[IDAZMAKINAZ] Patxi Goikolea, bertsozalea
Patxi Goikolea
2026-11-06
Patxi Goikolea bertsozalea –
Patxi Goikolea Zabala, 1933ko apirilaren 1ean jaioa Arrasateko Erdiko Kalean.
FAMILIA ETA BIZITZAKO LEHEN OROITZAPENAK
Aita, Balentin Goikolea, 36ko gerran “gorrixen” aldekoa zen eta, hori dela-eta, kartzelan urte batzuk pasatakoa. Jaiotzez bizkaitarra, Abadiñoko Amaitermin auzokoa. Lanbidez tornularia.
Gaur “Errealak irabazi dau” esaten bazenion, “Atletixek be bai” erantzuten zuena.
Ama, Benita Zabala, Arrasateko Gesalibar auzoko Cuatrovientos baserrikoa zen, hamazazpi neba-arreben artean laugarrena. Baserria Araba/Gipuzkoako mugan dago eta Bizkaia oso gertu dauka. Garai batean, estraperloa egiten zen bertan. Lautadarik existitzen ez den tokian dago, Tellamendi magalean.
Gerra Zibilean, nazionalen beldur, etxetik alde egin behar izan zuten, Arrasaten beste askok bezala. Frontea Cuatrovientos baserritik gertu zegoen.
Sasoi hartako taxian alde egin genuen, astoan. Ni, 3 urterekin, asto otzara batean eta Lupe arreba, urtebete gazteagoa zena, beste aldeko otzaran, fronteko bala txistuak entzunez pasa ginen Arrazolara, Bizkai aldera. Ama Benita aurretik astoaren gidari, imajinatzekoa da amaren urduritasuna, larritasuna. Aita ihesi alde eginda zegoen. Horiek bizitzako lehen oroitzapenak, eta bizitza markatzen dutenak. Bilbon, aitaren izeba baten etxean, urtebete inguru pasa ondoren, berriz Arrasatera bueltatu ginenean, gure etxeko atea apurtuta eta barruko dena eramanda zegoen. Miseria gorria aurkitu genuen, eta aita kartzelan sartuta zeukaten.

Arrasatetik Aretxabaletako Goroeta baserri auzora joan ginen, gaur egun Urkuluko urtegia dagoen tokira. Han zegoen amona Frantziskak salbatu gintuen, berari eskerrak aurrera egin ahal izan genuen. Hemen, maistra etxea alokairuan zeukan abadeak. Bigarren solairua etxebizitza zen, eta beheko solairu erdian, Frantziskak denda zeukan eta beste erdia eskola zen. Frantziskak esnea bi astorekin eramaten zuen Arrasatera. Igandeetan izan ezik, egunero eramaten zuen saltzera, eta bueltan dendarako generoa ekarri; olioa, boladua (azukre sendoa zuen pasta bat, uretara bota eta urtu egiten zena), dilistak eta abar. Frantziska zen garai hartako agente komertziala, ekintzailea, gaur egun business woman esaten dena. Kontabilitatea buruz eramaten zuen. Irakurtzen eta idazten gutxi bazekien ere, ondo kontrolatzen zituen besteen zorrak eta norberarenak. Kalkulagailua buruan zuen. Sarritan baserritarrek ez zuten dirurik izaten Frantziskaren dendako generoa ordaintzeko, eta esnea ematen zioten trukean. Azkenerako, buruko gaixo bat etorri zitzaion eta nik 10 urte inguru neuzkanean hil zen. Galera galanta!
Garai hartan, Goroetan, gaztelera eskolan bakarrik egiten zen. Klaseak Don Boni abadeak ematen zituen, euskalduna bera. Gela bakarrean adin guztietako neska-mutikoak egoten ginen, denera 30 ikasle inguru. Ikasgai denak, matematika, geografia, hizkuntza eta abarrekoak, gazteleraz ziren. Errieta egiten zuenean, berriz, euskaraz, eta elizako dotrina ere bai euskaraz.
