Ez dena izango ama

Angel Erro-(r)en argazkia Angel Erro 2023-09-12

Ez dena izango ama

2022ko abenduaren 24a, Iruñeko La Campana tabernaren kanpoaldea

–Azkenean.

–Etxerako bidean nindoan mezua jaso dudanean.

–Etorri, aurkezpenak eginen ditut. Hau da nire anaia, “madrildartua”. Hau Irantzu nire laguna.

–Zer moduz? Iñigo ere deitzen ahal didazu. Urte askoan. Bakarrik zaudete biak?

–Tantaka joan dira desagertzen beste guztiak. Bata afaria prestatu behar eta. Bestea senarrak deituta edo seme-alaben bila aitona-amonenera joan behar zuelako. Gu biak gelditu arte.

–Kostatu zait honaino iristea, jendetza dago karriketan. Ez dakit zenbat txaranga topatu dudan bidean. Zenbat dantzari eta zenbat jende baserritar jantzian. Zer egin duzue betiko Iruñearekin? Ematen du bat-batean mundu guztia euskaldun bihurtu dela. Ezin zaizue bakarrik utzi.

–Gehiagotan etorri beharko zenukeelako seinale, orain konturatu bazara. Kar-kar-kar.

–Zerbait ateratzea nahi, Iñigo? Garagardo bat, ardo bat, beste zerbait?

–Kaña bat, baina sartuko naiz ni.

–Ez, utzi guri, zerbitzariak ezagutzen gaitu eta azkarrago ibiliko gara.

–Joanen naiz ni, Leire, zu gelditu anaiarekin.

–Atzo iritsi arren aski ikusi dut, eta ikusi beharko dut, egunotan. Oraintxe itzuliko naiz.

–Bueno, ongi, ez?, berriz sorterrian. Luze gelditu behar duzu, ala?

–Eguberrietako egun handiak aurten asteburuan egokitu direnez, Gabon gaua eta Urtezahar gaua hemen emanen ditut aspaldiko partez eta urtarrilaren 2an ospa eginen dut. Ea ikusi behar ditudan lagun guztiekin biltzea lortzen dudan.

–Zaila izan daiteke. Egun hauek zoramena izaten dira. Eta ez da gaur hasi. Egunak daramatzagu festa giroan. Ostegunean, esaterako, leporaino zegoen Navarra Arenako kontzertua. 

–Rigoberta Bandinirena? Ikusi nuen iragarrita. Hemen egotera, joanen nintzen ni ere. Zer moduz?

–Tira, gaizki ez. Ongi. Izan zituen antolakuntza akats batzuk, nire ustez errespetu falta direnak. Pantaila handiak ez jartzea, esaterako. Lehen lerrokoek baino ez zuten ongi jarraitu ahal izan ikuskizuna. Atzerago geundenok apenas ikusten genuen deus. Eta soinua ere ez zen on-ona. Hitz gutxitan: ez zenuen gauza handirik galdu. Gainera, nik asko maite dut Rigoberta, baina pixka bat astun jarri zen… monotematikoegi, ez dakit.

–Zer ba?

– Amatasunaren kontua gora eta behera. Abestiak bere semeari eskainita, ama izan arte benetako maitasuna zer den ikasi ez duela behin eta berriz esanez. Pixka bat neurriz kanpo. Zure arrebak…

–…

–…ez zuen ongiegi pasatu. Aurten gertatu zaionarekin…

–…

–Ez dakizu ezer, ezta?

 

Abenduaren 22a, Navarra Arena

Beste guztiak saltoka eta aldarri batean daude. Bera ere bai. Baina lagunek nabaritu ez diezaioten ezinegona, beste nonbait egon nahia, negar egiteko gogoa. Bera ere por qué dan tanto miedo nuestras tetas entzun eta zoratu da, Irantzu, Laura, Marta eta Idoia besarkatuta, baina besteak baino lehenago askatu da. Kalkulua ahaztuta zeukan, baina kantariaren hitzek azkenean gogora ekarri diote, gauzak bestela joan izan balira, ezin izanen zela kontzertu honetara etorri.

Hitz gutxi batzuek minutu pare batean bizitza osoa birplanteatzera eraman ahal zaituzte. Burlatako erizainak ospitalera joatea hobe zuela esan eta ez zuen espero bertan sartua gelditu beharko zuela, gau batez gutxienez. Lanera deitu behar izan zuen, errutinazko errebisio medikua luzatu eta ez zela itzuliko esatera. Ekografiako koskorra tumore bat izan ahal zen, edo koagulu bat, abortu natural batek eragindakoa. Azken aukera honek harritu eta barnea nahasi zion, dagoeneko Aitorrek eta berak onartua baitzuten, ez negar gutxiren ondoren, guraso izatearen ezina. Leire ez zen haurdun geldituko, aspaldian zekien hori. Min ematen zion orain ezintasun horri atea berriz irekitzeak, jarrai-jarraian ixteko gero betiko. Koskorra tumorea izan ala koagulua, kirofanoan egin beharreko legratuak umetokia ezgaituko lioke behin betiko: berriz betiko. Min ematen zion Aitorri horretatik bigarrenez pasarazteak, emakume antzu batekin zegoela gogoratzeak, bere burua berriz osatu beharrak.

