Tranpa baten atzetik

Aitzol Barandiaran-(r)en argazkia Aitzol Barandiaran 2026-11-16

Tranpa baten atzetik –

14:15. N1 errepidean, Miarritzera bidean. Brausta bota dit galdera lagunak:

– Aizak, bertsolariek ez al ditek tranparik egiten?

Barruko ispilutik begiratu diot, harrituta. Tranpak? Galdetu diot bertsoak etxetik prestatuta ekartzeari buruz ari ote den. Ezetz dio.

– Ez al duk entzun Osakidetzako azken lan eskaintzako azterketen filtrazioarena? Tankera horretako amarruez ari nauk: gaiak aurrez jakiteaz, belarrietako mikro-aurikularrez, epaileak erosteaz… Benetako iruzur sofistikatuez. Medikuek plazak lortzeko erabiltzen badizkitek, bertsolariek zergatik ez?

Ba, tipoa serio ari da. Lasai bezain sendo arrazoitu diot gaur egun ez dagoela motiborik bertsolarien aurkako susmorik txikiena ere pizteko. Alferrik ari naiz, ordea; irribarre gaiztoa du hortzetan.

– A, ez? Ba, aurtengo Txapelketan inoiz baino komunerako joan-etorri gehiago ikusten ari nauk. Nork ziurta zezakek, igo-jaitsi horretan, bertsolariek ez dutela hartzen komunean ezkutatutako telefono mugikor bat? Seguru hago bidean ez dutela lagunen informaziorik edo gomendiorik jasotzen? Itxaron, itxaron… Eta, komunean dauden bitartean, ondokoak botilatxoan zerbait botako balie? Lasaigarriren bat-edo? Futbolean gertatu duk…

Haserretzen hasi naiz eta kargu hartu diot, ea zer dabilen fundamenturik gabeko akusazioak eta zentzurik gabeko alderaketak egiten.

– Barka ezak esatea, baina gaur egun edonork kontrata zezakek espia bat kanporaketako gaiak aurrez lortzeko. Ez duk horren zaila. Edo, xake-jokalariek bezala, legez kanpoko sustantziak hartu, buru-errendimendua eta arreta hobetzeko. Portzierto, noiz hasiko dituk bertsolariei doping kontrolak egiten?

Kontrola, nik galdu dudana. Miarritzera heltzearekin bat, mesfidati hutsa izatea aurpegiratu diot eta, Txapelketarekin burua galduta, ez dauden lekuan mamuak ikustea. Ezpeldoi detektibea izatera jolastu nahi badu, egin dezala, allakuidaus, baina utzi gaitzala gu bakean. Inuxente bati bezala jaso dit hatz erakuslea:

– Ni lehen lerroan jarriko nauk, badaezpada.

 


Tranpa baten atzetik
Arg: Hibai Agorria Munitis. Iturria: XDZ

Amaitu da Miarritzeko saioa, eta berarekin, finalaurrekoen lehendabiziko itzulia. Urduri bezain bero zegoen Jai-Alai pilotalekua, jokoan zegoenaz jakitun, baina asmatu du zeregin nagusienean: bertsolariak babesten. Protagonistek saio gorabeheratsua osatu dute, leherraldi eta txalo-zaparrada ozenak irristaldi nabarmenekin tartekatuz. Ez da harritzekoa.

Oholtzan, bi izen nabarmendu dira besteen gainetik: Julio Soto eta Sustrai Colina, lehen bi sailkatuak, hurrenez hurren. Oso bestelako joera eraman dute, ordea. Sotok bigarren ofizioan hartu du olatu ona, puntukakoan jarri da taulan zutik, eta bakarkakoan egin ditu maniobrarik onenak. Aldeko izan ditu gaiak eta bertsokideak ere. Bi aldiz atarian geratu ostean, Txapelketak zor dio final bat Gorritiko mutilari eta gaur txartel-erdia poltsikoan eraman duelakoan nago. Aitzitik, saioa ondoen Sustrai Colinak hasi du. Urruñarrak maisuki josi ditu lehen bi ofizioak; baleko saioa atera zaie puntukakoan eta bakarkakoan egin du irristada, poto batekin. Dena den, ez pentsa gaizki bideratua duenik bere 7. final nagusia.

Maddi Ane Txoperenak ez du goirik jo, baina ezta hutsik egin ere; egoki egin du bertsotan eta beste bala bat izango du bigarren itzulian, bere mailarik onena erakusteko. Ez, ordea, gainerako hirurek, gaur amaitu baita beraien aurtengo ibilbidea. Azpimarratzekoak Oier Etxeberriaren tenplea eta bertsokideari erantzuteko borondatea; Maddalen Arzallusen lanerako intentzioa eta hamarreko txikian egindako ariketa; eta, azkenik, Andoni Rekondoren freskura, altxatzeko gaitasuna eta puntukakoan oparitu digun saio gogoangarria. Egindakoaz harro behar lukete.

Amaieran, merezitako txalo artean, Julio Sotok eskuratu du bigarren itzulian aritzeko pase zuzena. Atsedenerako tarterik gabe, datorren astean hasiko da finalaurrekoetako bigarren eta azken buelta, Donostiako Illunben. Ezin gehiago estutu enbutua: 18 bertsolari ariko dira lehian, hil ala bizi, finalerako 7 txartelen bila. Has bedi aulki-jokoa!


 

Etxerako bidean, isilik eta pentsakor sumatu dut laguna, aurpegia kristalari itsatsita, zaputzak hartuta balego bezala. Irribarre txikiarekin galdetu diot ea ikusi duen ezer susmagarririk, euskal kultura eta bertsogintza puska txikitan leherrarazi lezakeen lege-hauste nabarmenik. Ezetz dio gogo-txarrez, aurpegia eskuin-ezker azkar mugituz. Ez du hari-muturrari tira egiteko ikerketa-lerrorik aurkitu Miarritzen. Baina kaskagogorra izaki, badakit ez duela etsiko.

– Nik antzeman diat ba tranpa nabarmen bat. Ez al haiz konturatu?

Galzorian den katamotz batek bezala luzatu ditu belarriak.

– Entzun duk Julioren bakarkakoa? Bertsotan horren erraz eta ondo egitea… Ez zagok hori baino tranpa handiagorik.

Miarritzeko saioa osorik ETB ON-en

Tranpa baten atzetik  Tranpa baten atzetik  Tranpa baten atzetik