KAFE SAN TELMO TERTULIA

2012-10-18

Bertsolaritzaz, politikaz, bertso politikoaz, bertsolaritza eta politikaz

Ramon Labaien, Jesus Egiguren, Juan Karlos Izagirre, Andoni Egaña eta Jon Maiaren solasaldia

Desizozte garaia bizi dugu Euskal Herrian. Eta han eta hemen garai berri honen zantzuak bistaratzen dira pixkanaka; malgutze, gerturatze, lasaitasun berriak.

Une polita izan daitekeela iruditu zaigu, bada, bertsolari eta politikari sorta bat juntatu eta zer kontatzen duten jakiteko. Bertsolaritzaz, politikaz, bertsolaritza politikoaz, bertsolaritza eta politikaz.

 

Testua: Antxoka Agirre

Argazkiak: Conny Beireuther

 

Urriaren 9an da zita, eguerdiko 12etan San Telmo Museoaren kafetegi aurrean. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina ofizialki oraintxe hasi berria da, eta hauteskundeen usainera otu zitzaigun gaia. Hauteskundeen usainera eta lehenengo Onintza Enbeita Madrilgo Diputatuen Kongresuan diputatu gisa arituko zela eta ondoren Iratxe Ibarra Jaurlaritza berrirako proposatu zutela jakin berritan: zergatik ez bertsolaritza eta politikari buruzko monografiko bat?

Eguzkiak gozo berotzen du Donostiako Zuloaga plaza eta Kafe San Telmoko nahiz Union Artesanako terrazetan jende dezente ikus daiteke eguerdiak egonean harrapatuta. Astearte buruzuri bat da, krisia beste konturik ez da entzuten, baina eguraldia ez da etxean gelditzekoa. Ramon Labaien izan da iristen lehena eta “kaixo, aizu, hemen al da bertsolarien kontu hori?” batekin agurtu gaitu, baiezkoari esku estutze indartsu batekin erantzuteko. Berehala iritsi dira gainerakoak ere. Euren artean ondo konponduko direlakoan gaude, deitutako bost lagunak jarrera irekia eta etorri handia erakutsitakoak baitira. Gainera uste baino zerikusi gehiago izan dezake bertsolari eta politikarien jardunak. Zalantza gehiago geneuzkan deika hasi ginean. Batzuen eta besteen agendak nolakoak diren jakinda eta hauteskunde kanpaina martxan egonik ez genuen espero hain erraz lotuko genituenik.

Labaien eta Egiguren pertsonalki ezagutzen ziren lehenagotik, bi bertsolariak eta Juan Karlos Izagirre ere bai. Ezagutzen ez zirenen artean ere denek zuten elkarren berri eta ez dute aurkezpen handirik behar izan, berehala hasi dira berriketan. “Ez dugu bertsotan egin beharko, ezta?” diote politikariek. “Trago pare bat hartuta errez egingo zenukete zuek” bertsolariek. Elkarrekiko sinpatia eta jakin min puntua nabari da hasieratik. Egigurenek Donostiako Danborradako uniforme bati buruz hitz egiten dio Labaieni. Labaienek diseinaturikoak dira uniforme horiek gehienak. Izagirreri adarra jotzen diote alkatetzan egonda, uniforme hori lortzeko kontaktuak eskura izango dituela esanaz. Barre egiten du honek. Hitzetik Hortzeran elkarrizketa egin zioten Egigureni duela hilabete batzuk, eta Bilintxi buruzko liburu bat idatzi duela esan zuen bertan. Horrekin sartzen dute baza bertsolariek.

 

Egaña eta Egigurenek zigarro bana dute eskuan. Argazkilariak, Connyk, dio berari kanpoan hobe datorkiola barruan baino. Ez dago eztabaidarik, terrazako diseinuko aulkietan eseriko gara. Egigurenek Coca-Cola bat eskatu du, Labaienek ardo berezi bat, bi bertsolariek zerbeza bana eta Izagirrek ezer ere ez. “Inazio Mujika Iraolak honi buruz idatzitako liburu bat badago, ez dakit zein argitaletxetan atera zen” ari zaio Egaña Izagirreri Bilintxen heriotzari buruz. “Gelako leihotik sartu omen zen kanoiaren bonba. Kalkulatuta dago hamazazpi segundo tardatu zituela tiro egin zutenetik Bilintxen etxera sartu bitartean”. “Hamazazpi segundo?! Jesus, nola iristen ari den ikusteko moduan” alkateak. “Bai, bai. Larrazaindik egiten omen zuten tiro, eta kalkulatuta dago hortik Bilintxen etxera hamazazpi edo hamalau segundo beharko zituela”. “Larrazaindik, e? Bai, ezagutzen dut tokia. Oso bista politak ditu. Ibilita nago bizikletan hortik” Izagirrek. “Orduan trajea jantzita hil zen?” ari zaio Maia Egigureni. “Ez, ez, San Sebastianetarako trajea janzten ari zela harrapatu zuen tiroak, baina gero sei hilabete aguantatu zituen hilzorian eta Foruak kendu zituzten egunean hil zen… Donostiako egunkariak bi eskela zekartzan egun horretan: ‘Han muerto los Fueros Vascos’ zekarren batak. ‘Ha muerto Indalezio Bizkarrondo Ureña ‘Bilintx’’ besteak” kontatzen du Aizarnako politikariak.

