Kolore anitzeko mosaikoa Zallan

2017-10-07

Kolore anitzeko mosaikoa Zallan

Eneko Abasolo Txabarri “Abarkas”, Jone Uria Albizuri, Miren Amuriza Plaza, Odei Barroso Gomila, Oihane Perea Perez de Mendiola eta Onintza Enbeita Maguregi bertsolariak igo ziren Zallako Mimetiz pilotalekuko oholtza dotorera. Bertso saio ederra eskeini zuten seiek ere, nork bere sentipenetatik kantatuz, bertsozaleak hunkitzeraino. Sailkapenak eta puntuaketak albora utzita, kolore anitzeko mosaikoa osatu zuten Zallan: bertso mosaiko zirraragarria.

Kolore anitzeko mosaikoa Zallan

 

Euskal Herriko mendebaldeko txokora jauzi egin zuen aurtengo txapelketa nagusiak, Euskal Herriko bazter guztietara hedatu beharraren grinaz. Udazkeneko giro eguzkitsu zoragarriak ez zuen barrurako gonbita luzatzen egia esan, baina Zallako Mimetiz pilotalekuko harmailek itxura dotorea hartu zuten txapelketa nagusiari merezi harrera egin asmoz. 655 ikusle inguru antolakuntzaren kontaketaren arabera. Leitzako saioko jende uholdetik urrun baina aurreikusitako kopurua betez, edonola ere.

Txapelketa nagusiaren inguruko xehetasunak biltzen dituen liburuxkan Zallako bertso eskolako kideei eginiko elkarrizketa bat dago irakurgai, eta besteak beste “Zalla gune euskaldun bezala ezagutarazteko txapelketako saioak izan dezakeen garrantzia” zuten bertso eskola horretako kideek aipagai. Mimetiz pilotalekuak eta Zallako herriak orohar larunbat honetan hartutako itxurari erreparatuz, helburua bete dutela esan daiteke. Beraien lana ez da, ordea, fokuen argia itzaltzearekin batera amaitzen, ezta gutxiago ere. Enkarterriak Euskal Herriko gune ez oso euskalduna izaki, beste eskualde batzuetan baino zailago daukate jarduna, tamalez. Eutsi horri!

 

Kolore anitzeko mosaikoa Zallan

 

Saio puntuagarriari hasera eman aurretik, haserako agurren tartea izan genuen motorrak berotzen hasteko. Enkarterriei, egoera politikoari, txapelketari eta abarri hamaika erreferentzia baten eta besteren ahotan. Honatx, lagin gisa, Jone Uriaren eta Odei Barrosoren haserako agurrak:

 

Ze emozio zuen txaloek

ta sintoniaren hotsak

estatistikak zoriarentzat

beti izan dira arrotzak

lau emakume ta lau bizkaitar

zer eta zallako hotzak

periferiko suerta liteke

gaurkoa ia denontzat

periferia da baina segun

ta zer hartzen den zentrotzat

gu zentratuta etorri gara

Zallara eta zuontzat.

 

Kolore anitzeko mosaikoa Zallan

 

 

Muga aldeko herri

gutti dut ikusi

euskara duna bere

elean nagusi

baina hizkuntzak ez dio

beldurrikan deusi

berria hartu eta

zaharrari eutsi

eta aurten zallak berriz

digu erakutsi

bazterra ezin dugula

bazterrean utzi.

 

Hortaz, motorrak bero, ariketa puntuagarriei hasera eman zitzaien, Idoia Anzorandia gaijartzaileak proposaturiko gaien arrastoari segika. Uneren batean bertsolariei arnasa hartu eta publikoari txalo jotzeko denborarik apenas uzten zuela iruditu zitzaigun arren (puntu-erantzunen ariketan, kasu), orokorrean dotore gidatu zuen saioa Anzorandiak.

 

8ko nagusiko ariketan elkarrizketarako gaiak proposatu zitzaizkien bertsolariei, seriotik hartzeko prestatuak hasera batean behintzat, denak ere. Onintza enbeitak eta Jone Uriak jositako elkarrizketa begitandu zitzaigun borobilena. Halaxe zioen gaiak: “irratiko kazetariak zarete, elkarrekin goizeko albistegi nagusia egiten duzue, goizeko 5ak dira eta kafe makinaren aurrean zaudete lanean hasi aurretik”. Hauxe da osatu zuten elkarrizketa, Enbeita hasita:

 

Goizean goizez zabaldu eta

albistegiko ateak

munduan dira gauza on gutxi

gehienak disparateak

ez dakit diren inbidiaren

ondoriozko kalteak

baina amorrua ere ematen dit

Katalunia esateak.

 

Donostiako zinemaldiak

nahiz ta baduen osperik

ia hori ere ezin aipatu

ta nola ez egon tristerik

arrazoi duzu nahiz lehen geneukan

bestelako albisterik

azken astetan ez dugu aipatu

Katalunia besterik.

