BERTSOLAMINTZA V: Xabier Aierdi

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

2020-01-20

Bertsolamintza Xabier Aierdi – 

Testua: Xabier Aierdi

Argazkiak: Bertsozale Elkartea eta Bertsolari aldizkaria

 

POSDODOISMOA. Bertsogintzaren inguruko iritzi publikoa

 

Bertsolamintza Xabier AierdiBertsolamintzaren aurtengo ekimenean parte hartu dudan bi saioetan neurritasun ausarta iradoki dut. Neu ere tentuz ibili naiz, lehenengo eta behin, bertso mundua nik baino askoz hobeto ezagutzen duen jendearen aurrean egonik, nireak bigarrenik halabeharrez hausnarketa marginala suposatzen zuelako. Ez naiz ikertu dugunera mugatuko, hori esanda dago, eta ondo gainera, aipagarria baita Harkaitz Zubirik oraingoan gidatu duen lana. Haren ostean, iritzi propio bat gaineratuko dut. Gaia? Nola sortu barrura begira iritzi publiko arrakastatsua, errelato edo narratiba berri eta onartu bat.

Harkaitz Zubirik Dodoa ekarri du mintzagai bertsogintzara[1]. Dodoei inozokokeriak ekarri zien desagertzea. Azken ordura arte ez omen ziren konturatu gizakia basatia zela, eta bereziki bere habitata inbaditu zuten zuri kolonizatzaileak. Tambalocoque zuhaitzak ematen zituen fruituetatik bizi ziren, loditu noizpait, hala bilakatu, eta denborarekin hegaz egiteko ahalmena galdu. Heldu zaizkigun irudien arabera, oilo handien antza zuten. Gorputz handia eta hego txikituak. Ehiztatu egin zituzten eta eurekin akatu eta, Dodoa desagertu ondoren,  egun ondorio logikoz Tambalocoquea da arriskuan omen dagoena. Suertatu zitekeen bestela, Amazoniako logikarekin zuhaitzekin amaitu ondoren Dodoak janaririk gabe geratu izana. Batetik zein bestetik hasi, gakoa ekosistemak interaktiboak izatean datza eta ezinbestean bere osakin guztiak zaindu behar dira.

Beraz, Dodoak Tambalocoquea behar du eta Tambalocoqueak Dodoa. Ekosistemek dialektikoak dira eta elkarreragintza horretan dute esistentziaren bermea. Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai… eta horrela etorri zen gainontzekoa. Adiskide batek esaten dit beste mundu batzuetan badagoela jendarterik baina nolakoak garen jakinda ez dutela gurekin ekosistema intergalaktikorik sortu nahi, ezta kontakturik ere eta horrexegatik isilka ibiltzen direla  non dauden asma ez dezagun. Ez dute euren bizibermea hipotekatu nahi.

Dodoak Tambalocoquea behar du, baina alderantziz ere: “Tambalacoque zuhaitzetik erortzen ziren fruitu helduak janez elikatzen zen dodoa, baina hori jateak ez zion soilik dodoari  mesede egiten, zeren zuhaitzaren haziak, zeinek hainbat geruza lodi dituzten, dodoaren digestio aparatutik igarotzen zirenean bakarrik bihurtzen ziren zuhaitz berriak sortzeko emankor. Zuhaitz horrek luzaroan bizitzeko ahalmena du, baina orain desagertzeko arriskuan dago”, idatzi du Harkaitz Zubirik.

Dodoari gertatutakoa ez da egungo bertsogintzarentzako behin behineko arriskua. Horregatik Harkaitz Zubirik postdodoismoazhitz egin du. Postdodoismoa jarrera bat omen da eta “ekosistemaren aurrean bereburua eraldatzeko gai  den zera hori adierazi nahi du”. Eta, Zubirik, desio gisa, postdodoismoa “luzaroan bizi dadila” espero du: eraldatuz bertsogintzak garai berrietara egokitzeko gaitasun berbera edukitzea.

Tambalocoque paregabea da euskal eta euskaradun jendartea eta dodoak elikatzeko fruitu ugari barreiatu ditu gero dodoek disgestio aparatutik igaro ondoren emankor bueltatu dituenak, dodoak azkarrak direlako, autoantolatu direlako, eta tambalocoquecoen babes, gerizpe eta fruituak biderkatu dituztelako.

