Haserre nagoenez, poesia egiten dut. Karen Owen.

2017-01-02

 

Karen Owen

Elkarrizketa: Maialen Lujanbio
Itzultzailea: Begotxu Olaizola
Argazkiak: Conny Beyreuther

 

Mikrofonora atera eta gai-jartzaileak gaia eman zien: “Hizkuntza txikiak”. Gaia entzun eta hitzik ere egin gabe, Eurig Salisbury eta Karen Owen oholtzaren ertz batera joan eta eseri egin ziren, eta bata telefono mugikorrean, bestea kaiera txiki batean, idazten hasi. Aquariumeko saioak aurrera jarraitzen zuen mikrofonoetan, eta artean eurak han, izkina batean eserita, isilik, hatz puntekin silabak zenbatzen, lurrera bergira, sabaira begira eta, tarteka, idaztera jarriz.

Ordu laurden baten buruan irten ziren berriz oholtza erdira, bat-batean idatzitakoa eskaintzera. Bat-batean idatzitakoa, bai; izan ere, nork dio zein den bat-batekotasunaren denbora muga…
Mikrofono aurrean zutik kokatu eta idatzi berri zutena eman zuten, bakoitzak berea; eman edo esan; esan edo bota; bota edo deklamatu… Esakera, ebakera eta gorputz jarrera landu, kontziente eta indartsu batez. Eta, orduan, aurrez sekula entzun gabeko gales hizkuntzaren soinu ezezagun haiek, eztarriko hots urratu eta hitz txistukari errepikakor haiek, zurrunbiloan harrapatu gintuzten eta liluratuta utzi.ç

……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………..

Egiten duguna Cynghanedd deitzen da. Orain 1.500 urtetik gaurdaino heldutako poesia forma da, Galesen mendeetan zehar jende ugarik erabili duena. Izatez, poesia mota hau eta gales hizkuntza banaezinak dira. Galesko poeta edo bardoa, batetik, hizkuntzaren arauak oso ondo menderatzen dituen poertsona da; eta bestetik, herriaren historiaren ezagutza duena, eta gogorarazten diguna nor garen galestarrak, nongoak garen eta nondik gatozen.

– Cynghanedd “metrika zorrotza” bezala itzultzen da. Zertan datza teknikoki?

Neurri, aliterazio, errima, eta azentuazio sistema bat da. Arau asko ditu, eta arau oso estuak eta konplexuak.
Lau Cynghanedd mota daude eta oinarrian duten logika honakoa da: lerroaren lehen zatian dauden kontsonanteek oihartzuna dute lerroaren bigarren zatian. Emistikioa ispilu moduko bat da, eta errepikatu egin behar dituzu kontsonante berak ordena berean esaldiaren bi zatietan. Horretaz gainera hitzaren azentuazioak ere eragina du, eta esaldiaren azken hitza edo hitz errimatua azentuatua bada, lehenego zatikoak ere azentua behar du.

Horregatik beste izen bat ere ematen zaio Cynghaneddi: “presondegia”. Arau horietan itxitura baten barruan zaude. Hasieran ematen du eromena dela, baina sartzen bazara, disfrutatu egiten duzu. Egin kontu, batzuetan jendeak esaten dit zer isilik nagoen, zer antisozial nagoen, ez dudala hitzik egiten, eta askotan izaten da pentsatzen ari naizelako, pentsatzen, “presondegi” horren barruan.

– Ez dela harritzekoa, idatziz egitea…

Zenbaitek dio Cynghaneddek jarduera matematiko bat edo musika konposizio bat dirudiela, eta ez daude oker. Ingelesek adibidez “harmonia” hitzarekin itzultzen dute. Nolabait, kontsonanteak nota musikal bezala ulertuz, eta nota bakoitzak oihartzun egingo balu bezala lerroaren bigarren zatian.

……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………..

Ez alferrik, Karen Owenek (Bangor, Gales, 1974) Matematika Puruak ikasi zituen Bangorreko Unibertsitatean. Hala ere, kazetari lanetan aritu da profesionalki, arte eta literatur kritikari bezala, besteak beste. Egun Y Cymro galeserazko berriparerean dihardu.

Poesia librea ere idazten du, eta baditu liburu argitaratuak.

