Bertso-ibilbideko pasarteak

Jose Luis Gorrotxategi-(r)en argazkia Jose Luis Gorrotxategi 2019-09-24

Jose Luis Gorrotxategi –

1963ko martxoaren 3an Bergarako pilotalekuan jendaurrean lehenbiziko saioa egin nuen hamazortzi urte bete berri nituela. Mutiko argal, lotsati, isil eta ile-tente bat nintzen. Orduan hasi nuen bideak iazko urriaren 21era arte jarraitu du.

Xalbador egunean egin nuen azken saioa, Urepelen. Xalbadorri diodan miresmena eta errespetuagatik aukeratu nuen Urepele nire ibilbideari amaiera emateko. Berrogeita hamabost urte joan dira bitartean. Gogoan dut debutean abestu nuen bertsoaren amaiera:

Etortzearren eskerrik asko
o, Bergarako lagunak.
Eta gainera besarkada bat
bihotzeko euskaldunak

Berrogeita hamabost urte geroago, Urepelen bertso honekin egin nuen azkeneko agurra:

Xalbadorrekin ni txapelketan
nintzela oso mutiko,
nik ekainaren hamaika hura
gogoan daukat betiko.
Orduan hasi nuen bidea
gaur bukatzen da ta kito,
urtetan ere aurrera noa
ez naiz lehen bezain sasoiko.
Agur Xalbador, agur Urepel,
berriz ez naiz etorriko.

Nola ez izan gogoan 1967ko ekainaren 11!

Egun hartan ezagutu nituen Xalbador eta Mattin. Ni soldadu nengoen Cadizko San Fernandon, eta baimena eman zidaten etortzeko. Zozketak hala erabakita, goiz eta arratsalde Xalbadorrekin kantatzea egokitu zitzaidan. Eguna ondo zihoan oso, Alfonso Irigoienek Uztapiderekin buruz burukoa jokatzeko Xalbador pasatzen zela esan zuen arte. Hura iskanbila! Ahazteko gertakari hobeak dira, baina zaila da ahaztea: buruan iltzatuta geratu zitzaidan niri. Eta, beste askori ere bai, segur aski. Orduan hogeita bi urte nituen, eta han ikusi nuen bertsolariek txalo zaparradak jasotzen zituztela, baina txistuak entzuteko ere arriskua zegoela, nahiz eta txistu haiek epaimahaiari jotakoak izan. Txapelketa hura zela tarteko, gertaera bitxi bat izan nuen kanpamentutik San Fernandoko tren geltokira iritsi nintzenean. Hiru lagun zeuden bertan, bi guardia zibil eta gizonezko dotore bat, traje ilun batekin. Trena noiz irteten zen jakin nahi nuen, eta guardia zibilak utzi eta gizon dotore harengana joan nintzen.

¿Sabe usted cuándo sale el tren Talgo en dirección a Madrid?

Hori esan nionean, begira-begira jarri, eta esan zidan:

-Txo, ondino ezta irten, baina laster irtengo dau.

Hura poza nirea! Esan zidan marina mercanteko kapitaina zela, eta etxera zetorrela oporretan. Eta galdetu zidan ea nola soldadu joan eta hain azkar eman zidaten baimena. Erantzun nion bertsolaria nintzela eta txapelketara nentorrela.

-Bertsolaria? Bada, ni Lopategiren laguna naiz –erantzun zidan.

Beste anekdota bat ere badut, oso polita, urte batzuk geroagokoa. Lopategi eta Azpillagarekin nengoen Zizurkilen. Arratseko saioa egin aurretik gizon bat hurreratu zitzaigun, bera Errekaldeko semea zela esanez. Otañotarra zela, eta nahi al genuen bere sorlekua ezagutzea. Hala joan ginen, eta, baita kafeak hartu ondoren, bertso batzuk abestu ere. Han ikusi genuen Errekaldeko intxaur famatua, Pedro Marik hainbat alditan abestu ziona. Bitartean, hamar urte inguruko ume bat jolasten ari zen sukaldean. Mutiko horren aita Garmendia Villabonako harakina zen, eta honela esan zigun:

-Errekalden lehen ziren bertsolariak, baina honekin jai dugu. Hau futbolaria dugu, egun guztia baloiaren atzetik igarotzen du.