Behin gertatu eta arrakastatsua izan dena da berriro errepikatu beharrekoa, baina ez da beti erreza izaten, baldintzak aldatuz joaten direlako. Esaten zuen Marxek gizarteak historia egiten zuela, baina ez beraiek aukeratutako baldintzetan. Eraikuntza sozialen atzean aurreko zimentuak daude, batzuk sendoak, beste hainbat ez hain ziurrak. Edonon edozer edonoiz egin daitekeen ustearen gizartean bizi gara, baina hobe da konbentzimendu honetatik alboratuta zuhurtzia eta ausardia ongi nahasiz etorkizuna eraikitzea.

Bertsogintzaren gizarte-mugimenduari erronka berriak datozkio, baina oraingoan gailurretik abiatuta eta mendiko gaitzaren aukerarekin. Egungo oinarri eta parametroek bertsogintza dema honetatik onik aterako denaren hipotesia laguntzen dute, baina duela gutxira arte Tambalocoquea eta Dodoaren arteko sokatira irabazi badu, orain jokoan Dodoen artean edo mugimenduaren barnean jokatu beharreko partida dago. Soziologikoki hitz eginda, eta artikulu honen tesia aurreratuta, dagoeneko nondik nora doan asmatzea zaila ezpada ere, komunitate (gemeinschaft) batek zenbat asoziazio (geselschaft) ahalbidetzen duen jakitea da. Ez da erreza izaten Komunitatetik Elkargora iragatea Tonnïes soziologoak hitz bikote honekin duela mende bat aurreratu zuen moduan.

Mugimenduak komunitate izaten jarraitzekotan gune zentral sakratu bat zehaztu behar du, horren barruan izaera indibidual edo taldeetako logikak sartzen joateko. Sokatira honetan berrikuntza, eraldaketa, errebolta, bilakaera, prozesua, ezustea, matxinada, iraultza nahasten dira, baina osagai guzti hauen joera zentrifugoa potentzialak kontrolpean egon behar du. Sakratatusana erreza da gu eta besteenartean bereizteko erabiltzen denean. Zailagoak dira, ordea, etxe barruko eztabaida teologikoak eta, egungo barne prozesuan, Eva berriro bueltatzen da Paradisura Jainkoari alde ez duela egingo esanez, bere etxe eta txokotik ez duela inork ateratzen, ezta botako ere. Prometeok bezala sua hartu gura du, arrazoiz eta justiziaz. Bitartean, Adan despistatuta eta ikaratuta dabil.

Bertsolamintzako jardunaldietan iritzi publikoa mintzagai jarri zidaten. Definizio sinpleenetik abiatu nintzen. Iritzi publikoa da zerbait/norbaitek objektu batez dakiena, gehienetan modu irreflexiboan edo sen arrunta eran, begibistakotzat emanda, hori baita gauzez jakiteko modurik natural eta naturalizatuena. Bertsolaritzaz, esaterako.

Egungo bertsogintzaz aritzea isilka baina indartsu garatzen joan den jendarte batez hitz egitea da. Askotan uste izan dut espainiar demokratizazio politikoak ekarri zuen instituzionalizazio politikotik aparte sentitu dela euskal kultura, ezker abertzaleak politikoki okupatzen zuen eremu sozial eta geografiko ia berbera konpartituz, eta bi ondorio eratorri dira lekutze edo kokapen horretatik: bata, joera antiinstituzionala; bigarrena, bere garapenaren eta balioarekiko ezjakintasuna eta baita neurri batean, zeharka bada ere, konfidantza falta ere. Instituzio zehatz batzuen aurkako jarrera, instituzio guztiekiko mesfidantza bilakatu da eta logika gisa zalantza etengabe eta kexaren kultura bat ere ekarri du jarrera horrek.

Baina, Txapelketako Finaleko datuetara bagoaz  bi daturi erreparatuta sintetizatzen dira gure herri euskaldunaren bilakaeraren ia berrogei urte: publikoaren %54 emakumea eta litzentziatuak %70. Zein ekimenek eta zein munduko tokitan du publiko hau? Operak? Agian ere ez!

