Likidoa laian

Likidoa laian –

Bertsoak: Oier Etxeberria

 

Likidoa laian

 

Nokiarekin mende

berriari hoska

txupetea kentzeko

euroari hozka

batzuk ongi etorri

ta besteek ospa

belaunaldia zaigu

patentatzen kosta

barka atzerapena

berandu gatoz ta

 

Netflix ta Amazonen

irribar aurpegi

digitalizatu den

Wazemank gaztedi

Kutxin gradua

erasmusen segi

garagardo artisau

artean igeri

sistemaren umezurtz

baina ez gehiegi

 

Tradizio txapeldun

baten utopiak

moderniza ditzake

hitzen egokiak

agertu zirenean

Twiterren jonkiak

okupatzeko asmoz

eszenatokiak

lizitatuta zeuden

BECeko aulkiak

 

Gatazka diluitu

baten oihartzuna

krisi bat gonapean

igaro duguna

eztanda klimatiko

oraindik urruna

ofizio zaila da

tokatu zaiguna

aurkitzen ez badugu

zilegitasuna

 

Hirurehun kilo pasa

rektangular beltzak

pista obalatuan

arrautzen lainezak

gero indartu dira

andreen defentsak

belodromoak falta

baitzituen ertzak

harri baldarrei heldu

nahi zietenentzat

 

Industrializatu

ditu sutegiak

ama oretzat jaso

dugun hiztegiak

beti geza dirudi

besteen egiak

adinez labealdi

bereko ogiak

haserretzeko ere

antzekoegiak

 

Saio alternatibo

otorduz eragon

zehar begiratzen da

nork zeri eta non

auto koherentzia

genezake jagon

aukeraren aukera

baldin balitz denon

baina askok ezin du

inon ere egon

 

Lurperatu berri den

hilotzaren euli

plaza boterea da

eztarria zoli

haizeak daramatzan

bi ideia ahuli

sostengutzat bertsoa

zertan erabili

likidoa ezin da

goldeaz irauli

 

Teknikaren gatibu

oholtzan bardoa

estetika jomuga

kantari hor doa

mundu txikia baina

belarri mordoa

noiz da arte epaia

eta noiz morboa

kupelaren zein txotxi

darion ardoa?

 

Galdetzen duten hoiei

daudenez bando bi

zeini derizkiozun

gaizki eta ongi

aitorpen politikan

zergatik erori:

ustez azalpenik ez

diot zor inori

neuk beste jakitea

litzateke hori

 

Likidoa laian