Jon Azpillaga (bilduma)

jon azpillaga

Jon Azpillaga bertsolariak utzi gintuen pasa den otsailaren 2an. Bere heriotzaren berri ematen duten hainbat sarrera bildu ditugu. Egunean bertan egin bezala, doakie aldizkari honetatik besarkadarik handiena Azpillagaren etxekoei, baita bere gertukoei ere. 

Gugan bego.

 

…………………………………………………………….

Berria

jon azpillaga
Azpillaga, 2012ko Bertso Egunean. Andoni Canellada / Argazki Press

Bertsoa.eus atariak eman du Azpillagaren heriotzaren berri. Pasaian (Gipuzkoa) jaio zen, eta urte eta erdi zituela Berriatura (Bizkaia) joan zen bizitzera —bere aita gudaria zen, eta gerran hil ostean egin zuen amak harako bidea—. Ondarroan egin zuen batik bat bizimodua gaztaroan, eta 1960az geroztik Mutrikun (Gipuzkoa) bizi zen, hara ezkondu baitzen.

Txikitatik zuen bertsoaren arra zainetan. Bere osaba bat oso bertsozalea zen, eta hainbat bertso ikasi zituen buruz Azpillagak. 14 urterako hasi zen berak sortutako koplak kantatzen. Urteko garai inguru honetan hasi zen gainera kantuan, santa eskean ezagutzen baitzizkio aurrenekotako koplak. Ez zen isilik egotekoa, eta polizia atzetik izan arren, Frankismoko zentsuraren gainetik, hara eta hona ibili zen, besteak beste, Jon Lopategi lagun hartuta.

Txapelketetan ere aritu zen Azpillaga. 1961ean, Bizkaiko txapeldun izan zen, eta txapelketa nagusietan lau aldiz heldu zen finalera: 1960an, 1962an, 1980an eta 1982an.

……………………………………………………………………………………………………………………………………

Bertsoa

jon azpillagaBertsolaritzaren ikur bat hil da: Jon Azpillaga. Pasaian jaio arren urte t`erdirekin Berriatuara joan zen bizitzera, eta 1960an Mutrikura ezkondu zenetik bertan bizi izan da.

Frankismo garaian plazaz plaza

Hamalau urterako hasi zen koplari santa eskean. Dena den, Frankismo garai beltzenean egin zen Euskal Herrian ezagun. Zentsuraren gainetik, plazaz plaza ibilbide ederra osatu zuen, besteak beste, Jon Lopategi lagun hartuta. Garaiko iluntasunaren gainetik, gai politikoez ere aritu ziren kantuan eta, ordainetan, debekuak eta kuarteletako egonaldi batzuk ere ezagutu zituzten.

Txapelketetan bide oparoa

Txapelketetan ere nabarmendu zen Jon Azpillaga. 1961ean Bizkaiko Bertsolari Txapelketan txapeldun atera zen.

Txapelketa Nagusietan lau aldiz iritsi zen finalera: 1960an, 1962an, 1980an eta 1982an.

………………………………………………………………………………………………………………………………………..

jon azpillagaEuskadi Irratia

Jon Azpillaga bertsolari ezaguna hil da 81 urterekin. Xabier Sukia lankidearen eta Iñaki Murua Bertsozale elkarteko lehendakariaren laguntzaz gogoratu dugu ‘Faktoria‘n.

Jon Azpillagaren izena bertsolaritzaren historian geratuko da betirako. ‘Herri bertsolari peto petoa’, horrela izendatu du Iñaki Murua Bertsozale elkarteko lehendakariak. Jon Lopategirekin frankismo garaian egindako ibilia, bertso munduko hasierak eta bere bertsokera aztertu ditugu ‘Hitza Jolas‘ saioko Xabier Sukia lankidearen eta Iñaki Muruaren laguntzaz.

 

…………………………………………………………………………………………………………………………………

Argia

Jon AzpillagaJon Azpillaga hil da, zentsuraren urteetako bertsolari ikurra

Frankismo garaian ezagun egin zen, Jon Lopategirekin batera Euskal Herri osoan plazaz plaza ibilita. Bizkaiko Bertsolari Txapeldun izan zen 1961ean eta Euskal Herriko finalera lautan iritsi zen.

Bertsoa.eus-ek eman du Jon Azpillaga (Pasaia, 1935. Mutriku, 2017) bertsolariaren heriotzaren berri. Pasaian jaioa, gerra urteetan Berriatuara aldatu zen bizitzera familiarekin, urte eta erdi baino ez zuela. 1960tik aurrera Mutrikun bizi izan zen.

Gazterik hasi zen koplatan santa eskean, lehen aldiz bertsotan Amoroton egin zuen ordea, hamalau urte baino ez zituela. Jon Lopategi bertsolariarekin batera aritu zen gero, Frankismo garai beltzean, plazarik plaza. Bertsoa.eus-ek azaldu duen moduan, politikaz jardutea ere tokatu zitzaion askotan eta debekua, zentsura eta “kuarteleko egonaldi batzuk” ezagutu zituen ondorioz. Errepresioari izkin egiten jakin zuen ordea bikoteak, askotan ezizenak erabiliz.