Goroetan, euskaldun elebakarrak edo gazteleraz trakets egiten zutenak asko ziren, ez zegoen Euskaraz bizi nahi dut kamiseten beharrik, euskara zen bizitzeko hizkuntza. Lehen irratia abadeak ekarri zuen auzora, 1943ko urte inguruan. Abadetxe inguruan jolasean zebiltzan dozena erdi umeei esan zien: “Nahi duzue radioa ikusi?”. Eta bere etxeko sukaldera eraman zituen entzutera, erlategi baten tamaina zuen tramankulua entzutera.

Irratiari baserrietara ailegatzea oraindik urte dezente gehiago kostatu zitzaion. Irratirik gabe, teknologiarik gabe, gaztelerari auzoan sartzea kosta egiten zitzaion. Goroeta eta Arrasateren artean zazpi kilometro besterik ez daude, baina bi mundu guztiz desberdin ziren.
Arrasaten, berriz, gerra ondoren gaztelera asko egiten zen. Euskara debekatuta, zapaldua zegoen, beldurra zen nagusi kalean. Beraz, Arrasaten etxe gabe geratzeak alde ona ere izan zuen, mesede handia egin zidan euskal zaletasuna pizteko.
Zabalatar lehengusu guztien artean ni nintzen nagusiena eta Paula amonaren biloba zaharrena. Oporrak zirenean, Cuatrovientos baserrira sarritan joaten nintzen umetan. Amonak, bertso zahar asko zekizkien eta doinu ederretan abesten zizkidan, Pello Errota, Xenpelar, Txirrita eta Bilintxen bertsoak. Osaba gazte eta umoretsuak ere han inguruan ibiltzen ziren. Giro hartan hasi nintzen euskaltzaletzen, bertso zaletzen. Amona Paula izan zen bertso zaletasun horren eragile nagusia.
Behin, Goroetako etxera bueltatu eta han Paula amonak irakatsitako bertsoak kantatzen nenbilela, lau bat urte nagusiagoa zen beste mutiko batek esan zidan “hik abesten dituan bertso horiek gure ganbarako bertso liburu baten agertzen dituk”, eta ekarri egin zidan. Liburuxka bueltatu aurretik ordu pila bat pasa nituen bertsoak koaderno batean eskuz idazten. Erdipurdi nekizkien bertsoak ikasteko ere ederto etorri zitzaidan.
16 urte ingururekin, Goroetako auzotik Aretxabaletako kalera jaisten nintzen aste bukaeratan, kinto lagunarekin, eta bueltan, gogoratzen naiz nola bertso zaharrak kantatuz itzultzen ginen. Ugazteiko laguna bertsozale familia bateko semea zen, ahots ederra zuen eta bat-bateko saiakerak ere egiten zituzten. Gerora, Afrikan soldaduska egiten zegoela, lagun honi bertsoz idazten nizkion eskutitzak.
4 urtetik 21era, soldaduskara joan arte, Goroetan bizi izan nintzen. Bertako ohiturak, esaerak eta izaera ondo txertatuta jaitsi nintzen Arrasatera. Goroetan ikasi nituen jolasak, pilotan egiten, errekan amuarrainak, karramarroak eta aingirak harrapatzen, mendian ibiltzen, zizak batzen, txori habiak bilatzen, naturaz gozatzen eta abar.

SAN VIATOR ESKOLA
12 urterekin hasi nintzen bizikletaz Arrasateko San Viator eskolara joaten. Asfaltatu gabeko aldapak zituen bideak eta tokatzen zen eguraldiarekin egin behar ziren joan-etorriak. Elurra, izotza, euri zaparradekin eta arropa oso eskasarekin egin behar bidea… Mutikotako argazkietan kilo gutxirekin agertzen naiz beti.
San Viator eskolan 3 urte egin nituen. Gaztelerazko poesiak buruz ikasten genituen. Zenbat eta ulu handiagoak bota orduan eta nota hobea jartzen zigun irakasleak…
Honela ikasi genuen gaztelerazko poesia zer zen…
Subió la mona a un nogal,
y cogiendo una nuez verde,
en la cáscara la muerde.
