Lagunarteko bertsolaritza espontaneoa

Maddi Sarasua Laskarai-(r)en argazkia Maddi Sarasua Laskarai 2025-12-10

Lagunarteko bertsolaritza espontaneoa –

 

Powered by RedCircle

 

Aurreko batean, ea euskal kultura osansuntsu ikusten nuen galdetu zidaten. Nondik begiratzen den erantzun nion. Zein dira gure neurgaiak? Zenbat argitaratzen den, zenbat erosten den, zenbat txapelketa dauden, antolatzen den saio kopurua, joaten den ikusle kopurua… Non jartzen ari gara begirada?

Zenbat pertsonak egiten du etxean norbere buruarekin bertsotan, nor hasten da espontaneoki lagunekin kantari, nork idazten ditu bertsoak (sariketez kanpo) gertatutako zerbait kontatzeko, lagunei barre eginarazteko… Zenbat ingurunetan da bertsoa eguneroko bizitzako adierazpide naturala?

Ez diot gaur profesionalismoaren eztabaidari heldu nahi. Bereziki jaioak direnak eta denbora eskaintzen diotenak argitan egoteak adierazpide kultural bat indartzen lagundu dezake. Baina zein bizindar dauka horiez aparteko jendearen bizitzetan adierazpide horrek? Jaso soilik egiten du gehiengoak ala adierazpide moduan erabili ere bai? Nik uste adierazpide kultural baten osasuna neurtzeko, begirada hor ere jarri beharra dagoela, eta agian bereziki hor.

Zeren gauza bat baita, arlo publikoa, formala, antolatua, profesionala nolabait, eta bestea, pribatua, informala, espontaneoa. Are gehiago, euskal kulturaren osasunaz ari bagara, edo euskararen osasunaz, agerikoa baita batean emandako urratsek ez dutela bestean indartzea ziurtatzen. Eta gaur egun, ez al da arlo pribatuan, informalean, espontaneoan euskarak daukan presentzia urria kezka iturri nagusi?

Ernest Alkhat xaharrak elkarrizketa batean adierazgarriak diren hitz hauexek esan zituen:  “Herri guzietan bazen norbait bertso bat emateko gai zena. Gero, txapelketak sortu ziren. Beharrezkoak direla onartzen dut. Baina txapelketa neurtze bat da. Anitz baztertu behar dira zenbaitzuen atxikitzeko. Eta baztertu horietan, badira txapeldunak bezain bertso onak botatzen dituenak! Ez beti, baina hala ere… Ni loriatu izan naiz ezaguna ez zen bertsolari batekin! Txapelketak galdu du bertsolaritza herrikoia. Nire iduriko, biak beharrezkoak dira, eta herrikoia berpiztu beharko da. Herrikoi hori atxiki bagenu, Iparraldean ere bertsolari gehiago izango zen gaur egun. Lagunartean goxoki, bertsolariak beldurra galtzen du.” Zer sustatu dugun edo sustatzen dugun da hemen galdera.

Ez ezazue pentsa txapelketa “hater” bat naizenik. Gainera, aurtengo Xilabara begira nik uste badela pozgarria Beñat Larrory eta Xermin Camblong bezalako parte-hartzaileak egotea. Osasunaren seinale da nolabait, adinean aurreratuta bertsotarako jauzia egiteko tirria hori elikatu dien ingurune bat badela, bertso jarduna eragiten diena. Irisarriko bertso eskola da honen beste lekuko bat. Xilaba herrikoitzen dute, eta izugarri eskertzen du hori entzulegoak, eta denek. Baina ez du kentzen epai irizpideek zer saritzen duten, zer zigortzen, ariketek, oholtzak, formatuak, zer eragiten duten. Galdera da guk benetan nolako bertsoak entzun nahi ditugun. Non, noiz eta norengandik?

Lagunarteko bertsolaritza espontaneoa
Libertimendua Heletan. Arg: Joseba Aurkenerena

Ez da erraza informala sutatzea, eragitea. Agian gehiago da bizi dutenek ingurune autentiko hori ikusgai jartzea. Inbidigarria den zerbait izatea, besteei gogoa piztu eta euren modura sor dezaten. So egin deizaiogun libertimenduen fenomenoari, Iruinkokoari. Inspiragarriak egin zaizkie herri batzuetan sortutako gazteen arteko adierazpide moduak, eta euren erara birsortzeari ekin diote. Norberaren originaltasunari eta iniziatibari lekua utziz.

Dena den, jendea gaur egun ez bada naturalki inguruan zirtoka, bertsoka hasten ez ditzagun eskuak buru gainera jaso. Kontuan hartu beharko genuke gaur egungo gizartea ez dela garai batekoa bezain ahozkoa. Irudizkoak dira, ziurrenik, gazteen adierazpide berri gehienak, memeak, selfiak, bideotxoak. Sorkuntza forma berriak dira, informalki gehiengoak erabiliak. Eta zergatik leukakete balio gutxiago?

Dena den, ezin uka bertso jolasak ingurune informaletan presentzia handiagoa izateak ekarpen itzela egin lezakeela informaleko jarioa falta dugun hizkuntza gutxituan.

Nola sustatu asmatuz gero.

 

Lagunarteko bertsolaritza espontaneoa  Lagunarteko bertsolaritza espontaneoa