Jon Lopategi oroimenean

2019-02-13

Jon Lopategi oroimenean –

Adolfo Arejita Deia egunkarian.


Jon Lopategi Lauzirikaren heriotzaren berri izan dugu, Muxikako semea eta Arietzako bertso-eskolako landare fruitutsua. Bertsoari eta euskarari dautsala bere bizialdirik gehiena eman duen gizona, eta lan guzti horren merituz Euskaltzaindiak 2014an ohorezko euskaltzain izendatua.

Jon Lopategi oroimeneanBertsotan ezagutu nuen 60.eko hamarkadan Olabarriko (Errigoiti) jaietan, Iturri bertsolariarekin batera, Bizkaiko gobernadore zibilak lurraldean bertsotan plazan egitea zorrotz galarazi baino lehen. Eta azkenengoz berarekin egon, iazko abuztuan, Oscar Elgezabal txirrindulariaren hileta-egunean, Arietzako txokoan.

Hileta ostean, plazan agurtu nuenean, ez ninduen ezagutu, harik eta izen-deiturak entzun arte. Oroimena apur bat ahuldua zuen, oraintsuko kontuena behintzat, baina memoria zaharra bizi-bizi zuela erakutsi zigun. Lagunarte ederrean geundela, ondo baino hobeto gogoratzen zituen eskolan zebilela zelan fraideak agertu ziren bokazio bila –ume-lapurretan, herritarren orduko esanean- eta halaxe eroan ei zuten 12 urterekin Gipuzkoako Elduainen zegoen sakramentinoen seminariora.

Bertsolaritza maite dugunok estimatu eduki dugu Lopategi, eta bertsolaritzari, batez ere premiatsuen zegoen Bizkai alde honetan hamarkada luzeetan egin dion mesedea, 60.eko aldi lehor hartatik hasi eta mende burura arte gutxi goiti-beheiti, sekulakoa izan dela aitor dezaket.

Sakramentinoetara ikasten joate hori Lopategiren euskaltzaletasunaren mesede handitan izan zen. Aita Martinikorena Errazkingo semearen eskutik jaso zuen Otxolua idazlearen Bertolda eta Bertoldin euskarazko liburua. Kolegio horretan zuzendu eta irakurri zuen Manuel Lekuonaren Literatura oral euskérica liburu bikaina, gerra aurretxokoa. Eta Orixeren Euskaldunak poema-liburukotea. Tolosatik Billarora (Areatza) joan zen, filosofia eta teologiako ikasketak egitera. Beste erlijio-ordenetako euskarazko aldizkariak irakurriz uztartuko ditu euskara eta jakintza, filosofia-teologiak, batez ere: BidezLaiaketanGogozYakin… Harreman berezia estutuko du Xarbador Garmendia ikaskide eta euskaltzain urgazlearekin. Etxean eta auzoan ondo eta sendo sustraitua zuen euskara, herriko berbeta, sakramentinoen artean landu zuen, berez ere ikasle argia eta irakurzale amorratua izaki. Bertso-idazten ere han trebatu zen, urtero egiten ziren sariketetan lehenengo saria ateratzen zuela.

BERTSO-TRADIZIOA

Jon Lopategi oroimeneanOrduko ikasiak baliamentu handia emango zion gerora, bertsotan hasteko eta plazan kantatzeko. Muxikako Areatzan bertso-tradizioa bazen bera fraileetatik herriratu zenerako, eta bertso-giro epela ere bai, gudu aurrean Kepa Enbeita Urretxindorrak aidatua eta gerraoste latz-gordinean Balentin haren semeak biziberritua. Deunoro Sarduirekin batera bota zituen jendaurrean plazan bertso-hasikinak. Aurrerago, Iturri bertsolariagaz bikote eginik egin zituen Gernikalde, Mungialde eta Uribekosta aldeko hainbat herritan saioak.

1959an ezagutu zuen Jon Azpillaga, gerora urte luzeetan, Bizkai-Gipuzkoetan batez ere, bertsolari-lagun nagusi izango zuena. Jon Azpillaga planta ederreko eta ahots hobeagoko Berriatuko bertsolariagazko bertso-ibilerak 1962tik aurrerakoak dira, eta hurrengo 25 urteetan eten barik jarraitu izan zutenak. Urte horretan hain justu parte hartu zuten biok Donostiako Astorian ospatu zen Euskal Herriko bertso txapelketan;hor hasi zen Jon Lopategiren bertso proiekzioa hedatzen, batez ere Gipuzkoara.

