Bertsolaritzan izandako ibilbidea: Santutxuko bertsolari eskolaren hasiera
Kaletar jaio nintzen Gernikako bonbardaketa zuzenean bertan egonda ezagutu zuen familia batean, eta kaletar bizi izan naiz beti. Umetan, Gernikan pasatu nituen neure bizitzako lehenengo zazpi urteak, bertso mundutik urrun. Bonbardaketaren osteko beldurraren giroan bizi nintzen, frankisten erabateko presentziarekin udaletxean, erdiguneko kaleen erdian jaietan alde banatako leihoetatik eskegitzen zituzten hiru banderek -Espainiarena, Falangearena eta Erreketeena- ondo gogorarazten zigutenez. Beldurraren mundua zen hura, baina, etxekoek ziotenez, ume zoriontsu eta alaia izan nintzen.

Santutxuko bertsolari eskolaren hasiera –
Euskara etxe barrurakoa zen, elkarrekin zeuden guztiak familiakoak edo ezagunak ziren kasuetarako. Ez nintzen orduko eskola “nazional” ospetsura joan, Udaletxe aurreko Artekaleko mutilen kolegiora (Sagrado Corazóneko korazonistak) baizik. Bertan ez ziguten Cara al Solik kantatzen irakatsi; halere, ikastetxe hartan ez nuen euskarazko hitzik entzun.
Bertsolarien mundutik aparte bizi nintzen Gernikan, nahiz eta enbeitatarren Muxika herria hiruzpalau kilometrora egon. Ostera, banuen musikarekiko lotura estua, ama eta arreba nagusiak oso musikazale eta kantazaleak baitziren. Hortaz, gure etxean sarri kantatzen ziren euskarazko kanta zaharrak eta, zer esanik ez, Gabonetako Marijesiak, Urte barri-barri, Erregeak datoz eta antzeko koplak, urtero umeok osaba-izekoen etxeetatik eskean joateko kantatzen genituenak.
Aitaren lana bitarteko, zazpi urterekin Eibarrera joan ginen migratzaile, eta han beste mundu bat ezagutu nuen, irekiagoa eta beldurrik gabea. Neba-arrebok laster integratu ginen inguruan. Lau pisuko bina eskuko etxean bizi ginen, eta han guztiak ziren euskaldun ausartak, hau da, euskaraz nonahi erabiltzen zutenak. Eraikineko bizilagunek familia gisako bat osatzen genuen. Gure adineko neska-mutilak elkarrekin ibiltzen ginen jolasean, guztion etxeetan. Eibarrera ikasturtearen erdian iritsi arren, urtearen bukaerarako auzoko umeen kuadrilletan lasai eta pozik bizi ginen, beldurrik gabe.
Eibarren pasatu nuen nerabezaroa. Eta kuadrillako gehienak euskaldunak izan arren, ez zegoen inor bertsozalea zenik. Kaletarrak ginen guztiak, bertso mundua urrun ikusten genuenak. Baina giroan euskara zegoen presente, taberna guztietan, tailerretan, gure auzoko karmeldarren elizan… Unibertsitatera joan aurretik, euskaltzaletzen hasita nengoen nire arreba nagusiaren eskutik, berak irakurtzeko pasatzen zidan Anaitasuna aldizkariaren bitartez.
Bilboko oasi euskaldunen bila
Hamazazpi urte beterik, Bilbora aldatu nintzen ikasketak egitera. Nerabezaroari agur esateko garaia zen hura, zalantza askoren artean etorkizuna bideratzekoa. Osaba-izeko batzuen etxean egon nintzen ostatu hartuta, ikasketak burutu arteko bost urteetan, eta hortik aurrera bizi izandako gertaerek helduarorako erabakiak hartzera eraman ninduten.
Bilboko kaleetako eta Ingeniaritza Eskolako giroan, herri kolonizatu batean banenbil bezala sentitu nintzen, euskarazko hitz bakarra ere entzun gabe. Zorionez, osaba-izekoekin basamortuko oasi euskaldun batean bezala bizi nintzen, euskararen ur garbi eta freskoan murgilduta. Eta, ezustean, Ingeniaritza Eskolan bertan gertakizun xume bat bizi izan nuen, ordura arteko basamortu linguistikoan panorama berri bat ireki zidana.
