Herrialde guztietatik pasako da Bertsolari Txapelketa Nagusia

2017-09-12

Herrialde guztietatik pasako da Bertsolari Txapelketa Nagusia –

“Ez da kontu sinbolikoa, ezta indar erakustaldi bat. Errealitate baten isla da, bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan” azaldu du Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak.
 
Herrialde guztietatik pasako da Bertsolari Txapelketa Nagusia
 

Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldotik pasako da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Uda aurretik iragarri moduan, irailaren 23an abiatuko da Baigorrin eta abenduaren 17an bukatu BECen.

Estreinako aldiz txapelketa euskararen zazpi lurraldeetan jokatuko da: “Modu batera edo bestera bertsolaritza presente dago guztietan eta horren isla da aurtengo Txapelketa Nagusia”, azaldu du Jokin Castaños Bertsolari Txapelketa Nagusiko talde antolatzaileko kideak gaur goizean egindako agerraldian. Iñaki Muruak Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak honakoa gehitu du: “errealitate baten isla da, bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan”.

Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan egin du Bertsozale Elkarteak txapelketa aurkezteko prentsaurrekoa, gaur goizean. Bertan parte hartu dute, Jokin Castaños eta Iñaki Muruaz gaindi, lurraldeetako bertsozale elkarteetako lehendakariek: Alaitz RekondoAsier IbaibarriagaEkaitz ElorriagaSaroi Jauregi eta Xumai Murua, Nafarroako, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Bertsularien Lagunak – Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoa- elkarteetako lehendakariek, hurrenez hurren.

Alaitz Rekondok gogorarazi du “bere ikusgarritasunean Txapelketa Nagusia ez da lau urtetik behin egiten den ekimen isolatu bat, urte luzez eta egunez egun Euskal Herriko herrialde guzietan bertsolaritza bultzatzen ari garen hainbat eragileren lanaren ondorioa da”. Hala, hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzeko abian den egitasmoabertso eskolakikerkuntza proiektuakXenpelar Dokumentazio Zentroa zein bertsolaritzaren hedapenerako bideak mahai gaineratu ditu Rekondok.

43 bertsolari, 18 gai jartzaile eta 20 epaile

Jokin Castañosek eman ditu txapelketaren inguruko xehetasunak: “Unai Iturriagak ez du izena eman eta finalista denez ez du ordezkorik izango eta Iñaki Gurrutxagak uko egin dio parte hartzeko aukerari;  Felix Zubiak abestuko du bere ordez”. Final laurdenak, finalaurrekoak eta finala izango ditu txapelketak: “finalaurrekoak bi fasetan jokatuko dira eta bi faseen artean puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariak pasako dira finalera”. Finalaurrekoetatik sailkatutako zazpiak eta Amets Arzallus egungo txapelduna izango dira Barakaldoko finalean.

Saioak arratsaldeko bostetan hasiko dira, finala izan ezik, baina saioa izango den herrietan bestelako ekitaldiak antolatu dira herria bera bertsolaritzaren bueltan girotu dadin; besteak beste, Segurako final laurdenarekin batera egingo da Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna irailaren 30ean.

Sarrerak salgai

www.bertsosarrerak.eus atarian salgai dira sarrerak. Final laurdenetako sarrerak denontzat daude jada eskuragai eta finalaurrekoak eta finalekoak bazkideentzat daude soilik urriaren 2ra arte. Bazkideek lortu ahal izango dute bakarrik abonamendua. “Txapelketa honetan onura gehiago eskaini nahi izan diegu gure bazkideei, haien inplikazioa eta ekarpena eskertzeko modurik onena dela iruditzen baitzaigu. Izan ere, Bertsozale Elkarteko bazkideak dira gaur aurkezten dugun Bertsolari Txapelketa Nagusi honen eta Bertsozale Elkarteak aurrera eramaten dituen bestelako hamaika ekimenaren sostengurik handi, fidel eta ezinbestekoena”, azaldu du Muruak. Era berean, salmenta guneak ere izango dira Euskal Herri osoan zehar, sarrera arruntak erosteko.

Halaber, urtean zehar Bertsozale Elkartearen jarduera babesten duten erakundeak aipatu eta eskertu ditu Bertsozale Elkarteko lehendakariak, ,baita bozgorailu lana egiten duten hedabide laguntzaileak ere.

Txapelketari buruzko ataria prest dago www.bertsozale.eus webgunean; ohiko informazio praktikoaz gain, bertsogintzaren inguruko hausnarketak bilduko dira gai ezberdineko adituen eskutik: Harkaitz Cano idazlea, Uxue Alberdi bertsolaria edo Mateu Xuri glosadorea, besteak beste. 

Txapelketari jarraipen zabala egingo zaio www.bertsoa.eusen ere eta Bertsozale Elkarteak ekoitzi eta ETB1en eskaintzen den Hitzetik Hortzera telebista saioak txapelketarekin ekingo dio irailaren 24an ikasturte berriari; horri gehitu behar zaio kate berean astelehenetan eskainiko den Aulki Jokoa telebista programa.

Herrialde guztietatik pasako da Bertsolari Txapelketa Nagusia