Grabagailua pizteko kasik astirik eman gabe jarri da martxan tertulia1. Eta zerbitzariak edariak ekarri dituenerako oilategi bat dirudi mahaiak2. Susmoa bagenuen hiru politikari eta bi bertsolari askotxo izan zitezkeela galdetegi bakarrarentzat, eta garbi dago hala izango dela, tertuliak bere kabuz egingo duela bidea. Disfrutatzea tokatzen da, bada, Labaien, Egiguren, Izagirre, Egaña eta Maiak elkarri kontatzen dizkiotenak entzutea… Lehenengo galdera behintzat egin beharko diet, ordea. Gonbidatuekin hasiko naizela hasten naiz kontatzen, politikariei egingo dizkiedala lehen galderak. Ezta kasurik ere. “Esaten ari nintzen…” hasi naiz errepikatzen. “Aber!!! Galdera egin behar digu mutilak! Kasu pixka bat egin!” laguntzen du alkateak. Nabari zaio praktika pixka bat hartu duela Donostiako Udaletxeko plenoetan. Rec.

Ze harreman duzue bertsolaritzarekin? Ze puntutaraino zarete zaletuak?

Ramon Labaien: Has dadila alkatea…

Juan Karlos Izagirre: Ni zaletua banaiz. Jakin igual askorik ez, baina gustatu eta bizi betidanik. Inguruan, lagun arteko afarietan eta, beti eduki izan dut norbait animatu izan dena, baita bertso afarien kontu hau normalizatu baino lehenagotik ere… Badakit Kuban eta beste toki askotan antzeko fenomenoak badaudela, baina niri oso geurea den gauza bat dela iruditzen zait, oso geurea eta aldi berean oso esportagarria. Etxera kanpoko jendea etorri izan denean, parean tokatzen bada behintzat, beti eramaten ditut bertso saioren bat ikustera. Ez dute tutik ere entenditzen, baina aluzinatuta gelditzen dira. Bertsolaritzak badauka magia hori, euskaraz ez dakienak ere senti dezakeena.

Labaien: Niri iruditzen zait bertsolaritza gure kulturaren osagai garrantzitsu bat dela, bai euskararentzat eta baita gure izaerarentzat. Aitzolek3 esaten zuen bertsolaritzak salbatuko zuela euskara, eta ez Lizardik edo Orixek. Esaten zuen Lizardi eta Orixe Luteranoak zirela, gongoristas4 esaten zuen, eta bertsolariak zirela euskal arimaren iritzi jatorra, euskararen etorkizuna. Urte batzuk badauzkat, Aitzolek bertsolaritza berpizteko gerra aurretik antolatu zituen bertso saioak ere ezagutu ditut, eta nik uste dut arrazoia zuela… Oso pozik ikusten dut azken urte guzti hauetan ze indar, ze izen, ze prestigio hartu duen. Nolabait Euskal Herri berriaren sinbolo bat zarete bertsolariak

(Egañak irribarre lotsatia egiten du, politikariak esandakoa askotxo ez ote den adieraziz bezala. “Hala da, hala da; bai, bai, bai, bai” erantzuten dio serio Labaienek Egañaren keinuari, eta bai, bai, bai, bai dio buruarekin ere) Aizu, Tolosako Laskurain ikastolan gaur egun 1.500 haur dituzte, eta ni Laskuraineko haurra nintzen garaian 30 ginen… Eta baita ere nolabait zarete euskararen balioaren froga. Pertsona normal batek ideiak maneiatzeko 30 segundo behar ditu, bertsolari batek segundo bat. Neuronen ariketa harrigarri bat da bertsoa eta hizkuntzaren ariketa bikain bat. Errusiarrek egiten dute xakea erakutsi eskoletan, eta guk egin behar dugu, eta egiten da, bertsolaritza irakatsi. Oso inportantea da gure etorkizunarentzat.