Garai hartan, 1965-66 ikasturtean, Espainiako estatuan hiru ingeniaritza eskola baino ez zeuden, Madril, Bartzelona eta Bilbon preseski. Hori zela eta, espainiar lurretatik ¾baita atzerritik ere¾ hainbat ikasle etortzen ziren bertara. Haien artean bazegoen venezuelar bat, Mendizabal deitura zuena, Francoren golpe militarretik Venezuelara iheslari joandako familia batean sortua. Lagun egin ginen eta, konfiantzaz, egun batean honelako galdera bat egin zidan, gutxi gorabehera: “Oye, Etxebarria, tú ya sabrás euskera, ¿verdad?”. “Sí, claro”. Eta jarraian, “¿Cómo se dice en euskera ‘electrón’?”. Zuri geratu nintzen, zer esan ez nekiela. Baina, erantzun beharraz, honelaxe esan nion: “Eso no se dice”. Ez nintzen pozik geratu erantzunarekin, eta bueltaka izan nuen burua egun osoan. Harik eta azkenean irtenbidea aurkitu nuen: “Ba, esaten ez bada, esan egin beharko da”. Eta orduan erabaki nuen, eskola hartan ikasten nituen kontzeptuak euskaraz ere esan beharko nituela. Horrelaxe euskaltzaletu nintzen, betiko. Baina oraindik ez nekien ezer bertsolarien munduaz.
Bilboko basamortuan ikasle, oasi euskaldunen bila hasi nintzen. Hasteko, jakin nuen Anaitasuna hamabostekaria Bilbon argitaratzen zela, eta Iralabarriko frantziskotarren komentuan bizi zela aldizkari osoa goitik behera zuzentzen zuen Imanol Berriatua. Aldizkariko ale bakoitzaren azkenaurreko orrialdean berak jartzen zuen hiztegi landuarekin ekin nion euskaraz alfabetatzen, neu bakarrik, era autodidaktikoan. Horixe izan zen aurkitu nuen bigarren oasia. Hain zuzen, aldizkari hartan Gabriel Arestik, Xabier Kintanak, Joseba Intxaustik, Joan Mari Torrealdaik eta beste hainbestek idazten zituzten artikuluak irakurtzen, eta ematen zituzten hitzaldiak entzuten. Baina bertsoaren mundua erabat ezezaguna nuen orduan ere.
Hirugarren oasia Begoñako Santutxu auzoan aurkitu nuen, euskarazko gau eskolen, Karmelo ikastolaren eta hango euskaltzaleen artean. Astero bizpahiru egunetan bertako eragileengana hurbiltzen hasi nintzen, laster batean hango lagunartean integratu nintzen eta berandu baino lehen “lan” berri bat eman zidaten, boluntario modura egitekoa: jakinda “autoalfabetatuta” nengoela, gau eskoletara etorritako euskaldunak alfabetatzeko ardura eskaini zidaten. Hura bazen nire lurraldea!
Gehienbat bizkaitarrak ziren nire ikasleak, ni baino zaharragoak batzuk, eta ahalik eta ondoen saiatu nintzen klaseak emateko materialak prestatzen, bereziki irakurtzeko testu errealekin, batez ere Anaitasuna aldizkarikoak eta garai hartan euskaraz argitaratzen ziren liburuak. Horrelaxe ibili nintzen bizpahiru urtetan. Garai hartan Euskaltzaindiak euskarazko tituluak lortzeko bidea egiteko asmoa izan zuen, eta orduan erabaki genuen, alfabetatzeko klaseak euskarazko titulua ateratzeko ikastaroak izango zirela, eta Santutxuko gau eskoletan niri proposatu zidaten horretarako irakaslea izatea. Baina oraindik ezer gutxi nekien bertsolaritzari buruz.