Bizkaian bertso-plazak giltzean itxita zeuden 70.eko urteetan ezagutu nuen hurragotik Lopategiren bertsotarako dohaina, Bizkaian baino beharbada gehiago Gipuzkoan.

Hesia lasaitzen hasi zenean, Xabier Amuriza kartzelatik irten berri, ospatu zen Gernikako Jai-Alai pilotalekuan saio ezin ederrago bat, euskal bertsolari hautuenetarikoak han zirela eta Lopategi ere barru zela. Handik aurrera, lehen bikote zena hirukote bihurtu zen, beste bertsolari batzuekin batera kantatuz. Saio askotan batera agertu izan ziren Amuriza, Azpillaga eta Lopategi, gai-jartzaile Abel Muniategi zutela. Aldi luzean, belaunaldi berriak txanda hartu arte, Euskal Herri osoan plazarik gehien antzean egiten zituzten bertsolariak izan ziren.

Bertsoak kantatzeko bozik onenaren jabe ez da izan Jon Lopategi, baina boz sendo lodiak irmotasuna ematen zion haren bertsoari, eta bertsorik trinko mamitsuenak ondoen antzean botatzen jakin duen bertsolaria izan dela (neure gustorako) ziurta nezake: bertsoaren hasieratik amaierara mezu betea, azala apainduriaz edertzen denborarik eman barik. Mutiko eta gaztetxotan ikasten erakutsi zuen argitasun bera izan du bertsoak kantatzeko orduan ere: bertsolari argia, gaiaren astuntasuna erakusten zekiena, entzulea gustora uztekoa.

Xabier Amurizarekin batera bertsolaritzaren berrikuntzan eragile bizkorra urte batzuetan, hainbat saio berezi atondu eta kantatu zituzten herriz herri, lekuan lekuko gai, arazo eta berezitasunak aipatzen zituztela. Nobedadezko bertsogintza era berrikoa. Urte gogoangarriak.

Bertso irakaskuntza dugu ahantz ezineko beste alderdi bat. Aldi batetik aurrera, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin adosturiko programa baten babesaz, Bizkaiko hainbat ikastola eta ikastetxetan ibili zen Lopategi bertsotan irakasten. Lehenagoko aldietan pentsu-saltzen ibili izan bazen, bertso-irakaskuntza bihurtuko du gerora bere jarduera eta lanbide. Ordutik, bertsotan gailendu diren gazte bertsolari taldetxo baten atzean dago Jon Lopategiren eskola eta maisu-lana.

1989an Euskal Herri mailako bertso txapeldun izana, eta lehenagoko, 1982an eta 1986an, txapeldunorde izana dira euskal gizartean hots eta ospea eman dioten froga agerienak, nahiz eta ez zen bera txapelketen zaleegia. Behin baino sarriago entzun genion nerbioak hartuta egoten zela horrelako trantzeetan. Entzuleak behetik bertsolari lasaiaren traza hartu arren, esku biak atzean gurutzatuta zituela, hatz batetik bestera salto eginez puntuak neurtzen ekiten zion, urduri eta artega barrutik.

Demokraziaren etorreratik aurrerako urteetan herririk herri egin izan dituen saio ugarietan entzuleen gogo-bihotzetan iltzaturik utzi du euskalduntasuna eta abertzaletasuna, eta gaur adin batetik gorakoak garen askok ondo gogoan dugu Baltzaren bertsoketa trinkoa eta bera-betekoa.

Luis Baraiazarraren eskribau-lumari esker eduki dugu beronen biografia modukoa idatziz izateko zoria: Jon Lopategi, bertsozko mezularia(2000), liburu bikaina eta argitaraldi dotorea. Hala eta guzti, Jon Lopategi berari behin baino sarriago esan izan nion, bere buruz, bere lumaz idatzi behar zukeela bere biografiaz eta bertsogintzaz gehiago. Horren penatan egon naiz luzaroan, harik eta ezina nagusitu den arte.

Bizkaiko eta Euskal Herriko bertsolaritzaren izar argitsuenetako bat joan zaigu beronen heriotzarekin, baina haren gerizak, argiak eta gomutak geure baitan iraungo du.

Jon Lopategi oroimenean
Jon Lopategi oroimenean
Jon Lopategi oroimenean
Jon Lopategi oroimenean
Jon Lopategi oroimenean