BERTSOLAMINTZA II: Maite Berriozabal

Maite Berriozabal-(r)en argazkia Maite Berriozabal 2020-01-15
Argazkiak: Bertsozale Elkartea

Bertsolamintza Maite Berriozabal –

 GAI-JARTZAILETZA ERALDAKETARAKO

TRESNA ETA HELBURU

 

Pertsona talde bati bertso saio bat imajinatu eta deskribatzeko eskatuko bagenio, kide bakoitzak bertso saio desberdin bat deskribatuko luke. Izan daiteke desberdina lekua, bertsolari kopurua, eguraldia, aukien erosotasuna, bertsolariak zeintzuk diren, gai-jartzailerik badagoen ala ez, janari eta edaririk ba ote dagoen tarteko, urteroko saioa den edo ez, zein motibogatik antolatu den saioa… Bertso saio bat edo bertsotarako plaza bat imajinatzen dugunean, denok antzeko zerbait irudikatzen dugula pentsa dezakegu, baina zehazten hasiz gero asmatuko genuke bakoitzak imajinatutako xehetasun txikiena ere deskribatzen.

Izan ere, milaka xehetasunen baturak egiten du plaza bakoitza bakar eta errepikaezin. Are gehiago, kontuan izanda bertsolarien jarduna bat-batekoa dela eta une jakin batean, leku jakin batean gertatutakoa ez dela era horretan berriz gertatuko. Kontua da, bertso saio baten bueltan gerta daitezkeen hainbat eta hainbat kontu aurreikusi egin daitezkeela, eta, nire kasuan, galdera litzateke horietatik zenbat dauden gai-jartzaileon esku.

Saio baten aurrean, gai-jartzaileari dagokio gidoia prestatzea, landuko den gaitegia aukeratzea eta bertsolari bakoitzari zein gai jarriko dion erabakitzea. Ekintza huts bezala ulertu daitekeen arren, prozesu oso bat da: ideia bat aukeratu, gaiari forma eman, formulatu, gaia nori edo nortzuri jarriko zaien erabaki, plazan aurkeztu… Prozesu horretako urrats bakoitzean hartutako erabaki guztiek osatuko dute saioa, eta, ondorioz, eragin egingo dute saioan. Beraz, gai-jartzailearen lanak saioan eragiteko duen gaitasunak ezinbestean narama gai-jartzailearen erantzukizuna nabarmentzera. Pentsa daiteke denontzat dela gai-jartzailearena lan garrantzitsua, baina ez dakit gu geu ere ohartzen ote garen, askotan, gure eragiteko eta eraldatzeko gaitasunaz. Izan ere, gaiak gai dira paperaren gainean, baina gai-jartzaileon esku daude bai gaien edukia bera eta baita testuinguruarekiko hartutako erabaki bakoitza ere.

 

Ardura teknikoaz harago

Gai bakoitza osatzen duten hitzen aukeraketaren garrantzia nabarmendu gura nuke. Hasiera batean begi bistakoa badirudi ere, beti ez gara hitz bakoitzak, esamolde bakoitzak edota esaldi bakoitzak atzean duen eraikuntza sozialaz ohartzen. Hau da, hitz batek esanahi bakarra izan dezake hiztegian, baina egoeraren arabera, indar bat edo beste izan dezake; are gehiago, esanahi bat edo beste har dezake testuinguruaren arabera. Nire ustez zenbait egoera, rol, izaera, pertsona… izendatzeko aurrez hitzen aukeraketa kontziente bat eginez gero, gai horrekin zer adierazi eta sortu gura dugun hobeto neurtu ahalko dugu.

Behin gaiak sortu eta gidoia osatu dugunean, gaiak plazan aurkeztu egiten ditugu, kontatu. Eta kontatzen dugun horrek, entzulearengan eta bertsolariarengan, bat-bateko eragina izaten du: gai-jartzaileak aukeratzen duen tonua, gaiari ematen dion seriotasuna, umorea nola egiten duen, zertan jartzen duen fokoa… dena sartzen da jokoan. Entzulearekin interakzioan ari gara une oro, eta gaia azaltzerakoan egindako keinu, ahots-jolas edota isiluneek gaiaren tonua eta bertsolariarekiko tonua marraztuko dute. Izan ere, gaia bere horretan dena delakoa izanda ere, kontatzen den moduak entzulearen erreakzio bat edo beste eragingo du. Eta, ezinbestean, bertsolariak berak ere modu batean edo bestean jasoko du azaldutakoa, esandako moduaren arabera. Izan ere, parean dugun bertsolariaren arabera eraikiko da guztiz gaia; hau da, entzuleek, gai-jartzaileok edota bertsolariek ez dituzte berdin hautematen bertsolari guztiak, eta beraz, gai bat, hitz jakin batzuekin eta tonu jakin batean nori jartzen zaion erabakigarria izango da gaiaren norabidea bat edo beste izan dadin.