Handik hamar urtera Gipuzkoako egunkari batean irakurri nuen:

La Sociedad Deportiva Eibar ficha al portero de Hernani, José Ignacio Garmendia, de 20 años. Garmendia es natural de Zizurkil, del caserío Errekalde, cuna de los bertsolaris José Bernardo y Pedro Mari Otaño.

Segituan etorri zitzaidan burura hamar urte lehenago baloiari ostikoka sukaldean zebilen mutiko hura. Oraindik ez dira urte asko pasarte hori berari kontatu niola, eta esan zidan:

-Baloiarekin sukaldean ez zen ni besterik ibiltzen, seguru ni nintzela.

Garmendia urte askoan Eibar taldeko atezain famatua izan zen.

Ezkondu eta hurrengo urtean, emaztea eta biok egun batzuk pasatzera joan ginen Izaba eta Belagua ingurura. Handik, gero, Gotainera jaitsi ginen. Han, Pette Beretter pastorala ikusi genuen. Pierre Bordazar Etxahun Iruri egun hartan ezagutu nuen. Ondoren, Urepelera joan eta Xalbador-Enean afaldu eta lo egin genuen. Afalondoren, bertso mordo bat bota genuen, eta idatzita zituen bertso batzuk abestu zizkigun Xalbadorrek. Odolaren mintzoa bere liburuan jasota daude gaur egun bertso horiek, eta Mendian galduak dute izena. Afrikatik hona ekarri, eta Urepele inguruan mendian abandonatutako etorkin gazte batzuen istorioa da.

Seguruenez, bertso horiek ezagunak izango dituzue, baina orduan Xalbadorrek ondo gordeta zituen. Bere emaztea Leonik eta Joxe Mari Aranaldek beste inork ez zituela entzun esan zigun. Hurrengo goizean, gu Azpeitirantz abiatu ginen, eta Xalbador bere mendiko etxolara, ardiengana joan zen.

Berrogeita hamabost urtek askorako ematen dute, eta tarte horretan tokatu zitzaidan Uztapideri bere azken saioan eman zion ondoezaren lekuko izatea. Donostiako Atano III.ean ginen kantari, eta ondoezak jo zuen Uztapide. Bost minutu lehenago abesten ari ginen elkarrekin, Agirre eta Azpillagarekin laukotea osatuz, Odolkiak ordainetan genuen bertsotarako gaia. Ondoren, Iriondok Uztapideri deitu zion bakarka abesteko. Gaia entzun eta mikrofonorantz gerturatu zen. Bertsoaren lehenengo lerroa kantatzen hasi zen, baina ezin zuen: “Barkatu” esan eta eseri egin zen. Tronbosia edo horrelako zerbait eman ziola esan ziguten geroago.

Ibilbide honetan hamaika bertsolari ezagutu dut, bertsolari on asko. Aspaldi kantatu zuen Xenpelar zenak Sortuko dira berriak. Baita sortu ere, bertsolaritza maila gorenera jaso duten neska-mutilak. Denak ez dira finala jokatzera iritsiko, finalistak zortzi bakarrik izaten direlako; baina hortik atzera ere bada bertsolari kopuru handi bat, maila ona dutenak eta doazen lekuan saio bikainak eskaintzeko gai direnak. Hala ere, badira esaten dutenak “Zuek bai bazineten bertsolariak! Nik gaurkoei ez diet ulertzen ze esaten duten!”. Egia da bertsolaritza aldatu dela, baina ez ulertzeko modukoa izatea urrutiegi joatea izango da. Gaurkoek ere euskaraz kantatzen dute behintzat. Gero, gustatu edo ez, hori beste kontu bat da. Lehen potorik egin gabeko saioak gutxi izaten ziren; orain, berriz, noiz edo noiz bakarrik entzuten da bakarren bat. Garai batetik bertsolariak asko ugaritu dira, eta bertsoen kalitateak gora egin du nabarmen. Gauzak dotore esaten dituzte, eta gaurko bertsolariak entzuteak gustua ematen du. Dagoen bertsolari kopurua eta duten maila ikusita, iruditzen zait guk, edo nik behintzat, ematekoak eman dizkiodala herri maite honi, eta erabakirik onena dela hartu berri dudana. Euskal Herri osoari eskerrak eman nahi dizkiot nik eman diodana baino gehiago eman didalako bueltan.

AGUR eta MILA ESKER.

Jose Luis Gorrotxategi
Jose Luis Gorrotxategi
Jose Luis Gorrotxategi
Jose Luis Gorrotxategi
Jose Luis Gorrotxategi