Como le supo tan mal,
arrojola el animal…
Geroago pentsatuko nuen… eta horren ordez amonaren bertsoak erakusten badizkiegu gure gaztetxoei?
BITERI ESKOLA PROFESIONALEAN
15 urterekin hasi nintzen ofizialtza mekanikoa ikasten Biteri eskola profesionalean. Ikasleei 14 pulgadako lima latza ematen ziguten, Y grekoaren forma zuen burdina zati bat limatzeko. Eskuetan babak sortu arte! Tornu eta fresatzeko makina sinpleak ere bazituzten…
Eskolan egun erdi egiten genuen, eta 6 ordu eta gero inguruko tailerren batean praktikak.
Lehenengo Balanzas Mondragonesasen, Balentin aitarekin, pisua neurtzeko erabiltzen ziren erromatar balantzak egiten.
Ondoren, Aranzabal y Compañia tailerrean, egun erdi praktikak egiten. Soldata zen 6,35 pezeta astero. Soldatak astero ordaintzen ziren. Fresatzeko makinetan jartzen ziren plater zatigailuak egiten genituen. Hemengo jabea, dirua jarrita zuena, Gasteiztik egunero joan-etorria trenez egiten zuen “jueza” deitzen zioten gizona zen. Arrasateko udaletxeko bulegoan egiten zuen lana eta kasik egunero pasatzen zen fabrikatik langileak kontrolatzera. Frankista zen. Kontabilitatea ere berak eramaten zuen. Baina lanari buruzko jakintzarik ez zuen. Ikasketak bukatu ondoren ere bertan jarraitu nuen soldadutzara joan artean. Soldata, 46 pezeta astero.
Eskolan izan nuen irakasle Don Jose Maria Arizmendiarrieta, kooperatibetako bultzatzaile nagusia. Berbetan eta azalpenak ematen ez zen oso trebea, baina ideiak garbi zituen eta bazekien zeri eman behar zitzaion garrantzia. Astean klaseren bat ematen zuen, ikasleak ezagutze aldera, eta, ondoren, bakarka deitzen zituen aholkuak emateko.
Arizmendiarrietak niri emandako aholkua izan zen, herritik irten egin behar nintzela, beste lantegi batzuk ezagutzea eta lana ondo egiten ikastea komeni zitzaidala.
SOLDADUSKA IRUNEN
Soldaduska gertu, Irunen egitea tokatu zitzaidan. Maniobrak, Aiako Harrian.
Soldaduskan denbora librea nuenean bertsoak idazten nituen.
Goroetako kinto lagunari, Ugazteiko Beheko Etxe baserrikoari, bertsoz idatzitako eskutitza gordeta daukat oraindik. Hemen lagin bat.
Pedro Urkia – Afrikan dagoen kinto lagun onenari
Doinua: Loriak udan ihintza bezala
| 1
Bertso berriak jarri nahi dizut bertatik gaurko egunean. luma hartuta modu honetan hasirik bertso lanean, naiz gaur sentitu bihotza triste idazten bakardadean, pozikan ere kantakoitugu Pello etortzen danean.
|
2
Inoiz pozikan hartu izan badut gaurkoa izanda bai poza. Zedorren karta irakurtzean nire bihotzak du goza, erantzuera niri jartzeko Pello alaitu bihotza, erreparurik ez dut nik eta jarri bertso bat zorrotza.
