Mandioetako eskolak eta bertsolaritza

Mandioetako eskolak eta bertsolaritza –

Testua: Nikolas Zendoia

Kaixo lagunok. Emen nazue ba berriro, neure kontu zaarrekin.

Azterketa moduko batzuk egin ondoren, auxe iruditu zait. Garai bateko baserrietako mandioko eskolek eta, mandioetako auzolanekoen otordu aiek, badutela zer ikusia bertsolaritzarekin.

Edonork esango didazue, motel-motel, mandioetako kontu zaarrekin alator gaur egungo bertsolaritzara?

Lasai lagunok, lasai, poliki-poliki joan gaitezen.

Zer da beti entzun deguna? Bertsolaritza sagardotegietatik datorrela. Au zergatik, sagardotegietan kantatzen zuten aiek, ospetsuak zirelako? Txirritak eta beste zenbaitzuk, bertan lo egiñaz, bi edo iru egun pasatzen zituztelako?

Bai, orduko bertso leku garrantzitsuak izango ziren sagardotegiak. Eta garaiko bertsolari artistak eta bertsozaleak bertara urbiltzea, oso ondo deritzot, eta erreberentzia.

Goazen orain gure lengo baserrietako mandioetan genituen eskoletara.

Nora joango giñen ba? Menditarrok ez genuen automobil biderik. Automobillik gutxiago. Baiña anka ariñak bai, orduerdiko bidean joateko, eskola zegoen baserrira.

Adibide bat jartzeko, mandioko maixu bertsolaria ere ezagutu genuen. Zuetako askok ere bai, ezagutuko zenuten. Prudentzio Egiguren “Artañola”, Errezilko Artañola baserrikoa. Abost ederreko bertsolaria, eta maixu errena.

Prontxio deitzen zion mundu guztiak.

Gerora, ea zenbat bertso jaialdi aurkeztu zituen an emenka, gure Artañola Prontxiok, mandioko maixu errenak. Baiña bere garaian, Itziarko Irure baserriko mandioko maixua izan zen. Au ondo dakit, Prontxioren eskolan ibillia zelako nire emaztea ere.

Kontatzen du maixua noiz-nai bertsotan aritzen zala. Puntuak jartzen ere bai, zortzi-amar nexkato eta mutikoei. Urrengo aldian ezpain soinua jotzen, ume koxkorrek trikitixa dantzatu zezaten, mandioaren erdian. Eta bertako aitona eta amona, eskailburutik begira.

Lagunok, orrek derrigor eduki bear du lotura, bertsolaritzarekin. Ez ori bakarrik. Bi edo iru antxume noiz-nai mandioan saltoka. Eta oillo-loka txita taldearekin, berdin, mandio bazterreko eltxoak biltzen.

Etxeko txakur txikia, berriz, maai azpian lo, umeen anka ondoan. Aze argazkia…

Asieran nioena, auzolanekoen otorduak ere izaten ziren, baserrietako mandioetan. Batik-bat, garijotzeetan. Lan ura ere, auzotarrekin egiten genuelako.

Lanak amaitutakoan, jendea garbitu eta arropak aldatu bitartean, etxekoek maai luzeren bat prestatzen zuten. Emakumeek, geien bat.

Ni ondo gogoratzen naiz, ze bazkalondo edo ze afalondo atsegin izaten ziran, gure mandioetan. Kafe-putxero eta Terri koiñakarekin pixkortutakoan, iñoiz ez zan falta izaten bertsorik eta txisterik.

Baiña au ez da iñun azaltzen, sagardotegikoak bezela. Mandioan bertsotan asten zirenak ez zirelako ospetsuak? Ez zalako leku publikoa? Baiña bertsolaritza munduarekin lotura zuela, bai.

Eta eztaietakoa? Ura ortik onerakoa. Baserrira etxeko maiorazkoa ezkontzen zanean, egin oi ziran bertako eztaiak. Baiña ura ez zan izaten otordu bat. Egun bat, bi egun, edo iru, zenbaitentzat. Su ziriak botatzen ziran, soiñujolea ere izaten zan. Basarri eta Uztapide, zenbat mandio eztaitan kantatuak ote ziran…

Baiña bertso festa izaten zen gonbidatuen artean. Egigun kontu, garijotzekoetan otordu batekin bertsotan asten baziran, Txirrita bezala bertan lotan geratzen ziranak, ixildu ere ez zirala egiten, bertsotan.

Au ere aipa nezaket. Gipuzkoako Orexan, Orixe aundiaren omenez egiten zuten bertsopaper leiaketako irabazlearen bertsoak, Orexako mandioan kantatzen ziran, eta sariak banatu, auzotarren arteko babarrun janaren ondoren.

Banuen gogoa, lagunok, aspaldietako oitura zaar hauek, autsak kendu eta agerian jartzeko. Eskerrikasko, eta gora mandio aietako bertso kutsuzko eskolak.

Mandioetako eskolak eta bertsolaritza