ZER JAN, HURA IZAN: BERTSOZALEAK ELIKATZEN DITUEN ALDIZKARIA

Bertsolari aldizkariarekin batera egin dut nire bertso-ibilbide ia osoa. Hamahiru urte nituen lehen alea argitaratu zenean eta, sentipenen memorian iltzatuta daukat Bergarako liburu-dendan aldizkariaren ale berri bat ikusten nuen aldiro sentitzen nuen emozioa. Bi eratara asetzen zidan barrua aldizkariak: batetik, liluraz begiratzen nuen bertso-mundu —orduan oraindik– urrunekora humanoki hurbiltzeko aukera ematen zidan, bertsolarien inguruko kontu nolabait intimoak ekartzen zituelako eta, bestetik, bertsolaritzaren inguruko artikulu sakonagoek nire bertso-ezagutza eraikitzen lagundu zidaten.

Bien arteko oreka zen, beharbada, sekretua. Hurbilpen humano eta intimo horiek barrua goxatzen zidaten: Mañukorta bizarra egiten ageri zeneko ale hartaz geroztik, gogoan ditut bertsolarien oporrei buruzko kontuak, Imanol Lazkanoren emaztea eta lau alabak argazkietan ezagutu nituenekoa, Tourrera joan ziren bertsolariak bizikleta gainean ageri zirenekoa, bertsolarien emazteei eginiko elkarrizketak… Norbaitek pentsa lezake ez dabiltzala, aipatu ditudan horiek, bihotzeko aldizkarietatik urruti. Ez dakit hala den, baina ni nerabea nintzen, eta hainbeste miresten nituen bertsolari ia jainkotuei halako lurtasun bat ematen zien, hezur-haragizkoak zirela frogatuz, eta haien ibileren ezagutza apur horrexekin igaro nuen nerabezaroa. Iruditzen zait bertso-eskoletako gaur egungo gazteek bertsolarien gaineko informazio handia manejatzen dutela. Guk ez. Guk, Bertsolari aldizkaria geneukan.

Arrosa ukituko artikulu haiek baino gehiago gustatzen zitzaizkidan, hala ere, bertsolariak idazle lanetan jartzen zireneko aldiak. Pasadizo-kontari, bertsolariak elkarri galderak eginez, bertsolari gazteak hainbat gairi buruzko ikuspegia emanez… Sortzaile haien buruetan sartzeko aukera ttiki bat zen, eta ikaragarri maite nuen, bertsotan antzeman ezin nizkien pentsamoldeak ageriagoak zirelako hitz lauz emanda. Nolabait, zein gaik kezkatzen eta motibatzen zituzten ikusteko aukera neukalako. Orain konturatzen naiz, gainera, garaian garaiko bertsolari gazteek leku handi samarra izan dutela aldizkarian eta hori, nire gaztetasunetik, beti zen erakargarria.

Artikulu mamitsuagoak ere gogoratzen ditut. Aldizkariari esker jakin nuen zer zen UEU, eta bertako urte bizienak bertatik bertara ezagutu ez banituen ere, UEUra lehen aldiz joan nintzenerako, nire barruan bazen UEU indartsu eta iraultzaile bat. Gogoan dut, halaber, Andoni Egañak Basarriri egin zion elkarrizketa, edo Arantzazu Loidik Xenpelar Dokumentazio Zentroari bizia emango zion Arantza Mariskali egin ziona, Xabier Amurizari buruzko ale monografikoa, Emakumeak plazara izenburu izan zuen alea, Andoni Egaña eta Koldo Tapiak Mexikora egin zuten bidaia kontatzen zenekoa… Bertsolaritzaren gaineko kazetaritza espezifikoa, beste inon lekurik ez zuena, ez luze-zabalean, baina ezta sakontasunean ere. Mamitsua eta anitza. Eta nik, irentsi egiten nuen.

Bertso-eskolei buruzko ale monografiko bat egiteko zortea ere izan nuen 2002an. Hirurogeita hamar bertso-eskolatik gora zeuden une hartan Euskal Herrian, eta izugarrizko luxua izan zen horien guztien radiografiatxo bana ateratzea. Bertso-eskola askotan izan nintzen bisitari, guztien arduradun edo partaideren batekin jarri nintzen harremanetan, eta gaur egungo zenbait harreman Euskal Herrian zeharreko ibilbide hark emandakoak dira. Lana opari.

Aipatu ditudan guztiak, bertso-eskolen inguruko alea salbu, lehen bospasei urteetako adibideak baino ez dira. Beste hogei urtean jaso dugu aldizkaria, eta kontaezinak dira jorratu dituen gai eta esparruak. Jarraitu du ukitu intimista duten artikuluekin, arrosa kolorekoak ere izan dira tarteka, eta inoiz ez du bertsolaritzaren eta bertsogintzaren inguruko ikerlantxoen iparra galdu. Erronka berritzaileak ere izan dira, bertso-komikiak esaterako, 22. ale hartan atera zutenetik hasi eta argitaratu berri duten Xabi Paya eta Patxi Gallegoren Nork maisulanera arte.

Eta denboraren perspektibatik, Bertsolari aldizkaria horixe dela esango nuke: etengabeko apustua, proiektuetan sinesten zen militantzia garai itsuaren eskutik elikatu dena, bertsozaleoi egin digun ekarpena distantziatik begiratuta bakarrik neur daitekeena. Orain arteko oreka hori bilatuz, beste urte askoan elika dezagun opa diot aldizkariari, berak, trukean, bertsozale asko asetzen segi dezan. Bertsorionak.