|
| 3
Zer bizimodu daramakizun lur horretan dut ikusi, irakurri dut zure karta eta dakit nola zaren bizi, lizentzi arte sufritu behar nahiz eta zuk eta nik ez merezi, militar hauen ohitura txarrik ez ditzagula ikasi. |
4
Imaginari eta guardiak kuartel zahar hauen barruan, formazio eta desfile ugari patioen inguruan, tenientean azaina asko nola ditudan goguan bost hile barru gu elkartzean esango dizut orduan. |
SOLDADUSKA ONDOREN,
Berriz Aranzabal enpresara bueltatu nintzen, baina Patxi Arizmendiarrietaren aholkuaz gogoratzen nintzen eta Elgoibarko SIGMA marka zuen enpresara joatea erabaki nuen. Enpresa handi eta ahaltsua zen, josteko makinak egiten zituzten. Enpresa Estarta zen eta prentsa mekanikoak ere egiten zituzten. Hemengo asteroko soldata 80 pezeta. Aranzabaleko “juezari” esan nionean enpresa uztera nindoala, ahalegin denak eta bi egin zituen bertan gera nendin. Soldata igoko zidala, eta ez kezkatzeko esan zidan: “Zenbat kobratuko duk ba lantegi berrian?”. Ez nion esan nahi, baina nola zebilen horren tematuta, azkenean esan egin behar izan nion. “Juezak”, orduan, eskuak burura eramanez, “ez, hori ez, ezin dut ordaindu”, erantzun zidan.
Estartan urtebete egin nuen ajustadore lanetan, prentsa mekanikoak muntatzen.
Ondoren, Gregori eta biok ezkontzea erabakita genuen eta Eskoriatzako TESA enpresara etorri nintzen, Gregoriren Mazmelako baserritik oso gertu zegoenera. TESAN makina mantentze eta muntatzen ibili nintzen, eta makina bat martxan jartzera joan behar izan genuen Aranzabalera. Ordurako, hau kooperatiba bihurtzeko bidean ziren nire eskolako lagunak, eta horiek animatu ninduten kooperatiba berrian sartzera. Arizmendiarrietak urrian ekarri zizkigun kooperatiba sortzeko estatutuak. Horrela bihurtu nintzen Arrasate kooperatibako lehenetariko bazkide.
GREGORIREN IRAMAIN BASERRIRA EZKONDU
TESAN lanean nenbilela ezkondu nintzen Gregorirekin, Eskoriatzako Mazmela auzora.
Seme-alabek eskolara joan behar zutenerako Arrasatera etorri ginen bizitzera, eta bertan hiru seme-alaba izan genituen. 1964 inguru horretan pentsatu genuen seme-alabak eskolaratzeko hobe zela Arrasatera bizitzera joatea. Danel, laugarrena, 1969an etorriko zen.

Diamantezko Eztaiak
2017 urriak 12
Doinua: Ume eder bat
| 1
Gregori eta Patxi ezkontzeko orduko ohitura zaharrian, biok bai ta bai esan genduan apaiz Migelen aurrian, ezkontzarako sakramentua nola zegon indarrian, gaur hirurogei urte Mazmelan lotu ginan uztarrian
|
2
Ezkon ondoren Iramainera gonbidatu familia, bide betean hirurogei bat ongi badut memoria, danetik bazan, gazte, sasoiko, atso eta aguria, etxeko salan ospatu gendun estaietako bazkaria. |
| 3
Ta baserrian asmatu behar tabernan ezin zuanak, horretarako bezperatik hil etxeko oilasko danak, era horretan moldatu ziran gure eztaitako janak, erositakoak bakarrik ziran ardo, pattar ta txanpanak.
|
4
Jan edanaren ondoren bazan nahiko umore ta festa, Maringo aitonak zioen: “nor da aurreko andre bargasta”, Kruxi beraren andreagatik ari zitzaion galdezka, besterik etzan behar jartzeko guztiak lehertzen barrezka. |
| 5
Beste albiste bat ere bazan han kapoi inguruan zehar, apaizak zitun oilasko batzuk operatu egin behar, Galdotzeneko Asunek hola jendea jarri zun kar kar, kapoien ordez esan zunean “a Don Miguel le voy a capar”
|
6
Ezkonberritan Iramain gendun bizilekutzat aukera, baratz, oilo ta jornalarekin bizimodua atera, iritsi ginen hiru urterako bi granja mota jartzera, hiru haurtxoak jarraian sortuz berrehun oilokin batera |
| 7
Sei urte igaro baserrian ta geure buruei galdera, haurrak koxkortzen doazen eran hemen ezin geike gera, eskoletara eramateko goazen Arrasatera, tratua eginda hor sartu ginen Anton Indaren etxera.
