Aira banindadi ainara bezala

2018-11-04

Aira banindadi ainara bezala –

Itxaro Borda, Argia aldizkarian, 2018ko maiatzaren 13an.


 

Aira banindadi ainara bezala

 

Lehen eguzki printzarekin udaberria datorrenean, Euskal Herriko zeruak txori txioez hantzen dira. Negu minean ere abesten dute ur zipo hormatuetan jauzika. Ehunka kantek euskaraz zoramen hori islatzen dute, zoramena eta aldi berean zorigaitza dena funtsean, txoriak anitzetan gure bizitzetan eskas sentitzen dugun libertatea irudikatzen duelako.Gaurko atala Josean Artzeren omenez bihoakigu…

Aira banindadi ainara bezala

Herri izaera politikoa ukatzen zaien eskualde frankoren pareko iruditegi mentala daukagu Euskal Herrian. Txoriak dira dolore hori ekartzen duen sinbologiaren ardatzak. Bistan dena minak kolektiboki eragiten duen bezainbat indibidualki ere jotzen du. Gure arbasoek libertate murritza zuten pertsona gisa: etxekoek eta auzoek larderia pean atxikitzen zituzten, apezek eta beranduago estatuen esku-makilek, bazen norbait zer, noiz, eta nola egin behar zuten azaltzeko eta hori, bizitzaren gunerik intimoenetatik haste.

Erran gabe doa euskal jendarteak, edo gizarteak kasu honetan, biziki eskatzen diola herritarrari. Onartzen ez dugun arren, konpetentzia etengabean gabiltza, zeinek irabazi, ni banauk eta hi bahaiz, hoberena, handiena, perfektuena izatea lehiatuz. Ideia argiak baditugu munduaz eta askotan iritzi orokorraren kontrakoak, eta horrek biolentoak izatera bultzatzen gaitu noiz behinka. Eguneroko zereginetan, pentsamenduetan, zaurietan, hainbeste ohoratzen ditugun txoriak gara, ahulak eta askatasun gehienaz gozatuko dugula ametsetan.

Sineste poetiko batek ere akuilatzen gaitu: ez ote zituen belatzak imitatuz moldatu aurreneko melodiak Zuberoako basa-ahaideen asmatzaileak? Atharratzeko Elsa Oliarj-Ines zinegilea eta Oihan bere anaia musikaria misterio hori zulatzen saiatzen dira Basahaideak dokumental berrian. Erraten da halaber txistuaren soinuak, Isturitzeko harpeko hezur zulatu hartatik haste, haizearen eta txoriaren xuxurlak gatibatzea zuela helburu. Gustatzen zaigu naturarekin uztartzen diren istorio ederrak ontzea.

Ohidurazko kanta arrakastatsuez gain, txoriak aipatzen dituzten XX. mendeko abestiak ere ezpain eta zintzur guztien balakatzaile bilakatu dira: Josean Artzeren eta Mikel Laboaren Txoria txori distiratsua, eta besteak beste, basa-ahaide batez bukatzen den Maddi Oihenarten ahotik isuririko Idek hura Peio Serbielle kartzelan zegoela zabaldu zuena. Ez dut ahantziko Ken Zazpi taldeak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin handioski plazaratu zuen Hegoak astindu hunkigarria. Presio soziala astuna denean zinez premiazkoa da txoriaren parpaila kuttun edukitzea bihotzaren barnean burn-out arriskutik urruntzearren!   

    Xoriñuak kaiolan
    Tristerik du kantatzen
    Duelarikan zer jan, zer edan
    Kanpoa du desiratzen
    Zeren, zeren
    Libertatia zoiñen eder den.

    
Horrela hasten da askatasuna eta gatibu egotea parez pare ematen dituen euskal kantarik hunkigarriena. Amaia Zubiriak grabatu zuen Pascal Gaignen musikarekin. Galdera hunkigarria egiten zigun: zer dugu hobe bizitza fisikoa ziurtatu ala gosea pasatu libre egonez? Askotan, dudak ditugu eta txorien maneran biak nahian, frustratuak eta malerus gabiltza, kanpoan hezur eta luma dagoen txoriaren inbidia eraginez.

    Hik, kanpoko xoria,
    So egiok kaiolari
    Ahala balin bahedi
    Hartarik begira hadi
    Zeren, zeren
    Libertatia zoiñen eder den.

    
Askatasuna hemen pertsonala da, intimoa, are gozoagoa maite dugunaren aldamenean hedatzen denean. Sabelaren hutsa jasangarriagoa liteke alabaina amodioaren berotasun goraipatuarekin, baina hau gabe, kaiola edo libertatea onartu ezinak direla diosku bertsolariak:

    Barda amets egin dut
    Maitia ikusirik
    Ikus eta ezin mintza
    Eztea pena handia
    eta ezin bestia?
    Desiratzen nuke hiltzia.

    
Zorigaitzaren ikurra da txoria, abeslariak bere xedeak betetzea lortzen ez duenean. Hala agertzen digu Xorittoa nora hoa olerkiaren egileak ere, azken kopletan maitasunari sekulakoz adio diolarik. San Josef ermita Larraineko mendietan datza eta Espainiara pasatzear dago txori migratzailea:
    
    San-Josefen ermita desertian gora da:
    Espainialat joaitian han da ene pausada.
    Gibelilat so egin eta hasperena ardüra.

    Hasperena habil hoa maitearen bortala.
    Habil eta erran izok nik igorten haidala!
    Bihotzian sar hakio hura eni bezala.

