Baietza ezezkoa denean

Naia Arrizabalaga-(r)en argazkia Naia Arrizabalaga 2026-10-07

Baietza ezezkoa denean –

 

Powered by RedCircle

Beti izan naiz guztiari baietz esatekoa, lan txiki asko hartzekoa, gero lan handia suposatzen zidatenak, unibertsitateko ikasketak beste mila gauzekin batera egitekoa, beti bai. Gero negar ere bai, baina beti bai. Ezetz esatera ere ohituko nintzela entzun izan dut behin baino gehiagotan, gehiegitan.

Bertso eskoletan gustura nenbilen eta ate joka sariketa bat izateak dakartzan ondorioak pozarren bizi nituen: bertso eskolara gehiago joatea, bertso eskolako lagunekin gehiagotan egotea, bertsora kateatu egotea nolabait motiboren batekin. Motiboa eta motibazioa, enpate. Malabarista eta ekilibrista izan nahian, oreka desoreka bihurtu zen bat-batean, kolpez. Eta oreka berreskuratzea ez zegoen nire esku.

Ez ditut, oro har, saio asko edukitzen, baina orduan bai errenkadan neuzkan bizpahiru, justu mundua gainera zetorrenean. Eta ezetz esan behar, ez nengoen gaixorik, ez zitzaidan inor hil bezperan, baina ezin nuen, ez nintzen gai. Sarritan, zeuri ezer ez gertatuagatik albokoei gertatzen zaienak geldiarazten zaitu zu. Hala ere, konpromisoa, antolatzaileekiko zorra, buruan bueltaka zebiltzan eta entzun nahi nuena esango zidan lagunengana jo nuen, zuzenean, ezetza emateko lasaitasun bila edo. Eta nahi nuena edo behar nuena entzun nuen: “Esan ezetz, ezin duzula, ez zarela gai”. Segidan egin nituen hiruzpalau dei eta aurretik zetorrena kendu nuen paretik, saiorik saio. Erreparoz, baina halabeharrez, nire onerako.

Banaka jartzen gara mikrofono aurrean, baina askotan erabakiak kolektiboak dira. Kolektiboak dira baietzak eta ezetzak. Batez ere, ezetzak. Eta are gehiago, ezezko bihurtu diren baietzak. Askok heltzen baitute, nahi gabe ere. Saioetatik kanpo bertsolaritzak badu zer eman: lagunak, bertso-eskolak eta kantua. Topikoa dirudi, baina horrelakoetan nabarmentzen dira gehien, beti hor daudela diruditenak, ezetz esaten diozunean guztiari, zuri baietz esaten dizutenak.

Mikrofonoetatik at egotea erabaki nuen, gai sentitzen nintzen arte berriz ere altu abesteko. Izan ere, asko espero gabe, baina ahotsak ere galtzen du bere forma horrelakoetan. Ez da betikoa. Ez da zuk nahi duzun bezalakoa. Ahotsak transmititzen ditu zure barruko ikarak, ezinak eta nahiak. Ahots kordek, ordea, dardar egiten dizute gutxien espero duzunean, eta zure ahotsa galtzen da nahi gabe. Hori horrela, behin gai sentitu eta baietz esan nionean hurrengo saioei sentitzen nuen ez nintzela nire ahotsetik ari kantuan. Denak behar du bere denbora bere onera itzultzeko eta itzuli zen, halakoren batean.

Kantua beti izango da minarentzat ukendu ona. Berdin du ez bazara abeslari onena, berdin du ez badakizu bertsoren bateko puntua, edo ez baditu memorizatu zure kanturik gustukoenaren hitz guztiak, berdin du. Edozeinek eskuragarri daukan tresna da abestea eta une baterako bada ere, minak arintzen lagundu dezake. Zaurientzat bendaje potol bat behar baduzu, agian ez dizu dena estaliko, baina izan daiteke tirita bat. Mina arintzeko modu bat.

Mina baretu eta itzuli nintzen, nolabait. Baietz esaten hasi nintzen, behintzat. Eta hori ere bada kolektiboa, ezetzetik baietzerako bidea. Oholtza gainean zutik egoteko bat, atzean sarri esku ikusezin batzuk daudelako, eusten zaituztenak eta gorantz bultzatu.

Baietza ezezkoa denean
Naia Arrizabalaga. Arg: Maialen Etxaniz (GUKA)

*Musika: Doctor Turtle, Free Music Archive

Baietza ezezkoa denean  Baietza ezezkoa denean