Bi datu hauek uztarketa aberats emankor baten ikurra dira. Euskal jendarteak iraganeko parametroak alboratuta jauzi atzeraezina emana du, kultura modernoa praktikatzen du, zentrokanpoa menderatzen du eta gauzak zer diren definitzeko ahalmena du; hau da, gidaritza performatiboa eragin lezake eta eragiten du. Egiten duen praktikari tradizioa dei liezaioke mezu garaikidea igortzen duen bitartean. Nor bere buruari solitarioan tranpak egin gabe, horren jakitun egon behar du azpigizarte euskaldunak, garaiko kultur estiloa sinbolikoki inposatzeko aukeran dago. Egoera aristokratiko horri, ahalmena eta boterea deitzen zaio. Azter ditzagun bertsogintza zer denari buruzko grafiko honetako datuak.

Herri kultura eta gure tradizioa erantzunek garaitu egiten dute ezinbestean erroak beti presente egon behar dutelako, iragana eta orainak continuum bateko urratsak direlako eta hala irudikatu behar delako autosinesgarritasuna irabazi asmoz. Alde jostagarri batzuk ere presente daude (ondo pasatu, adiskideekin joateko parada, euskal kulturarekiko laguntza). Arte motabat eta ikuskizunaere indartsu agertzen dira. Bere burua autoulertzeko eretan polifonikoa da bertsogintza.

Erantzunen artean, oso interesgarria da bertsolaritza zer ez denari buruzko iritziei erreparatzea. Kontu zaharkituainolaz ere, onartezina da uste hori, puntuaziorik txikiena jasotzen du. Seguruenik horrela ikusiko da bertsogintzaren eta euskal kulturaren kanpoko munduetatik eta euskara ez dakitenen aldetik eta, baita, ezagututa ere erreparo zenbait -ideologikoak, euskara ondo ez ezagutzetik datozenak-  diotenengandik.

Bestalde, eta kontrapisu modura, inkesta erantzun dutenei onartezina zaie bertsolaritza pop kulturarekinkidetzea. Arte bat bai, kultura arina ez!, izan liteke erantzun honen atzean dagoen pentsatzeko logika.

Esanahi guzti hauen nahasketak Bourdieuk zioen moduan teoria-efektuadakarte, hitzekin errealitateak moldatzeko ahalmena, errealitateak zer diren inposatzeko gaitasuna eta oinarrian eta intrinsekoki eragiten den biolentzia sinbolikoa izkutatuta. Sen arrunta inposatzen da horrela eta seinalatu iritzi publikoak barneratu behar duen esanahi multzoa, ausnartu gabe hartu behar duen noranzkoaz jabetu dadin.

Ibilbide honetan ez dira nolanahikoak izan Karismarenpresentzia, Moisesek bezala basamortuko bidea egiten mana ekarri dutenak (Amuriza, Egaña, Maialen, eta beste hainbat pareko), berrikuntza orokorra eta gaurkotzea ahalbidetu dutenak, bertsotan ikasi egin litekeela deskubritu zuenak, kanon berriak ekarri dituztenak, artikulazioa eta erakundetzean asmatu dutenak, halabeharrezko zatitze inplizitoari esplizituki erantzuten edo fragmentazio sortzailea eragiten ari direnak, dibertsifikazioa[2]sustatu dutenak eta guzti horren ondorengo autoezagutza emankorra.

Sozialak bi izaera ditu Weberrek esan zigun moduan, karisma eta bere errutinizazioa. Beste hitz batzuekin gauza berbera esateko, Alberonik mugimendua eta instituzioa erabili ditu. Mugimendu zikliko hau saihestea ez dirudi erreza. Karisma agertzen denean edo ager dadin baldintzak emanik daudenean, ez baitago karisma berezkorik dagokion gizartean dagokion gunean -entitate, pertsona- karismaren esistentzia errekonozitzen ez badu, eta karisma errutina bilakatu behar denekoan, gizarte bat ezin baita beti santutasunean bizi, momentu profanoak ere behar ditu. Jainkoak ere zazpigarrenean deskantsatu egin zuen…  eta.