Euskaltzaletasunetik iritsi nintzen/ginen bertsolaritzara
Nire klaseetara etortzen zen Joserra Bilbao adiskideak gogorarazi didanez, 1978-79 ikasturtean jadanik tituluak bideratuta zeudela, taldean buruari astindua eman genion eta, gustura geundenez, bestelako bideren bat hartu behar genuela pentsatzen aritu ginen. Azkenean deliberatu genuen, egokia izango zela Literatura eta Bertsolaritza lantzea, horretan ere nire gidaritzapean. Bide batez, diodan ozen, batean zein bestean ezer gutxi genekien arren, ekinean jardunda zerbait ikasiko genuelako konfiantzaz abiatu ginela bi arlo ezezagun horietan, euskaraz, noski. Baina lehenengo hiru hilabeteak pasatu zirenerako konturatu ginen, bi eremuak batera lantzea gehiegizkoa gertatuko zitzaigula, eta bakarrarekin nahikoa genuela: Bertsolaritza aukeratu genuen.
Horixe izan zen bertso mundua ezagutzen hasi nintzen/ginen momentua. Hogeita hamaika urte nituen eta beste ikasle guztiak hogei urtetik gorakoak ziren, baina, ezustean, erronka serio bati ekin genion taldean, esan nahi baita, bertsolari bihurtzeko lanean hastea. 1979ko abendua zen. Hurrengo urtarrilean abiatu ginen bide horretatik.
Santutxuko bertso(lari) eskolaren hasierako pausoak
Ez naiz gogoratzen zenbat lagun hasi ginen bertan, hamar bat edo, guztiak “maisu” ezjakin baten gidaritzapean, hau da, neurean alegia; baina klasean guztiak izango ginen ikasle, “maisua” barne. Urteak joandako perspektibarekin, gogoan dut 1990eko hamarkadan nola oparitu zidaten Jacques Rancière filosofo frantziarraren liburu eder bat: Le maître ignorant: cinq leçons sur l’émancipation intellectuelle (Maisu ezjakina: emantzipazio intelektualari buruzko bost ikasgai). Liburu horrek guk eskolan bizi izandako esperientziaren antzeko istorio batean zuen abiapuntua, eta hori irakurriz konturatu nintzen, astoak txiripaz txirula jo zuen parabolaren antzeko zerbait gertatu zitzaigula bertsolaritzarekin.
Gure taldekoek zer-nolako “bertsolari eskola” osatzen genuen azalduz hasiko naiz, erabat atipikoa baitzen, ordura arte bertso munduan ezagutu gabeko ezaugarriak baitzituen: pertsona helduak ginen; ez ginen baserri girokoak, kaletarrak baizik; euskara batuan alfabetaturik geunden; andre zein gizonak elkartu ginen; euskara etxean ikasitakoak ginen gehienak, baina batzuk ikastaroetan euskara berariaz ikasitakoak (“euskaldunberriak” deitzen genien orduan)… Halere, guztiak sinetsita geunden, lana gogor eginez noizbait bertsoak bat-batean kantatzeko gai izango ginela; alegia, “bertsolari” izatera iritsiko ginela, lagunarteko giroan gutxienez.
Hasieran, bertso zahar klasiko asko kantatzen eta buruz ikasten hasi ginen, garai hartan Xabier Letek, Antton Valverdek eta bestek argitaraturiko diskoetatik eta bestelako kaseteetatik entzunda. Intuizioak esan zigun, musikarekin kantatuz atseginago egingo zitzaigula ikasketa. Horrela, hainbeste bertso doinu ikasi genituen eta haiek sailkatzen hasi ginen, geure doinutegi txikia osatuz. Eta harritzen ginen ikustean zer-nolako edertasuna zegoen Xenpelarren, Otañoren, Txirritaren eta beste bertsolarien bertso sailetan, guretzat ordura arte paper zaharretan gordeak zeudenetan.
Hortan abiatuta genbiltzala, 1979ko abendua eta 1980ko urtarrila bitartean, Euskaltzaindiak antolaturiko VI. Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatu zen, Xabier Amurizak irabazi zuena euskara batuaz kantatuz. Handik gutxira jakin genuen, Amurizak bertsoen izaera eta teknikari buruzko ikastaro bat emango zuela Bilboko Euskal Museoan. Bi aldiz pentsatu gabe, bertara joan ginen taldekoak eta ikusi genuen haren teoriek goitik behera egiten zutela bat guk uste genuenarekin. Gainera, Xabierrek oso eskuzabal jokatu zuen gurekin, eta oraindik argitaratu gabe zeuzkan Hiztegi Errimatua eta Hitzaren Kirol Nazionala eman zizkigun, makinaz idatzitako folio fotokopiatuetan.
