Nire legegintzaldia revisited

Nire legegintzaldia revisited –

Joxean Agirrek egin zidan nire bizitzako lehen elkarrizketa, hamasei urte inguru nituela. Bizkaiko eskolarteko txapelketa eta Urruzuno literatur lehiaketan pare bat sari irabazi berri, GARAko kontrazalean astelehenetan idazten zituen bertso munduko kronika haietako bat eskaini zidan. Imajina dezakezue oraindik derrigorrezko hezkuntzan zegoen mukizu haren bular puztua biharamunean institutuko atetik sartzean, egunkarian agertu baitzen, argazki handi eta guzti. Inork ez zidan kasu zipitzik egin, noski. Kirol edo politika orrialdeetan atera banintz, oraino, baina bertsoez eta poesiaz ziharduen artikulu bat, Daxeko hirian klase altuko alargunentzako antolatutako makrame ikastaro bati buruzko erreportaje batek adinako interesa pizten zien nire lagunei. Nolanahi dela, lehen elkarrizketa hura oso atsegina izan zen niretzat, kontatzen nizkionak benetan interesatu egiten zitzaizkiola sentiarazi baitzidan Agirrek. Gerora jakin dut, erreportaje gehiago egitean, salbuespena dela hori eta ez araua; gehienetan kazetariek argiki erakusten baitizute zure istorioa entzutea, hiru edo lau zutabe letraz betetzeko behar duten tramite aspergarria baino ez dela.

Nire legegintzaldia revisited

Gizon harekin suertea izan nuela pentsatu nuen orduan. Eta ez nintzen tronpatu. Unibertsitateko lehen mailan hasterako, deitu egin ninduen, eta BERTSOLARI aldizkarian kolaborazioak egitea eskaini zidan. Eta, karrerako lehen udan, bekadun hasi nintzen GARAn, Agirreren gomendioz, astelehenetako bertso munduko kronika haietaz okupa nendin.

Ez dut esango lagunak ginenik. Gure harremana, intermitentea eta uhin bidezkoa izan zen kasik beti. Lantzean behin deitzen ninduen zerbait idaztea proposatzeko, eta, horren aitzakian, luzaz mintzatzen ginen telefonoz, huntaz eta hartaz, proposatutako gaiaz ez beste gauza guztiez. Handik urte batzuetara, BERTSOLARI aldizkariaren zuzendaritza utzi zuenean, segida hartzea proposatu zidan. Memoriak huts egiten ez badit, hogeita hiru urte nituen.

Duda egin nuen, hasieran. Erronka erakargarria zen, baina, gisa berean, argi nuen marroia ere izango zela zenbait aldiz. Total, azkenean, nire sortzetiko inkontzientzia sendagaitzari jarraituz, baietz esan nion, eta horrela hasi nintzen agerkari hau koordinatzen. Legegintzaldi bat egin nuen jardunean. Ziklo olinpiko bat. Lau urte.

Aldaketak egiteko gogoarekin sartu nintzen. Arintasunaren eta sakontasunaren artean, azalaren eta mamiaren oreka bilatu nahi nuen, erredakzioa jende berriari zabaldu, irudiei hitzak atera eta hitzei irudiak… Labur esateko, munduko aldizkari onena egin nahi nuen. Esan gabe doa, ez nuela lortu. Berandu baino lehen ohartu nintzen ez zela posible izango, eta denboraldi hasieran liga irabaziko duela esan ondotik, partidaz partida ahal duena egiten duen entrenatzailearen gisan, neu ere, alerik ale, helburu xumeagoak markatzen hasi nintzen.

Egin nituen aldaketa batzuk, hala ere. Urte haietan burututako lanetatik, nabarmendu nitzake, besteak beste, zenbaki guztietan errepikatzen ziren atal finkoen sorrera, aldizkaria komiki eta karikaturei irekitzea, edo diseinuaren izaera bisualari muzin egin gabe testuei garrantzi gehiago emateko saiakera. Eta aipa nitzake ere, bereziki txukun gogoratzen ditudan zenbait ale: zinemari buruzko monografikoa, Xabier Leterena edo gatazka politikoari buruzkoa, hiru esatearren.

Gustura egiten nuen lan hura. Ondo pasatzen nuen. Ordurako, izan ere, aspaldi utzia nion kantatzeari, eta aldizkaria zen bertso mundura atxikitzen ninduen harreman ia bakarra. Harekin konektatuta segitzeko modua izan zen BERTSOLARI niretzat. Ez zen beti samurra, noski. Bertsolariak, definizioz, aurretik ezer pentsatu gabe burura datorkien lehen gauza botatzen dizuten izakiak dira, inprobisatzaile hutsak, azken segundoaren maitaleak, eta hori gutxi balitz, artistak. Alegia, edozein publikazioren zuzendariren amesgaiztoa. Beharrik, jende fina nuen ondoan. Txema, Xanti eta Antxoka, hiru mosketariak.

Ardura utziz geroztik, urrundu egin nintzen bertsolaritzatik, eta, beraz, baita aldizkaritik ere. Haatik, horrek ez dit bista laburtzen, BERTSOLARIren ekarpena ikusteko orduan. Luxu hutsa da, edozein kultur adierazpiderentzat, halako agerkari bat edukitzea: maiztasun horrekin, dituen gaitasun potentzialak izugarriak dira. Profitatu beharreko primerako sozializazio tresna.

Bertsolarien bat-batekotasuna aipatzen nuen lehen. Bada, zinez harrigarria da, hala izanik ere (edo justuki hala delako, batek daki), XX. mendean zenbat idatzizko literatura plazaratu den haren inguruan. Gerla aurreko BERTSOLARIYA aldizkari hura, AUSPOA argitaletxearen kolekzio monumentala… euskal kulturako alor gutxik dute halako tamainako ondarea paperean. BERTSOLARI ere corpus horren parte da. Urteetan metatu dituen argazki eta testuak, bazterrezinezko iturria izango dira, hemendik urte batzuetara, XX. mende bukaerako eta XXI. mende hasierako bertsogintza nolakoa zen ulertu nahi duen edonorentzat.

Badira gauzak, aspalditik hor direlako, betirako uste ditugunak. Oroitzen naiz, Oskorri desagertu zelarik, beti hura kritikatzen eta mespretxatzen ezagutu nuen zenbait jende, nola hasi zen, bat-batean, haren lana aitortzen eta ohoratzen. Ez genuen uste noizbait bukatuko zenik, eta eguna iristean, a zer pena! BERTSOLARI bezalako tresna baliosa eskuartean izanik, bertsogintzak ez luke  galtzera utzi behar, nire uste herren eta urrunean. Aitortu, zaindu, hobetu eta egokitu, hortxe dago gakoa, beste hogeita bost urtean jarraitzeko. Goraintzi denei!

Nire legegintzaldia revisited  Nire legegintzaldia revisited  Nire legegintzaldia revisited