Gozatzeko ere bada
Saats Karasatorre
2026-11-18
Gozatzeko ere bada –
Powered by RedCircle
Beñatek deitu ninduen baina ez nion telefonoa hartu. Mugikorra isiltasunean izateko ohitura daukat, tarteka begiratzekoa ere bai. Dei galdua eta watsapeko mezua aurkitu nituen. “Tarte bat daukazunean deitu” bukatzen zen mezua. Deitu nionean ez zidan hartu, gero alderantziz eta, azkenerako, hurrengo egunerako jarri genuen zita. Hurrengo egunean ikusi nuen deia sartzen baina bakarrik nengoen etxeko bi txikiekin eta deia erantzun aurretik telebista jarri nien. Makusin sartu eta zer ikusi nahi zuen galdetu nion zaharrenari; besteari jartzen diozunak ez du inporta, hiru minutu dauzkazu deia bukatzeko. “Hau nahi dut, aita” esan zidan zaharrenak hatza pantailara luzatuz. Paw Patrol euskaratzea okurritu zitzaionari galdera: aurretik txakur patruila gutxi ote zeuden ba gurean? Ez nion jarri.
Txikiak ez, baina zaharrenak gozatu egiten du telebistaren aurrean. Beste gauza askorekin ere bai baina ostiraletako pizza eta pelikula ederrak dira beretzat. Guretzat ere bai. Txikia lo, zaharrena goxo burua biotako baten gainean jarrita eta guk tarte bat elkarren ondoan lasai egoteko. Zaila egiten zaigu biontzako tarteak hartzea, tarteka kaferen bat haurrak eskolatik eta haur eskolatik bildu aurretik, kontzertu edo antzezlanen bat inoiz… Baina egunerokoan zaila da. Askotan pentsatzen dut: “gertatu zaidan hau kontatu nahi diot gero bikotekideari”, askotan bi egunera kontatzen diot. Aldiz, bakoitzak bere tarteak hartzeko egutegia nahiko txukun atera zaigu ikasturte honetan. Bina arratsalde bakoitzak eta planen artean, kirola, lagunekin kaferen bat, komuna garbitzea, hurrengo eguneko bazkaria prestatzea… “Hori ez da zuretzako tarteak hartzea!” pentsatuko du bateren batek. Podkast bat edo musika entzuten duzun bitartean komuneko baldosari mimoz buztin txuria igurztea gauza ederra da ba!
Kirolarekin nahiko txukun hasi dut ikasturtea, ea nola doan hemendik aurrerakoa… Aurrekoan parkean kontatu nuen korrika egitera atera nintzela eta beste guraso batek galdetu zidan ea lasterketaren bat prestatzen ari ote nintzen. Ez, ez naiz ari. Baina ez ninduen harritu galderak, behin baino gehiagotan entzun izan dut. Nik gustuko dudalako jotzen dut Etxarriko beheko basora korrika egitera, ongi sentiarazten nau eta energia aldetik ere laguntzen dit egunerokoan. Gainera, nahikoa da ordu erditxo batekin (sobran ere batzuetan), eta hori eskertzen da bi arratsalde dauzkazunean eta biharko ilarrak egosi gabe dauzkazunean.
Hala ere, pentsatzen aritu naiz eta, galdera hori bertsogintzara ekarrita, erantzuna ez da berdin-berdina. Nik, gehienetan, asko gozatzen dut bertsotarako geratzen naizenean. Ariketa, doinu eta jolas berriak probatzean benetan disfrutatzen dut. Plazerra aurkitzen dut buruan dudan ideia 7-6an edo 10-8an sartzeko saiakera ongi ateratzen denean. Eta esanen nuke bertsoak sentsazio hori pizteko daukan gaitasuna benetan indartsua dela. Bertso irakasle aritzen naiz gaur egun Sakanako eta Nafarroako ikastetxeetan eta askotan ikusi dut irribarre txiki bat puntua borobil atera zaion ikaslearen aurpegian. Bertsokideen aurpegian ere sumatu izan dut halako keinurik; hori ere disimulatzen ikasiko da akaso. Nire lanaren parterik ederrenetako bat iruditzen zait logika ulertu duen eta lehen aldiz kantatzera doan ikasle baten zirrara. Hatzak dantzan jartzen dituzte batzuek, ahopeka errepasatzen entzuten dituzu besteak eta, bat-batean, ausartzen da bat saiakera egitera.
Haur bati bertsogintzaren oinarriak eskaintzeko nahi beste luzatu dezakezu azalpena, baina berak probatu eta ateratzen zaion momentuan sortzen den emozio hori berak bakarrik lortu dezakeen zerbait da. Sorpresa txiki bat hartzen du ikasleak berak, “hori nik egin al dut?” pentsatuko balu bezala. Nik ere sentitu izan dut emozio hori eta ederra da. Sokarik finenean zaudenean ez dakit nondik agertzen den ideia edo errima salbatzailea, ia nahi gabe ateratzen dena. Edo ideia argi ikusi duzunean denbora daukazulako errima bereziren baten bila hasten zarenean sortzen den emozioa.
Hala ere, denbora faltagatik edo auskalo zergatik, bertso eskolako gela txapelketa garaian zabaltzen dugu oro har. Prestatzen ari garen lasterketak markatzen dizkigu entrenamendu egunak, ariketa motak, erritmoa… Eta uste dut hori izanen dela nire hemendik aurrerako erronketako bat, zapatillak jantzi eta korrika egitera joaten naizenean bezala, gozamenaren bila joatea bertso eskolara. Hori eta komuna garbi mantentzea.

* Musika: Doctor Turtle – The Circles I Went Round In (Free Music Archive)