Txapelketetarako gaiak sortzen ditugunean oreka, formulazioa edota gaitegia ez errepikatzea izaten dira kontuan izaten ditugun irizpideetako batzuk. Plazan, aldiz, gai-jartzaileak badaki zein bertsolari izango dituen saioan eta aukera du gai bakoitza nori, norekin eta nola jarriko dion erabakitzeko. Aukera askatasun horren aurrean, erabakiz erabaki josten da saioa, eta aurrez erabakitzen dugu bertsolari bakoitzak zer eta norekin kantatuko duen.

 

Diskurtsoa sortu eta sorrarazi

Plazan zenbait ikuspegi, bizimodu edota diskurtso desberdin irudikatu ahal izateko erantzukizuna bertsolariarengan jarri izan dut sarri. Baina bertsolariak nahi duena modu aske eta sortzailean kanta dezan, guri ere badagokigu neurriak hartu eta bidea egitea. Izan ere, diskurtsoa ez da bertsotik abiatzen beti; askotan, gaia izaten da hazia. Horregatik, gure esku egon daiteke, besteren artean, neutrotasunari muzin egitea. Azken batean, gure buruari gai bat edo planteamendu bat neutroa dela esaten diogun aldiro ari gara normaren alde egiten; alegia, gai bakar bat ere ez da neutroa, eta bazterrean dauden errealitate jakin batzuk gaira bere horretan ekartzen ez baditugu zailagoa da horiei edo horietatik kantatzea.

Askotan, gai-jartzailearen tokitik bertsolariari eskatu izan diogu edo berarengandik espero izan dugu gai jakin baten inguruan diskurtso berritzaile eta ausart bat eskaintzea. Baina, horrelakoetan, sarri, gaiak ez du horrelako diskurtso bat sortzeko adina laguntzen. Horrekin esan nahi dudana da batzuetan garrantzitsua dela gaiaren bitartez errealitate jakin batzuk eraikitzea, imajinarioa elikatzea eta kanturako eszenatokia definitzea. Era berean, bertsolariaren jarduna abiatzen denerako, gaiak oinarria edo heldulekua eskaintzen du. Kasu askotan, testuingurua bera izango da lagungarri bertsolaria aske jardun dadin, eta nahi duen hori marrazteko baliatuko du gaia. Baina, beste askotan, testuingurua horren lagunkorra ez denean adibidez, gai-jartzaileoi dagokigu bidea marrazten laguntzea, eta berez emango ez liratekeen egoera eta diskurtsoetara heltzen laguntzea.

Oro har, erraza zaigu ezagutzen dugunari buruzko gaiak jartzea edota kritikatzera ohituta gauden horri buruzko kritika iradokitzea. Baina zeinen zaila den, askotan, ikusgarritasuna eskaintzea periferian dagoen bizimodu, gorputz, pentsamolde, sexualitate edota aldarrikapenari. Eta ez hori bakarrik, zeinen garrantzitsua den plazaratu nahi den hori plazaratzeko moduan asmatzea. Dena ez delako, askotan, kontzeptu huts bat edo titular bat, gai-jartzaileon lana ere bada plazaratu nahi den hori kontatzen eta ikusarazten asmatzea.

