Inaxi Etxaberi elkarrizketa (2015)

 

Inaxi Etxaberi elkarrizketa –

Gorka Erostabek Berria egunkariarentzat egindako elkarrizketa.

…………………………………………………………………………………………….

IÑAXI ETXABE: “MAIALENEK TXAPELA IRABAZI ZUENEAN SALTO EGIN NUEN ETXEAN”

 

Inaxi Etxaberi elkarrizketa

 

Etxeko txoko askotan ditu barreiatuak berak sortu eta idatzitako bertsoak Iñaxi Etxabek (Oikia, Zumaia, Gipuzkoa, 1933). Maitasun berezia die 10 eta 14 urteko bi bilobei jarritakoei. «Haiek amonari oraindik ez diote bertsorik eskaini, baina bat ari omen da dagoeneko…». Zarautzen bizi da, eta ikusteko moduan jarriak ditu bertso horiek etxeko egongelan. Orain arteko azkenengo bertsoak udan jarri eta kantatu omen zituen. «Nesken pala txapelketa jokatu zen Zarauzko Frontoi Txikin, eta irabazleei kantatzeko eskatu zidaten. Aiarrak izan ziren irabazleak, eta gustura kantatu nien». Bizitzan idatzitako bertso guztiak gordeta dauzka. «Neronek eskuz idatzi izan ditut lehenik. Ondoren, Dionisio Arruti fraide lagunak idazmakinaz txukundu zizkidan guztiak». 1955ean idatzi zituen aurrenekoak, eta harrez geroztik ez da geratu langintza horretan. Egunero bezala, goiz jaiki, «enkarguak egin eta bazkaria prestatu» du solasaldiari ekin aurretik. Urduritasun pixka bat omen du larunbateko finalerako, baina baita «ilusio handia» ere. Saioa 17:00etan hasiko bada ere, Etxabe «lasai» joango da, 19:00 alderako.

Zer sentitu zenuen txapela jartzeko zugan pentsatu zutela esan zizutenean?

Ba, harridura! Ni beti harrituta geratzen naiz halako deiekin; «nirekin nola akordatzen zarete, egongo dira ba ni baino inportanteagoak?», esan nien. Saroi Jauregik [Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria] deitu zidan, eta esan zidan: «Ez, garai hartakorik ez!».

Zer sentituko duzu oholtzara igotzean?

Bi gauza sentituko dira: poza eta urduritasun pixka bat ere bai. Jende asko egongo da eta… Hainbeste jenderen aurrean ez dut sekula kantatu, baina jende askoren aurrean bai.

Zerbait kantatuko duzu, ezta?

Bai, bertso bat bai. Pentsatuta eramango dut, beti bezala.

Bat-bateko bertsolari ez zarela izan esan izan duzu beti.

Bai, hala da. Horrek beldurra eman izan dit beti. Inork ez dit ezer erakutsi, ez didate horretan lagundu. Ni bakarrik aritu izan naiz bertsoak ikasten eta horrela… Zaletasuna ikaragarria izan baitut. Oso gaztea nintzela hasi nintzen bertsopaperak jaso eta ikasten, anaiak eta aitak ekartzen zizkidaten erromerietatik eta ferietatik. Haiek patrikan sartu, mendira joan behiak zaintzera, eta buruz ikasitakoa kantatzen nuen. Alde guztietan kantatzen nuen, beti izan naiz oso kantaria.

Baina zuk zeuk ere idatzi izan dituzu.

Bai, edozein lekutan nenbilela ateratzen nituen, Arantzazun sariketa bat irabazi nuen 1956an. Bostehun pezetako saria bazen zerbait. Bertso haiek soroan baina biltzen nenbilela atera nituen. Arantzazura gogo-jardunetara joaten ginen, eta han bertso asko jarritakoa naiz, baita bertako aldizkarian argitaratuak ere. Arantzazuko kondaira ere egin nuen bertsotan; 70 bertso dira.

Bat-batekoa, berriz, gizonezkoen mundua zen erabat.

Bai, eta nik ez nuen haiekin kantatzen, tabernan-eta ez nuen kantatzerik, bestela segituan jarriko zidaten fama txarra! Ni beti ibili naiz eliz giroan kantuan. Buruan bertsoak hartzen ona nintzen, eta jartzen ere txukuna, baina bat-batekoa… Pena handirik ere ez dut tabernatan ez ibili izanarena. Nik neurea egin dut.

Saioak ikustea asko gustatzen zitzaizun?

Bai, izugarri. Oikian hasi nintzen, erromerietan eta. 23 urtekin Zarautzera neskame etorri nintzen. Zarautzen jaialdiak izaten ziren, Zinema frontoian, eta jaietan eta ospakizunetan eta…

Zein zenuen gustuko bertsolaria?

Bada… Basarri garai hartan. Batzuek esaten zidaten Uztapide hobea zela, naturalagoa zela, baina niri Basarri gustatu, kantatzeko moduagatik, luze kantatzen baitzuen.

Basarri gustukoen, baita harekin 1955ean bertso ika-mika bat izanagatik ere.

Bai, merezi zuelako jarri nizkion bertso haiek. Aitonaren malkoak izeneko bertso sorta idatzi zuen [Anaitasuna aldizkarian argitaratu ziren], eta, besteak beste, emakumeek gaizki egiten zutena kontatzen zuen. «…ekaitz gaiztoek soroak galtzen dituzten bezela/ sinista zazu emakumeek galdu behar gaituztela», edota beste hau: «…musu eta azal eta gainontzeko margo ta hautsez beteak/ apaindurik eta lujoz aberats eta mahaian arloteak» [buruz gogoratu ditu arrazoiok]. Horrelako sei bertso ziren, eta neuk neurekiko: «Nik ez zioat ba bakean lagako!». Eta bertsoak jarri nizkion.

Zein harreman izan zenuen gero Basarrirekin?

Berdin-berdina.Aurretik ere ez genuen behin ere hitz egiten, «aio» eta «aio» bakarrik. Ni ez nintzen atrebitzen beragana joaten, eta bera ez zen etortzen. Eta gerora ere halatsu. Baina badakit nigandik gauza onak esaten zituela, baita eman nion erantzun horrekikoak ere.

Emakume kontzientziatik egindako bertsoak izan ziren haiek, garai zailetan. Egun emakume gehiago dabil plazatan.

Egun asko dabil; izugarria da, eta izugarrizko poza sentitzen dut. Maialeni [Lujanbio] ere esan nion behin neska koskorra zela, euskal festa batean etorri zen hona, eta kalean ikusi nuen: «Maialen, segi aurrera, e, segi aurrera!», animoak eman nizkion. Txapela irabazi zuenean salto egin nuen etxean.

Orain zein dituzu gustukoak?

Peñagarikano [Angel Mari] ez da orain oraingoa ere, baina oso ona izan da, eta Lizaso aita-semeak ere bai. Oraingoez hainbeste ez dakit, baina asko daude…

Bakarren bati gusturago jarriko al zenioke txapela?

Ez nuke bat nabarmendu nahi. Zarauztarrik ez da sartu, baina Alaia Martin, adibidez, oso ondo ari da. Azkenengo saioko bertso batzuk entzun nizkion telebistaz, eta izugarri gustatu zitzaidan. Aukera badauka, baina asko daude onak. Unai Agirre ere asko gustatzen zait, oso braboa da.

 Inaxi Etxaberi elkarrizketa