan hartzen badugu, errazago ulertuko dugu bertan ere gizarte zabalagoan ematen diren botere harreman eta mekanismoak egon badaudela. Bertsolaritza eta gizartearen artean bada zubi moduko bat eta gizartean dagoen eztabaida bera topa dezakegu oholtzan.

Horrela, bertsolaritzan teoria eta praktika uztartzen doaz, mugimendu feministarentzat oso garrantzitsuak diren bi aspektu. Bertsolari feministek mezua edukiz betetzen dute eta praktikan oinarritzen dira horretarako, kasu errealak aukeratzen dituztelako eta praktikan oinarritzen diren pertsonaiak ekartzen dituztelako erdigunera adibidez, baina baita ere haiek haien gorputzarekin eta espazioa hartzearekin ere praktikan jartzen dutelako feminismoak aldarrikatzen duena: plazaren erdian kokatzea.

Feminismoak badu plazera borrokarako tresna gisa. Aitortu beharra dut gainera, azken finean, gozamenak egin ninduela ni bertsozale. Teoriak eta praktikak bat egiten dute hemen ere, bertsolaritza eta feminismoa uztartuz espazio gozagarriak ari baitira sortzen. Arnasguneak deitu ahal direnak, espazio feminista eta euskaldunak. Gizarte antolamendutik urruntzen diren bi aspektu horiek, protagonista bilakatzen diren une eta giro horiek. Bertsolaritza eta feminismotik eraikitzen diren espazio horiengatik eta espazio horietan erabateko haustura suposatu duten hainbat momenturengatik egin nintzen ni bertsozale.

Feminismoak egin ninduen bertsozale
Feminismoak egin ninduen bertsozale
Feminismoak egin ninduen bertsozale