Trajea

Itziar Ituño-(r)en argazkia Itziar Ituño 2020-09-01

Itziar Ituño –

Argiak. Ikusleriaren azken eztulak eta marmarrak. Oholtza gaineko bakardadea. Isiltasuna bat-batean. Taupadak arintzen. Eskuak izerditan. Amildegia sabelean. Arnasa hartu eta aurrera jo. Pausoen soinuak inoiz baino ozenago isiltasun horretan, eta bihotzak zaldi zoroa ematen du belarrietan, galopan. Amildegi ertzeko beldur-ikarak eta zalantzak:

Itziar Ituño
Arg: Dani Blanco (ARGIA)

“Zelan hasi behar naiz? Kapaz izango naiz? Ez! Ez dut ondo egingo… Baina, ze ostia! BAI! Ondo egin behar duzu!! Begiratu, jende hori guztiari zuri begira dagoenari! Sarrera ordaindu dute eta zure onena merezi dute! Ez zaitez kakatia izan!… Hankak dardarka dauzkat, eta ahotsa…! Nerbioak jota nago, segituan ohartuko dira, zeinek aginduko zidan! ZE NEZESIDADE!… Ixo! kontzentratu!! Ez dago atzera bueltarik! Tiraaa!!… ze goxo egongo nintzakeen etxean oraintxe…! Xxxiiiiii… lasaitu zaitez behingoz! Hartu arnasa. Aurrera”.

Birikiak puztu, ahoa zabaldu eta amildegira egin dugu salto. Gure lehenengo berbek beste batenak dirudite, minutu batzuetako desfaseagaz aditu ditugu eta orduan konturatu gara bidaiari ekinda gaudela. Estreinaldia Arriagan zein BECeko finalean egin, antzekotasun handiak dituzte antzezleon eta bertsolarien oholtza gaineko bizipenek.

Beti neurri zehatz batzuen trajean sartu beharra, gure dema. Bertsolariak bertsoaren neurriari, doinuari, gai baten ardatzari jarraituz eta egokitu zaien rolari leial izanez ibiltzen dira. Guk, berriz, pertsonaiak gorpuzteko ahaleginean, istorioak kontatzen, markatutako emozioen intensitatea kontrolatzen, gorputza astintzen, keinuka edota berbei kolore askotarikoak ematen jarduten dugu, ikusleengan sentzazioak eragin guran. Askotan desesperazio puntutxu bategaz ere bai. Handi. Adierazkor.

Bitartean bertsolaria, serio-serio, mikrofonora hurbildu da. Eskuak poltsikoan edo gerri atzean. Begirada lurrean edo infinituan pausatu du, edo bietan. Ez du mugimendu askorik egin. Mikroa ukitu eta oin batetik bestera balantzaka hasi da, kulunkan. Jarrera horregaz ez du ematen inor harrituko duenik. Kaltebakoa dirudi baina ez da, ez! Burmuina irakiten dauka, sua botatzear, eta kantetan hasi da. Ideiak berba bihurtu dira eta osatu da mezua, puzzlea, istorioa. Bat-batean gertatu da. Ikusleak orain barrez, orain negarrez, orain pozik eta harro, orain minduta eta haserre dabiltza… eta ez da gehiagorik behar.

Gezurra badirudi bere, malguagoa da bertsolarien neurrira egindako trajea, askeagoa. Esan beharrekoa ez dago-eta aldez aurretik idatzia inon ere. Trajearen patroiak berdinak izan arren, oihala bat-batean ehuntzen da, harilkatutako trajea da. Antzezlearena, berriz, estua da, hamaika bider josia eta errematatua; horren estua, ezen hasieran zeukan forma galtzen hasten dela batzuetan.

Erabileraren poderioz desitxuratua edo hamaika apaingarriz edertua, baina estua da azken finean. Aldizka, baina, tamalez edo mirariz, apurtu egiten zaigu trajea aktoreoi, esaldi klaberen bat ahaztu zaigulako, fokoren batek eztanda egin duelako, sartu behar ez zen pertsonaia sartu delako edo trajea “literalki” apurtu egin zaigulako. Eta hortik alde egiten du antzezleak desafioa onartuta, bihurri, jostari, aire fresko bila; bat-batekotasunak dakarren askatasunaz gozatuz.

Pasarte bitxi horiek gure bitakora koadernoan daramatzagu, altxor txikiak balira legez funtzio osteko ardoa hartzean konpartitzeko, barre egiteko, biziago sentitzeko. Libreago.

Itziar Ituño