Rocka puntua: Alberto Irazuri elkarrizketa

2018-05-29

Alberto Irazuri elkarrizketa –

Inaxio Esnaolak Alberto Irazuri egindako elkarrizketa, Irutxuluko Hitzan argitaratua (2017ko abenduan).


ALBERTO IRAZU: «BERTSOA ETA ROCKA EZ OTE DIRA IDIA ETA AKERRA BEZALA?»

 

Alberto Irazu, idazlea.

‘Rocka puntua!’ liburua argitaratu du Alberto Irazuk (Andoain, 1970). Bertsoa eta rocka uztarri berean jarri ditu, bakoitzaren kronologia osatu eta hausnarketa bat plazaratzeko. Ikerketa mardula egin du.

Alberto Irazuri elkarrizketaZure bi zaletasunetatik tiraka, saiakera bat idatzi duzu. Zer dela eta?
Andoaingo gaztetxean bizita genituen 80ko hamarkadan esperientzia batzuk. Gogoan dut Bap! taldeak lauko txiki batzuk nola kantatzen zituen kontzertuak hasi aurretik. Herri Irratira bidali zuten lehen maketa, etxean dudana, hamarreko txiki batekin hasten da. Ximorra taldeak ere bertsoak kantatzen zituen kontzertuetan, eta Andoaingo gaztetxean topatzen genituen fanzineetan bertsoak argitaratu ziren. Herrian bizi izan genuena banekien argitaratu gabe zegoela. Hortik tiraka hasi nintzen ikusten bertsoa eta rockaren inguruan asko zegoela kontatzeko.

Bertsolaritza eta rocka. Bietatik zein duzu gustukoago?
Rocka, punka, hardcorea, metala… musika oro har asko gustatzen zait. Bertsoa, aldiz, batzuetan urrun sentitu izan dut eta beste batzuetan gertu. Bertsoa asko interesatzen zaidan zerbait da. Bertsoa bera hizkuntzaren jolas moduan, eta bertsolaritza hizkuntzaren ekosistema gisara.

Hiru ataletan banatu duzu liburua. Zergatik?
Lehendabizikoan, kronologikoki aipatuta dago bertsolaritzan zein bilakaera gertatu den 60ko hamarkadatik gaur egun arte. Pop kulturako doinuak oso arrotz bizi izatetik, kondenatzetik, gaur egun pop rock doinua bertsotarako erabili arte eman den bilakaera, hain zuen. Bigarrenean, bertsoa euskarazko rockean nola sartua dagoen kontatu dut. Bai bertso idatzia eta bai bertsolaritzarekiko begirada. Hirugarrenean, azkenik, nahiz eta aurreko biekin lotura izan, konparaketa eta saiakera bat. Bertsoa eta rocka ez ote dira idia eta akerra bezala? Izan ere, idia eta akerra uztarri berean lotzea oso zaila da.

Kontaketak zenbat dut errealitatetik, eta zenbat fikziotik?
Ipuin bat dago fikzioa dena. Gainerako ikerketa lana erreala da. Ipuinaren bidez Nemesio Etxaniz eta Basarri jarri ditut gertatu ez zen egoera batean. Etxanizek Basarri zirikatzen du bertsoak rock doinu batekin kantatu ditzan. 67ko txapelketa ospetsuaren testuinguruan kokatu ditut biak. Txapelketa hartan Xalbadorri txistukada luzea jo zioten. Ordea, nire ipuinean Basarri da txistukada jasotzen duena rock doinuekin bertsoak kantatzeagatik. Liburuan txapela Xalbadorri eman diot, gertatu ez bazen ere merezi zuelako.

Andoaingo gaztetxea eta Zestoako bertso saio bat dira liburuaren oinarriak.
Gaztetxearena azaldu dut aurrerago, guk bizi izandakoa delako. Uztapiderena, berriz, horixe izan zelako rock hitza topatu nuen lehen bertsoa. 1964ko bertso saio hartan Joxe Mari Iriondok puntuan jarri zizkion rock and roll eta twist. Hauspoa sail osoa arakatuta dago, hainbat grabazio zahar ere kontsultatu nituen. Beharbada egongo da aipamen zaharragorik jasoa edo grabatua, baina 64ko bertso saioa abiapuntu egokia zen kontatu nahi nuenerako. 60ko hamarkadako euskal gazteri berrizale horrek bultzatuta, gitarrarekin eta pop kulturako elementu berriekin nahasketa berriak eragin zituen gurean.

Errobi izan zen euskara, bertsoa eta rocka batu zituen lehen taldea. Beraiek dira aitzindariak?
Bai, horrela da. Erreferentzia gisara hartzen badugu grabatutako lehen diskoa, 1975an argitaratu zutena da. Daniel Landarten bertsoak jasotzen ditu. Gure Lekukotasuna hurrengo lanean ere oso nabaria den arrastoa da. Halere, Bihurriak taldea diskoa grabatzekotan izan zen 60ko hamarkadan. Estudiora sartu ziren tramankulu guztiekin, baina ez zuten diskoa grabatzea lortu. Orduko estudioak ez zeuden prest rocka grabatzeko. Lortu izan balute, euskarazko rockaren jaiotza ofiziala, hamar urte lehenago izango zen.

Negu Gorriak, berriz, mugarria da ‘Bertso Hop’ abestiari esker.
Duen garrantzia erabatekoa da. Bertsolaritzak 90eko hamarkadan izandako boom handiaren faktoreetako bat da, gainera, bertsolari askok aitortua. Hitzetik Hortzera saioa garai berekoa da, bertsoa sartu zuen telebistaren bitartez jendearen etxera, bertsolari belaunaldi berri bat egon zen, eta hirugarrenik Negu Gorriak taldeak bertsoa eta hip hopa uztartu zituen. Horrela sortu zen, Bertso Hop kantua. Izenak berak izan bat eman zion horri. Bertsolariak eta musikariak ere disko baten azalean elkartu zituzten. Bertsoa beste eremu eta giro batzuetara eraman zuen Negu Gorriak taldeak.

Euskarazko rocka jorratzen duen zein talde berri aipatuko zenuke?
Poza hartzen dut ikusita zenbat talde ari diren euskaraz horren estilo desberdinetan. Ugaritze hori kualitatiboki garrantzitsua da, eta kuantitatiboki ere uste dut kopuru esanguratsua dela. Poza hartzen dut ikusita Berri Txarrak eta Niña Coyote eta Chico Tornado, kanpora ateratzen ari dela euskaraz kantatzen. Etxean askotan jendea ez da jabetzen gauza onak egiten ari direla. Esaterako, Pelax eta Telmo Trenorrek elkarrekin atera duten lana erosi nuen aurreko batean Egiako taberna batean. Asko gustatu zait.

Zeinek irabaziko du Bertsolari Txapelketa Nagusia?
No comment, John Toschack-ek esaten zuen bezala.

Alberto Irazuri elkarrizketa
Alberto Irazuri elkarrizketa
Alberto Irazuri elkarrizketa
Alberto Irazuri elkarrizketa