Esnatu eta bazkal garaira artekoak emandakoa

2017-12-18

Finalaren atarian Aitor Sarriegik aipatu zuen, bertsolariei kantatzeko egokitzen zaien hurrenkerak izan dezakeen eraginaren harira, goizeko saioan ez zuela azkena tokatzerik nahi, eguerdia gainean jendeak bertsoak entzuten jarraitzeko baino bazkaltzera joateko gogo bizia izan ohi duelako. Ez dugu esango pasa den igandean behin eguerdia iritsita bertsozaleek bazkaltzera joateko gogorik izango ez zutenik, baina goizeko saioa benetan emankorra zihoala kontuan harturik, presa berezirik ez zutela esatera ausartuko ginateke, gutxienez.

 

 

Txapelketa Nagusiko saio guztiak dira berezi, baina finala ezin daiteke aurrekoekin alderatu. Horrela da, eta horrela izan da beti. Horrela zen Donostiako belodromo zaharkitu eta hotz hartan, eta horrela da Barakaldoko BEC erakustazoka erraldoi bezain moderno horretan ere. Euskal Herriko txoko guztietatik iritsitako bertsozale erromes uholdea pilatu zen goiz-goizetik BEC-eko sarreretan, zenbaiten kasuan lanera joateko baino dexente goizago ohetik altxata, gainera. Ertzak, periferia, Euskal Herria ez baita Euskal Erdia, Sustrai Colinak amaierako agurrean aldarrikatu zuen moduan. Antolakuntza bikaina, xehetasunik txikiena era aintzat hartuz, garaiak nola aldatu diren. Olatuak, txaloak, emozioa… sintoniarekin batera zortzi bertsolariak oholtzara, zutik dauden milaka lagunen artetik. Zer demontre pasako da une horretan beren buruetatik?

 

Aurkezpenak, txalo gehiago, eta haserako agurrak. Norbaiti entzun nion igandean, “niri agurrak gustatzen zaizkit”. Ez da gutxiagorako. Bertsolari bakoitzaren aldartea neurtzeko termometro moduko bat dira, Unai Agirrek kantatu zuena horren adibide:

 

Zer kantatzen da final handiko

lehenbiziko agurrian

bertsoa gauza soila da baina

hamabost mila aurrian

zer galdurikan ez daukat baina

tentsiyua muturrian

txapela urrun zegola baina

inoiz ez zan hain hurrian

lege zaharrian egunon eta

has gaitezen egurrian.

 

Edo Sustrai Colinak botatakoa, zertara zetorren argi utziz, inork zalantzarik bazuen:

 

Egun txarrik ez da hondartzak

elurrez zuritzeko

oskolak barrutik hautsi

ta azalak zauritzeko

berri on bat sortu nahi dut

notizia hitseko

enbutuei buelta eman

su bat piztu hitzeko

lokaztuak beldurrik ez

baitauka zikintzeko

lau aldiz erori nintzen

bost aldiz zutitzeko.

 

8ko nagusiko ariketak ireki zuen lan puntuagarrien txanda, eta maila handiko bertsoaldiak entzuteko aukera izan zen. Maialen Lujanbio eta Unai Agirreren lana izan zen borobilena agian. Goi mailako kirolariak, hainbat publizidade eskaintza jaso ohi dituztenak. Maialen edozein eskaintza onartzeko prest dago, baina Unai, berriz ez. Maialen zoragarri, eta Unai ere oldarraldiari eutsiz, dotore. Maialen hasita, hona hemen osatu zuten bertsoaldia:

 

Hemen dirua baita kontua

nola ez esan akabo

futbol zelaian egiten degu

izerdi eta ur trago

Real Sociedad SA-ri ta

txinoei salduta nago

ta honezkero zer inporta zait

pixka bat salduxeago.

 

Real Sociedad SA jarri

degu zerura bidian

gauza hoiekin larritu xamar

dago Unai aspaldian

edozer gauza in leikela ta

nago beldurrak aidian

diru beharrik izango banu

egingo nuke agian.

 

Bederatzia bizkarrean ta

orain oparo zabiltza

promesa eta errealitate

dena apar, dena bitsa

baina hautsi ezkero belauna edo

zartatu iztarreko mintza

Unai esnatu laburra da ta

futbolarion bizitza.

