Kanpaina bat, zazpi eserleku eta Super Igandea
Kanpaina bat zazpi eserleku eta Super Igandea –
Une erabakigarrian sartu gara eta asko dago jokoan. Ez da txantxa, egun gutxi barru erabakiko baita Euskal Herriaren etorkizuna, datozen lau urteetarako. Kanpaina bete-betean, inkestek ez dute gehiengo absoluturik aurreikusten, eta ez dago batere argi abenduaren 20ko Super Igandeak zer mapa utziko duen.
Dakigun bakarra da, aulki joko frenetiko honetan, gutxienez, zazpi eserleku ibiliko direla azken unera arte dantzan. Bestela esanda, lehen itzuliak agerian utzi du ez dagoela inorentzat aulkirik ziurtatuta, eta bigarren bueltan erabakiko dela guztia. Hortik aurrera, galderak: nola banatuko ote dira Nafarroa Arenako Gorteetarako aulkiak? Duela 4 urteko emaitzak eta indar-korrelazioak errepikatuko ote dira? Sartuko al da hautagai berriren bat eskuinetik, ezkerretik edo zentrotik? Nor nagusituko da azken aulkirako borroka estuan.

Mendiluze irabazle, lehen aurrez aurrekoan
Soziologia fakultateetan ikertuko da pasa den asteburuan Donostiako Illunben egin zen ekitaldi nagusia. Dotore zegoen plaza, bero; adin, klase eta koloreka ondo banatua; kartel, pankarta eta eslogan irudimentsuz josia. Oholtzara txalo-artean igo ziren lehiako bigarren itzulira pasa diren lehen hautagaiak eta, izan bertatik bertara edo telebista bidez, ikusmin ikaragarria piztu zuen kandidatuen arteko lehen aurrez aurrekoak.
Espero bezala, agurren tartea baliatu zuen hautagai bakoitzak bereei keinu egitearekin batera, programak, helburuak eta promesak plazaratzeko. Aitor Mendiluze da horren adibide. Andoaindarrak dotore iradoki zuen laster hartuko duela erretiroa Txapelketatik, eta poltsikoan sartu zituen Illunben bildutako pentsiodun edo jubilatu guztiak: “zaharra ez da izandakoa / luzaroan dena baizik.” Lehen puxtarria.
Hasi eta buka, Mendiluzek dotore, bizi eta aho-bizarrik gabe erantzun zien aurkezleak mahai gainean jarritako gai guztiei. Alderdi sozialean, esaterako, sendo mintzatu zen Donostiako afari-solidarioen alde, eta arratsaldeko lehen txalo-zaparrada ozenak irabazi zituen. Esperientzia handiko parlamentarien gisan, arin eta erreflexu azkarrez erantzun zien aurkari gazteei, txaloetarako tarterik utzi gabe, apenas. Ganbarako saioarekin borobildu zuen saioa eta, analisten aurreikuspenei arrazoi emanez, merezimendu osoz ziurtatu du finaleko bere eserlekua, zazpigarren aldiz.
Illarregi, bigarren indarra
“Posible egin” irakur zitekeen Illunbe sarrerako hormetan erantsitako afixetan, eta leloa bere eginda igo zen oholtzara Joanes Illarregi, duela 4 urteko errebelazioa. Leitzako hautagai gaztea lotuta sumatu genuen lehen ariketetan, baina boto-emale gazteen babesak hauspotuta, garaiz hasi zen eztabaidan nabarmentzen. Gogoangarria izan zen Mendiluzerekin osatu zuen zortziko txikiko ariketa, alkoholemia kontrolean harrapatu duten abadearen paperean. Adin horretan ohikoa ez den lasaitasun eta segurtasunarekin, bertso bakoitzean erantzun zion Mendiluzeri, nola gainera. Plaza lehertu zuten biek. Hori gutxi balitz, bera izan zen onena Urrezko Minutuan. Ganbarako lanean “isiltasuna hautsi zuen”, eta hil-hurren den ama baten eutanasia eskaerari maisuki kantatu zion: «Finean askatasuna/ horixe da gorpuztea/ egon nahi ez duenari/ lasai joaten uztea». Illunbe goitik behera. Ezker ukabila gora. Iruñean eserleku bat nahi du Illarregik. Posible da.
Ez da langatik urruti ibiliko Aner Peritz ere, atzo hirugarren sailkatua eta aurten belaunaldi gazteen ahotsa ondoen ordezkatu duen hautagai zarauztarra. Hitzartze guztietan nabarmendu zen, zorrotz, fin, zehatz, baina ariketaren bat sailetik apartatzekotan, ganbarakoa: euskal kuadrilen itxitasun, leialtasun arriskutsu eta barne-kode berezien erradiografia gorena oparitu zigun. Ez dakigu finaletik abstenituko den. Litekeena da bere bidea hemen amaitu izana. Bere bidea hasi besterik ez da egin, ordea.
Nafarren ahotsa
700 puntuz azpitik geratu zen Julio Soto, laugarren sailkatua. Soziometroaren arabera, indartsu zetorren gorritiarra, inoiz baino gertuago zuen Iruñean eserleku bat, baina Miarritzen lortutako abantailak ihes egin zion hatzaparren artetik. Hanka-puntetan pasa zen ofizioetako lanetatik; puntu erantzunetan ez gazi, ez gozo; bakarkakoan berpiztuko zela ziur ginen… eta usteak ustel. Ezin esan finaletik kanpo dagoenik, baina nekez iritsiko da Sotoren sorpasoa.
Hirugarren hautagai nafarrak, Saioa Alkaizak, egin ditu bereak aurtengoz. Baina ez nolanahi. Gaiak parean egokitu ez arren, erakutsi zuen plazan jarraituko duela bere indar aurrerakoiarekin, ertzekoei ahotsa jartzen, bloke erreakzionarioen etsai eta eskubide sozialen defentsan.
Eta, azkenik, hautagairik txalotuenetakoa: Agin Laburu. Belaunaldi arrakalaren erdian, ozta-ozta pasa zen fasez, baina astigarragako mutilak erakutsi zuen 40-60 urte bitarteko botu-emaleen artean biziki estimatua dela korbatarik gabeko bere jarduna. Mundiala haiz, Agin. Eta kitto. Kitto!
Illunbekoaren ostean, bigarren itzuliak Gasteizko eta Bilboko aurrez aurrekoekin izango du segida, gainerako 12 hautagaiak lehian direla. Guztien buru historiko bat, Arzallus, aterki-lanak egiten dizkion abantailarekin. Iruñeko 7 eserlekuak, ordea, erabakitzeke daude. Badator Super Igandea.