Cynghanedd edo Galesko poesia tradizionaleko bardorik esanguratsuenetako bat da. Gogo berritzailea. Eisteddfodau deituriko Galesko musika eta poesiaren jaialdietan egin ohi diren bardo leihaketetan behin baino gehiagotan saritu izan dute.

……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………..

Cynghanedd beste hizkuntza bat balitz bezala da, bigarren hizkuntza bat, ikasi egiten dena. Nik poesia librea ere egiten dut, araurik gabekoa, eta hori ere maite dut; baina Cynghanedd egitean, hizkuntza aldatzen ari naiz. Esan dezaket lau hizkuntza dakizkidala: galesa, ingelesa, frantsesez moldatzen naiz eta Cynghanedd; beste hizkuntza bat da.

– Cynghaneddek hain arau zorrotzak izanik, nolakoa da formaren eta mamiaren arteko harremana?

Jendeak esaten dit Cynghaneddekin ezin dela esan benetan esan nahi zenukeena. Bueno, batzuetan lortzen dugu, hala ere… Niretzat deskubrimendu bat da beti: bi hitz lotu Cynghanedd bat dagoelako, alegia oihartzun bat dagoelako kontsonanteen artean, nahiz eta itxuraz hitzen artean harremanik ez izan, eta lortzen duzunean mezu bat ateratzea hortik… agian, espero ez zenuen mezua, baina hain zuzen horrexegatik interesgarriagoa dena, dibertigarriagoa, berria zaizuna… hor sentitzen duzu Cynghanedden indarra.

Azken batean, bizitza ere hala da, ataka estuan gaudenean eta ateratzea lortzen dugunean, gu, beste gu berri eta hobe bat gara beti, eta hori lorpen bat da. Bizitzak presiopean jartzen zaitu eta estutasun horretan konexio berriak sortzen dira, eta konexio berri horiek ideia berrietara zaramatzate. Niretzat hori da Cynghanedd: bizitza.

– Formaz eta mamiaz gain bada beste elementu bat zuen jardunean, funtsezkoa eta liluragarria: deklamazioa edo testua esateko modua. Nola lantzen duzue hori? Eta forma-mamia-deklamazioa triangelu horretan, bada bat besteak baino garrantzitsuagoa denik? Non dago oreka?

Irakurtze hori, ondo irakurtzea, oso-oso garrantzitsua da, baina ez da gehiegi erakusten eskolan. Nik neure kabuz ikasi dut. Gaztetan, modu hippy eta cool batean hasi nintzenean, nire irakasle Jick Johnsek —XX. mendeko bardorik onena denak— esan zidan: “Agian oso olerki ona egin duzu, munduko onena nahi baduzu, baina hain gaizki eta zatar irakurrita ez du batere balio!”. Niretzat irakasgaia izan zen.

Hiru elementuen konbinazio horretan —forma, mamia eta deklamazioa—, hala ere, laugarren elementu bat badago niretzat: entzulea. Errezitazea gauza bat da, baina errezitatu, norentzat? Audientziarentzat. Eta audientziaren elementua hor dago. Izan lagun bakar bat edo izan milaka pertsona, eurentzat egin duzu poesia hori. Komunikazioa lortu behar duzu. Ulertu egin behar dute, sentitu egin behar dute —galesdunak badira behintzat—. Horretaz jabetzeak, perspektiba guztia aldatu zidan. Ohartu nintzen egin behar nuena hori zela: konektatu. Ez badago komunikaziorik, ez dago ekoizpenik, ez olerkirik, ez tradiziorik; ez dago ezer ere. Entzuleengana ez iristekotan, hobe nuke Cynghanedd egitera kobazulo batera sartu eta ez handik atera ilea mozteko ere!

Nire ofizioa da poesia onak sortzea eta haiek ondo irakurtzea. Hori betebehar bezala sentitzen dut.

– Audientziaz ari garela, zein izaten da zuen audientzia hori? Zer espazio motatan jarduten duzue eta zer jende klase hurbiltzen zaizue?