Azken berrogei urteetako ibilbidea arrakastatsua izan da, euskaldungo guztira ez dago zertan heldu beharrik eta egungo izaera polifonikoa eta fragmentatua garatzen jarraitu behar du, publikoak oso ezberdinak direlako eta disenso konbergenteak behar direlako. Horrelakoa da egungo gizarte post-a[3]eta hortan jokatu behar du. Autoezagutzaren ikasgaietako bat egunero mundua berriz hasten deneko kultura garaikide batean bizi garela jakitearena da. Hortik datoz erronka berriak. Trantsizio global baten barruko trantsizio propioa egin ondoren, garai berri batera egokituta, bizi baldintzak ziurtatua, orain heredentzia nola kudeatu behar da?

Beraz, Dodoa indartuta eta mugimendua sendoa denean eta kultura indibidual ezinbestekoan sartuta gaudenean, barrura begiratu beharreko garaia heldu zaigu, etxea berrantolatu behar da. Euskal gizarteak paradoxa bat bizi izan du, politikoki komunitarioa sentitu da baina eremu kulturalean -hala produktuetan nola mundu ikuskera eta balioenetakoan- modernitatea praktikatzen du eta hor tentsio ekidinezina dago. Kontraesan berbera, baina era arradikalagoan, datorkio orain bertsogintzaren munduari.

Aniztasuna, fragmentazioa eta hausturaren artean marra magiko bezain eraginkor bat margoztu behar du. Soziologikoki oreka- eta sistema- aldaketaren artean bereiztu izan da. Lampedusaren Gatopardoa baino haratago (“dena aldatu, gauzak berean jarrai dezaten”) eta haustura baina honago (kontraesan sistemikoa sortarazi).

Debatea nukleora heltzen da. Gizarte guztiek sexua eta ondasunen inguruan hartzen dituzten erabakien inguruan antolatu eta jerarkizatzen dira. Bertsogintzaren kasuan generoaren inguruko eztabaida emankorra bezain bateratzailea izan behar du, eta hemen dator neurritasun ausartaren proposamena, zehazten ez dakidana, ez edukietan ezta erritmoetan ere, baina behin hasita eta gunera helduta geldiezina dena. Abangoardi guztiek autonomizatzeko joera izaten dute eta distantzia nahikoa mantentzea ez da erreza izaten, ordenu berri bat planteiatzen denean ez dagoelako win-winegoera posiblerik. Norbaitek galtzen du beste batek irabazitakoa, eta hala behar du izan.

Peter Bergerrek soziologo handiak esan moduan mundu moderno guztia aspalditik Ohoretik Duintasunerako dileman/Trantsizioan sartua dago. Ohorea mundu instituzional eta rol oso jerarkikoez osatua dago eta Duintasuna egunerokotasuna mundu destradizionalizatu batean garatzen duten pertsonez. Tradizioak eta instituzioak derigorrez ahuldu behar dute pertsonak gailendu eta aurrera egiteko eta ur nahasi hauek surfertrebeak eskatzen dituzte. Noraezeko garaietan bizitzea heroien lana da eta hauei askotan egokitu zaie justizia era berriak proposatu eta ezartzea. Hori da genero berdintasunaren errealitateak eskatzen duena, eraldakuntza geldi- eta atzera- ezina.