Irantzuk begi bazterrez begiratzen dio Leireri. Susmatzen du barnean zer dabilkion. Muxu bat eman dio mazelan, kiroldegia elektrizatzen duen pozbidezko energia guztia keinu baten bidez helarazi nahian. Honek irribarre batekin erantzun dio. “Aurrerago jarriko gara?”. “Ez, hemen ongi gaude”. “Barratik hurbilago, behintzat, bai”. Kanta amaitzearekin bat, edari gehiagoren bila nork lagunduko galdetu du Irantzuk. Martarekin abiatu da. Hortik traketsago aditzen dira Rigoberta Bandiniren hitzak. Hurrengo kanta aurkezten ari da. “Es muy fuerte porque yo, antes de ser madre, todo esto era como en plan ‘a ver la peña es una exagerada, no puede ser tan heavy’. Es…, es como estar vivo pero con dos mil tentáculos. Joder, es bestia. Ahora solo puedo escribirle canciones de amor a él”. Garagardo katxiekin itzuli direnean, Leire ez dago bertan. Idoiak esan die komunera joan dela.

Kisketa itxi eta negarra askatu du Leirek, komuneko taparen gainean eserita. Horraino kontzertuaren baxuen burrunba baino ez da iristen. Taupada urrun lasaigarriak. Ia urtebete pasatu da, baina bera ez dago sendo. Oraindik buruan dabilkio, lehen tentakulu hura ongi errotu izan balitz, gaur…

Ezin du horrela jarraitu. Lagunengana itzuli beharko luke, haiek bila etorri aurretik. Norbaitek jo du atean. “Okupatua”. Orduan erreparatu dio atean zerbait idatzia dagoela.

 

Abenduaren 18a, Navarra Arena

Mundu guztiak pentsatuko du Munduko Futbol Txapelketa entzuten nabilela entzungailuetatik, baina nik lepoan eraman ditut beti final eta finalaurrekoetan. Ezin naiz hainbeste ordu tokian geldirik egon, eta kanpora atera edo komunera joanez gero ez dut hitzik galdu nahi. Hutsarteetan ere esatariek eta adituek zer esanen egon nahiago dut, ondokoen iruzkin txepelei kasu eman baino.

Ilara luzea dago emakumeen komunean. Gizonezkoenean ere bai. Aurten inoiz baino entzungailu gehiago ikusten dira belarrietan. Hauek ere ez dute Amets Arzallusen bakarkakoa galdu nahi izango?

Txiza txorrota eten dut hirugarren bertsoari ekin behar dionean, adi-adi entzun ahal izateko. Ederra! Lur labainkorretan sartua zela ematen zuen, baina erremate ona eman dio azkenean, erreprotxerik gabea. Ohar kaiera eserlekuan utzi dut, baina poltsikoan dudan arkatz lodia atera eta ia pentsatu gabe atearen gainean idatzi ditut bertsotik atzeman ditudan azken hitzak.

Bizi berri bat erditze hori,

zeure gaitasun bakana.

Beste ama bat erditu zazu,

ez dena izango ama.

Lau lerroak ikusi eta pentsatu dut hor ipuin baten ernamuina egon zitekeela. Esaterako, hurrengo gaia eta are kantatu beharreko hurrengo bertso osoa komuneko atean idatzita uzten dioten bertsolari baten istorioa. Buelta gehiago eman beharko nioke.

 

Abenduaren 15a, Niza taberna

–Gaur zortzi dugu kontzertua. Hau gogoa!

–Azkenaldian ez duzu bakar bat ere barkatzen, Leire. Parrandazale ederra zaude egina.

–Ez da hainbesterako. Joan den hilean Carolina Durante baino ez, Zentralen. Eta honakoan la Rigo 22an eta Iseo & Dodosound hurrengo astean.

–Eta Txintxarriko pintxadak larunbatero.

–Larunbatero? Aspaldian ez banaiz hortik agertu.

–Eta ez duzu Santas Pascuas festibalean programatu duten Chill Mafia ere ikustera joan behar? Nire ezagun asko joatekoak dira.

–Chill zer? Ez ditut ezagutzen.

–Hemengo talde bat; euskaraz abesten dute, baina oso onak omen dira. Musika urbanoa, trap-edo, egiten dute. Aurrekoan Radio3n jarri zituzten.

–Aditzerik ere ez.

I was born Errotxapean, ibai ertzean ta erdigune pean. Ez zaizu ezaguna egiten?

–Ez.

–Ba, ez daude gaizki. Ireki zaitez! Gauza txuloak sortzen ari dira azken boladan euskaraz. Ulertu ez arren, entzun beharko zenituzke.

–Baliteke.