|
8
Izar torrera handik aldatu ginanean ondorena, miloiko etxea zena orduan ta gainera norberena, toki berriak ekarri zigun familira laugarrena, mutila zala jakin zunean hura Amaiaren pena. |
| 9
Izar torreko hamabostgarren ekialdeko kabian, lau usakume lumatu orduko hegaran hasiak ziran, lehenbizi airez alde egin zuna agertu zan Australian, beste hirurak kabi inguruan Arrasaten ta Bizkaian.
|
10
Geroztik zaharrok bizi gerade Bakar-bakarrik kabian, Seme-alabak hurbiletan ta bakoitza bere tokian, ta laurok ere ikusirikan nahiko era egokian, gu zoriontsu sentitzen gera zuek hola ikustian. |
| 11
Bi urte hontan jarraitzen degu birraiton-amon izaten, kimu berriak indartsu datoz sendia gozoro hazten, lau belaunaldi bizi-bizirik katea ez baita eten, arbola zaharra ihartu aurretik berriak fruitu ematen |
12
Aiton-amonok nola ez alai geure eztei errepikan, seme-alaba eta bilobok ere poztasun eztitan, hurrengorako ospakizuna gaurtik jarri daigun listan, berriro danok elkar gaitezen datorren urteko zitan |
EUSKAL KULTURA BERPIZTEN
60ko eta 70eko hamarkadetan, Arrasaten gizartea aldatzeko grina zegoen gazteen artean. Horrela hasi ziren kooperatibak, ikastolak, gau eskolak, bertso eskolak, Danok kultura elkartea, euskarazko kultura ekintzak, euskarazko prentsa eta hedabideak, AED (Arrasate Euskaldun Dezagun) eta abar.
Mugimendu hartako partaide izan nintzen. Herrian hegemonia zuen Union Cerrajera enpresan eta berea zen Aprendices eskolan gorriak ez zituzten hartzen, eta haien semeak ere ez. Gizartean beldurrak eta aldatzeko gogoak bat egiten zuten. Arrasate langile kooperatiban lehenengoetarikoa izan nintzen.
Euskaraz alfabetatu gabeko euskaldunek, nonbait ikastaro azkar bat egiten zuten eta lantokian, lan orduak bukatu ondoren, euskara irakasten zieten ez zekiten lankideei, edo gau eskoletako dohaineko irakasle bihurtzen zituzten.
Ikastolak sortzeko dirua jarri behar zen. Garai hartan 20.000 pezeta dirutza zen. Lehenbizi norberak jartzen zuen, euskaltzaleen zerrendak egiten ziren eta bakoitzari eskatzeko arduraduna izendatzen zen. Oraindik lege babesik ez zuten lehen ikastolak horrela sortu ziren Arrasateko euskaltzaleen artean. Ilusio handiz eta txindurri lana eginez izan nintzen tartean.

Xanti Iparragirre Añarbetik etorri zen, Gregoriren baserri auzora. Aingeruguarda baserrira ezkondu zen, auzokideak ziren. Ni baino urtebete gazteagoa zen, Santixau egunekoa. Laster elkar “konektatu” genuen, bertsolaria zen, lagun egin ginen. Denboraldi batean Arrasate kooperatiban ere lanean ibili zen.
Joanito Akixu, ni baino 6 urte gazteagoa zen, Aretxabaletako kale baserri batekoa. Jaietan asto gainean ikasitako bertsoak kantatzen ibiltzen zen. Banekien bertsozalea zela eta oso gaztetatik nuen Joanitorekin harremana.
