Coitus Interruptus

Perla bat aukeratzeko proposamena jaso nuenean, maskorraren barrutik lehenengo etorri zitzaidana hauxe izan zen. Pentsatu nuen ez zela batere originala, mila aldiz aipatu izan dela seguruenik… Baina urteak pasatu egiten dira, aizue, eta atzera begiratuta konturatu naiz 22 urte pasatu direla eta makina bat jende egongo zela oraindik jaio gabe bertso hauek kantatu ziren egunean.

Oihane Perea-(r)en argazkia Oihane Perea 2024-09-12

Coitus Interruptus –

Eta jaiota zeudenetako askok, coitus interruptusaren fruituak ere tartean, gerora entzungo zutela akaso, baten batek kontatuta. Ikusi, gutxik. Kontuak kontu, belaunaldi oso bat pasatu da ordutik ona eta pentsatu dut …. Zertarako da perla bat honetarako ez bada?

Garai hartan unibertsitarioa nintzen oraindik, eta bertsolaritza bilakatu zen nire pasio. Sustrai Colinak ez zituen 20 urte eta Iturriagak bere hirugarren finala bazuen ere, artean ez zituen 30. Gogoan ditut Sustrairen lehen finaleko indar hura, gaztetasuna, poztasuna, lotsagabekaria eta freskura, eta denok miresten dugun Unairen umore transgresore sarkastikoa. Maialen Lujanbioren bigarren postu hark txapel gustua izan zuela ere gogoan dut, eta emakumeon XXI. mendeko iraultza hor hasi zela esatera ausartuko nintzateke. Perla eder asko joan da geroztik, baina neure bertso frikismo garaiak ziren haiek, kariño eta intentsitate handiz gogoratzen ditudanak.

Coitus Interruptus
Arg: Jagoba Manterola (XDZ)

Donostia, Txapelketa (2001-12-16).

Bertsolariak: Sustrai Colina, Unai Iturriaga

Gaia: Zuek, Unai eta Sustrai, lagunak zarete. Zuri, Unai, amodioa era tradizionalean egitea gustatzen zaizu. Sustrairi, ordea, ohiko ez diren leku eta egoeretan. Launa bertso, zortziko txikian, Unai hasita. (https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/dcovs)

 

Iturriaga:

Tradizionala naiz ni
bizar eta guzti,
modu tradizionalez
gura dut nik busti;
misionero postura
ez dago hain gaizki,
ta hori bai kaltzontzilo
zuriekin noski!
(bis)

Colina:

Lehenik igogailuan
goxo bapo-bapo;
parkean izaten da
buruhauste pranko;
kateekilan edo
armariotik salto…
Bizi geran artean
probatu beharko.
(bis)

 

Iturriaga:

Edonoiz ta edozelan
sexuari ekin,
zer etorri litekeen
Sustrai, ezin jakin;
kontuz hainbeste salto
ta hainbeste puentin,
esperimentuak beti

gaseosarekin. (bis)

Colina:

Gaseosa behar da
lagunan epaian,
morbo kontutan gabiltz
hementxe ezbaian.
Nik gero jo behar dut,
ta era lasaian,
Iturriaga bakarka
ari dan garaian.
(bis)

Iturriaga:

Ontxe geratu zara
Sustrai barregarri,
zu sexu jardunean
ta ni larri-larri;
naturala izaten
naizenez ni sarri,
ni entzuterako orduan
kondoirik ez jarri.
(bis)

Colina:

Gozatu bat hartzea
da nere erronka,
hementxe ibiltzen naiz
jota eta jota.
Belodromoarena
gaur zaila dago-ta,
argirik gabe ere
ez dio inporta.
(bis)*

Iturriaga:

Neroni ere egon naiz
horixe pentsatuz,
argiaren kontua
larruari lotuz.
Argia joan ta etorri…
ibil zaitez kontuz,
hori izan liteke
coitus interruptus.
(bis)

Colina:

Hori’re probatzea
ona da tarteka,
behera, gora, nun kristo
al dago oreka?
Baina buka dezagun
azkar ta lasterka,
neska-lagunarekin
geratu naiz eta.
(bis)

*Hori kantatu baino segundo batzuk lehenago argia joan zen oholtza inguruan.

Segundo batzuk baino ez ziren izan, nik uste, baina historikoa izan zen, zerbait geratu zen bertsoaldi hau perla mailara ekartzeko bestekoa, nire ustez. Transkripzioan ageri den bezala, bertsolariak kantari ari ziren bitartean, tarte batean, argia joan zen, eta unean uneko gertakizunak, eta dimentsio erraldoi horretan bat-batekotasun xumeak hartu zuten erdigunea. Nolabaiteko abstrakzio edo fikziotik, orain eta hemen gertatzen ari den harekiko lotura zuzena eta umore gordina egitera ekarriz, hasieran jokoz kanpo utziz, eta gero joko zelai erdian dibertsio betera eramanez. Plaza xume bat belodromora ekarri izan bagenu bezala, baina 10.000 lagunen aurrean.

Gogoratzen dut une horretan entzuleek eta antolatzaileek sentitu genuen larritasuna, guztia erortzeari beldurra. Nik behintzat bai. Txiringito osoa, bertsolariek, guk, eta etxekoek, entzuteko eta ikusteko montatutako sistema erraldoi osoa erortzeko zorian egon zen gehiegizko potentzia entxufatuta egoteagatik, akaso. Segundo batean zenbat gauza pentsa daitezkeen…

Bertsolariak, gaiak eskatzen zuen bezala, biluzik geratu ziren tarte batez, sinbolikoki bada ere, karreraren erdian gurpila zulatzen denean bezala… edo kondoia, batek daki. Eta dena itzaltzen bada zer? Nola erreakzionatuko dute bertsolariek? Nola epaituko dute epaileek? Eta telebistako emisioa? Txapelketa errepikatu beharko da, akaso… baina mirakulua gertatu zen. Joan eta etorri egin zen argia, bertsolarien irudimena eta umorea zorrozteko, denak aurrera jarraitu zuen, eta egoerari barre egin genion. Teknologiari bataila irabazi zion bertsolaritzak. Epikoa izan zen. Coitus interruptusak orgasmo koletiboa eragin zuela esango nuke, eta orduan egindako barreak desberdinak izan zirela, bertsolari eta entzuleen arteko konplizitatea gradu gorenera heldu zelako. Beharbada ez zen izan hainbesterako, baina utzidazue horrela gogoratzen, Youtuben ez dagoena gure imajinazioan bizi da eta.

Coitus Interruptus  Coitus Interruptus  Coitus Interruptus