Bilduta bai, batuta ez dakit

Bilduta bai, batuta ez dakit –

Jai Alai Biltokian elkartu gara larunbat arratsaldez, beste behin ere Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioa entzuteko. Hego haizea kanpoan, eta Asier Azpirozek hasierako agurrean esan bezala espero zitekeen jendearen ero haize puntua ere. Ez da etorri, baina. Pattal joan da saioa, txaloak garesti samar. Egiari zor, espazioaren izenaren bigarren zatiari bakarrik egin diogu gorazarre, jairik eta alaitasun apartekorik izan ez duen saioari begira egon garelako.

Bilduta bai, batuta ez dakit

Pilota hotsetara ohitutatako hormatzarretan errimek egiten dute orain oihartzun. Nola galtza zurizko jokalariak zestaren oszilazioarekin, hala eskuorriarekin dantza harmailetan. Airea epelegia da eta beroak jota dago jendea, bertsolariak, kameralariak. Mukuru bete da frontoia eta oholtzako zazpi protagonisten lanari adi-adi jarraitzen diogu denok. Muga gurutzatuta iritsi gara asko eta asko honaino. Gero eta zabalagoa den Bidasoa berriz estutzen da halakoetan, ala ameskeria hutsa da?

Buruan darabilzkit kontu bat eta beste, amua nora jaurti asmatu ezinda.

Lehen ere frontoian egon gabeak ez gara, kantxan zein aulkian, pilotaren zein berbaren jolasean. Baina frontoi batean estreinekoz nago pantaila baten aurrean, albotik beha. Zilegitasuna eta ardura sentitzen ditut, norbere ahotsa plazaratzearen pribilegioa beste ondo egin nahiaren beharrizana.

Eta oraintxe ez dakit nondik hasi, pattal doalako saioa, airea bera bezain epelegi. Parez pare ditudan oholtza gaineko kideengandik bista apartatu eta begirada bota diet oholtzatik at dauden kideei. Ez ditut ezagutzen gehienak, eta gutxi batzuk ezagutuko naute ni. Baina gaur kide gara, edo begitantzen zait halaxe behar genukeela.

Izan ere, ze ardura du publikoak bertso saio batean? Ados egongo garelakoan nago baieztatzen badut bertsolaritza ulertzen dugula oholtza gaineko zein oholtzapeko mugimendu, egitura, jolas eta ekinaldi bezala. Oholtzapean, noski, langileak, bolondresak eta kazetariak. Haiek gabe oholtza gaineko jardunak nekez egingo luke bere bidea. Oholtzatik kanpo baita, eta batez ere, publiko bertsozalea, ezinbestekoa dena txapelketan zein plazan, jardunari zentzua ematen dion eragilea delako.

Arrazoi bategatik edo besteagatik bertsolariak estu dabiltza gaur, luzimendurik gabe. Iruditzen zait nahikoa egin dutela, bertsolariek zein aurkezleak, saioari eusten.

Zortziko handiko azken bertsoaldian Ametsek piztu du aparteko txaloren bat, espetxeko isolamendua ahaztu nahian etxe zabal eta pareta gutxikoa eraikiko duela esanez.

Zortziko txikiko ariketatik aurrera, ofizio guztietan eta hiru bertsokide desberdinekin (Asier, Amets eta Haritz, hurrenez hurren) hitanoan jardun da Oihana, eta horrek ere piztu du berbaroa, bere arriskuan erabaki ausarta baita.

Puntukako saioan espero zitekeen gora-etorririk ere ez.

Sei puntuko motzean Nereak piztu ditu berriro txalo berezi batzuk, bakarkako ariketarako bidea irekitzen ariko balitz bezala bota duenean: “orain tokatzen zait maitemintzea nire buruarekin”.

Saioa telebistaz jarraitzen ari den lagun batek esan dit oraintxe publikoaren aurpegikeran epeltasuna nabari dela, eta horixe da hemen arnasten den atmosfera ere. Aipaturiko bertsoaldietan nabaritu dut jendea konektatu dela saiora, bultza egin diela bertsolariei, baina gutxiegi iruditu zait.

Saioko etenaldian komentariorik errepikatuena ere horixe da: saioa epel doala, lehertu ezinda, eta ganbarako lanean jarri dugu esperantza.

Ganbaratik bueltan datoz bertsolariak banan-banan, aurreko atetik erdirainoko bidea jende artetik eginez. Apalak dira txaloak, bakanak animoak. Isiltasunean igotzen dira oholtzara. Beroa eman nahi genieke, baina gaur ez dakigu nola. Eta etenaldian oratutako esperantzarekin gogoratu naiz. Bertsolariak dira nabarmendu behar dutenak, baina publikoak ere leherketa eragiten lagundu lezake, are gehiago, lagundu beharko luke. Izan ere, agentzia duen publiko gisa hartzen badugu bertsozalea, itzali antzean doan saioa hauspotzeko ahalegina egin behar duela iruditzen zait. Egin behar dugula. Publikoa, kasu honetan, ez baita norbera parte ez den taldea; publikoa gu gara, zu, ni eta bera.

Ganbarako bertsoaldiek beti sortzen dute zirraratxoa, sarritan hor identifikatzen ditugulako perla handienak. Gehiago nabarmentzea espero izan arren, fin aritu dira denak ere: oholtza erdian bakarrik, mila lagun baino gehiago zure gorputzari beha, zure ahotsari adi, bizpahiru minututan pentsatutako hiru bertsoren zain. Hasi eta buka osatzea ere ez da gutxi. Aurkezlea ere fin, bertsolarien esposizioaren jakitun, ganbarako bertsoaldi bakoitzaren ostean hurbiltzen da beraiengana. Publikoa, ordea, urrun samar gaude gaur, bitartekaritza hori ondo garatu ezinda.

Bertsozalea ekitaldiaren kontsumitzaile da ala ekitaldiaren parte den heinean haren gaineko ardura bere badu? Zer eta nola txalotzen den, zeri egiten diogun barre… publikoaren ardurak dira horiek. Saioaren amaieran gogoratu naiz hasierako agur batekin, Oihana Iguaranek kantatu duenarekin: “elkarlan oso bat da hemen egotea”. Pribilegioa da elkarlan horretan eragile izatea. Zalantza sortu zait, eta hala dakarkit, elkarlan hori hauspotzeko dugun ardura zenbaterainokoa den.

Bilduta bai, batuta ez dakit Bilduta bai, batuta ez dakit Bilduta bai, batuta ez dakit Bilduta bai, batuta ez dakit Bilduta bai, batuta ez dakit Bilduta bai, batuta ez dakit Bilduta bai, batuta ez dakit Bilduta bai, batuta ez dakit