Akatsak ez dira beti gramatikalak

Akatsak ez dira beti gramatikalak –
2022ko martxoaren 30ean, Korrika kulturala kari bertso saio musikatua antolatu zuen Baionako AEK-k Kalostrape ostatuan, euskarak eta euskal kulturak Baionan aterpe hartzen duten lekuan berean. Ostatuak beheko solairuan du tokia eta gainerateko hiru solairuetan dira Baionako Gau Eskola eta AEK erakundearen bulegoak. Hunkiduraz oroitzen dut Odei Barrosok kantatutakoa: “ (…) bere euskara ez da onena / euskara ederrena da”.
Arrats hartan aretoa mukuru bete zen eta AEK-ko ikasleak ere bertan ziren. Euskara ikasten ari direnen erraztasun eta zailtasunei buruzko gogoeta bati bidea eman zion Ekhi Erremundegi gai-emaileak. Izan ere, Berriatik ateratako euskara ikasten ari zen baten lekukotasuna irakurri zuen, Odei Barroso eta Miren Artetxeri gaia emateko estakuru gisa: “Badira euskaldun zaharrak denetan, baina batzuetan horma bat bada parean. Zuzentzen zaituzte, baina batzuetan blokeatzen du; beti ari zara akatsei pentsatzen… Niretzat ez da naturala euskaraz aritzea. Lotsatia naiz, batzuetan akitua naiz, eta ez dut ahalegina egiteko gogorik, eta anitzetan ez dugu ber hizkuntza. Erabiltzen ditudan hitzak ez dituzte ulertzen; erraten didate ez dela horrela erraten… Euskaldun berriek ahaleginak egin behar ditugu, bai noski; baina euskaldun zaharrek ere bai”.
M.Artetxe
Gure herrian bada euskaldun aina ideia ta teori
“Hori ez dago ongi errana, beste hori ez dago ongi…”.
Nola liteke harri berean behin eta berriz erori?
Besteei eskatzen diegu ta guk egiten ez dugun hori.
O.Barroso
Nahiz ta euskaldun zaharrak askotan hartu dezakeen pena
pentsa euskaldun berriak berak izan dezakeen kondena
eta ez al da euskaldun zaharrok jakin behar genukeena?
Kurtso denboran ez baldin bada zuzentzea ez da zuzena.
M.Artetxe
Zenbat alditan egin dugu geuk besteen akatsen zerrenda?
Ta zertarako konpletiboak ta erlatiboak zenba?
Dena ez da ongi, dena ez da zekler!, dena ez da klaro!, ez benga!
Dena ez dago ongi, dena ez da erreza baina eroriz ikasten da!
O.Barroso
Eguzkiak jo ta altxa ere egin dezake itzalak
lagundu nahian beti ez gira uste bezain zerbitzalak
euskaldun zaharrok karrikan usu botatzen ditugu balak
baina akatsak ez dira beti izaten gramatikalak.
M.Artetxe
Zuetako zenbatek AEKn ditu arratsak igaro?
Zuetako zenbat sentitu dira sistema baten esklabo?
Berdin du akatsa, berdin biziki, berdin oso zein zeharo
ze gehienetan elkar laguntza gure begiradan dago.
O.Barroso
Norbait ikasten ari delarik bere xokoan euskara
soilik makulu izan behar dugu atera dadin plazara
nahiz ta hamaika akats egin hor ikasten aritzen bada
bere euskara ez da onena, euskara ederrena da.
M.Artetxe
Denen artean eraiki behar badugu herri amestua
nor da aski euskalari ona, aski euskaltzain prestua?
Nork du beti hain eztarri finko, mardula baina estua?
Hobetzeko deus ez duen horrek altxa dezala eskua!
O.Barroso
Neri berdin zait nor-nori-norka berdin hamaika istori
gure baldintza soilik delako zuk hartu! eta nik tori!
Neri berdin zait egiten diren, lasai, akats bat edo bi
zeren hizkuntza ezin da izan erabiltzen ez den hori!
Lehen bertsoetatik heldu zioten gaiari estu eta zuzen. Autokritikatik hasi zen Miren: “(…) Besteei eskatzen diegu ta guk/ egiten ez dugun hori”. Eta Odeik euskaldun zaharrok klaseetatik kanpo zuzentzearen zilegitasun eza ekarri zuen gogora: “(…) baina akatsak ez dira beti/ izaten gramatikalak” kantatu zuen Barrosok euskaldun zahar batek duen ardura agerraraziz, eta segidan ideia hori azkartu zuen Mirenek: “(…) ze gehienetan elkar laguntza/ gure begiradan dago”.
Bertsoaldi horrek ninduen markatu, iruditu baitzitzaidan, Ekhik akuilaturik euskara ikasten ari direnen problematikak xeheki ekarri zituztela Mirenek eta Odeik Kalostrapera, AEK-ko ikasleak han berean zirela gainera. Une hunkigarria eta esperantzagarria partekatu genuen denok, serorategi zaharreko harriek ere oroituko dutena, hain segur.