Jesus Egiguren: Niretzat bertsolaritza da frustrazio bat, nire bizitzako frustrazioa. (‘Hara!!’ dio Maiak, ozen; irribarre zabalak eta harridura puntua eragin ditu politikariaren aitorpenak) Basarri Granadakoa zen eta Uztapide Endoiakoa, eta bietatik eskura-eskura dago gure etxea. Txikitan etxean jolasa izaten zen bertsoak ea nork egiten zituen hobeto. Eta bertsolariren bat ere atera zen familian… Xalbadorrek esaten zuen Jaungoikoak ezkutuan jartzen zuen hazi bat bezala zela bertsotarako gaitasuna; nik inoiz ez dut garatzeko aukerarik izan…

“Garaiz zaude!” zirikatzen du Labaienek. Irriak. 84 urte ditu Tolosakoak baina 20 urteko mutiko baten potentzia nabari zaio ahotsean. Egigurenek dio ez dakiela abilitate hori badaukan baina arra beti izan duela; duela gutxi helduentzako bertso eskola baten berri izan zuela eta telefonoz ere deitu zuela informazio eske. Serio egiten du hizketan, zomorro aurpegiarekin. “Lagun batek esan zidan uzteko, azkenean egunkarian aterako zela eta jendeak pentsatuko zuela zoratu egin nintzela” dio, eta irribarretxoa eskapatzen zaio. Barreak mahaiaren bueltan. “Gainera nola PSOEkoa naizen…”. “Hori bekatu beniala da!” Labaien berriro. “Nola PSOEkoa naizen jendeak pentsatu dezake nire euskalduntasuna demostratzeko apuntatu naizela bertso eskolan”. Zomorrotik bezainbeste du bitxotik Aizarnakoak. “Azkenean ez nintzen apuntatu”. Animatu egin beharko lukeela esaten dio Izagirrek, eta bertsolariek azpimarratzen dute teknika bat ikastea besterik ez dela. Sortzen dugun iskanbilarekin inguruko mahaietatik begira jarri zaigu bat baino gehiago.

Umetan, inguru horretakoa izanda, tokatuko zitzaizun bertso saioak ikustea, ezta?

Egiguren: Uztapide eta hauek bai. Basarri Diario Vascon irakurtzen nuen. Frankoren garaian ‘Atalaya montañera’ izena zuen sekzioa zeukan. Gustura irakurtzen nuen… Irratian ere hitz egiten zuen. Baina en fin, PSOE ez da girorik egokiena bertsolaritza lantzeko, denborarik ere ez dut izan eta beste mila gauza ere ez ditut egin, baina gero eta zaletasun handiagoa daukat. Bertso txar batzuk egiten ditut nire kontura, euskaraz errimatzea ez da hain zaila, baina ez naiz atrebitzen…

“Zein daukazu, bada, familian bertsolaria?” galdetzen dio Egañak, eta politikariak kontatzen du bazeukala lehengusu bat Azpeitian, Bixigu, txikito baten trukean bertsoa botatzen zuena. Bertsolari polita zela gaztetan baina gerora eskizofrenia sortu zitzaiola eta bizimodu nahikoa eskasa eraman zuela. Hala ere, gaixotu arren, bertsotan egiteari ez ziola inoiz utzi. “Aizu, artisten artean eskizofreniko asko dago, e” esaten dio Labaienek. “Baita bestelakoen artean ere” gaineratzen du Izagirrek. Umore onean ari dira denak, “egia, egia” ematen dio arrazoia alkate ohiak alkateari.

Egiguren: Ni berriro zaletu naiz hauek telebistatik ikusita. Programa gustatzen zait eta ahal dudan guztietan jarraitzen dut, baina ordua aldatu egiten dute astetik astera eta ez dago ikusteko modurik ere. ETBk kulturako diru denak eramaten ditu eta gero Pantoja errazago bistaratzen da bertsolariak baino… (barreak mahaiaren bueltan).

Labaien: Bai, gainera orain Saurio5 sartu duzue eta horrek ez dio mesede askorik egin ETB1i (barre gehiago; Izagirre eta Egaña algaraka).

Egiguren: Elizanbururen bertsoak bildu zituena, Antonio Labaien, zer da, zure aita edo aitona?

Labaien.: Aita, aita.

Zuk ere Bilintxi buruzko lanen bat baduzu egina, argitaratzeke dagoena.