    
Ez dakigu gizona ala emaztea duen xorittoak irudikatzen. Kantariak, dena delakoan, toka hitz egiten dio hegaztiari. Funtsean ez du halako axolarik ere, partitzen denak eragiten duen minaz kontzientzia duelako eta gelditzen dena maitasunari uko egitera behartua delako:
    
    Amorio, amorio, nahi duenak har dio;
    Harekilan bizi denak plazer güti har diro:
    Nik aldiz erran diruat sekülakotz adio…

    Happy end askorik ez da euskal abestietan.
    
Euskal kantutegian txorietan aipatuena agian erresiñola da. Ahots karkarez eskaini eresi zenbaiten bizkarrezurra osatzen du hogei gramo baino gutxiago dituen hegaztiak. Txiolari trebea baserri guneetan ausarki barreiatua delako bizidunen adiskidea eta hauen penen biltzailea bihurtua da:

    Xori errexiñoleta ederki kantatzen
    Bazter guziak ditu xoratzen
    Bard’arratsian
    Sasi batian
    Biga baziren:
    Eder ziren
    Xarmant ziren,
    Manera oroz
    Eta elgarrez anitz agrados.

    
Bertso hauetako txoriak mutiko eta neskatxa (edo gizon eta emazte) ausartak dira, larrua jotzen dabiltzanak, munduaren begietatik urrun. Baina bada beti norbait zelatan: ehiztaria. Gorputzen pataskan ari diren arra eta emea aintzakotzat hartuz memoria kolektiboak ahanzten ez dituen koplak sortzen ditu berehala. Lekukoa ikustean, arrak burua altxatzen du eme biluzi eta izutuaren gerizatzeko. Umeaz gogoratzen dira:
    
    Eta orduan berean, nontsu zen emia,
    Sasi handian barna sartuia?
    Hor apaindurik
    Ta lumaturik
    Bere papoa
    Kukurusta
    Harroturik
    Jarri zenean
    Umez oroitu zen ber’ohantzian!

    
Txori erresiñola gurasoek preso atxikitzen eta beraiek hautatu gizon batekin ezkontzera bortxatzen duten neska gaztea ere izan daiteke, hala nola Txori Erresiñola eresi hunkigarrian:
    
    Txoria zaude ixilik ez egin kantürik,
    Txoria zaude ixilik ez egin kantürik
    Eztüzü probetxürik ni hola penatürik
        Ez eta plazerik
        Ni tunban sartürik…

    
Erresiñola gaixoaren moduan herio nahikunderaino desesperatzen doa xederan harrapatua geratu neskatxa. Nor den ez dakigun ahots batek sokak laxatzea eta Orhi bortuan zehar ihesi joatea proposatzen dio, salbamendua atzerrian bailitzan:
    
    Xoria zaude ixilik ez egin nigarrik,
    Zer profeitü dükezü hola aflijitürik?
    Nik eramen zütüt xedera laxatürik,
        Oriko bortütik
        Ororen gañetik.

Erdi Aro bukaerako Alos Dorreako beleak buru zokoan ditugu. Eta leihoetan dira oraindik kroa kroa kroa kroa. Ainara parrastak halaber. Nola ez? Papo gorriak berri emaile lanetan hurbildu zaizkigu Guk taldearen Herria zain 1985eko albumeko kantuan:
    
    Papo gorri xuri xori polit batek
    Goizean ekarri zautan berria
    Goizean libratu zela herria!
    …
    Langileak nausi dirade jarri libertatian
    Gure lana guri gure hazkurri
    Bihotz ederrian…

    
Euskalduna ez da ibiltzen ahal ortzian biribilketa sakonean miresten diren arranoak begietsi gabe. Nafarroako ezkutuan agertzen den hegaztiari abesti franko eskaini zaizkio, gaizki finitzen den amodiozko istorio hau adibide:
    
    Arranoak bortüetan gora dabiltza hegaletan:
    Ni ere beste ordüz andereki kanberetan,
    Orai aldiz ardüra nigarra dizüt begietan…

    
Bertsolariak, arranoaren metafora baliatu ondoan, emazte-gaiak abandonatzea bankarrot larritzat jotzen du. Jendea ez da zeruak urratzen dituen hegazkinaren ahaidea. Nehondik ez.

    Hanbat düzü aflijitürik, libertatia galdürik,
    Pena dolorez kargatürik, osagarriz gabetürik,
    Oro berak kausatürik, amoriuak traditürik…

    
Zerrenda luza genezake. Gure garunetan txertatuak dira txorien itxurak. Alor horretan handiek eta txikiek gustu berdinak ditugu. Haurrentzat hor dago Xoxoaren kanta jostakina, hatsa hartu gabe abesten dena, umeen esku potoloak bata bestearen kontra klaskaraziz:
    
    Xoxoak galdu du burua,
    Mokoa, lepoa, begia…
    Xoxoa…
    Nola kanta, nola txirula,
    Nola kanta xoxoak…

    

Miseria, beldur, tragedia guztien artetik, edozein adinetan, zoriontsu loak hartzeko bideak ziren abesti salmokatu hauek. Preziatuak eta biharamun sotilen berme-harri.

Aira banindadi ainara bezala
Aira banindadi ainara bezala
Aira banindadi ainara bezala
Aira banindadi ainara bezala
Aira banindadi ainara bezala
Aira banindadi ainara bezala
Aira banindadi ainara bezala
Aira banindadi ainara bezala