Horrela, bada, eboluzio denbora horretan, euskaltzaletasunak bultzatuta eta euskara lantzeko asmotik hasita, Santutxuko bertsolari eskola sortu zen azkenean.
Xabierren ikastaro hartan ikasitakoak praktikan jarri genituen gero geure eskolan 1980-87 bitarteko ikasturteetan. Taldeko lanean, guztiok ikasle izanik, poliki-poliki eta astero-astero etengabe praktikatuz, azkenean bat-bateko bertsoak sortzen hasi ginen klasean, Karmelo ikastolako lokaletan. Eta klaseen ostean, osagarri modura, Etxaniz tabernan edo Herriko Tabernan pintxo batzuk janez, gaur egungo “bertso poteo” xumeak egiten asmatu genuen, ikasitakoa taldean praktikatzeko.
Amurizaren lagun bihurtzeak asko erraztu zigun ikasketa prozesua; izan ere, hilean behin bertso afariak antolatu genituen, Bilboko San Anton elizaren aurreko Erronda kaleko Gernikesa jatetxean, beti ere Amuriza eta Lopategi bertara gonbidaturik, afalostean bertso kantari hasteko; lehenik euren erakustaldia egiten zuten, eta gero gu hasten ginen dringili-drangala bertsotan, ahal genuen moduan, gero eta hobeto.
Udako Euskal Unibertsitatean (UEU), bertsolari amateur
Garai hartan, gure taldeko batzuk UEUra joaten ginen urtero, bakoitza bere arloa lantzera (nik neuk Fisika). Hortan geundela, 1980ko uztailean, behin klaseak amaituta eta batez ere afalosteetan, Larraona ikastetxeko txokoetan batzen ginen egunero, geure bertsotxoak botatzeko. Gauza kuriosoa zen eta gutxi-gutxika jendea arrimatzen joan zitzaigun, kantatzen genuena entzutera. Antolatzaileen belarrietara heldu zen gure jardunaren berria, eta afaloste batean areto nagusian saio bat egitea proposatu ziguten. Antton Olariagak egin zigun kartela, bertsolari amateur moduan aurkeztuz.
Aretoa bete-bete egin zen. Saio aurretik gure eskolaren esperientzia aurkeztu genuen, eta bertsoa egiteko oinarrizko arau batzuk azaldu. Ondoren, bat-bateko bertso saioa izan zen, lehena guretzat. Gaietariko batzuk entzuleek jarri zituzten. Itzela izan zen. Argia aldizkarian azaldu zen albiste moduan, argazki eta guzti, zeinetan ni praka motzetan agertzen nintzen, gauza normala Iruñean uztailean egiten duen beroa kontuan izanda. Bada, gauza da, aldizkarian gure aurkako kritikak jaso zirela nire “errespetu falta” zela eta (praka motzengatik, ez bertsoen kalitateagatik). Hurrengo urteko UEUn antzeko beste saio bat egin genuen, baina ordukoan mozorrotuta, kritikei erantzuteko. Normaltzat hartu zuten.
Ondoko bizpahiru urteetan, UEUn bertan ofizialki antolatu zen Bertsolaritza saila, Amurizaren beraren parte hartzearekin; nik nahikoa nuen Fisika saileko ikastaroarekin. Dena den, Ikastolen Elkartearekin batera ikastaro batzuk antolatu genituen hurrengo urteetan, bertso eskolen inguruko problematika aztertzeko eta gure esperientzia kontatzeko.

Azkenean, plazan ere bertsolari
Ez dut zehatz gogoratzen, baina 1981ean edo izango ziren gure lehenengo “bertso saio” publikoak. Niri dagokidanez, Santutxuko Basarrate plazan izan zela uste dut. Euskararen Astearen barnean, Amuriza, Lopategi eta Enbeita ekarri genituen kantari eta plaza bete entzule zegoen. Niri egokitu zitzaidan aurkezpena egitea, eta bertso bat kantatzea otu zitzaidan, hiru lagunok atzean nituela. Zortziko nagusian hasi nintzen; lehenengo hiru puntuak sendo, baina laugarrena kantatzerakoan lapsus batean isildu nintzen ¾niretzat oso isilune luzea, zer estura!¾ eta, zorionez, Lopategik atzetik “Bizkaia” esan zidan ahopetik, nahikoa neuk azken puntua bideratzeko. Lasaitu galanta hartu nuen neure “bertsolari-bataioan”. Ondoren, eskolako beste bostek-edo bertso bana bota zuten; “bataio kolektiboa” izan zen hura.