1974an, ALMEN ikastolan, gurasoei eskatu ziguten larunbatetan ea aktibitaterik martxan jarriko genuen, eta horrela plan asko jarri ziren martxan: kirola, eskulanak, musika, sukaldaritza eta abar. Xantik, Joanitok eta hiruk pentsatu genuen bertsolaritzak bultzada bat merezi zuela eta hori erakustea proposatu genion ikastolako zuzendaritzari. Ikasleek izena eman zuten, eta 125 haur apuntatu ziren. Harrituta geratu ginen kopuruarekin. “Pedagogia” hitza existitzen zela ikasi behar izan genuen. Ibilian-ibilian ikasten joan ginen. Xabier Amurizaren errima liburu bat erabiltzen genuen. Aurrerago Xabier ere noizbehinka irakastera ekarri genuen.
Garrantzitsua hartu-emana zen, norabide bietan, ikasleek ikasi egiten zuten, baina maisuei erakutsi ere bai. Maisuek, lehenengo, bertso zaharrak kantarazten genizkien. Horrekin ikasten zuten bertsoa zer zen: egitura, neurriak, doinuak, errimak, estiloak eta abar.
Hurrengo, maisuok asmatutako bertsoak idatziz ematen genizkien ikasleei, hauek buruz ikasi eta kanta zitzaten jaialdiren batean. Bertso horiek haurrentzat propio eginda zeuden.

Adibidez: Nahiz eta txikia izan/ neurriz eta pisura/ azaldu nahi genuke/ gizonen itxura/ …
Bertso gehienak Xantik prestatzen zituen, bera zen bertsolari sen gehien zuena.
Haurrek, oholtza gainean, bat-batekoak balira bezala plantak egiten zituzten, antzerkia.
Baina entzule asko txundituta geratzen ziren, ez zekiten benetako bertso saioa zen edo antzerkia. Saioa bukatu ondoren umeak eskertzera eta zoriontzera etortzen ziren. Antolatzaileek haurrei saritxoren bat ere ematen zieten eta haurrak pozik bueltatzen ziren etxera.
Bertso munduan ibiltze horrek garunean bertso egiturak txertatu zizkien batzuei eta horrela hasi ziren bertso ariketetan sakontzen: puntuka, koplaka, oinak emanda, puntu gutxiko bertsoak, luzeagoak… Hori guztia jolasean, modu arinean, alaitasunean, inor behartu gabe.
Eta gero txapelketak: haurrak helduen kontra.
Kooperatiban kalitateko arduraduna nintzen. Beti gustatu izan zait antolatuta lan egitea, txostenak gordetzea, txarto/ondo arauak erabaki, tolerantzia mugak jarri, barruan badago bale, kanpoan badago kale. Nolabait, hirukoteko “idazkaria” nintzela esan daiteke.
BERTSOLARI IKASKETAK ETA BERTSOLARITZAN EGINDAKO LANAK
Amona Paulari umetan ikasitakoak dira dakizkidan bertso asko. Autodidakta izan naiz askotan, bertso saio pila jarraituz eta liburuak irakurriz, doinuak bilduz, bertsoaren teoria eta teknika landuz, ondoren gaztetxoei erakusteko.
Ondo etorri zitzaidan Zarautzen 1981ean egindako ikastaroa. Irakasleak izan ziren: J.R. Etxeberria, J. Dorronsoro, Imanol Lazkano, X. Amuriza, I. Lopategi eta Juan Mari Lekuona.
Oholtzan kantatu ez, beste denak egin ditut bertsolaritzan.
Antolatzaile: Arrasaten, Deba Ibarreko txapelketak: 1969an, 70ean, 73an. Danok kultur talde barruan. Eskoriatzako Apotzagan 1981etik 1990era, Leintz Bertso Txapelketak, Bertsolari taldean.
Gipuzkoako Ikastolen Federazioarekin bilerak 1979-80an.
Bertsolaritza Ikastoletan txertatzeko Abel Muniategi, Joxe Agirre, Laxaro Azkune, Joanito Dorronsoro, Imanol Lazkano X. Amuriza eta abar… bidelagun nituelarik.
