Nerea Ibarzabal, kattagorriak bezain bizi

Naia Arrizabalaga-(r)en argazkia Naia Arrizabalaga 2026-11-29

Nerea Ibarzabal kattagorriak bezain bizi –

Abendua ate joka den azaroko arratsalde batean, Mendizorrotza 2.000 lagunek hartu dute. Lierni Altunaren gidaritzapean sartu dira Nerea Ibarzabal, Aitor Bizkarra, Beñat Gaztelumendi, Maddi Ane Txoperena, Sustrai Colina eta Ane Labaka, hurrenez hurren. Donostiako saioan finalerako langa marrazten hasi bazen ere, gaur ere asko dago jokoan, are gehiago agian. Munstroa betazalak zabaltzen hastera zihoala ohartarazi zuen Eibarko saioan markina-xemeindarrak. Gaur, berriro ere, asko estutu gabe aritu da, “katagorriok estutzen gara / lehenbiziko elurretan / bakoitzak bere reserbatxoa pilatu du ezkurretan” kantatu badu ere hasierako agurrean. 760,5 puntu eskuratzeko lanari saioaren hasieratik ekin dio Ibarzabalek.

Nerea Ibarzabal kattagorriak bezain bizi
Arg: Ekaitz Zilarmendi (XDZ)

Hamarreko txikian, katagorria azti hasi da, bizi, ezkurrak biltzen banan-banan. Bizkarrak asmatu du hari eusten eta arrazoitzen, nutrizionistaren paperetik. Ale ederrak utzi ditu bien arrazoiketak: euren pazienteek ihartzeko presa dutela ikusita, euren kezkak azaleratu dituzte biek ala biek. Hain berea duen lana egin du Ibarzabalek: elementuak ekartzea gaira.

Zortziko handian, gaiek objektuak eta lekuak gorpuzten jarri dituzte bertsolariak. Labakak eta Ibarzabalek saio txukuna osatu dute, gaia lekura ekarrita eta Martxoaren 3ko sarraskia gogoan. Labakari sarraskia gertatu zen elizaren papera egokitu zaio, eta Ibarzabali, berriz, haren ondoko ikastetxearena. Ez da erraza lekuak gorpuztea, horma soiletatik haratago joatea eta zutabeak eraikitzea, baina asmatu dute lekuetan diskurtsoak kokatzen eta gaia behar zen gisan lerratzen.

Lekuak gorpuztea tokatu zaie batzuei, eta objektuak besteei. Pertsona trans baten komuneko armairuan dagoen ezpainetakoaren paperetik abestu du Colinak, eta Txoperenak, bizarra egiteko makinaren paperetik. Objektuak ez ezik, objektu kokatuak izan dira, eta ale finak utzi dituzte. Txoperenak makinari sentimenduak erantsi dizkio: “ezpainetako inbidi pixkat / dizut nik oraintxe berez / niri amorruz begiratzen dit / zuri ordea plazerez”. Halako gai bereziak izanik, ez da erraza antzera formulatutako gai ugari aurkitzea, eta txalotzekoa da Donostian nahiz Gasteizen ildo bereko gaiak jarri izana.

Zortziko txikiko ariketak gogotik txalotutako bertsoaldiak utzi ditu. Horietako bat izan da Colinak eta Bizkarrak osaturiko lana. Hauteskundeen atarian, mahaian egotea tokatu baina agertu ez denaren paperetik kantatu du Colinak; Bizkarrak, berriz, haren ordezkoarenetik, etxera bila joan zaionarenetik. Ironia puntuz ekarri dituzte alderdi politikoak hitzetara, eta jendeak eskertu du egindako ahalegina. Ibarzabalek eta Gaztelumendik, berriz, izeba-iloben paperetik abestu dute. Gaztelumendik ederki asmatu du unibertsitateko ikaslearen paperetik astero pertsona desberdin batekin izebaren etxean oheratzen den gaztea gorpuzten, eta bizkaitarrak umorez heldu dio gaztetasunari. Kontakizuna bisual bihurtu dute bertsotara ekarri dituzten elementu eta pertsonek: añorgarrak Ane, Leire eta Emilia ekarri ditu, eta bizkaitarrak, gosaltzean partekatzen dituzten gaileta Mariak. Goia, hala ere, Ibarzabalek jo du beste behin: “hau ondo erortzen zait/ ekar zazu berriz”.

Puntukako ariketak irristadak eskura jartzen ditu, bizkortasuna medio. Beñat Gaztelumendik ariketa horretan bildu ditu puntu gehien. Lanean kargu altuagoa eskaini dioten eta zalantzan dagoenaren ahotik kantatu du, fin erantzunez. Irristada haren ondotik etorri da, Colinak bigarren bertsoan poto egin duenean. Errima bera erabili du hasieran eta amaieran: denbora. Azkeneko erriman denbora gelditu da kezkan, eta publikoak kantatu du “denbora”. Egin aurretik ohartu dira poto egitera zihoala, bai bera, bai jendea. Finalaurreko aurreko saioan egindako potoari buelta ematen ari zitzaionean, beste bat egin du. Eta kolokan jarri da guztia.

 

IRRIBARRE FALTSUAK ETA BENETAKOAK

Ganbarako ariketak ale politak utzi ditu, oro har. Irribarre faltsuei kantatu ondoren, benetako irribarrea aurpegian marraztuta amaitu dute gehienek. Guztiek istorio sinesgarriak sortu dituzte.