Azken urteetan frustratu xamartuta nago dugun audientzia motarekin.
Cynghanedd gizonezkoen ofizioa izan da antzinatik. Gizonek egin izan dute eta, gainera, gizonek taldean eta tabernetan. Hor ezin izan dute emakumeek sartu. Eta gaur egun ere oraindik nahiko giro testosteronatua egoten da.
Tradizionalki, gainera, entzulegoa klase ertain jaso batekoa izan da: poesian oso jantzia den jendea, galesaren arauak oso ondo ezagutzen dituena, Galesko historian aditua den jendea. Ni ez nago giro horretan interesatuta.
Are gehiago, iruditzen zait (agian hemengo esperientziarekin kontrastatuta ere) Galesen zenbait jende ez dela joaten emanaldietara klase horretako audientzia topatuko duelako. Nik hautsi egin nahi izan dut Galesko gizartean VIP direnen testuinguru horrekin. Beste entzule batengana iritsi nahi dut. Langileengana, adibidez. Galesen langilegoa galesduna da, naturalki egiten dute galesez. Ez dute maila gorena edukiko, baina galesa eurentzat hizkuntza naturala da. Ez dute kontzientzia batetik abiatuta hitz egiten, hizkuntza salbatzeko eta abar, euren hizkuntza delako baizik. Nik horiengana iritsi nahi dut. Eta entzule hori ez datorrenez nigana, ni joaten naiz entzule berri posible horien bila, langile auzoetara, eurak fabriketatik ateratzen direnean, adibidez; edo autobusetan egiten dut Cynghanedd.
Bardoa ez da pertsona berezia, beste gehiago da komunitate batean. Badira arotzak edo linterneroak ere, eta poetak horretarako gaude, gizartea zerbitzatzeko, arotzak zerbitzatzen duen bezalaxe. Ondorio horretara heldu naiz: akaso hizkuntza salbatzeagatik hasi nintzen, eta horrek oraindik ere bere papera jokatzen du, baina poetaren funtzioa gizarte guztietan eta tradizio guztietan da jendeari sentiaraztea, eta jendearen sentimentuak plasmatzea. Eta hori da nire ofizioa.
Joan izan naiz kartzelara, edo ospitaletara, Alzheimerra dutenengana… Eta esaten didate “pertsona horrek ez du memoriarik” edo “ez du ondo entzuten”. Ez zait inporta galesez ez jakitea edo alzheimerrak jota egotea, nik nire poemak irakurtzean zerbait sentiarazten diot eta hori da nire funtzioa.

……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………..

Galesez ez genekien euskaldunok ere, sentitu, sentitu genuen zirrara, eta ez nolanahikoa, Tabakalerako saioan Karen Owenek Europa gaiari kantatu zionean. Dub base ilun eta eder baten gainean, ahots sendo eta minez, bere poema eman, esan, bota zigun; eta ulermenaren mugen gainetik, edo hobe esan azpitik, sakonagotik, entzuleon barruetaraino sartu zen.

……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………..

Niretzat hona etortzea animagarria izan da oso. Ikustea adibidez Tabakalerako saioan hiru eszenatoki, argiztapena… Bertsogintza nola biltzen zen inguru erakargarri batean, baita inprobisazioaz ez dakienarentzat ere.
Galesen ere bada garaia pixka bat gauzak berritzen hasteko, hemen egiten duzuen bezala. Gazteak gehiago erakartzeko. Zergatik ez teknologia berriak erabili, adibidez? Bada bardo bat Twitter bidez egiten duena Cynghanedd, 140 karakteretan. Ni, ez nago oso ados horrekin, baina txalotzen dut ekimena. Jolas bat baino askoz gehiago ez da, baina Cynghanedd gaur egungo tresna batean jarri du behintzat.

Audientzia gure aurretik doa, eta audientziari entzun egin behar zaio eta naturaltasun gehiagorekin txertatu gure jarduna gizartea dagoen lekuetan.
Ofizioak gu gabe ere aurrera egingo du. Tradizioa dago gure gainetik.

Egia esan, Galesen ez ditut oso konpartituak sentitzen nire kezka hauek, eta hemen berriz, munduan beste leku batzuetan gertatu zaidan bezala, ikusi dut nire ideiak ez direla hain eroak, eta egin, egiten direla.
Nekatuta nago jende ezjakinarekin hitz egiten. Askok ez dakite ezer tradizioaz, ez Cynghaneddi buruz, baina aldatu egin nahi dute. Ez; ezagutzen duenak aldatu behar du tradizio hori, erabiltzen duenak. Eta ez ezjakintasunetik, itsu-itsuan.