 

Gidoia egin da kafe makinan

gaude bikote formala

beste andra bat hil omen dute

zerrenda ez da normala

editoreen kontra goazen

oraingoan nola-hala

guk biok behintzat ez dugu esango

ustezko hilketa dala.

 

Nahiz eta hori esaten duten

hamaika egunkaritan

holako gaiak ere atera

zaizkigu mila alditan

ez dela ustezko esango dugu

eta gainera egitan

zerbaiterako esnatzen gera

goizeko hiru t´erditan.

 

Egia esan albistegian

badago berez zer aipa

eta hor goaz teletipoen

atzetik biok jarraika

baina lanpostuz aldatzeko edo

eskatu behar dut nahita

kirol tartean gure iritzia

ematea libre baita.

 

Kirol munduan iritziarena

gerta liteke arraro

horretarako nahiz ta baduzun

berez nahikoa deskaro

nahiz eta beti ibiltzen garen

futbol kontuen esklabo

lasai onintza aste honetan

ihardunaldirik ez dago!

 

Lanetan aurrera eginaz, 8ko nagusiko ariketak 8ko txikikoari eman zion paso. Ez zen agian saioa lehertarazten duten bertsoaldirik entzun, baina ezin esan Odei Barroso eta Miren Amurizak osatu zuten ofizioak txispak sorrarazi ez zituenik. Turismo gidaria zen urruñarra, eta atzerritar jubilatua berriztarra, aste guztian turismo gidariaren ondotik aldendu ez zena bere Euskal Herrian zeharreko bidaian. Barrosok zalantzati irekitako bidea irauliz, ofizioa goruntz eraman zuen Amurizak: 

 

Dexente ikasia

dut bidaietatik

denbora aurrera doa

tik-tak-tik, tik-tak-tik

ez duzu kobratuko

laguna badakit

beti nere ondoan

egoteagatik

 

Aizu nik daukat gura

aina libertate

ta ez, ez dut kobratzen

honegatik bape

ondoan ez banauzu

euki nahi jotake

zure gainean pozik

jarriko nitzake.

 

Serio dabil edo

egiten dit burla

holakorik ez nuen

aditu sekula

eta uste dut jakin

beharra duzula

hortarako adina

pasa zitzaizula.

 

Donostian gabiltza

zapatu arratsaldez

eta ni nabil zure

altzoaren galdez

lehenengo probatu

nere eginahalez

ta gero esan adina

pasa zaidan ala ez.

 

Nere eskuan daramat

banderin urdina

ta pasa zitzaizun bai

aspaldi adina

azkenaldian daukat

besotako mina

eramango al duzu

nere banderina

 

Aizu ez nazazu hartu

inuxente legez

gorputzak eskatzen dit

martxa berez berez

ta komunera noa

gozatzera nerez

amaitzen dudan arte

itxaron mesedez.

 

Kolore anitzeko mosaikoa Zallan

 

 

Bertsoak maisuki josi zituen Amurizak saio osoan zehar, eta hori gutxi balitz, ideia eta irudi ederrak ekartzen bete-betean asmatu zuen behin baino gehiagotan, 8ko txikiko lan honetan egin zuen moduan. Barrosok olatu horretan igota ederki jarraitu zuen kantukideak zehaztutako bideari.

Puntu erantzunei buruz asko esan eta idatzi da azken asteotan. Bertsolaria ezpata eta paretaren artean jarri ohi duen ariketaz ari gara, eta askoren aburuz zaila omen da bertsoaldi borobilak ateratzea txapelketaren testuinguruan, bertsolaria bestelako plazetan baino giro zurrunagoan ari delako kantuan. Zallan entzundako bertsoak ez ziren erabat antologikoak izan, ez dugu horrenbeste esango, baina ariketa honen joanean giroak behera egin zuenik ere ez. Horren adibide Oihane Pereak etxebizitzaren inguruko hariari jarraika osaturiko lana, bukaeran Gasteizko Errekaleor auzoko afera aipatuz, gainera.

 

Hamaika buruhauste

hipotekarekin

jendea ibiltzen da

ekin eta ekin

gero saldu nahi ta zer

egin berarekin

hobeto bizi naiz ni

alkiler batekin

 

Bankuekin borrokan

horrenbeste urte

ta gehio pasa behar

ditugu nik uste

etxe txiki bat edo

izatearen truke

gure arima ere

salduko genuke.

 

Okupazioa da

batzuen aukera

nik hori ikusi dut

Gasteizen ostera

eta argirik gabe

geratu arren bera

itxaropena dator

Errekaleorrera.

