Munstroa betazalak zabaltzen
Munstroa betazalak zabaltzen –
Arratsaldearen eguzki izpiekin batera mukuru bete da Ipuruako kiroldegia, eta Igotz Alkortaren gidaritzapean gerturatu dira zozketak erabakitako ordenan: Alaia Martin, Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe, Asier Azpiroz eta Nerea Elustondo. Gau Beltzaren atarian, txapelketaren igitaia prest dago burezurrak hautatzeko: nor hil, nor utzi bizirik eta nork biziraun. Trukorik gabeko tratua da hau, bakoitzak bere trikimailuak dakartza armaginen herrira, Eibarrera edo Azpirozen esanetan “Eibarra”.

Frankenstein bat osatu du Nerea Ibarzabalek oholtzakideekin: Artetxeren hitzak, Iguaranen sena, Martinen begirada daukana, Igotz oinak bideratzen eta biriketan bi Nereak dituena, bihotza, aldiz, Azpirozena “Azpirena” jarri nahi izan dio, Aguraingo saioan bakarkakoan aipatu zuen arkumearen bihotz hura gogoratuz, azkenik publikoari laguntza eskatu dio, munstroa esnatzeko. Zuzen eta zorrotz hasi du saioa, hasiera-hasieratik ikusi egin ditugu Nerearen bertsoak, puntu bakoitzean. Hasieratik hartu du saioaren gidaritza, bakarkakoan puntu gorenera iritsiz.
Lekunberriko saioa pasa berritan, hurrengo eguna argitu eta gutxira agortu ziren Eibarreko saioko sarrerak, eta asteazkenean Nafarroa Arenako sarrerak. Jendea bertso gosez dagoela ukaezina da eta nabarmendu da hori publikoan. Metro gutxira futbol partida bat, kiroldegi berean igeriketako txapelketa eta Ipuruako Kiroldegiko harmailetara gerturatu dira 1700 lagun. Kartela ez da nolanahikoa: Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin finaletik zuzenean, Miren Artetxe Hazparnetik, 42 egunen ostean txapelketara bueltan, Iguaran, Elustondo eta Azpiroz gehiagorako gosez.
Martinek jarri ditu lehen hitzak eta estreinatu du doinu berria ere, “elkar besarka dezaten” puntu erdia hiru aldiz errepikatu du, publikoaren ahotsak errepikapena kezkati abesten zuen bitartean, eta “bihotzak eta buruak” amaitu du hasierako agurra. Zortziko handian ere lehenengoa izan da Martinen bertsoa, Iguaran kantukidearekin haurrik gabeko bi lagunen ahotsetik aritu dira kantuan, egoki, emakumearen osotasunaz, arroza pasatzeaz, lagunen haurrez eta etorkizuneko neskei irekiko dizkieten aukeraz, emakume horiekin identifikatzea ere posible egin zaigu. Ibarzabalek ariketa honetatik nabarmendu du hortzak zorroztuta datorrela, armagintzako langile ohi baten paperetik, besteen haurrak hilez hazi dituela bere umeak esan duenean.
Zortziko txikian Ibarzabalen eta Martinen saioa izan da osoena, kurrikuluma puzten diola aurpegiratuz batak besteari. Hartu eta bota. Alaiaren hego puztua eta Nerearen freskura, gaiari men eginez. Zazpi sei bihurtutako lagunen arteko elkarrizketa bat irudikatu dute, elkarri adarra joz. Ariketa honetan ez dira herren gelditu Artetxe eta Elustondo ere. Hartu eta eman, baina esan. Silaba murritzetan ez dira aisa sartzen esan nahi eta esan beharreko guztiak, asmatu dute, ordea. Elustondo pazienteak Interneten zer daukan begiratu ostean, Artetxe medikuarengana jo du eritasunaren berri ematera. Osakidetza uste baino okerrago dagoela ez ezik, greba egitea egotzi dio legazpiarrak eta Artetxek erantzun dio fin, umoretsu, pezoiak lehertuta edukitzea larrutan amarruka ibiltzearen ondorioa zela, eta ez grebaren kulpa. Barreak eta txaloak, goratzarre egin die publikoak.
