[Kanpotik] Gu
Jolasa, sormena, taldea, hizkuntza, neurria, errima, ahotsa, transmisioa, pertenentzia, lurraldetasuna, gaitasuna… asko izan daitezke bertsolaritzari buruz pentsatzean burura datozkidan berbak.

Gu –
Ez dut sekula bertsotan egin, ez naiz inoiz bertsozale amorratua izan, baina miresmen handia eragiten dit edozein gairen aurrean kantatuz, errimatuz, neurtuz, bertsolariek duten bat-batekotasunerako gaitasun horrek. Hori egiteko gai dena inteligentea dela uste dudalako.
Urte asko dira era askotako euskal sortzaileen orbita antzekoan mugitzen naizela nire lana dela eta. Ondotik noa. Eurei zuzenean galdetzeko aukera daukat tarteka, ea zertan dabiltzan, zer egiten duten… eta urte luzeetako jarraipen horrek aukera eman dit ikusteko nola aberasten duen euren lanak gure gizartea, gure herria, gure euskal nortasun kolektiboa. Zeregin horretan ezinbestekotzat ditut bertsolariak.
Adinarekin, norberak bizi izan dituen gauzei distantziaz begiratzeko eta gertakari horiek dagokien testuinguruan jartzeko gaitasuna izaten dugu, eta ikusi dut zerk eman didan atentzioa bertsolaritzari dagokionez. Jon Maiaren Berriak jaio ginen liburuan kontatzen dena bizitzeko aukera izan genuen gutako askok, nire kasuan publiko bezala bertso saioetara hurbilduz lehenengo aldiz. Gu bezalako gazteak ziren bertsolari haiek, guk genituen kezkez ari ziren oholtza gainetik. Horri esker ezagutu genituen zaharragoak ziren bertsolari mitikoak ere eta ikasi genuen euren jardunaz, euren ahotsez, euren arteaz gozatzen. Eta belaunaldien arteko “talka” horrekin zenbat momentu on, gure aita Mañukortaren bertsoari barrezka eta ni aitaren ondoan eserita, urduri eta gogotsu, Iturriagak nola erantzungo zion itxaroten. Eta hori guztia ikusle moduan guztiok batzeko, publikoa zabaltzeko eta guztiok gurean identifikatuta sentitzeko. Han guztientzat zegoelako lekua. Euren arteko txantxa haiek, haserre antzeztuak, ezberdintasuna… zegoen adiskidetasuna agerian uzten zuena eta, batez ere, helburu bera zuten lankideak zirela erakusten zuena.
Guztientzat lekua zegoela uste genuen baina… Non zeuden neskak? Non geratzen ziren bestelako gaiak, begiradak, eztabaidak, egun ezinbestekoak direnak gure kultur gosea asetzeko? Bada, hasi ziren emakumeak ikusgarri egiten eta, berriz ere, eta kontakizun hau egiteko behar dudan orokortasunetik ari naiz hau esaten, lortu zen zegoena aldatzea. Eskuzabaltasun ariketa handia iruditzen zait pribilegio posizio batean dagoenak hausnarketa egitea eta ulertzea aurrera egiteko moldatu beharra dagoela ezinbestean. Ez da orokorra izango eta ez zen orokorra izango zaharren eta gazteen arteko lehia hartan ere, baina oso azaletik kontatuta, argi ikusten da eboluzio hori, aldaketa hori eman dela. Eta hori oso garrantzitsua da guretzat, publikoarentzat. Gizartearentzat.
Azken urteetan telebistarako egiten diren bertsolari txapelketetako finaletako emankizunetan parte hartzeko aukera, zortea eta ohorea daukat. Hori diot asko gustatzen zaidalako honen parte txiki bat izatea, egun zehatzetan bakarrik bada ere. Asko ikasi dut bertsolaritzaz asko dakitenen ondoan euren azalpenak entzuten. Beste era batera ikusten eta ulertzen dut gertatzen ari dena taula gainean, eta hala ere… askotan publikora joaten zait begirada. Zer isiltasun dagoen, zer errespetu artistaren jardunaren aurrean, zer adi dagoen mundu guztia, lan egiteko gogoz gainera: entzuten, ulertzen, abesten. Zalantza egiten dut zerekin emozionatzen naizen gehiago: publikoan ikusten ditudan neska-mutil gazteen kontzentrazio aurpegiekin edo publikoan dauden edadetuen kontzentrazio aurpegiekin. Ez dakit zer gustatzen zaidan gehien: jendeak entzutean jartzen duen arreta, kantatzen dutenean edo txaloka hasten direnean. Eta ohartzen naiz gehien gustatzen zaidana guztiok une horretan sentitzen duguna dela: komunean dugun zerbaiten parte garela sentitzen dugula. Guztiok batera gu garela.