[Kanpotik] Izokinak gara

Joxemari Agirretxe Kerexeta (Porrotx)-(r)en argazkia Joxemari Agirretxe Kerexeta (Porrotx) 2025-11-04

Izokinak gara –

Izokinak gara

Izokinak gara ibaian gora, korrontearen kontra igerian, saltoka, hegan.

Izokinak gara euskaldunak, eta nekeza izan liteke hori, baina ederra ere bada. Gu bezala ertzetan, txikitasunean edo zapaldurik bizi direnekiko enpatia garatzen delako gure hizkuntzatik. Euskal kultur sortzaileei, oro har, erreparatzea besterik ez dago hori horrela dela baieztatzeko, kontraesanak kontraesan, beste mundu bat, denona eta denontzat, nahi, maite eta behar dugula sentitzen dugula eta haren alde ari garela ohartzeko. Elkarrekin komunikatzeko tresna da euskara, baina hortik haratago balio eraldatzaileak transmititzeko bitarteko ederra ere bada.

Hizkuntzalaritzan aditua izan gabe, sentitu eta pentsatzen dut euskaratik ahal dugula mundu ederrago bat eraiki eta gure hizkuntzaren geroa ere ideia horri atxikita ikusten dut, balio erantsi horri. Horregatik jo dugu pailazook maiz bertsolariengana. Geure ametsak hitzez margotu zitzaten. Eta horrela sortu dituzte askotan, zortzi, hamar edo hamaika lerrotan filosofia tratatu ezin ederragoak errimetan.

Kantuak, bideoklipak, ipuinak, ametsak, proiektuak partekatu ditugu bertsolariekin eta buruak eta bihotzak pinturaz, purpurinaz eta sentimenduz zipriztindu ditugu, guretik abiatuta, ingurua eta mundua eraldatzeko.

Bizipoza Elkartean ere ezinbesteko bidelagun ditugu bertsolariak, haurren eskubideak aldarrikatzen dituzten denetariko elkarteei ahotsa eta oihartzuna ematen laguntzen digutelako. Bizipozaeskola.eus atarian ere hezkuntza formalerako, ez-formalerako zein herrigintzarako denetariko bertsoak aurkitu daitezke haur, gazte, familia eta guztiontzat lagungarri direnak. Bertsozale elkarteko Xenpelar dokumentazio zentroari badiogu zer zoriondu eta eskertu.

Sentitu, pentsatu, ekin… Bertsolariekin!

Izokinak gara
Arg: Ikorkotx

BIZIPOZA AUZOLAN (hitzak: Igor Elortza)

Utzidazu bide berri bat
egiten zure alboan jarrita
zurekin eman gura ditut urratsak
gurpildun aulki baten korrika.
Mundu bat, mundu bizi nahi dut
itsuen begiekin ikusi
gorren belarriekin entzun gura dut
besamotz eskuekin igurtzi.

Biziminez gura dut bizi
fibrosidunek lez arnasa hartu
esklerosiarekin dantza egin nahi dut
ijitoen azalean sartu.
Bi aita ta ama nahi ditut
bost buru, hogei beso ehun zango
bakarka ezindu bat naiz, nahi dudana
zurekin baino ez naiz izango.

Joan eta joan
bidea egin nahi dut zure ondoan
elkarrekin bada badakit nora noan
nik zure irriparra daroat
zuk nire irriparra eroan
Bizipoza dugu auzolan.

Izokinak gara