Oihane Perea, Arabako Bertsolari Txapelketako garailea

Oihane Perea

Idatzi hau Berria egunkaritik atera dugu, Ane Zuazubiskar Iñarrak egina. 

……………………………………………………………………………………………………………

«Erabaki nuen ezin niola ihes egin niretik kantatzeari»

Zer egin nahi zuen jakinda kantatu zuen Pereak finalean, «pauso sendoz» eta «kontzentratuta». «Sorpresa handia» izan zen harentzat txapela janztea.

Oihane Perea
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

 

Finaleko euforia eta txapelaren poza digeritzen ari da Oihane Perea (Gasteiz, 1977), «hankak lurrean jartzen». Sentitzen zuena kantatzeak bete du gehien, eta hori jendeari transmititzen asmatu izanak. Laugarrenez jantzi du Arabako txapela, eta laugarrenez ariko da Txapelketa Nagusian. Beretik kantatu zuen saioan, eta horretan jarraitzeko asmoa du.

Zein aldarterekin jaso duzu txapela?

Sorpresa bat izan zen niretzat. Niretik ematera joan nintzen, eta txapela ez zen kezka bat niretzat. Kantatzean neukan jarrita burua, gauzak esatean, eta nire izena entzun nuen momentuan izan zen halako «ei, txapela jantzi behar duzula!» bat… Argazki batzuetan ikusi dut une horretan aurpegia eskuekin estali nuela. Txapela janzteak ekartzen duen guztia etorri zitzaidan burura; lur hartze moduko bat izan zen. Nire buruari behin eta berriz esaten nion txapela janztearena gauza serioa zela. Izugarri poztu nintzen, sorpresa polita izan zen, baina, aldi berean, «la que he liado» pentsatu nuen. Gero, etxekoez eta ingurukoez gogoratu nintzen, eta egunotan barruan izandako emozio pila bat etorri zitzaizkidan. Aterako dira emozio horiek ere, baina lasai uzten nauzuenean! [Barreak]. Finaleko sentimendu euforikoaren hodeian nago oraindik; horri denbora utzi behar zaio, lur hartu behar dut, eta digeritu egin behar dut gertatutakoa.

Finalaren egunean zein sentipen izan zenituen?

Saioaren aurretik nahiko lasai egon nintzen. Sartzeko orduan zentratuta nengoen, eta tentsio puntu justuarekin, emozioak kontrolpean edukitzeko beste. Argi neukan zer egin nahi nuen, eta pauso sendoz nenbilela sentitu nuen. Horrela sentitu nintzen, eta uste dut transmititzen nuela sentitzen ari nintzen hori. Asko gustatzen zait sentsazio hori. Oreka moduko bat sentitzen dut barruan zerbait dudanean eta argi eta garbi transmititzen dudanean. Norbere barrua eta kanpoa ondo orekatua dauden seinale.

Zer egiteko asmoarekin joan zinen saiora?

Barrutik kantatzeko gogoarekin joan nintzen. Umorerako, serio jarduteko edo zetorrenerako. Berdin zitzaidan barre edo negar egitea, barre eragin edo negar eragitea, baina barrutik egin nahi nituen biak. Hori, niretzat, gozatzea da, eta uste dut hori lortu nuela. Maite dudan jendeak hori eskatu zidan, eta nik neure buruari ere hori eskatu nion. Banekien zer zen egin behar nuena.

Nola moldatu zineten seikote moduan?

Uste dut seikotea talde moduan aritu zela, eta, gainera, transmititu egiten genuela hori. Oso final gertukoa da Arabako Txapelketakoa. Bertsolarion artean ez dago distantziarik, eta gauza bera gertatzen da oholtzan gaudenon eta entzuleen artean ere. Modu naturalean osatu genuen gure talde lana, baita entzuleekikoa ere. Oso talde polita iruditu zitzaidan. Eta, horretaz gain, ondo eserita eta ondo babestuta egon nintzen sentsazioa dut. Asko maite ditut oholtzan zeuden guztiak, baina izugarri maite ditut [Iñaki] Viñaspre eta Manex [Agirre], eta asko eskertu nuen bien artean esertzea egokitu izana. Biak izan dira nire ikasle, irakasle eta taldekide. Belaunaldi hurbila da haiena; esango nuke Arabako bertsogintzaren garai berri baten adierazle direla. Haien energia ondoan sentitzea oso positiboa izan zen niretzat; oso babestua sentitu nintzen. Denok eman eta jaso genuen babesa.

Bertsotan, nola sumatu zenuen zeure burua?