 

Barkatu baina hau izango da

segun nun jarri tamaina

ni familia xume batetik

etorri naiz alajaina

gure bizitza oso laburra

degu futbolean baina

urtebetean irabazi det

nornahik bizi osoan aina.

 

Nahikoa diru badezu behintzat

hortan etzera labaintzen

nik hala ere segitu nahi det

banku kontua bikaintzen

ta hor azaltzen naiz kremekin edo

txanpuaz ilea zaintzen

futbolarioi ez digute ta

pentsatzearren ordaintzen.

 

Berak zipitzik ez du pentsatzen

gogorra izan da gero

nere burmuinak kontu honekin

orain daude bero-bero

baina sekula saldu ez naizenik

ere etzazu espero

sagarduana igual eingo det

Unaik eskatu ezkero.

 

8ko txikian saioak gora egin zuen. 3 bertsoaldi on eta baleko bat, horixe balantzea labur esanda. On horien artetik Igor Elortza eta Maialen Lujanbiok osaturikoa segidan irakurgai. Bizilagunak Igor eta Maialen, Maialenek birritan esnatu du Igor gauean barrena bere sexu jolasak direla medio, eta igogailuan topo egin dute goizean. Elortza hasita, hauxe da bertsoaldia:

 

Egun on ustez atzo

zenbiltzan ta ongi

ni logureak nago

ta zu berriz grogi

hori bai bart gauean

zu zenbiltzan jori

kendu ezazu tonto

irriparre hori.

 

Sexua suertea da

eta ez da luxu

bart gauez dena irrintzi

ta izerdi putzu

zuk berriz behakoa

serioa duzu

duzun inbidi horrek

zimeldu zaitu zu.

 

Batzuentzat bizitza

bero ta maitasun

besteontzako berriz

sasi eta asun

sexua suerte dela

hala dizut entzun

ta antza dena zeuri

tokatu zitzaizun.

 

Izan ere zu zaude

hain muker ta erkin

ez dezu ligatuko

jarrera horrekin

baino bart zeure kabuz

al zenuen ekin?

Gure etxeko efektu

espezialekin.

 

Logure nintzen baina

belarriak arin

alboan bazen zenbait

sexu joko gordin

diozu nik gozatu

nezakeela berdin

ta zeinek esan dizu

ez nuela egin?

 

Zu tristetzeko ez det

hainbeste interes

baino irrifarre bat

egizu mesedez

zer nolatan zabiltzan

bisaia da juez

egin igual ein zendun

baina gozatu ez.

 

Haserako puntua emandako ariketan, komunerako joan-etorriak ugaldu egin ziren bertsozaleongan. Txapelketa honetan ariketa honek pisua galdu du, edo ikusmina, edo nahi dena, baina oso kaltetua atera dela esango nuke. Hamarreko txikira pasako gara, beraz, zuzenean, dagoeneko bazkariari usaina hartzen hasiak gaude eta. Ariketa honetan, zalantzarik ez dago, Aitor Sarriegiren lana nabarmendu behar ezinbestean. Bertsoaldi borobila osatu zuen beasaindarrak. Ez zuen alperrik, kantukide makala, Lujanbio bera. Irakasleak biak ere, greban egondakoak beren eskubideen defentsan, atzera berriz klasera itzuliak. Sarriegi hasita.

 

Atzo pankarta atzean

denok indarrean

lagun bat eskubian

ta zu ezkerrean

azkenaldi honetan

gaude bahrrean

begiratu gaur ere

muturren aurrean

hogeita hamar ikasle

gela bakarrean.

 

Ta hogeita hamarrekin

ez dakit zer egin

ze erramintarekin

nola ta zerekin

baina greba bihurtu

degu ia errekin

kostako zaigu lortzen

nahiz joan elkarrekin

hemen ezer berririk

forma hain zaharrekin.

 

Gaur egungo hezkuntzan

horrenbeste hesi

integraziorako

hamaika gabezi

ta politikariak

gugandik ihesi

ez logopeda eta

ez behar berezi

horrela ezin dugu

gizarterik hezi.

 

Hezkuntzak ez dauka ez

hamaika bertute

Heziberri ta Lomce

hortxe dihardute

baina ikasleak datoz

zeozeren truke

Pakistan, Marokotik

pentsa ze itute

guk greba egindakoan

nora joan ez dute.