 

Kolore anitzeko mosaikoa Zallan

 

Txapelketa honetan bertsoaldi onentsuenak 10eko txikiko ariketan entzun ditugu ziur asko orain arte, ofiziotako atalari dagokionez bederen. Bertsoaldi bi hautatu ditugu Zallako saiotik, lehena bere borobiltasunagatik eta bertsolarietako batek irekitako ustegabeko bideagatik, bigarrena.

8 urteko haur baten gurasoak ziren Jone Uria eta Miren Amuriza; euren haurrak eurekin lo egiten jarraitzen zuen oraindik ere, eta Jonek gauzak aldatzeko garaia badela esan zion Mireni. Hona bi bizkaitarrek osaturiko lana, Amuriza hasita:

 

Umetxoak joan nahi du

a ze metafora

nigatik atzeratu

dezagun aproba

gustora eukitzen dut

ondoan ta hoba

lehenengo alde egingo du

ohetik kanpora

eta ohartzerako

etxetik joango da.

 

Gustora etortzen da

maiz gure artera

baina behar genuke

hemendik atera

horren goiz etzazula

bidali kalera

nahiz ta gustora zauden

zeure arabera

kontua ez zara zu

baizik eta bera

 

Kontu hontan sartuta

maitea gaude gu

ta zuri eman arren

hainbeste ernegu

nik umea nahi nuke

gurekin mantendu

zeren joaten bada

gu nola epeldu

ia ez nuke jakingo

zuri nondik heldu

 

Lehen ibiltzen ginen

gozo ta amoltsu

elkarri arinduaz

taupada ta pultsu

orain bota duzunak

ai ze beldur kutsu

lehenik heldu eskua

joan pausuz pausu

lasai ze berehala

oroituko duzu

 

Gustatu zait nola irten

zaren zu frotera

antza niretzat duzu

gogoa sobera

ados asumitzen dut

gure egoera

haurra bere ohera

joatea hobe da

ta ohitu arte joango naiz

neu bere ohera.

 

Hala izango zinake

beretzat pozoia

utzi dezagun hazten

gure etxeko joia

afaritan botako

diogu sermoia

nik neuk esango diot

bada ta sasoia

baina zuk emaidazu

gero arrazoia.

 

Eneko Abasolo “Abarkas”-ek eta Oihane Pereak denda bat zuten elkarrekin, bertako eta garaiko produktuak saltzen zituztelarik bertan. Oihanek bestelako produktuak ere saltzen hasteko proposamena luzatu zion Abarkasi. Abarkasek espero zen bidetik abiatu zuen bertsoaldia, baina Pereak beste bide bat aukeratu zuen, eta Abarkasi kosta egin zitzaion hari hori segitzea, bidean galdutako bertso bat, hain juxtu… Ofiziotan jarduteak gauza hauek ditu… Hona hemen bertsoaldia, Abarkas hasita.

 

Aspalditik zara zu

lankide laguna

erdibanatzen dugu

dendako jarduna

ona da jendearen

hemengo erantzuna

eta ez zait gustatu

zuk esan duzuna

hola galduko dugu

gure nortasuna.

 

Badakit zu zarela

antigualekoa

bertako produktua

dugu gogokoa

baina ezin begiratu

betiko golkoa

proposamen bat daukat

moda-modakoa

sex-shopa ipintzea

baina bertakoa!

 

Total aldatu guran

zabiltz baina kieto

udan hemen tomatez

ta letxugaz lepo

aritzen gara saltzen

gainera ederto

ona ta bertakoa

ez al da hobeto

kate komertzialeri

aurre egiteko.

 

Baditugu alberdinia

eta artaburu

fondoko zonak beste

kutsu bat hartu du

eta irudimena

dut nere helburu

fruituan zerbitzari

egongo gara gu

eta probaleku bat

jarri beharko dugu.

 

Bost metro koadratuko

dendatxo bat gara

ta guztia topera

bete dugu jada

zuk gaian aldaketa

mahaira atara

zure sexu gogoa

apaltzeko hara

etxez-etxe ibili

sex-shoper gisara!

 

Ez nauzu ipiniko

zuk horren gatibu

sexu gosea dago

Zalla da testigu

Etorriko zaizkigu

ez bat, bi ta ez hiru

eta aterako dugu

ene zenbat diru

Donostiko amonak

poztuko zaizkigu!

 

Kolore anitzeko mosaikoa Zallan

 

Komunerako joan-etorrien ostean, kartzelako ariketaren txanda heldu zen. Honela zioen gaiak: “jendea harri eta zur utziko lukeen argazkia atera berri duzu, zalantzan zaude gorde ala zabaldu”. Miren Amuriza, Jone Uria eta Odei Barrosoren lanak hautatu ditugu. Asko hitzegin zen saioaren amaieran Amurizak egindako lan ikaragarriaz, gizartean hain trinkotuta dauden marra gorri irudikari horiek birrindu nahiak bultzatuta. Biluztu eta bere buruari argazkia atera dion amonaren paperetik kantaturiko bertsoek eztarria korapilatu zioten Zallako publikoari.