Atsekabe garaietan San Inaziok aldaketarik ez zela egin behar zioen, baina bestalde Lenin esango lukeen moduan Zer egin? galderari ekin behar zaio. Bidea zehaztuta dago, gaia ere, prozesu honen epe luzeko itzuliezintasuna ere, beraz aurrerantzean txirrindularitzan oso ohikoa den gomapraktikan asmatzea legoke, bidean eta ibilbidean abangoardia eta masaren arteko distantzia prudentziala nola mantendu[4].  Gizarte batek barne polarizazio sakona jasan dezake, baita posizio oldartuak ere, baina munduko bazter ugaritako egungo gatazketan borroka ideologiko bortitza plazaratzen ari da[5], desagertzen ari den baina erresistitzen den mundu bat eta ezinbestean aurrera doan beste baten artean. Erdibidean geratzea irtenbiderik eskasena da. Gizarte batek luzarora bere onerako eta justuago izango den barne-haustura hori erakunde batek posible du? Hori da nire zalantza bakarra hasieran planteiatu den moduan, zenbat Gesellschaftkabitzen da Gemeinschaftizaten jarraitu gura duen gizarte mugimendu batean? Eztabaida honetan interpelazioa kolektiboa bada ere, badu indibidualetik asko ere. Maila pertsonalean egiturak, identitateak, dueloak eta mina aurkitzen direneko bidegurutzeetan aurkituko dira bertsogintzaren eragile ugari, eta batez ere bertsolariak, eta luzaro hortxe kokatuta aurkituko duten euren burua, eta oro har mugimendu (erakunde) guztia ere.

Postdodoismoaren aukera berriro ailegatu da, beste urrats erabakior bat mahairatu da, erabakiorrena agian eta atzera egiterik ez daukanak. Berriro jarrera eta trebetasuna behar dira. Ezinbestean fase berri honetan gidaritza emakumeen esku egongo da, hala behar du izan, eta izango da, zer galdu gehiago dutelako besteak beste. Barneko iritzi publikoa dago orain eztabaidan eta garai berriak mundu ikuskerak, ikusteko moduak, identitateak eta egiturak aldatuko ditu. Wright Millsek zioen moduan egitura bakoitzak dagozkion pertsonak eta identitateak sortzen ditu, baina oraingoan alderantziz doa jokoa: identitate berriek egiturak irauli eta eguneratzea eskatzen dute.

Amaitzeko, eraldaketa arradikaleko garai hauetan sortuko diren minak elkarri leporatzen egon beharrean, ahal den eta hobekien tratatu eta sendatu beharko dira. Neurritasun ausartaeta Ausardia neurritsuarenartean ez dakit ezberdintasunik dagoen. Zortea eta bigarren trantsizio hau ere arrakastatsua izan dadila! Tambalacoquea prest dago, pixka bat ikaratua ere, baina aurreko garaian bezalaxe bidea egiteko prestu eta prestatua, dagoeneko aldaketa honen sakoneko joerak emanak daude eta. Ongietorri garai interesgarri bezain gatazkatsuetara!

 

 

[1][1]Ikerketez gain, oso interesgarria da Jakin aldizkarian, Harkaitz Zubirik argitaratu duen artikulua: “Kulturgintzari begiratzeko betaurreko berriak”, in Jakin, 231, 2019, 11-37,

[2]“… datuek erakusten dute bertsozale sutsu kopuru esanguratsu bat dagoela, baina jarraitzaile gehienak ez direla bertsozale sutsuak, neurrian maite dutela bertsolaritza, beste zenbait kultur adierazpide bezainbeste. Albiste onak dira bertsolaritzarentzat: zale kopurua handia da, dibertsifikatuta dago, eta beste kultura adierazpideekin harremanetan daude”.

[3][3][3]Gidoiaren atzean hitz ugari jarri liteke, ugaritasun horrek neurri batean oso ondo non gauden erakusten duelarik.

[4]Miren Artetxek ondo erantzun zidan moduan noren abiadura jarraitu behar da ikasgai honetan, atzeratuta dabilenena ala aurretik doazenena. Bigarrenena, noski, nahiz eta erretrobisore egokia beharko duten.

[5]Esaterako, Bolsonaro edo Trumpen atzean dauden gizarte sektoreak, korronte erlijiosoek eta abarrek gizarteen zatiketa eta era askotako galtzaileak daudela erakusten du.

Bertsolamintza Xabier Aierdi
Bertsolamintza Xabier Aierdi
Bertsolamintza Xabier Aierdi
Bertsolamintza Xabier Aierdi
Bertsolamintza Xabier Aierdi
Bertsolamintza Xabier Aierdi
Bertsolamintza Xabier Aierdi
Bertsolamintza Xabier Aierdi
Bertsolamintza Xabier Aierdi
Bertsolamintza Xabier Aierdi
Bertsolamintza Xabier Aierdi
Bertsolamintza Xabier Aierdi