Euskal Herrian zehar bertsolari
Santutxuko eskolan lanean segitu genuen ordutik aurrera, eta poliki-poliki ausartu ginen geure inguruko herritako plaza txikietan bat-bateko saioak antolatzen. Gero eta konfiantza handiagoarekin ari ginen, eta une batean pentsatu genuen, jendaurreko saio serioagoetan ere kantatzea. Aukera ezin hobea etorri zitzaigun 1982ko Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin. Eskolan, hartan parte hartzeari buruz hitz egin ondoren, deliberatu genuen egokia izango zela eskolako hamarrek-edo izena ematea. Horrela erabaki genuen, oker ez banago. Gero, gauza harrigarria gertatu zen: gutariko hiruk gainditu egin genuen lehenengo galbahea, Iñaki Lasak, Koldo Tapiak eta neuk. Hura poza! Lortua genuen eskolaren helburuetako bat. “Bertsolariak” ginen. Ezinezko zena posible bihurtu genuen.
Helduen bertsolari eskolak
Santutxukoa ez zen helduen bertsolari eskola bakarra izan. Bizkaian bertan, gisa bereko beste zenbait eskola sortu ziren pertsona helduak bildurik, hala nola Mungian, Getxon… ahaztu barik gure aurretik zeuden bertsolari klasikoen bilguneko Muxikako Areatzako “bertsolari zaharrak” edota Lopategirekin zebiltzan Errigoitiko Txiplas edo Nabarnizko arriolatar anaia gazteak. Horiekin guztiokin harreman sendoak landu genituen, eta hainbatetan elkarrekin aritu ginen kantari, urtero eurekin batera bertso bazkari edo afariak antolatuz Bizkaiko herrietako “txokoetan”.
Hurrengo urteetan Bizkaiko eskoletako bertsolariak normal aritu ginen hainbat herritako plazatan.

Herriarteko Bertsolari Txapelketa
Euskadi Irratiak antolaturiko Herriarteko Bertsolari Txapelketan ere hartu genuen parte talde modura; oker ez banago, 1983an izan zen. Oso esperientzia interesgarria bizi izan genuen. Herri bakoitzak bertako hiru bertsolariko taldea aurkeztu behar zuen. Kontuan izan txapelketa hartan parte hartu zuten herri gehienak bertso mundu “naturalekoak” zirela, tradizio handikoak, eta haien taldeetan ondo trebaturiko bertsolari klasiko finak zeudela. Horrek errespetu handia zekarren berarekin, eta han ibili ginen eztabaidatzen parte hartu ala ez. Ausardia behar genuen, baina ausartu egin ginen, eta Santutxu auzoaren ordezkari modura aurkeztu ginen.
Txapelketa piramide erara antolaturik zegoen. Zozketaz, binaka jarri gintuzten taldeak, eta bi saio egin behar genituen, bana herri bakoitzean. Bertsolari oso onekin osaturiko epaimahaiak neurtzen zituen bi saioetan herri bakoitzeko hiru bertsolariek lorturiko puntuak: puntu gehien lortzen zuen taldeak irabazten zuen lehia, eta hurrengo kanporaketara pasatzen zen. Talde garaileekin beste zozketa bat egin ondoren, eta beste bi saio bi herritan taldeekin. Horrela, talde txapeldunera iritsi arte.
Gure artean aukeratu behar izan genuen eskolako nortzuk ordezkatuko zuten gure eskola. Eta horretarako, saio “serio” bat antolatu genuen Santutxuko Herriko Tabernan, publiko eta guzti, eta bertako epaimahaikoen arabera puntu gehien atera genituenak izan ginen aukeratuak: Joserra Bilbao, Bittor Uraga eta neu.