 

Larogei eta bi urte

gorputz honetan nabari

ditudan arren nahi nuke

askatasunean ari

eta joan zan astean

gure etxeko bilobari

eskatu nion mobil bat

ekar zezala opari

neure gelara sartu naiz

agur esan munduari

ta ohe gainean utzi

ditut arropa ugari (bis)

ta argazki bat atera

diot neure buruari.

 

Nabaritzen da azala

nola aldatu zaidan aldez

nola dauzkadan bularrak

tinkotasunaren galdez

aluan ez dut ilerik

besapeetan bi trabes

ta izterretan barizek

xume hartzen dute babes

neure muga bat hautsi dut

erretratu hau eginez

ta gorputzari begira

liluratua naiz zinez (bis)

niretzat ederra bada

besteentzat zergatik ez?

 

Orain zalantzan jarri naiz

mobila eskuan dudala

bidali edo ez bidali

lotu ala ez uhala

tira erakuts dezadan

ez baita izan makala

nahiz ta gure familian

sortuko den arrakala

noz e noz hil egingo naiz

noski tokatzen da hala

ta ez dut nahi esan dezaten

nintzela andre legala (bis)

baizik oroitu nazaten

amona ausart bezala.

 

Jone Uriak Kataluniako egoera izan zuen hizpide, eta agian kutsu dramatikoegia eman zion arren bere lanari, hiru bertsoak goitik beherakoak direnik ezin uka:

 

Gertakaria izan denean

dena zen hain jendetsua

nik mobilari ez diot egin

argi dago mespretxua

nire eskutan dago bidali

edo ta gorde mezua

ez da ohikoa gaur Bartzelonan

gertatu zaigun kasua

egin nezake gordetzeko edo

bidaltzekoa pausua

aldiberean baita gordina

eta esanguratsua.

 

Une batean furgona bat da

arriskuaren bonbila

Rambletan lasai geunden ta sortu

da kristoren iskanbila

jendeak korri gora ta behera

ta mossoen borobila

argazki bat dut ikusten dena

odol eta kaos pila

alde batean hiru zauritu

garrasika neskatila

eta erdian lau-bost urteko

haur txiki-txiki bat hila.

 

Desagertuak dira kolpetik

normaltasun eta orden

hemen dena da erreakzioa

etsipen eta eromen

ta nik mobila ez dut ba hartu

akaso normala omen

nahiz bidaltzera jo behar nuen

ustez ahal nuen ondoen

ezabatzea erabaki dut

bi aldiz pentsatu ondoren

ez dago eta nire eskutan

nola erabiliko den.

 

Odei Barrosok ekialde hurbila izan zuen hizpide, eta ariketa honetan bai, benetako Odei Barroso ikusentzun genuela esan daiteke: bertsokera samurra eta goxoa duen Odei Barroso, baina bere bertsoak mezuz kargatzen dituena.

 

Joan nintzen Irakera

joan nintzen Sirira

nola aldatuko dut

nere perspektiba

nahiz buruari eman

makina bat bira

nahiago nuke irudi

hobeak balira

bostehun bat etorkin

hor ageri dira

itsasoan itota

hutsari begira

min ematen du baina

egia hori da.

 

Malko gaziek begi

ertzak herdoiltzean

gutti egin liteke

indarrak doitzean

berdina da gauean

berdina goizean

itsasoa zer da ba

bidea loitzean

europar hoiek hasi

bitez otoitzean

malko txiki batekin

begi bakoitzean

egiten duten hori

berriz oroitzean.

 

Iraken zenbat guda

borroka, gerrate,

Afganistanen ere

guzia da kalte

Siria bihurtu da

berunezko kate

Egipton ez zen jarri

aski borondate

ta europarrak dira

guzi horren parte

baina kontzientzitarik

daukate aparte

begien aitzinean

jartzen zaien arte.

 

Miren Amuriza izan zen punturik gehien bildu zuen bertsolaria (700.5) eta horrenbestez azaroaren 12an Durangon kantatzeko txartela lortu zuen. Poliki-poliki ari da forma hartzen saio horretako kartela ere, eta momentuz Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran eta Miren Amuriza ageri dira kartel horretan. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Gainerako bertsolariak zain egon bharko dute aukerarik duten ala ez jakiteko: Jone Uria (662), Odei Barroso (650), Onintza Enbeita (640.5), Eneko Abasolo “Abarkas” (615.5) eta Oihane Perea (591.5). Bi saio baino ez dira falta eta ezpatak aidean daude…

 

Kolore anitzeko mosaikoa Zallan
Kolore anitzeko mosaikoa Zallan