Kontzentratuta nengoen, eta erraz aritu nintzen. Beti eduki behar da sabelean korapilo txiki bat, bertigo txiki bat, baina kontzentratuta nengoen. Finaleko lehen zatian ihes egin nion bakarkako gaiari barrutik kantatzeari, eta ez nintzen batere gustura geratu. Osatu nuen bertsoaldia, baina ihes egin nion buruan neukanari, eta ez nintzen gustura geratu. Eta erabaki nuen ezin nuela hori egin, ezin niola ihes egin niretik kantatzeari. Banekien ez nintzela gustura geratuko. Buruz burukoan, bigarren aukera izan nuen buruan eta bihotzean neukana kantatzeko. Uste dut entzuleek nik sentitu bezala sentitu zuela; izugarria izan zen. Finalaren ostean jaso dudana izan da jendeak sentitu egin zuela nirekin, eta gauza oso handia da sentimendu konpartitu bat.

Txapelketa amaituta, zer da bertsotan egin nahi zenukeena?

Zer egin nahi dudan? Duela gutxi irakurri nion Oihana Bartrari bera ez dela intelektuala, eta asko gustatu zitzaidan. Pentsatu nuen: «Behingoz norbaitek esan du buruan eta barruan sentitzen nuen hori». Badirudi bertsolariok edozeri buruz jakin behar dugula, eta edozeri buruz iritzia eman behar dugula. Baina pertsona arruntak gara; nork bere kezkak ditu, eta bere ezagutza. Egia da bizitzak gauzei buruz iritzi osoago bat izatera eramaten zaituela; nik nire bizipenak eta ingurukoenak jaso ditut. Horrekin, iritzi bat eraiki dezakezu, eta baduzu zerbait esateko aukera. Baina nik ez dut leziorik emateko asmorik, ezta iritzi eredugarriak emateko gogorik ere; pertsona arrunta naiz. Hori onartuta, daukagunarekin goaz aurrera. Niretzat, bertsotan egitea konektatzea da; ez eredu izatea, ez pentsalari izatea. Zu bezala sentitzen den eta pentsatzen duen jendearekin konektatzea da, eta entzuleak sentitzea une horretan zure ahotik entzuten duela hark esan nahi lukeena. Hori da niretzat bertsoaren funtsa, eta horretan gozatzea da nire buruari eskatuko niokeena.

Karla Santistebanek jantzi zizun txapela, eta Arabako bertso eskoletako haurrak igo ziren oholtzara une horretan. Zein esanahi dauka horrek zuretzat?

Amaraun osoa biltzen da oholtzan une horretan. Txapelketako finala icebergaren punta da, gure iceberg txikiaren punta. Horren azpian lan handia dago, eta historia luzea du. Une hori aukera bat da eguneroko lan txikiei eta inurri lan guztiari ikusgarritasuna emateko. Nik uste dut erakutsi zela oinarri-oinarritik eta modu horizontalean eraikita dagoen sare bat garela; sare txikia dela Arabako bertsogintzarena, baina aberatsa eta askotarikoa, ilusioa sorrarazten digun garai batean dagoena, eta mundu bat daukana irabazteko eta sortzeko.

Datorren Txapelketa Nagusian kantatuko duzue Asier Otamendi eta biok.

Egia esan, oraindik ez dut izan denborarik horretan pentsatzeko… Denok genituen aukera berberak aukera hori izateko eta ez izateko. Final oso estua izan da, eta beti izaten dugu sentsazio berbera: Arabarentzat bi leku daude Txapelketa Nagusian, eta bi plaza horiek eskuratzeko moduan bi bertsolari baino gehiago egon dira beti. Beti aritu izan gara gora eta behera dantzan, beti izan dira final estuak, eta, gero, bi bertsolarik lortzen dute Txapelketa nagusian kantatzea.

Zein asmorekin joango zarete?

Guk izango dugu berriz aukera hori eta erantzukizun hori, eta gure gain hartu beharko dugu. Argi dago herrialde bat ordezkatu behar dugula, eta herrialde baten bertso mugimendu edo osasuna adierazten dugula. Askok kantatu beharko dute gure ahotik Txapelketa Nagusian. Baina nire laugarren Txapelketa Nagusia izango da, eta, orain lur hartzen ari naizela, ari zait sortzen barruan pertsona ere izateko nahia. Oihanetik aritzeko gogoa dut, eta ez Arabako ordezkari moduan soilik kantatzekoa. Pentsatzen dut arabar entzuleei eman diedan bezala, beste entzule batzuei ere emateko aukera izan dezakedala. Laugarren aukera hau, agian azkena ere izan daitekeena, baliatu nahi nuke Oihane izateko.