Txirritaren epaiketa: historian pisua izango zuten hiru abokatu

historian pisua izango zuten hiru abokatu –

Estitxu Eizagirren idatzia Argiako bere blogean.


historian pisua izango zuten hiru abokatu

Mikel Tabernak ikerketa lan interesgarria argitaratu du Bertsolari aldizkariaren 110. zenbakian. Txirrita Legasako alkatearen gorabeherak bertsotan jartzeagatik epaitu eta kondenatu zuten. Hemen irakur dezakezu auziari buruz, eta hemen “delituzko” bertsohaien edukiaz. Merezi du Mikel Tabernaren lana osorik irakurtzea, eta arreta pizten du epaiketa hartan aurrez aurre aritu ziren abokatuak zein izan ziren.

Kasualitatea izan edo ez, errepublikazaletasunaren hariak ere elkartzen ditu bertsoak enkargatu zituen Tomas Alkaine, bertsoak jarri zituen Txirrita, eta bertsolariaren defentsa egin zuen Gabriel Iziz abokatua:

historian pisua izango zuten hiru abokatu

Txirritaren abokatua: Gabriel Iziz Bueno

Oibarren jaioa 1889an, abokatu bidean lehen urratsak ematen ari zen. Gerora ospea hartuko zuen baliabide ekonomiko gutxiko herritarrak defendatzen zituelako: bere gain hartzen zituen beste abokatuek nahi ez zituztenak. Langile jendeari zuzendutako eskola eta hitzaldiak ere eman zituen. Faxistek hil zuten 1936ko uztailaren 31n: Erreniega mendiko hobi komunean aurkitu zuten bere gorpua. Bere aita Oibarko alkatea zen, Izquierda Republicana alderdiko kidea, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeak hartzen zituen Lizarrako Estatutuaren alde sinatu zuen, herri ordezkari gisa. Bera ere semea erahil eta hilabete pare batera hil zuten faxistek.

Gabriel Iziz Bueno oroitzeko lurreko plaka Iruñeko Kale Nagusian dago, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak jarria. Blog honek kontatzen du fusilatu hauen omenez haien ondorengoek garagarra kalean zergatik jarri zuten. Hemen Nafarroako Oroimen Historikoari Buruzko Dokumentazio Fondoko bere fitxa.

1916an epaiketarako elkartu ziren Iziz eta Txirrita, eta handik 20 urtera alde berean jarri zituzten faxistek. Txirritaren bila ere jo baitzuten haren etxera: “Txirrita? Txirrita hil zen” esan zieten etxekoek eta “bestela gaur hil beharko zuen” erantzun soldaduek. Hemen 1931ko Txirritaren bertso ezaguna, “behar bezala ipintzen bada ona da errepublika” dioena, Jose Mari Lopetegi Irungo bertsolari errepublikarraren omenez jarritako sortaren baitan.

 

Tomas Alkaineren abokatua: Fernando Arbizu Aguado

Txirritarekin batera akusatuen aulkian eseri behar zuenak abokatu iruindarra hautatu zuen: Fernando Arbizu Aguado. Honek ere ez zuen eskarmentu handirik artean ofizioan. Baina Fernando Arbizu legelari famatu izango zen gerora, Espainiako Kode Zibilaren foru eranskina idatzi zuena izan baitzen. Bere aita eta anaia Iruñeko alkate izatera iritsi ziren.

Tomas Alkaine errepublikazale amorratua zela dio Tabernak bere ikerlanean. Ogia banatzen ibiltzen zen zaldi karroarekin, eta bi errotulu eramaten omen zituen zintzilik: “Se vende pan Bera” eta “Viva la Ropública Española” (bitxia da dena gazteleraz, epaiketan itzultzailea behar izan baitzuten Txirritak eta biek). Bere etxeko oihal puska guztien ertzetan bandera errepunblikarraren kolorea ageri omen zen, izara, sukaldeko trapu, toailetan… Diktaduran ere ez omen zuen bere ideologia gorde, horrela esaten omen zuen: “Kartzelan sartzen banaute, sartua… ni naiz republikanua ta Viva la República Española!”. Fernando Mikelarena historialariak Muertes oscuras liburuan azaltzen du Alkainek harremanak zituela Malerrekako errepublikarrekin, baita ezkertiarrak mugaz bestaldera pasatzeko sarea osatu zuen Martin Erviti ultzamar kontrabandistarekin ere.

Legasako alkate ohiaren abokatua: Manuel Arantzadi Iruxo

historian pisua izango zuten hiru abokatu

Eusebio Babazek epailearen aurrera eraman zituen bertsolaria eta bertsoak ordaindu zituena, bere honraren aurkako bertsoak zabaltzeagatik zigortu zitzaten. Salaketa epaiketan aurrera eramateko kontratatu zuen Manuel Arantzadi Iruxo, Lizarrako abokatua eta politikari jeltzalea ere bazena: bi aldiz Madrilgo Gorteetan diputatu izana (1918an eta 1923an) eta EAJko Napar Buru Batzarreko kide aktiboa. 1918an Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetakoa izan zen eta 1923an La Voz de Navarra egunkariaren sortzaileetakoa. Euskal Estatutua prestatzeko lanetan aritu zen. Espainiako Bigarren Errepublika garaian, antierrepublikarra zen Koalizio Katoliko Foruzalean sartu zen. 1936ko uztaileko estatu kolpean, Nafarroako EAJren izenean, matxinoen aldeko komunikatua plazaratu zuen.

historian pisua izango zuten hiru abokatu
historian pisua izango zuten hiru abokatu
historian pisua izango zuten hiru abokatu