Azpillaga bertsolari txapelketetan ere buru-belarri aritu izan zen, 1961eko Bizkaiko Bertsolari Txapeldun izan zen eta Euskal Herriko finalera iritsi zen 1960, 1962, 1980 eta 1982an.

ARGIA bertso sorta sentikor bat utzi zuen iaz, zendu berri zen Roman Okelarri dedikatua: Okelarri agurra.

……………………………………………………………………………………………………………………………………………………

Diario Vasco

Jon Azpillaga, bertsolari eta plazagizon

Ostiral honetan egingo diote azken agurra Mutrikun 81 urterekin hil den bertsolariari

Rufino Iraola

Berrogeita hamazazpi urte dira aurten, beteta edo betetzeke, Jon Azpillaga bertsolaria ezagutu nuela, argazkitan, prentsa eta bertsotan; pertsonalki ezagutu nuenerako beste hiruzpalau urte gehiago igaro ziren. Oker ez banago, San Luis Gonzagakoaren ospakizun-festan. Dena den, ez da erraza zehaztea zein ospakizun zela medio etorri izan zen gurera, hainbat aldiz etorri baitzen! Berak esan zuenez, urte berean sei aldiz etorria dago. Gehienetan Jon Lopategi izan ohi zuen kantu-lagun. ‘Bizkaitarrak’ deiturarekin ibili ziren denbora askoan. Horrez gain, Azpillaga ‘Okelar’ lagun zuela ere etorri zen behin edo beste gure herrira eta Patxi Iraolarekin ere dezentetan kantatu zuen. Izenburuan esan dugun bezala, bertsolaria zen, bertsotan etenik gabe jarduteko gupidarik gabekoa, eta plazagizona, zenbat eta jende gehiago egon aurrean orduan eta errazago kantatzen zuena.

Jon Azpillaga
1987ko argazkian, Jesus Alberdi ‘Egileor’, Joxe Agirre ‘Oranda’, Jon Azpillaga, Imanol Murua orduko diputatu nagusia eta Azpillagaren emaztea, Maritxu Arrizabala. / POSTIGO

 

Nongoa da Azpillaga? Berari utziko diogu esan dezan. Hau esaten du bertso batean: «Mutrikuarra naiz esan behar Mutrikun bizi naiz eta». Hurrengo bertsoan, berriz, beste hau dio: «San Pedrokua daukat karneta, San Pedron jaio nintzan da». Baina bere biografiaren oinarrizko datu inportanteenak bertso honetan ematen ditu. Datu biografikoak eta pentsaera, dena laburbiltzen du:

Pasai San Pedron jaio nintzen ni 

hogeita hamabostian;

aita gerrara eraman zuten

irabazteko ustian,

gero umezurtz bizi izan naiz

neure bizitza guztian…

Euskal Herria salbatzen bada

konforme honenbestian!

Beraz, beti, inolako salbuespenik gabe, bizkaitartzat jo badugu ere, jaio behintzat Gipuzkoan jaio zen, eta bizi ere urte askoan bizi izan da Gipuzkoan; konkretuki, Mutrikun. Ordea erroak eman eta gizondu Berriatuan. Horra, bada, Jon Azpillaga Urrutiaren jatorri hirukoitza. Apur bat zehazte aldera, oraindik zerbait gehiago erants dezakegu. 1935eko azaroan, ‘gerraren bezperan’, jaio zen Jon. Gurasoak bizkaitarrak zituen: aita ondarrutarra eta ama Berriatukoa. Pasaiako portuan egiten zuen lan aitak; hortaz, argi dago zergatik jaio zen Pasaian. Baina hamasei hilabete zituela, aita, Itsasalde batailoiko gudaria, gerrara joan zenean, ama-semeak Berriatura itzuli ziren. Gero, tamalez, aita hil egin zen, emaztea bi semerekin utzita: bata besoan eta bestea sabelean; aita hil eta handik hiru hilabetera jaio zen Jon Azpillagaren anaia.

 

Bertsolariak gauza asko behar ditu, eta Azpillagak berekin izan ditu horietako asko, baina izan duen ahots bikainak ez dio gutxien lagundu Jon bertsolaria eta plazagizonari. Ez dezagun ahaztu Ondarruko orfeoiko tenorea izan zela urtebetez.

Gazterik hasi zen bertsotan. Gogoratu 1960an, Basarrik irabazi zuenean, hirugarren egin zuela Azpillagak, 25 urterekin. Geroztik ere final askotan hartu du parte, emaitza apalxeagoak izan baditu ere. Baina herri bertsolari peto-petoa izan da Azpillaga, lagunartekoa eta noranahira joanda ere beti atsegina eta umorekoa. Hamalau urterako hasi zen Santa Ageda eskean, eta Amoroton kantatu zuen lehenengo aldiz, Mugartegi lagun zuela. Bizkaiko txapeldun atera zen 1961ean eta 1959, 1960 eta 1962an, berriz, txapeldunorde.