 

Feminismotik eta feminismorantz

Diskurtsotik harago, iruditzen zait feminismoak modu integralean zeharkatzen gaituela edo zeharkatu beharko gintuzkeela. Horregatik, diskurtsoaz arduratzen garen beste arduratu beharko genukeela ingurukoez, gutaz eta inguruan gertatzen denaz. Asko hitz egiten dugu gai-jartzaileok gaitegiari buruz, formulazioari buruz edota ariketa jakin batzuen arrakastari buruz. Eta sentsazioa dut saioaren arrakasta ere horren arabera neurtzen dugula, bestelako aldagaiei erreparatu gabe. Hori, neurri batean, ulergarria ere bada, baina badira antzeman eta kontuan izan beharreko beste hainbat aldagai ere, eta esango nuke, askotan, txaloen bila, auto eta auzo zaintza alboratu egiten ditugula.

Gaitegiaz arduratzen garenok bertsolarien artean edota testuinguru jakin batean gertatzen den boteretze edo ahultzeaz ere ohartzen ahalegindu beharko ginateke. Adibidez, bertsolari jakin bat plaza jakin batean bertsolari jakin batzuekin zer eta nola senti daitekeen aurreikusten ahalegintzea edota diskurtso berritzaile baterako hazia jartzeko unea, pertsona eta tokia aukeratzeko ahalegina egitea. Izan ere, gaia jartzerakoan gaia nori jarri bezain garrantzitsua da norekin eta non kantatzeko jarri. Gertatzen delako, ofizioetan bereziki, elkarrekin edo elkarren kontra aritzeko gai bat jarri eta bertsolarietako bati paper zailago, barregarriago, ahulago… bat jartzea. Aukeraketa horiek, ezinbestean, bi bertsolariak zeintzuk diren kontuan hartuta hartzen ditugu, eta ezinbestekoa iruditzen zait rolak eta pisuak banatzerakoan kontuan izatea bertsolari bakoitzak plaza horretan izan eta senti dezakeen boterea eta zilegitasuna.

Bide horretatik, eta Kontrako eztarritik liburuan irakurritako zenbait bizipen irakurri ostean, uste dut berebiziko garrantzia duela bertsolari bakoitzarengan pentsatuz hartzen ditugun erabakiez hausnartzeak. Izan ere, bertsolari bakoitza nolakoa den edo bakoitzak zer dirudien baliatu izan dut sarri bertsolari jakin bati gai bat edo beste esleitzeko. Eta uste dut, batzuetan, gaiak funtzionatzeko beharrak itsututa, ez dudala nahikoa zaindu bertsolari bakoitzari jarritako gaia zeinekin kantatzeko jarri diodan, edota ofizio jakin batean zein rol ezarri diodan. Eta iruditzen zait aurrez lana egiteak eskaintzen digula aurreikusi eta neurriak hartzeko aukera; horregatik, ahal dugun neurrian, erabaki bakoitzaren kontzientzia hartu beharko genukeela uste dut.

Saio batek funtzionatzea izaten da oholtzara igotzen naizen aldiro izaten dudan kezka, eta imajinatzen dut bertsolariek ere ardura bera izango dutela buruan. Kontua da, saioak funtziona dezan hartzen ditugun erabaki asko eta asko ez direla beti saioaren alde izaten. Demagun, bertso saio batean kantatuko duen bertsolari jakin baten indar-gunea bakarkako bertsoaldiak egitea delakoan ariketa hori esleitzen diodala; horretarako, bera eroso senti daitekeen gai bat jartzen diot (hori guztia nire ustez). Gero, umorea egiten abila dela uste dudan beste bati umorean abila den beste bertsokide bat jarri eta beraiek diren modukoak izanda funtzionatuko duen gai bat jartzen diet; badakidalako beste hainbat plazatan erreproduzitu duten rol horretatik kantatzen dutenean entzuleak ondo erantzuten duela (hori ere nire ustez). Bada, gerta daiteke saioa amaitu eta saioa ondo joan delakoan etxeratzea denok. Edo gerta daiteke bertsolarietako bat deseroso sentitu izana kantuan edo gairen batekin, eta arantza horrekin etxeratzea. Baliteke gaietan arriskatu ez izanagatik saioari distirarik atera ez izana, edota bertsolarietako bat, bertso saioaren arrakastaren alde jarritako umorezko gai batean, salduta eta txiki sentitu izana. Gerta daitezkeen horietatik guztietatik asko saioaren arrakastaren kontzeptu tradizionalaren alde egiten dugulako gertatzen direla uste dut. Alegia, nik bertsolari batengatik espero dudana (eta entzuleak nahi duena uste dudana) ateratzeko ohiko inertzia eta aurreiritzietan eror naiteke, saioa ondo ez joatearen beldur naizelako. Eta, askotan, erabaki horietan ez dira kontuan izaten arrakastarako ezinbestekoak diren beste faktore batzuk: bertsolari bakoitza bere bertso-kideekiko nola sentitzen den edota bertsolari bakoitzak plaza horretan zein botere edota zilegitasun senti dezakeen.

