Urrian jokatuko da bigarren BERTSOKABI txapelketa Iruñerrian

2019-09-25

BERTSOKABI –

Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakitera emn duenez, txapelketa urriaren 3tik 24ra bitarean ospatuko da, eta bertsolariek bikoteka abestuko dute. 

2017an abiatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, eta “orduko arrakastak hauspotuta” bigarren edizioa antolatzea deliberatu dute. Lau saio izango dira: hiru kanporaketa eta finala, Iruñeko hainbat gune informaletan. 15 eta 30 urte bitarteko 18 bertsolari ariko dira kantuan, bikoteka.

Elkartearen arabera, “sariketak herrialdeko bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera ematea du xede, bai eta Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzea ere, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan. Gainera, Udako Euskal Unibertsitatearen, Nafar Ateneoaren, Eusko Ikaskuntzaren, Arturo Kanpion Euskaltegiaren, Karrikiri elkartearen eta Euskokultur Fundazioaren sustatzaile ere izan zen, beste egitasmo askoren artean”.

Terminal tabernan, Zabaldin eta Mendillorriko Antzara gunean jokatuko dira hiru kanporaketak, urriaren 3an, 10ean eta 17an hurrenez hurren. Hiru bikotek (sei bertsolarik) hartuko dute parte kanporaketa bakoitzean. Saioa irabazten duen bikotea zuzenean sailkatuko da urriaren 24an Herriko Tabernan izango den finalera. Hiru bikote izango dira bertan, nor baino nor. Ondorengoa izango da sariketaren egitura:

BERTSOKABI

Hemezortzi bertsolariez gain, beste lagun andana bilduko ditu sariketak egitasmoaren inguruan. Nafarroako gai-jartzaile taldea arituko da saioetarako gaiak prestatzen, eta gazte hainbat ere ariko da saioak aurkzten. Saioak epaitzeko arduran publikoak ere izango du zeresana, horretarako banatuko diren orrien bitartez.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Bardoak taldekako bertso ekimenarekin batera, bertsolari gazte eta hasiberrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Elkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Txandaka, bi sariketa nagusi izaten dira: Izeta Sariketa (Mariano Izetaren omenez, Elizondon), eta BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, orain bi urte hasitakoa, ordura arte Goizuetan egiten zen Xalto Sariketaren ordez.

Elkarteak garbi dauka: “Sariketak akuilu dira herrialdeko bertsolari gazteentzat, haien bertsogintzan sakontzeko eta publiko aurrean trebatzeko aukera ematen dieten neurian. Gerora Nafarroan plazarik plaza ibilitako bertsolari askok eman zituzten lehen urratsak gazteentzako bertso sariketetan”.

BERTSOKABI