Ibarzabalek ekin dio ariketari, bere doinuan, jada publikoarena ere baden horretan. Eibarko saioan egin zuen bakarkakotzarra gogoan, jendea zain zegoen, esperantzatsu. Eta bete ditu oraingoan ere espektatibak. Alabaren mutil-laguna ezagutu berri duen amaren azalean jarri eta irribarre faltsuak ezkutatzen zuen tentsioa harmailetaraino garraiatu du: “bideko zapoen eran / aplastatuko zaitut zu / nire alabari negarrik / eragiten badiozu”.

Bizkarraren kasuan, neurrira egindako kontakizuna izan da. Bigarren bertsoan “erakutsi” hitza erriman birritan erabili izanak harrotu ditu hautsak: potoa da ala ez? Erakustea, azaltzearen adieran, eta erakustea, irakastearen adieran, ez dira gauza bera. Baina bi erabilerek erakusteko modu berari egiten al zioten erreferentzia? Iritzi kontrajarriak egonagatik harmailetan, behin puntuak ikusita badirudi epaileek ez dutela pototzat hartu. Bereziki aipatzekoa izan da hirugarren bertsoan hika egiteko hautua egin izana. Izan ere, txapelketako formatuan ez da horren ohikoa zukatik hikarako jauzia egitea. Horrek ekarri dio kontakizunari gertutasuna: aita etsia ikusi dugu, semeari hizketan, lokuluxka egiteko erreguka: “Baina ama falta ta hi negarrez/ ta ni egiten nauk bi puska/ oro haiz lerden negar ta lerde/ oi loa loa txuntxurun berde/ oi loa loa masusta/ arren egin lo kuluxka”

Colinak jo du puntaren punta, orain arteko bakarkako lanik puntuatuena osatuz. Puntukako ariketatik burumakur atera bada ere, goia jo du Colinak. Bi aukera zituen: egin edo egin eta arriskatu. Bigarrenaren aldeko apustu garbia egin du. Publikoan tentsioa nabari zen, denek baitzekiten ariketa horrek baldintzatuko zuela Colinaren finalerako eserlekua. “Benetakoa ez den irribarrez erantzun duzu” gaiari men egin dio, hildako maitasun-istorio baten kronika ikaragarria eginez. Txaloz erantzun dio publikoak: arratsaldeko bertsoaldi txalotuenetako bat izan da. Ariketa txalotzeaz gain, animoak emateko modu bat izan da, jendeak oholtzakoari eutsi nahiko balio bezala. Puntuz puntu josi du ariketa, hitzik soberan ez balu bezala. Bereziki bigarren bertsoa izan da goraipagarria: bukaerako puntuek indarra izanagatik ere, bertsoak goitik behera ekarri ditu, tartean bi puntu aipagarri utziz: “gure harremana ez al da hilotz / bat baineran odol husten” edota “alfer-alferrik ez al naiz ari / gurpil zulatu bat puzten”, besteak beste. Hirugarren bertsoa errematea izan da, eta “zorte on zure bizitzarekin / bakarrik edo beste batekin / desio dizut maitea / zoriontsu izatea” ia-ia koruan abestu du publikoak.

Behin saioko lanak amaituta, Ibarzabal gainerakoen gainetik ibili denaren zurrumurrua nagusitu da harmailetan. “Bai, ez? Nerea, ezta?”. Halakoak entzun zitezkeen, baina bazegoen beste kezka bat ere: “Eta Sustrai?”. Isiltasuna. “Poto egin du”. Eta ez zen hori bakarrik: “Finalerdietako bere bigarren potoa”. Bigarrena izateak bigarrenaren karga dakar, eta ez da kentzeko pisu arina. Eta etorri da puntuazioa, etorri ez, ekarri dute.

“760,5 punturekin, Nerea Ibarzabal” ahoskatu du Altunak. Bakarren bat jaiki ere egin da aulkitik, eta txalo jo diote erruz, merezi bezala. Bigarren, Sustrai Colina, 735 punturekin. Arnasa hartu du, eta, zergatik ez esan, publikoak ere bai. Hirugarren, Gaztelumendi, 734 punturekin. Eskua eman die bai Colinari, bai Ibarzabali. Elkar zoriontzeko modu bat izan da, nolabait “barruan gaude” esateko era bat. Ondoren, Labaka, 714,5 punturekin; Bizkarra, 714rekin; eta Txoperena, 702,5ekin.

Agurtu dituzte bertaratutakoak, baina batzuek finaleko eserlekua ia ziurtzat jo duten arren, bada kolokan daukanik oraindik ere. Aulki-jokoan, azken eserlekuak nortzuek eskuratuko dituzten datorren larunbatean erabakiko da Bilbon. Amets Arzallus, Alaia Martin, Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Nerea Elustondo eta Xabat Illarregi ariko dira kantuan. Gasteizko saioak argi utzi du: edozer pasa daiteke. Katagorri ugari dago, eta ikusi egin beharko da nork biltzen dituen ezkur gehien.

Nerea Ibarzabal kattagorriak bezain bizi  Nerea Ibarzabal kattagorriak bezain bizi  Nerea Ibarzabal kattagorriak bezain bizi  Nerea Ibarzabal kattagorriak bezain bizi  Nerea Ibarzabal kattagorriak bezain bizi