-‘Hizkuntza txikiak’, ‘Europa’… Bertsogintzatik gertu sentitu dugu zuen jarduna edukiei eta gaien trataerari dagokienez. Zeri kantatzen diozue? Zein gai motari?

Gaiak, hitz batekoak izaten dira normalki. Adibidez: Bakea, Itsasertza… Kontzeptuak. Hitz potoloak.
Nik gauza txikiak ditut gustuko, bizitzako gauza txikiak, detalleak. Kontzeptu handiak adierazteko eskala txikian lupa jartzea dut gogoko. Esaterako, gaia Tristura bada, malkotik abiatzea gero tristurara iristeko.

-Eta zenbaterainoko eduki ideologiko-politikoa dago zure jardunean eta Galesko bardoen jardunean oro har? Zer funtzio ikusten diozu poesiari alde horretatik?

Ez nago batere kontentu munduan eta Galesen gertatzen ari denarekin. Ni ezkertiarra naiz eta zeharo dezepzionatuta nago, ikusita nola, mundua, Europa, Gales, dena eskuinera doan. Sinestezina da UKIPek (Erresuna Batuko alderdi neofaszistak) hainbeste boto edukitzea Galesen. Oso gaizki ikusten dut dena, eta sentitzen dut horren guztiaren kontra kantatu beharra. Nik kantatzen dut jendea konturarazteko: pobre izatea ez dagoela legearen kontra, galestarrez hitz egitea ez dagoela legearen kontra, ahula izatea ez dagoela legearen kontra, errefuxiatu izateak ez duela izan behar ilegala, pertsonak ez direla ilegalak… Zeren, jendeari burua jan zaio eta jendeak errepikatzen ditu komunikabideetan entzundako gauzak.

Kantatu behar da injustizia horien guztien kontra. Eta adibidez gure ondoan bizi diren ingelesak konturatzeko ez digutela gure hizkuntza irakasten, ez digutela gure historia irakasten; irakasten digutela aldameneko herriaren historia, monarkia, hizkuntza…
Oso haserre nago. Eta haserre nagoenean poesia egitera jotzen dut. Eta sentitzen dudanean audientzian badagoela, horrekin identifikatzen den jendea eta erantzun positibo bat, bilatu egiten dut jende hori.

Munduak eskuinera egin du, eta nik idatzi egiten dut hori salatzeko. Batetik, kazetaria naizelako —eta hor, akaso, arrazoitik aritzen naiz—, propaganda hori guztia faltsua dela esateko. Eta, bestetik, poesia idazten dut —eta poesian, beharbada, bihotzetik gehaigo—, entzulea ataka horretan jartzeko: justua al da gertatzen ari dena?

Munduan eta Europan biolentzia eta era guztietako diskriminazioa erabiltzen da Demokrazia jantziarekin. Aztoragarria zait, adibidez, Gales Brexitaren alde azaltzea. Ezin dut sinistu!
Horrekin hautsi nahi nuke. Nahi nituzke ezkerreko balioak berriro modan jarri nire lanaren, artikuluen eta poesiaren bidez; eta ahotsa kendu zaion jende interesgarriari ahotsa eman. Ez baitugu jende hori entzuten ez dutelako ahotsa izateko modurik.

Hori da artistek egin genezakeena, gure armak erabili, eta gure arma bakarrak hitzak dira, hitzak eta sentimenduak.

Europan eta munduan badago artisten mugimendu bat, artistak ari dira mugitzen, eta horrek poz pixka bat ematen dit. Artistek ez badugu egoera salatzen esan nahiko du Trumpek, Nigel Faragek eta Boris Johnsonek irabazi dutela partida.
Oraindik geratzen zait fedea gizakiarengan, eta nik nahi nuke elkartasuna eta bakea denentzat, ez batzuen bakea.

……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………..

Ez ditut Karen Owenen hitzak zuzenean ulertzen —Begotxu Olaizolak dakartza eta daramatza galesetik euskarara eta euskaratik galesera—, baina zuzenean ulertzen dut Karen Owenen jarrera. Kontundentziaz, amorru neurtuz eta irmotasunez mintzo da, bere baitara begira. Une batean, ordea, jakin-minez geratu naiz, zer ote zen erantzunaren bukaeran, begirada jaso eta irribarre atsegin, auto-ironiko horrekin esan duena…:

……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………..