Bertso saio bat ondo ateratzea zer den definitzen zaila da, baina beharbada asmatu beharko genuke saio-egituraz eta ariketa motaz gain begiratzen, aipatutako aldeei garrantzia kentzeko inongo asmorik gabe. Jendartean, beste hainbat esparrutan gertatzen den legez, bertsolari bakoitzari ere zenbait ezaugarri eransten dizkiogu eta horien bueltan jartzen dizkiegu gaiak askotan. Esan beharrik ez dago emakumeen kasuan hori oso nabarmena dela. Eta bide horretatik badaude kontuan izan beharreko beste kontu garrantzitsu batzuk ere: bertsolarien arteko botere-harremana, alde batetik, eta entzuleak bertsolari bakoitza nola irakurtzen duen, bestetik.

Ikustea baino ez dago Ez da kasualitatea bezalako saio formatuetan emakume bertsolarien arteko jarduna nola aldatzen den, nola jarduten diren bertsotan askeago eta konplizeago. Horrek balio dit niri ere, emakume gai-jartzaile bezala horrelako formatuetan sentitu dudan zaintzak eta konplizitateak nire buruarekin askeago eta gusturago sentiarazi bainau. Hori horrela izanik, pentsatu beharko genuke han-hemen izaten diren plazako bertso saioetan botere-harremanak nabarmenak direla; besteak beste, generoaren araberakoak. Horrez gain, entzuleak bertsolari bakoitza desberdin interpretatzen du eta, horretan, generoak ere eragiten du. Horregatik, hori ere buruan izan beharko genuke gaiak pentsatu, banatu eta kontatzerako orduan. Izan ere, bertsolari bakoitzak nori zer eta nola kantatuko dion ez dago gure esku, baina bai zenbait arrisku egoera ekiditea. Beraz, oso kontziente izan beharko genuke bertsolari bakoitza bestearekin nola senti daitekeen plaza jakin batean, nahiz eta ehuneko ehunean asmatzerik ez dugun izango. Pertsona beraren boterea eta posizioa testuinguruaren arabera ere alda daiteke, baina inertzia batzuk egon badaude eta pentsatzen dut horiei beti erreparatu behar diegula.

Bertsolariak ondo baino hobeto dabiltzanean ere, izaki autoexijenteak izanik, beti begiztatzen dute hobetzen jarraitzeko bide berriren bat. Eta gai-jartzaileoi ere, orain artean legez, badagokigu gurean ikasi eta hobetzen segitzea. Plaza, une oro ikasten eta asmatzen jarraitzeko eremu ederra da, eta asko daukagu elkarrengandik ikasi eta partekatzeko. Horretarako, ezinbestean jarraitu beharko dugu norbere usteetatik ingurukoen berri era zuzenagoan izatera.

Azken batean, nire ustez, eraldaketa ideologikorako ezinbestekoa da harremanen eta komunikazioaren eraldaketa. Uste dut erronka politak bezain handiak ditugula aurrean, eta gai-jartzaileok gure erantzukizun eta botereari heldu beharko geniekeela. Feminismoak erdigunean jarri du diskurtsoaren hausnarketa, eta, ezinbestean, bertsogintzako kideon jarrerak eta inertziak. Eraiki ahal izateko lehenengo deseraiki egin behar denez, ni ari naiz hango eta hemengo azal zaharrak kentzen, jakinda azken azal zati zaharra kentzerako azal berriaren zati bat zahartzen hasiko zaidala.

Bertsolamintza Maite Berriozabal  Bertsolamintza Maite Berriozabal  Bertsolamintza Maite Berriozabal  Bertsolamintza Maite Berriozabal  Bertsolamintza Maite Berriozabal  Bertsolamintza Maite Berriozabal  Bertsolamintza Maite Berriozabal  Bertsolamintza Maite Berriozabal  Bertsolamintza Maite Berriozabal