Puntukako ariketak ez du disdira berezirik izan, azkartasuna egonagatik ere. Artetxek gehiago mamitu du ariketa besteek baino, bertsolari zaharren erreferentziak ekarriz eta arnasa emanaz ariketari, puntuetan Gau Beltzerako antolatu behar zuten pasabidea bisual bihurtuz. Bakarkakoak ekarri ditu ale hobeak, behin eta berriz entzuteko modukoak.
Eibarko saioaren ereserki bihurtu daitezke Nerea Ibarzabalen bakarkako ariketako hiru bertsoak. Munstroa esnatu da. Puntuz puntu josi du ariketa, publikoa sartu du bere kotxean. Puntuz puntu. Hiru bertso goitik behera, josita eta eraikita. Hezkuntza sistemari egurra, ordezko prekario baten paperetik. Gaiak lanera bidean, errepidean kokatu du bizkaitarra, gaur ere istripu larri bat ikusi berritan. Anbulantziaren argiak, ikasleen Chromebook-ak, irakaskuntzako ordezkapen zerrendak eta etxean alaba noiz iritsiko zain dagoen ama, denak, den-denak ikusi eta sentitu ditugu, sentiarazi dizkigu.
Alaiak ere disdira berezia atera dio ariketari, doinu berriz ekin dio eta txalo zaparrada entzun du bertsoz bertso. Ikusi egin dugu Alaia hildakoak makilatzen eta hirugarren gorpua heldu denean hark zekarren berritasuna: “ta rimela korritzen zait/ume bat heltzen denean” amaitu du bigarrena eta “hainbeste gorputz laztanduz/ baloratzen dut bizitza” hirugarrena. Heriotza erdigunera ekarri du, eta lirain egoteak azken hatsa eman ostean daukan garrantzia nabarmendu. Doinuari trukoa hartu diogu, hirugarrenerako.
Badira txapelketan bertsolari jakinei atxikitzen zaizkien doinuak eta hori da Xorieri mintzo zen, Iguarani estuki lotuta dagoena. Eta plazerra sentitu dugu, poz ikaragarria, Iguaranek doinu horren aldeko hautua egin eta amaierako puntuak egoki josi dituela entzun dugunean. Elustondo txukun aritu da, eta Azpirozek, aldiz, poto egin du, baina hirugarren bertsoa amaitu orduko publikoak txaloz erantzun dio, ariketa borobiltzea lortu baitu.
Hamarreko txikian berpiztu da Asier Azpiroz. Ariketa hori heldu artean ez gisan, hamarreko txikian asmatu du gaiari ertz berriak topatzen eta gaiak mahai gainean jartzen. Bikotekide duen Ibarzabali argi utzi dizkio gauzak, xamurtasunetik, egitik eta errutik. Umoretik eta zorroztasunetik osatu dute saioa, bi adinekoen paperetik, Nereak negua leku beroago batean pasa nahi du eta Azpirozek, aldiz, aitonaren papera bete nahi izan du. Azpirozek lehenengo bi bertsoetan bereziki arrazoitu du bere postura: Euskal Herrian jada negurik ez dagoela esanaz eta seme alabekin egon ez izanaren errua azalduz.
Ikusi saioa osorik ETB ON-en
Datorren astean, beste Frankenstein bat
Alkortak irakurri du puntuazioa: Ibarzabal, Martin, Artetxe, Iguaran, Elustondo eta Azpiroz, hurrenez hurren. Munstroak esna iraungo du, Gasteizera arte behintzat eta betazalak ixteko asmorik ez daukala dirudi. Martin, Artetxe, Iguaran eta Elustondok ere jarraitzeko aukera aseguratu dute. Azpirozena ikusi beharko da. Hildakoen egunaren atarian, bizitzari erreferentzia eginda amaitu du Ibarzabalek. Kanpoan ilargia nagusitu da zeruaren ertzean, gauaren ilunean, Gau Beltzean. Datorren astean Gernikan, munstro gehiago esnatuko dira. Ea nola osatzen den hurrengo Frankensteina.

