Izarlokak zeruan

Izarlokak zeruan –
Amak behin eta berriz kontatzen zuen Santiago egun batez bere jaiotetxean, Aizarnako Itzira Berrin, gonbidatuen bazkaria egin eta oinez jaitsi ginela Lasaoko geltokira, eta, han trenari itxaroten geunden bitartean, mahai baten gainera igo nindutelarik, kopla bat kantatu nuela itxaroten zegoen jendearen gozamenerako. Dozena erdi bat izango zirela kalkula daiteke, baina gure amari entzutera, Belodromoan kantatu nuela ematen zuen. Sei urte bakarrik nituen. Garaiko argazki bakanetan ikus daitekeenez, bihurri ukitu bat nuen aurpegian, gerora erabat galdu nuena, eta mutiko luzitua nintzen. Hortxe jo nuela goia esan daiteke eta hasi nuela gainbehera.
Kantatu nuen koplak ere ez dirudi beste mundukoa. Eskekoa dirudi eta lodifobia erakusten du: “Atso mondongo, mondongo/ hor hago nik zer esango/ hik emandako diruarekin ez diñat asko edango”, dio.
Beñatek telefonoz ea “idazmakinaz” bat idatz nezakeen galdetuz deitu zidanean, epeaz galdetu nion eta ez nuela eperik esan zidan, norbaitek huts egin ziola eta biharamunerako behar zuela. Orduan esplikatu behar izan nion nire bertso curriculum eskasaren berri. Egia da ondorengo urteetan auzoko santa eskean hartu nuela parte eta koplari ibili nintzela, nola ez, aitak idatzia zelako Santa Agedaren bizitzari buruzko kopla sorta. “Dan-da atia jo ondorian hastera goaz kantuan/ aditu nahirik inor balego egon liteke kontuan” hasten ziren koplak eta “Santa Agedaren azkenan berri nahi duenak enteratu/ Cataniako ziudadean hil zen eta enterratu” bukatzen zen. Dozena bat kopla izango ziren, hamabost asko jota. Lauzpabost ditut gogoan eta denak dira neurriz eta errimaz borobilak, horretan iaioa baitzen aita, Lasarteren eskolakoa. Baina kopla horiek modu kolektiboan kantatzen ziren ia-ia, koruaren errepikapen eta guzti. Ahoko soinuarekin laguntzen zuen batek eta panderoarekin besteak. Beti gogoratuko dut pandero-jotzaileak behatzak odoletan zituela bukatzen zuela eguna. Ni bakarkako Lasaoko saioarekin gelditzen naiz.
Idazten hasi orduko ohartu nintzen asko direla bertsoaren zeruan une batez diz-diz egin eta hiltzen diren izarlokak, milaka direla eskolarteko txapelketan bertso bat edo bi kantatu eta betiko isildu direnak, jaio orduko zapuztutako bokazioak. Baina neure buruaren kontsolagarri pentsatu ohi dut meritu gehiago duela bertso on bat apreziatzen jakiteak txar bat botatzeak baino.
Bien bitartean, Azpeitira noala, Lasaoko geltokiaren ondotik pasatzen naizen bakoitzean neure buruari esaten diot, “hor egin huen hik sei urterekin hire lehen bertso saioa” eta paparra puzten zaidala ohartzen banaiz, “lehena eta azkena”, erantsi behar izaten diot.
Seguru nago saio berezia izan zela niretzat, ume batentzat beti baita berezia saio bat entzuleen artean ama ikusten badu.