Umea zela, Basarri eta Uztapide ikusi eta entzungo ditu Berriatuko plazan, eta gustatu! Horrez gain, buruz bertsoak ikasten ere aparta izan behar zuen: Otaño, Xenpelar eta abarrenak.

Abertzale-ikuspegia beti presente eduki izan du bertsotan. Frankismo garaiko tandem famatua osatu zuten berak eta Lopategik. Trantsizio aurreko urteak. 1970etik 1980ra bitartekoak hartuko lituzke, gutxi gorabehera, bi bertsolarion jardun-modu berezi horrek. Urte asko eman ditu Azpillagak 150 plazatik gora eginez. Bada zerbait! Kantatzea debekatuta ere egon ziren Lopategi eta biak.

Ez da bertso konplikatua Azpillagarena, baina bai segurua eta lagunari bidea irekitzen diona. «Hasi, Azpillaga» esaldia esamolde bihurtu bada, horrek badu bere arrazoia. Saioari gehienetan berak ematen zion hasiera. Maritxu Arrizabalarekin ezkondu eta seme-alaba biren guraso da. Ezkonduz geroztik Mutrikun bizi da.

Politika esan dugu, baina bazituen bestelakoak. Hona mostra bat. Arregi du oraingoan bertso-lagun edo etsai. «Azpillaga erlea da, Arregi, aldiz, lorea» Azpillagaren bertso bat gogoratuko dugu:

Lora politez horni ditezke

leihoa eta jardina,

badira hainbat arrosa mota,

lirio ta krabelina;

nik zuregandik ateratzen det

ezti goxo eta fina,

gero gizonak harrapatzen dit

nik kostatuta egina.

Bazuen bertute aparta lagunak egiteko, eta, behin lagun eginez gero, zaila zen lagun izaten ez jarraitzea. Horixe gogoratzen digu Segurako Insaustiren bertso honek, Donostian kantatua Azpillagaren omenaldi egunean:

Azpillaga ezagutu

nuan zorionez,

berarekin soldadu

Burgosen egonez;

gutxitan alkartu naiz

inun lagun hobez,

bertsolari aparta

ahotsik gozonez

ta jotarrenan pare

jotzen det gizonez.

‘Herri otoitza’ deituriko hau ere Azpillagarena dugu. Honexekin amaituko dugu:

Jainko haundia entzun egizu

bertsoaren erregua,

langileari lana emaiozu

ta lantoki segurua;

gerralariei emaiezue

armak uzteko gogua,

gaixo danari itxaropena

ta hiltzen danari zerua.

………………………………………………………………………………………………………………………………………

Deia

 

DONOSTIA – Jon Azpillaga bertsolaria herenegun hil zen, 81 urte zituela, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez. 1935. urtean jaio zen Pasai San Pedron, baina urte eta erdirekin Berriatua Bizkaiko herrira joan zen bizitzera. Bertan bi hamarkada eman zituen baserritar gisa eta oso gaztea zela egin zituen lehen koplak. Urte bat Ondarroan pasa ondoren -hango orfeoian kantatu zuen tenore gisa- 1960an Mutrikun ezkondu eta geratu zen.

Bertsozalek gogoratu duenez, “bertso munduari asko emandako pertsona izan da Jon”. Lehen plaza Amoroton egin zuen, 1950eko uztailaren 4an, Jon Mugartegi lagun zuela. Frankismoaren garaietan makina bat plaza egin zituen zentsurari eta mehatxuei aurre eginez, besteak beste, Jon Lopategirekin batera. Diktadurako azken urteetan indartu zen bertsogintza politiko-sozialaren esparruan nabarmendu zen Azpillaga, eta plazetan erakutsitako konpromisoak zenbait arazo ekarri zizkion. “Poliziengandik ihesi ibili ginen. Debekatuta ere egon ginen Lopategi eta biok, baina beste izen batzuk jarri eta aurrera jarraitzen genuen. Isunak ere pagatu behar izaten genituen”, gogoratu zuen Euskonews Gaztea webguneak kaleratutako elkarrizketan.

 

Halaber, bide oparoa egin zuen txapelketetan. 1960an, 1962an, 1980an eta 1982an Txapelketa Nagusietan finalista izan zen. Gainera, 1961ean Bizkaiko Bertsolari Txapelketan gailendu zen.

Xabier Amurizak nabarmendu izan duenez, esanetan konplikaziorik gabeko bertsolaria zen Jon Azpillaga, teknika modu naturalean baliatzen zuena eta sorkuntza erraz eta garbi egiten zuena. Batez ere, gai-librean nabarmentzen zen eta gainerakoei lasaitasuna eta konfiantza eskainiz egin zuen bidea.

Azken agurra atzo eman zioten Mutrikun.- DEIA

…………………………………………………………………………………………………………………………………………………