Jon Mugartegi bertsolari berriatuarra hil da

2018-01-23

Jon Mugartegi bertsolari berriatuarra hil da –

Lea-Artibaiko Hitzak Jon Mugartegi bertsolariaren heriotza dela eta egindako sarrera.


Jon Mugartegi bertsolari berriatuarra hil da

Arg: Bertsoa.eus

84 urte zituela hil da Jon Mugartegi bertsolari berriatuarra; 1933an jaio zen. Bizkaiko Bertsozale elkarteak sare sozialen bidez agertu duenez, berriatuarrak “asko eman dio bertso munduari”.

Bertsozale elkarteak jakitera eman duenez, Mugartegi 1949an hasi zen bertsotan, Amoroton. 1960ko, 1965eko, 1967ko, 1980ko, 1982ko eta 1986ko Txapelketa Nagusietan kantatu zuen, eta Bizkaiko Txapelketako finalista ere izan zen. Horrez gain, bat-bateko sariketetan Loiola Irratiko saria eskuratu zuen 1962an eta 1964an.

1982ko Donostiako Bertsolari Egunean omenaldia egin zioten (1982-01-17); atzo 35 urte bete ziren. 2000. urtean ere beste omenaldi bat egin zioten Amoroton. Horretan Jon Azpillagagaz batera omendu zuten.

Baina bertsolari izateaz gain oso maitatua ere bazen bere herrian. Bertso munduan bere garaian erreferente ez ezik herriko bertsogintzan eta bereziki kantagintzan ere nabarmena zen bere isla. Adin ezberdintako herritarrek gogoratzen dute Mugartegi, besteak beste, santa eskeko oinarrietako bat bezala: «parte aktiboetako bat zen». Berriatuan santa eskeak beti eduki izan du garrantzi berezia eta hori Mugartegi bezalako herritarrengatik da hein handi batean.

Igarotzen zen leku guztietan arrastoa lagatzen zuen herritar horietakoa zen, Berriatuatik hasita, Bizkai osoko lurretatik igaro eta bere bertsogintza Euskal Herrian barrena plazaz-plaza zabaldu zuena. Bertsokera landuazen bere ezaugarri handienetakoa, horrela erakusten baitzuen hobekien bere izaera.

 

BIDEOA (2013ko Berriatuko Santa Eskean parte hartu zutenak, Mugartegiri egindako bisitan):


Mugartegiren beste bertso bat, 1967koa

Jon Mugartegi bertsolari berriatuarra hil da