Bertso irakasle: Almen eta Arrasaten, 1974tik 1992ra. X. Iparragirre, J. Akizu lagun nituela.
Epaile: Gipuzkoako eta Euskal Herriko bertsolari txapelketetan. 1985-86an, puntuazioa bertan momentuan gora altxatuz publikoari erakusten zitzaionean eta txistuak ere entzuten zirenean. Hori Bertsolari Elkartean laguntzaile askorekin. Deba Garaian hil zorian zegoen bertsolaritza berpizten egindako txindurri lanak emandako fruituak gogobete nau.
JUBILATU ONDOREN
Urteek aurrera eginez, bizimodua hobetuz joan zen.
Jubilatu berritan, osasunez oraindik indartsu eta, urtero joaten ginen oporretan Mediterraneo aldera, autobusez gehienetan. Bidaia lagunak, batzuk euskaldunak, beste batzuk ez. Denak pozte aldera, noizbehinka gazteleraz ere egiten nituen bertsoak. Hemen, 2005ean, Peñiskolatik bueltan, Darokan bazkaldu ondoren, autobusean kantatzeko egindako adibide bat.
Doinua: Haizak hi mutil mañontzi
| 1
Xabier izena duen txofer jatorrena (bis) Peñiskola-Bilboko gidaria dena. Hain bikain gidatzeko zer-nolako sena, hargatik merezi du guztion omena. aingeru guardakoa barruan duena (bis) |
2
El chofer que nos lleva Javier se llama (bis) Peñiskola a Bilbao ni ocho horas tarda. que hombre más atento que suave anda, él es hoy nuestro guía él es el que manda seguro que es el mejor angel de la guarda (bis) |
| 3
Gaur andere Maria gurekin gidari (bis) gertu-gertu dagona laguntzeko guri, asko ikasi dut nik eskerrak berari, ta erakusteko oraindik badauka ugari. beste zeruko aingeru polit bat dirudi (bis) |
4
Señorita María hoy es nuestra guía (bis) si que estamos contentos con su compañia, me ha contado cosas que yo no sabía, encima mucho rollo tiene todavía. es otro angel del cielo que alguien nos envía (bis) |
2017an, kasualitatez, jubilatuen bidaia batean, Beñat eta Unai Gaztelumendiren aitona-amonekin bat egin nuen. Hemen, orduko bertsoa.
Añorgako Mari Karmen
eta senar Joxe Mari,
Kutxa bidaian gurekin
batera ditugunari,
zuen hazitik sortuak
bi biloba bertsolari
Beñat eta Unai gazteak
Aitona-amonen irudi
bertso eskola indartzen
eutsiaz goiko mailari,
nolako erregalua
zuek Euskal Herriari
zorionik beroenak
gaztelumenditarrari
bertso hau hartu zazue
bidai lagunon opari.
GAUR EGUN BERTSOLARITZA NOLA JARRAITZEN DUDAN
Betidanik jarraitu izan ditut eskolarteko txapelketak eta gazteen bertso saioak. Hemen jarri izan ditut indar gehienak. Famatu izan aurretik ezagutu izan ditut hainbat bertsolari: Euzkitze, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta abar.
Gazteen txapelketetara sarritan joaten nintzen. Gazte berriak badatozela ikustea, zer aldaketa zekarten, bertsolaritzaren eboluzioa ikustea gustatu izan zait gehien. Sasoi bateko bertsolariei sarritan bertsoa nola bukatuko zuten antza ematen nien. Gaurkoei antza ematea zailagoa da. Alaia Martini, adibidez. Sorpresa gehiago izaten dituzte. Gaur egun EITBko asteroko bertso saio denak jarraitzen ditut. Txapelketak direnean ere telebistatik edo Internet bidez jarraitzen ditut gehienetan. Bertsolari aldizkaria ere goitik behera irakurtzen dut.











