Plaza, plazako

Xabier Amuriza-(r)en argazkia Xabier Amuriza 2021-11-04

Plaza, plazako –

“Idatziko al zenuke zerbait?” Zertaz? Bost urte baitira bertso plaza utzi nuela. Eta hitz horretxek iradoki zuen motibo bat: plaza. Duela ez hain urte asko, plazagizon huts ginenak gainditu gaitu, zorionez, plazandreen irrupzioak. Azken hamarkadetan bertsolaritzan gertatu den fenomenorik handiena, eta handiagorik gertatzen nekez ikusiko dena, aldi oso luze batean. Zer da plazagizona morfologikoki? Plazako gizona. Zer da plazandrea? Plazako andrea. Biak dira plazako. Euskarak bi kontzeptuak hitz bakarrean batzeko daukan ahalmena baliatuz, artikulu honetan hitzak bata nahiz bestea adieraziko du. Plazako adjektiboak publikoan jarduteko dohain aparteko bat esan nahi du. Dohaina bera, izen gisan, plaza sena izan daiteke, behin-behinean, beste hobeago baten zain.

Lehen-lehenik, bertsoa bera da, nola ez, plaza sena betetzen duen osagai nagusia. Presentziarik txepelena ere, baldin bertsoak onak, deigarriak, inpaktanteak badira, plazako izar bat izango da. Normalki, ordea, dohain bat beste dohain batzuekin batera joan ohi da. Eta eduki berdinean, dohain lagungarrietako bat jarrera da. Jarrera gailena. Entzuleak inpresionatua izan nahi du. Menperatua, nolabait. Bertsolariak, zenbat eta gehiago transmititu dominioa, entzuleengan eragin handiagoa lortuko du. “Entzuleei beldurra? Horiek denak gu baino eskasagoak dituk!”. Konfiantza hori naturalki sentitzea zorte handia da, nornahiren izaeran ez dagoena. Bai dago nornahiren esku hala balitz bezala agertzea edo agertzen saiatzea. Hori ere ez da guztiz egia, horretarako behar baita, hain zuzen, plaza sena delakoa. Guztiek ez daukate, neurri berdinean. Baina garrantzitsua da izaeraz hain horniturik sentitzen ez direnek argi edukitzea jokaeraz halaxe agertu behar dutela. Aktuatzen ari gara, ez konprentsioa eskatzen.

Plaza plazako

Saio baten ondoren, entzule batek galdetu zuen: “Zurekin kantatu duen hori nor izan da?”. Erantzun zitzaion: “Iaz ere hementxe kantatu zuen”. Eta berak: “Ba, ez neukan gogoan”. Bertsolari baten irudia entzuleen gogoan gelditu ez bada, zaila da plazako dohaina daukala pentsatzea.

Plaza sena ez da saio barruko kontua bakarrik. Aurretik eta ondoren, jendearekin harreman bat dago, batzuetan luzea. Bazoaz herri batera eta han daude zure zain, gutxienez antolatzaileak. Edo ez dago inor! Halako batean, mikrofono bati erreparatzen diozu nonbait eta lasaitzen zara: “Tira! Badirudi badela hemen zerbaiterako plana”. Kantatzen hasterako, denbora eta zirkunstantziak aurrera. Nahiz eta guztiekin ez hitz egin, guztiek ikusten zaituzte, nobedadeetako bat baitzara. Askok zurekin hitz egin nahiko du. Beste askok, ez. Baina guztien begiak dituzu gainean. Guztiek epaitzen dute, nolabait, zure presentzia. Eta ikusi behar dute jendea interesatzen zaizula. Ez zeure antzekoak bakarrik. Luze edo labur, bertsolariak jende artean ibili behar du, eta ez da beti erraza, gogaikarrien askazia ugaria baita nonahi. Plazakoa denak (edo izan nahi duenak) tratuan ere araberako dohaina erakutsi behar du. Jendetasuna. Eta dohain hori (edo bere gabezia) herri bat zapaltzen denetik hura bistatik galdu arte luzatzen da.

Saio batera joan zaitezke gogotsu, motel edo jota. Ez dio ardura. Kanporantz badakizu edo jakin behar duzu zer egin behar den. Barrua gorde eta dohaina agertu. Hori nola egin pentsaturik, ikasirik eta probaturik eduki behar duzu, plazako izan nahi baduzu. Aldartea zeure arazo partikularra da. Barne egoerak kanporantz ez eragitea edo, gutxienez, ez igartzen uztea, aktuazioaren klabeetako bat da. Hortik gora, zure plazatasunaren neurgailua etengabe ari da martxan ikusleen begietan. Horrek ez zaitu alteratu behar. Bakoitzak bere presentzia jasotasun natural batean islatzen ikasi badu, lortua du plazako izatea. Eta dohain horren garrantziaz jabetzen eta aplikatzen saiatzen bada, lortua du, baita, arrakasta orokorra igotzea ere.