Pertsona haserrea naiz. Eta haserre nagoenez, eta ez dudanez jendearekin etsaitu edo borrokatu edo nazkagarria izan nahi, bada, poesia egiten dut. Sozialki hobeto enkajatzeko. Eta jendeari erakusteko beste errealitate horiek. Hori da gure funtzioa.

……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………..

Euskal Herriak eta Galesek antzekotasun harrigarria dute: azaleraz eta biztanle kopuruz pare-pareko herrialdeak dira biak. Baita, aldeak alde, egoera linguistikoari dagokionez ere. Galesen, ingelesa eta galesa dira hizkuntza ofizialak; biztanleen % 21 inguru da gales hiztuna, 610.000 lagun gutxi gorabehera.

……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………..

– Esan daiteke, nazio izaeraren eta gales hizkuntzaren indargune bat direla Cynghanedd egiten duten poetak, edo bardoen mugimendua Galesen?

Ezin dut Gales ordezkatu, zeren, ni, seguru asko, askoz politikoagoa naiz hizkuntzarekin eta herriarekin beste batzuk baino.
2013an BECen egon nintzenean, nire atzean eserita zegoen gizonak gauza bat esan zidan betirako geratu zaidana: bera, han zegoela, ez bakarrik bertsozalea zelako, baizik eta iruditzen zitzaiolako euskaldun guztiek bertan egon behar zutela. Txapelketa horrek irudikatzen zuelako zer zen euskaldun izatea gizon harentzat.

Niretzat ere banaezinak dira Cynghaneddekiko dudan maitasuna eta galesarekiko edo Galesko historiarekiko, edo galesaren etorkizunarekiko dudana. Gizon harekin erabat egin nuen bat.
BECen, gainera, bertsoak itzulita jaso nituen eta ohartzen nintzen han bazirela eduki poetikoak, baina baita eduki ideologiko handiko bertsoak ere. Eta pentsatu nuen: guk zer daukago antzekorik? Ez daukagu. Ez daukagu hau bezalakorik.

Galesko poetek erradikalagoak izan behar dute. Formaren eta metrikaren dotoretasun horretan bakarrik geratu gabe. Forma horiek funtzionatu dute, baina gizartea aldatzen ari da eta berrikuntza beharra dago.
Gertatzen dena da Galesko bardoak, gehienak gizonezkoak direla, eta gizonezko horiek alfer hutsak direla! Beste lan bat daukate, gehienetan oso ongi ordaindua, eta, orduan, noizbehinka, otutzen zaienean idazten dute zeozer. Nik, agian, freelance naizelako, eta sosak behar ditudalako, eta ez natorrelako familia aberats batetik, bada niri gehiago idaztea tokatu zait. Eta ez zait axola, horri esker garatu baitut sorkuntza eta garatu naiz ni pertsonalki.

Eskatuko nieke poeta horiei lan egiteko, ez izateko hain alferrak, hain akomodatuak, eta erradikalagoak izateko.

– Eta aurrera begira, zertan da Cynghanedden transmisioa?

Oso haserre nago irakaskuntza sistemarekin. Gazteek Cynghaneddekin duten harremana azterketa bati begirakoa da. Eta bertsoak eta bertsoak eta bertsoak ikasarazten dizkiete buruz, eta arau zorrotz horiek guztiak eta abar, baina ez zaie irakasten egiten. Osagaiak ematen zaizkie, baina gero ez dute egiten. Eta horrela ezin duzu zerbait maite. Eta niretzat, galesa bazara, maite behar duzu Cynghanedd; niretzat hori banaezina da. Bertso mota hau munduan inork ez duela egiten ohartu behar dute. Zergatik? Guk bakarrik egiten dugulako galesez. Ez bakarrik oso dotorea delako, baizik eta beste inork ez duelako egiten.

Ez zait asko inporta jendeak zer bozkatzen duen, monarkiaren aldekoak diren edo ingeles partiduak bozkatzen dituzten, baina ez dut ulertzen galesa den batek honekiko sentimenturik ez izatea. Zeren gu, galesak, desberdinak gara; ez gara ingelesak, ez gara irlandarrak, ez gara… Galesak gara.

Karen Owen