 

Ta gainera bihurtu

gara puntumira

dianan jarri eta

harria nork tira

hau ez da baldintza ona

egia hori da

eta etorkizunera

jarrita begira

honen ondorioak

antzemango dira.

 

Guk umeak hezi nahi

eta hezi ezin

nahiz tratatzen ditugun

maiteenak bezin

hezkuntza kondizioz

dago nahiko erkin

baino gizarte hontako

panoramarekin

nork enpatizatzen du

funtzionariekin?

 

Kartzelako lanak eman zion akabera goizeko ekinaldiari. Gaiak halaxe zioen: atetik sartu zarenean, isildu egin dira denak. Lan aipagarri bat baino gehiago egon zen, eta zortziek, nork bere bidetik, egoera ezberdinak irudikatu zituzten. Aitor Sarriegi eta Sustrai Colinaren lanak aukeratu ditugu, lehenak irakasle gela bat irudikatu zuen, non erderaz hitz egiten den euskaraz baino gehiago, eta bigarrenak gertuko baten heriotza pairatu ostean atzera lagun artera doan pertsona baten larrutik kantatu zuen. Sinesgarriak oso, lan biak ere. Hona Sarriegirena, bere doinu dagoeneko ezagunean kantatua, noski:

 

Apunteak hartu eta

txukundu dut ingurua

ordenadorea itzali

eta hartu liburua

irakasleona baita

hain lanbide segurua

eskilaretan beherantza

minutu ta segundua

seguru asko badaukat

nerea zertan ondua

gutxienetik hori da

nik daukadan helburua

baina beste bat da orain

jokatzen dudan gudua

irakasle gelan sartu

ta isildu da mundua.

 

Jendea eserita dago

beren orri eta lapitz

baina isiltasun gordin hau

iruditzen zait hain bortitz

badakit nik harremanak

sarri utzi ditut murritz

eta esan didate ere

neri makina bat aldiz

Aitor hik horrelakorik

ez duk egin behar berriz

askotan gela honetan

erderaz egiten da hitz

eta hala esan nien

irrifar aurpegia jarriz

ez litzake hain grabea

ikastola bat ez balitz.

 

Ardura handiko lana

da nire ustez daukaguna

irakaslea ez baita

ikaslearen laguna

honetara iristeko

nor izan da erruduna

ikastolan falta bada

kontzientzi euskalduna

hemen egin behar dugu

geuk egin dezakeguna

buenos diaska ezin da

hasi guretzat eguna

eta nolakoa izango

da gure etorkizuna

haurrei eskatu ezkero

geuk egiten ez duguna?

 

Sustrairen bertsoak, segidan:

 

Pertsonok ez al daramatzagu

emozioak zimurrean

beti al gabiltz irrifartsu ta

beti pauso ziurrean

gaur bazkaria neukan koadrilan

lagunak beti hurrean

baina lokatza egokitu zait

ez nabil beti urrean

haiek isilik geratu dira

distantzia laburrean

eta ni berriz zurtuta nola

panpintxo bat elurrean

ai, euskaldunak ze motzak garen

heriotzaren aurrean.

 

Bihotzekoaz hil baitzait aita

joan den aste hasieran

eta geroztik bakarrik egon

naiz erdi itota galernan

astero gisa koadrilakoak

juntatu dira tabernan

eta neure zai zeuden guztiak

hiru kroketa plateran

baina begira dauzkat hilotza

neu izango banintz eran

ez daukat garbi irripar egin

edo San Migel bat edan

ez, haiek aupa Sustrai esanda

ala besarkada eman.

 

Baina heriotzak ez da lehenean

botatzen dugun aingura

nahiz ta batzutan ez den asmatzen

nora jo nola ingura

Kepa jaiki da ta isiltasuna

musu batean urtu da

Eneko berriz han ikusten dut

begira bere barrura

bizitzak berdin segitzen baitu

lehengo kezka ta ardura

mina neurea ez da bakarrik

eta denona da muga

baina dolua erakusten du

bakoitzak bere modura.

 

Goizak eman zuen, noski, gehiagorako ere, baina oraindik arratsaldea falta zen, eta bazkalorduan indarrak berritu behar. Bazkalorduko kiniela gehientsuek honakoa zioten: Maialen aurretik, segidan tropeltxoa aukerekin (Sustrai, Mendiluze, Sarriegi, Amets, Elortza) eta atzeraxeago Agirre eta Gaztelumendi. Artean, onena falta zen ordea…