Pasaiako bertso eskola forma hartzen hasi da

2019-09-17

Pasaiako bertso eskola forma hartzen hasi da –

Hegoi Belastegik Oarsoaldeako Hitzan.


Izena emateko epea hilaren 16tik aurrera izango da. Tokia, ordutegia eta eskolaren izena, ikasleekin batera zehaztuko dute. Kultur gune anitz bat sortzea eta euskara kalera eramatea dute helburu nagusi.

Pasaiako bertso eskola forma hartzen hasi da

 

Badator Pasaiako bertso eskola. Uztailean jakinarazi zuten Pasaiako Udalak eta herriko hainbat bertsozaleek, irailetik aurrera bertso eskola sortuko zutela. Ikasturte berriarekin batera, eskolaren nondik norakoak azaldu dituzte Trintxerpeko liburutegian. Pasaiak euskara arloan dituen beharrei erantzuteko jaioko da eskola, hizkuntzaren arnasgune eta kulturaren dinamizatzaile izan dadin.

Pasaiako Udalak urteak eman ditu euskararen sustapenean, bereziki gazteen artean. Tamalez, euskararen erabilerak behera egin du azken datuen arabera. Egoera irauli egin nahi du udalak, hori dela eta, euskaraz bizitzeko guneen garrantzia nabarmendu du euskara zinegotzi Loreto Osak, “euskaren erabileran urratsak emateko, uste dugu aisialdi eskaintzan eragitea beharrezkoa dela, batez ere ahozkotasuna lantzeko”. Bertso eskolak ahozkotasun hori lantzeko tresna ezin hobea izan daitekeela uste dute, baita sormena eta kultura euskaraz bizitzeko aukera ere.

Bertsolaritza klaseak ez dira berriak Pasaian, izan ere, ‘Gu ere bertsotan’ egitasmoaren bitartez Pasaiako ikastetxeetan ikastaroak luzaz eskaini ditu Gipuzkoako Bertsozale elkarteak. Oraingoan ordea bertsolaritza ikastetxeetatik atera eta aisialdi esparrura eramango dute. Bertso eskolak euskal kultura modu sortzaile eta aktibo batean bizitzeko guneak direla adierazi du Eneritz Artetxe Bertsozale elkarteko kideak, “Euskara modu ludiko batean bizitzeko arnasgune funtzionalak dira”. Pasaiako kasuan ere hala izango da”. Dena den, bertso eskolak, eskola soilak baino, kultur eragile garrantzitsuak direla gaineratu du Artetxek, “kultur mugimendua da, herrian eragina izan dezakeena, belaunaldi ezberdinen arteko transmisioa bermatu eta kalera eramaten duena”. Eskoletan sortzen diren, bertso poteoak, jaietako bertso saioak eta txapelketak, aisialdia eta euskara lotzeko eredu gisa aipatu ditu Artetxek.

Eider Perez bertsozale eta aurkezle trintxerpetarra, irakasle lanetan arituko da. Perezek, bertso eskola hotzaren irudia desmuntatu egin du, “izan ikasle ala irakasle, bertso eskola lagun artean egoteko gunea da. Bertsolaritza ikasteko eta hizkuntza sustatzeko gatoz noski, baina batez ere lagunekin partekatzeko espazioa da”.

Bertsoaren eskola normatibo bat baino, sormena eta euskara oinarri izango dituen gunea da sortu nahi dutena, “bilatzen dugun profila ez dago plazara bideratua, ez dute zertan inprobisazioan iaioa izan behar. Bertso eskolara entzutera etorri daiteke, idaztera edota jolastera. Ez dugu maila zehatzik eskatuko, ez dugulako behar”, esan du Perezek. 

Adin guztietako herritarrek hartu ahalko dute parte eskolan, baina sustapen lan berezia egingo LHko 4, 5 eta 6. mailako ikasleekin, zein DBH 1ekoekin, bereziki ‘Gu ere bertsotan’ egitasmoan parte hartu duten ikasleekin. 

Dena dela, nahi duen orok eman ahalko du izena eskolan, eta jendeak eskatuko balu, ez dute baztertzen helduentzako klase bat osatzea. Hilaren 16tik 30ra izango da izena emateko epea. Ikasleek haien ikastetxeetan eman ahalko dute izena eta gainontzeko herritarrek, Pasaiako liburutegietan.

Herrian izan dezakeen eragina dela eta, ikasleen parte hartzea izan da haien oinarria, “ikasleen beharretara egokituko gara. Eskolaren izena, kokapena eta ordutegia izena ematen dutenekin batera adostuko dugu”, adierazi du Perezek. Pasaiak beraz, bertsolaritza eskola izango du, eta hartzen duen bidea, herritarrek erabakitakoa izango da.

Pasaiako bertso eskola forma hartzen hasi da
Pasaiako bertso eskola forma hartzen hasi da