Plazako izateaz gainera, plazaduna ere bazara. Hots, esperientzia luze samar bat badaroazu, ikasiko duzu aldarteak edo zure egoera emozionala esaten den horrek ez daukala hainbesteko eraginik aktuazioan. Ez bertsolaritzan, ez beste arte eszenikoetan. Izan daiteke, noski, eragin bat gertatzea, norbanako ezberdinen arabera, baina ez dakizu zer norabidetan. Zerbaitegatik triste edo jota zeundenean, beharbada, orduantxe egin zenuen saiorik onena. Eta alderantziz. Bakoitzak bere esperientziaren arabera gidatu behar du bere burua, baina esperientzia orokorrak dio barne egoerak ez duela askorik eragiten (edo ez duela eragin behar) jardun eszenikoan. Ikusten baduzu ezin duzula zeure barruaren aginte hori menperatu, hobe duzu ahaleginak beste zerbaitetan enplegatu.

Plazako izatea ez da amaitzen oholtza gainean. Ondoren ere jendearekiko harremanak jarraituko du, gutxi-asko. Gure garaian, beharrezko ere bazen hori. “Kontuak egiteko, norekin hitz egin behar da hemen?”. Eta abar. Badakit horretan gauzak asko aldatu direna, baina oraintxe ere, bertsolariak, saio aurretik nahiz ondoren, obserbatua izaten jarraitzen du. Eta bertsolariaren figurak jokoan jarraitzen du plazatik etxeranzko bihurgune definitiboa biratzen duen arte.

Jende arteko ibilerak era ezberdinean eragiten die batzuei eta besteei. Ibilera, gainera, askotan –garai batean, gehienetan–, jai giroan izaten da. Giro horretan, jendea animoso ibiltzen da, eta zurruta ere ugari. Baraurik, ezein ezezaguni hitz egiten ausartuko ez liratekeenak, egun horretan, dena kontatzeko prest egoten dira. Harreman hori ez da beti atsegina, batez ere saioaren aurretik, burua beste ardura batean dabilenean. Pentsatu behar da, hala ere, jardun publiko guztiek daukatela euren aurrea eta atzea. Musikariena, adibidez, ez da eginkizun arinagoa. Hiru ordu aurretik tokira iritsi, dena muntatu, probatu, entseatu, eta ekitaldiaren ondoren, hura guztia jaso eta abar. Jarduera bat osoan hartu behar da, eta osotasunean, badira bertsolaritza baino gogorragoak.

Plazetan hasi nintzenean, maiz entzuten nuen bertsolari ospetsu batena. Bere kantu-lagun gazteari zenbat ordaindu behar zitzaion galdetu zioten, entzutea itxaronez, seguruenik: “Lasai! Hori ikasten ari da eta neuretik emango diot zerbait”. Baina erantzun zuen: “Gutxienez, niri adina, eta ahal bada, gehiago, horri gehiago kostatzen zaio eta”. Arrazoi oportunoa, han zer borondate zegoen susmatuta. Bestela, arrazoi demagogikoa. Artistei ez zaie ordaintzen ahalegina, trebetasuna baizik. Beste kontu bat da trebetasuna zer den eta nola neurtzen den, baina kontzeptua argi dago. Argi dagoen bezala plazakoa izateak gainbalio bat eransten diola emaitzari, edo hobeto esanda, izate hori bera dela emaitzaren osagaietako bat. Dohain bat da, landu eta garatu beharrekoa.Trebetasun kontuak aparte utzita, dohain horretan aurreratzea lortzen duenari dena egingo zaio errazago. Edo, behintzat, dena kostatuko zaio gutxiago.

“Zeure buruan lortu al zenuen hori?”. Ba, erretiraturik nagoenez, egia esan dezaket. Ehuneko portzentaje handi batean (%80 bat), uste dut neure burua menperatzen nuela. Baziren portzentaje handian menperatzen ez nituen kanpo-zirkunstantziak ere: ezusteak, antolakuntzak, nireganako jarrera ezberdinak… Beti zerbait. Baina nire mende ez zeuden zirkunstantzia horiei ere (“gaur hauxe tokau dok!”) lortzen nuen aurre egitea, ohiko kostuari plus bat gehiago eranstea zegokiola pentsatuz. Funtsean, nire bertso plaza bizibidearen zati handi bat izan da. Beste bizibide batzuei begiratuz, diferentzia, gehienetan, alde ateratzen zitzaidan. Arazoa identifikatu eta konparatiboki neurtuz gero, gauzen balioa asko handitzen da.

Plaza, plazako Plaza, plazako Plaza, plazako Plaza, plazako Plaza, plazako Plaza, plazako Plaza, plazako Plaza, plazako Plaza, plazako Plaza, plazako Plaza, plazako Plaza, plazako