Kasu horretan ere, lehenengo kanporaketa gainditu genuen, Gasteizko taldearekin lehian. Pozik, nola ez! Bigarrena Errezilen kontra suertatu zitzaigun. Esan beharrik ez dago barrurainoko errespetua sartu zitzaigula, bi herrien soziologia hain desberdina izanik. Lehenengo saioa Errezilen jokatu zen, eta oso pozik atera ginen handik. Lagunarte ederrean hartu gintuzten, beso zabalik, eta eurak ere harritu ziren gure mailarekin. Itzulerako saiorako sekulako jaia antolatu genuen Santutxun, herri bazkarian bertso eta kantu artean bukatu genuena. Esan gabe doa, Errezil atera zela garaile, baina esango nuke nahikoa estutu genituela. Gu, oso pozik.
Plazako bertsolaritzatik erretiratzea 1987an
1987ko urtea berezia izan zen niretzat. Lehenik eta behin, urte hartan Gernikako bonbardaketaren berrogeita hamargarren urteurrena zelako, eta bertan buru-bihotzak jarri nituelako gogoramenezko ekitaldietan. Eta apirilean prestaturiko oroimen jaialdiaren barnean, bertso saio ederra antolatu zen neure jaiotetxearen alboko Gernikako Pasealekuko parkean, bertan Bizkaiko bertsolari ospetsuenetakoak zeudela, eta ni haiekin. Hura ohorea!

Haien ondoan kantatzean, bertsolari natural sentitu nintzen. Baina, aldi berean, bizitzako bidegurutze batean nengoen, bestelako eginbeharrak baineuzkan. Bi gertaera egokitu zitzaizkidan, bertsolaritza publikotik erretiratzeko. Alde batetik, bonbardaketaren oroimen ekitaldien kariaz, Alemaniako Wiesbadenera joan nintzen, Euskal Herriko gatazkari buruzko mahai inguru batean hitz egitera Herri Batasunaren izenean eta, bestetik, HBren mahai nazionalaren kide aukeratu ninduten, Hezkuntza arloko gaiak lantzeko. Horrek lan gehigarria ekarri zidan, eta kontziente nintzen ezingo niela eskolako ardurei eutsi.
Ezer baino lehen, eskolako lagunekin hitz egin nuen gai horretaz, azalduz hurrengo ikasturtean ni gabe segitzeko prest ote zeuden. Egia esanda, ordurako eskolak “automatikoki” funtzionatzen zuen partaideen ekarpenekin. Pertsona arduratsuak eta kudeatzaile onak ziren, eta ni ziur nengoen elkarrekin hasitako bidetik segituko zutela, ez bakarrik eskola bera biziarazten, baita ordura arteko bertso saioak antolatzen ere. Gauzak horrela, erreleboa pasatu nien, bereziki Joserra Bilbaori, antolakuntzako lanez bera arduratzen baitzen nagusiki.
Kontakizuna osatzeko, nirekin eskolan aritutako lagun batzuk aipatu nahi nituzke. Hona hemen: Begoña Iturriza, Maria Angeles eta Agurtzane Alberdi, Olatz Bernaola, Xabier Zorrotza, Xanti eta Goio Jaka, Trino Azkoitia, Koldo Tapia, Jon Aurre, Karmelo Landa, Jose Mari Pastor, Karlos Ibarzabal, Iñaki Lasa, Xabier Txertudi, Iñaki Antigüedad, Bittor Uraga, Juanjo Basterra, Jose Ramon Bilbao… Ziur nago baten bat ahaztuta utzi dudala, baina barkatuko didalakoan nago.
Bertsozale sutsua izaten jarraituko dut bizi naizen arte
Ordudanik neure eguneroko lanetan segitu dut, beti ere bertsozale. Eskolakoek antolaturiko bertso saioetara joaten naiz, harro, bereziki Santutxuko udaberriko saioetara eta Bilboko Santiago plazan egunero antolatzen diren Aste Nagusiko saio berezietara. Horiek guztiak Santutxuko eskolakoek antolatzen dituztela kontuan izanik, argi dago, gure bideko katea ez dela eten. Eta, zer esanik ez, Euskal Herriko herrialdeetako txapelketen jarraipena egiten dut, nire gozamenerako. Nola ez naiz, bada, pozik egongo!