Prest dago gure azken komikia: “NORI saldu diote Euskara Batua?”

2019-12-03

NORI –

Xabi Paya bertsolariak eta Patxi Gallego marrazkilariak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian aurkeztu zuten liburua, Xabier Kintana euskaltzainaren eta Antxoka Agirre Bertsolari aldizkariko zuzendariaren laguntzarekin [BIDEOA behean].

NORI

‘NORI’ eleberri grafikoa Xabi Paya bertsolari getxotarrak eta Patxi Gallego marrazkilari errenteriarrak elkarlanean sortutako bigarrena da. “Nori saldu diote euskara batua?” galdera du oinarri izenburuak, obraren abiapuntua ere horixe baitu: fikziozko mundu batean, Euskara Batua patentatu egin du ezkutuko norbaitek, baita euskara zuzentasunez erabiltzen ez duten hiztun guztiei isunak eta zigorrak jartzea erabaki ere. Modu berezian aukeratutako detektibe bik iraganera bidaiatu eta euskara salbatzeko misio konplikatuari heldu beharko diote. Bidaia horretan ezagutu dituzte Resurrección María de Azkue, Elbira Zipitria, Miguel Unamuno edo Sabino Arana, eta bisitatuko dituzte Eusko Ikaskuntzaren sorrera, 1967ko Bertsolari Txapelketa edo Euskara Batuaren sorrerako Arantzazuko biltzarra.    

Eleberriak azken ehun urteetako euskararen historia soziala du oinarri. Protagonistak euskal kulturako aurpegi ezagunak dira: Itxaro Bordaren itxurako Amaia Ezpeldoi detektibea eta Hasier Etxeberriaren isla bizia den Damian Arruti entomologoa. Biek euskararen egungo identitatea ezaugarritu duten aurreko mendeko hainbat une eta gune bisitatuko dituzte iraganerako bidaian.

‘NORI’ ez da Gallego eta Payaren lehenbiziko elkarlana. 2015eko neguan ‘NORK’ argitaratu zuten, Andoni Egañaren fikziozko heriotza misteriotsuan oinarritutako detektibe-kontakizuna. Bigarren ale honetan presente daude lehen laneko zenbait pertsonaia, Amaia Ezpeldoi, Etxenike doktorea edo Iraide Litugitxi, besteak beste. Xabi Payaren esanetan, “obran ez dira falta umorea, sexua, satira eta bertsoak. Guretzat erronka izan da NORK-ek utzitako zapore ona hobetzen saiatzea, baina uste dugu lehenengoaren zaleek guk sortzen izan dugun neurriko gozatua hartuko dutela bigarren honekin”. Patxi Gallegok azpimarratu duenez, “errepikatzen diren pertsonaia gutxi horiek alde batera utzita NORIk ez dauka zerikusik aurreko NORK eleberri grafikoarekin, askoz hobea da, noski”. Gaineratu du bi urte eta erdiz bere jarduera nagusia eta azken hilabeteetan ia jarduera bakarra NORIren gauzatzea izan eta gero leher eginda amaitu duela, eta batzutan gidoilaria akatzeko sen basatia gainditu behar izan duela, “Xabiren gidoiek asko eskatzen diotelako marrrazkilariari, sekuentzia bakoitza ebatzi beharreko ekuazio baten antzeko zerbait da” esan du, “baina irakurle gutxi batzuk liburu honekin plazer apur bat sentitzen badute ahalegin guzti horrek zentzua izango du”. Amaitu du esanez horrelako sormen prozesu batek dakarren toxifikazioaren ondoren desintoxikazio fase batean murgilduta dagoela orain, baina batzutan, drogomenpekotasunaren antza daukaten ahulezi uneetan, Xabiren gidoiak faltan botatzen dituela eta NOR marrazten hasteko grina sentitzen duela trilogia osatze aldera, bere medikuak deskantsatu beharra duela gogorarazten dion arren. Antxoka Agirre Bertsolari aldizkariko arduradunak ere hartu du hitza: “NORK aldizkariaren 25 urteak ospatzeko atera genuen eta aldizkariaren historian agortu den zenbaki bakarra izan da. Sekulako feedbacka izan genuen, eta gerora ere dezentetan galdetu izan digute bigarrena noiz zetorren. Iritsi da, eta NORI irakurrita trilogia da gorputzak eskatzen duena, NOR-NORI-NORK bat osatzea”.

NORK eleberri grafikoa 2015eko neguan kaleratu zen eta 2500 aleko lehen edizioa agortu egin zen 2016ko udaberrirako. 750 aleko bigarren edizio bat ere atera zen 2016ko Durangoko Azokarako.

Ordukoa bezalaxe, egileek azpimarratu dute “bakarka ez ezik, taldean irakurtzeko lana dela, bereziki, belaunaldi gazteek helduen laguntzarekin ezagutu beharreko hainbat aurpegi azaltzen direlako”. Obran agertzen diren egungo euskal gizarteko izen ezagunen artean, aipa daitezke Iñigo Urkullu lehendakaria, Maite Iturbe, Anjel Alkain, Mikel Martinez, Porrotx, Anari, Jon Garaño, Jone Uria, Pedro Miguel Etxenike, Eñaut Elorrieta, Amaia Zupiria, Alex Sardui, Eñaut Elorrieta, Maddi Oihenart, Berri Txarrak, Benito Lertxundi, Joxan Goikoetxea, Iratxe Ibarra, Mariano Ferrer, Arkaitz Estiballes, Ainhoa Aierbe eta hainbat euskaltzain, besteak beste.     

Gaurko prentsaurrekoaren bukaeran, Bertsolari aldizkariko arduradunak eta egileek eleberriko orrialde baten lamina oparitu diote Andres Urrutia Euskaltzainburuari, ; irudian hainbat euskaltzain ageri dira, bai Urrutia bera, bai Miren Azkarate, Patxi Zabaleta edo Miriam Urkia, besteak beste.

‘NORI’ Bertsolari aldizkariko harpidedunek zuzenean jasoko dute etxean, eta erosi nahi dutenek, aukera izango dute Durangoko Azokan aldizkariaren standean eta abenduaren erdialdetik aurrera ohiko liburu dendetan.

NORI
NORI
NORI