[Ttakun eta Herren] Hobe isilik / Udaberria

Etxahun Lekue eta Ane Zuazubiskar-(r)en argazkia Etxahun Lekue eta Ane Zuazubiskar 2025-09-08

Hobe isilik –

HOBE ISILIK

Hobe isilik

Etxahun Lekue

 

Doinua: Pasaiako plazatik

 

Paperaren parean

naizenez eseri,

behin bada ere pista

gura diet segi

sasifilosofoen

berbei, hitzei,

ezer ere ez dioten

esaldi hutsei.

 

 

Telebista ikustean,

entzutean kantak,

berba bidez datozen

hipokrisi tantak,

sarri errepikatzen

dizkiguten mantrak,

ustezko aholkuak,

gezurrak galantak!

 

 

Notizia bitxi bat

eman eta gero

edozer lor liteke

saiatu ezkero

izango litzateke

barregarri edo

ezer lortu ez duen

jendea ez balego.

 

 

Sormen lanean dena

denean arazo

jasotzen dira hainbat

berbazko eraso.

Besteen kritikei

egiezu paso

dio horrelakorik

ez duenak jaso.

 

 

Hobeak aterako

gara honetatik

esaera zabaldu

zen pandemiatik,

zuk badakizu eta

neuk ere badakit

are txarrago gara,

auskalo zergatik.

 

 

Ez ote duzu entzun

baten bat esaten

jaten duguna gara

momenturen baten.

Esaidazu nik zelan

asmatu nezaken

zoriontsu direnek

zein menu daukaten.

 

 

Harreman eteteen

despertadorea

merezi duzu norbait

ni baino hobea

hori dionak beti

uste du ordea

inork ere ez duela

bere balorea

 

 

Orain sentitu berri

naiz lelo antzean

justu idatzi dudan

hontaz pentsatzean,

esaldiok neuk ere

lantzean lantzean

bota ditudalako

plazan kantatzean.

 

UDABERRIA

Hobe isilik

Ane Zuazubiskar

 

Doinua: Beste bateko inularretan

 

Automatiko atera ohi da

zerbait bertsoaren mugan,

saioen eta bertsokideen

urtez urteko ohituran,

neureak entzun ostean hala

jarri dut askotan dudan…

Neure-neurea den punturen bat

inoiz kantatu al dudan.

 

 

Hamar-zortzian izaten dira

horrelako arazoak,

ofizioan bagara “haurrak”,

“bikotea”, “gurasoak”…

Gaiak aurrean jartzen baditu

“lana”, “zaintza”, “erasoak”…

Kantatzen diren gehienak dira

beste norbaiti jasoak.

 

 

“Lasai guztia sendatzen baita

pasatzean denboratik”,

“denok batera egingo dugu”,

“egingo dut nik zugatik”…

Plazan halako zenbait esaldi

kentzen saiatuagatik

horien ordez gero zer esan

nahi dudan ba ote dakit?

 

 

Kontestua da bertsolarion

jardunerako eskala,

hortik “hamaika bertute” eta

“enbor batetik ezpala”.

“Neuretik jardun” esaten dugu

asmoak zehaztu ahala,

norbera azal eta haragi

ez baldin balitz bezala.

 

 

“Guretik” jardun nahi dugunean

plazako eginahalean,

hautatzen dugu zer erdi-pasa,

zeri heldu zabalean,

hautatzen dugu zer jarri bistan,

zer estali itzalean,

testuinguru bakoitzerako

daramagun azalean.

 

 

Ez da bakarrik erraz datorren

topiko hozkailukoa,

ez da bakarrik hamar zortziko

esaldi katilukoa,

ez da bakarrik hausnarketa bat

kotxeko ispilukoa…

Lapurtutako zerbait da beti

norbere zigilukoa.

 

 

Hara sorta bat ia balio

liezagukeena beti,

hara sorta bat esaldi hutsez

haizatua solemneki,

hara sorta bat zuk diozuna

bete duena ederki…

Chatgpt-k hau esango luke

bertsotan baldin baleki.

 

Hobe isilik