Egiguren: Bilintx asko gustatzen zait. Donostiako historia sinbolizatzen duten datu asko ematen ditu. Eta maitasunari buruz ere asko kantatu zuen. Gai politagoa iruditzen zait aberria, mendia, ibaia eta horrelako kontuak baino. Gainera beti pentsatu izan dut liberala zelako pixka bat baztertua egon dela. Jarri dioten arlote fama hori… Oso gizon jantzia zen. Junkeraren diskoan bere bertso batzuk egilerik izango ez balute bezala jasotzen dira, Iparragirrerenak zirela ere esaten da beste batzuetan…. Liberala izan ez balitz honezkero avenida bat jarri zioten Donostian….

Labaien: Nik ez dakit Donostiarrak liberalak ziren. Donostiarrak ziren dendariak, dendariak eta kaskarinak. Ekerrak Donostiak gertu zeukala Tolosa.. (barre egiten dute denek)

Egiguren: Udaletxeak boluntarioak eskatu zituenean hau zazpigarrena apuntatu zen. Aurren aurrenekoetakoa… Gero nire teoriak dauzkat. Ez dago Bilintxen bertso bat bera ere gerrari buruzkorik, eta nire irudipena da Serafin Barojaren bertsoak Bilintxenak zirela. Nik uste dut gerra giro hartan, badaezpada ere, nahiago izan zuela izenorde batekin argitaratu.

Izagirre: Hara teoria berria! (barrez)

Andoni Egaña: Alderantziz ere bai. Bereak ez diren ale batzuk badaude Bilintxenak izango balira bezala pasa direnak.

Jon Maia: ‘Triste bizi naiz eta’ren barruko batzuk esaten da ez direla bereak. Ez dira jatorrizko bertso paperetan azaltzen.

Egaña: Txarragoak ere badira.

Egiguren: Bai? Ez nekien ezer…

Noizko kontua da Bilintxi buruzko lan hori?

Egiguren: Egia kontatzea nahi baduzu ETAri buruzko liburua publikatzeko argitaletxekoei jarri nien kondizio bakarra izan zen Bilintxi buruzkoa ere publikatzea. Baietz esan zidaten. Baina publikatu zuten ETAkoa eta orain esaten dute dirurik ez dagoela (barreak mahaian). Nire liburuarekin jo dute hondoa nonbait (barre gehiago)… Tarteka deitzen dut El Paísera, baina “esto con tanto verso un andaluz lo tira por la ventana para el segundo día” esaten didate. Nik esaten diet Bilintxi buruz baldin bada bertsoak jaso beharra dagoela baina…

Zure alderdiko buruzagitzan nola ikusten da bertsolaritza? Patxi Lopezi entzun izan diozu inoiz zerbait?

Egiguren: Ez, baina gaztetan dantzaria izan zen. Mendizalea ere bai…

Labaien: Gitarrista ere bai.

Egiguren: PSOErentzat bertsolaritza fenomeno arraroa da…

Labaien: Lopez da bere aitaren semea.

Maia: Errenterian hitzaldia eman nuen bertsolaritzari lotutako nire bizitza kontatzeko. Nire ama Extremadurakoa da, aita Zamorakoa eta nola nik Euskal Herriko bertsolari txapelketaren finalean bukatzen dudan. Integrazio istorio bat da, kontraesan identitarioz beterikoa.

Egiguren: Nongoa zen ama? Zein herritakoa?

Maia: Cabeza del Buey, Badajoz.

Egiguren: Nire andrea-eta hortik zetozek.

Maia: Lehenengo aldia izan omen zen Errenterian hitzaldi bera entzutera PPko kontzejala, PSOEko kontzejala, ezker abertzaleko kontzejala… espektro dena azaltzen zela. Danak juntatu ziren lehenengo aldiz zerbait elkarrekin egiteko.

Izagirre.: Joder. Que grande eres Jon, que grande. Kar, kar…

Maia: Nik ez nuen landu hori. Alkateak esan zidan, hauek denak datoz. Eta Casa de Extremadura, Coro Rociero de Andalucia… jende ezberdin pila bat bertsolari baten historia entzutera. 200 lagun.

Egaña: Legebiltzarreko presidente Leizaola zegeola… Leizaola bat egon zen, ezta?

Labaien: Bai, bai, bai, Joseba.

Egiguren: Hori biziko da oraindik.

Labaien: Hori ez da behin ere hilko (algarak gainerakoek).

Egaña: Extremadurako jende baten bisita bat izan zuten Eusko Legebiltzarrean eta Jonek 97ko finalean bere arbasoei eskaini zien bertso hori kantatu zien Leizaolak.

Izagirre: Eta zer dio bada bertso horrek.

Maia: Ama Extremadura aita Zamoratik / abuela eta abuelo haien aurretik / herri honetan sustraitzen asmatzeagatik / neuk ere maita dezaket, guztien gainetik / euskaraz badakit / bertsoz darabilkit / dena zuengatik / halaxe dagokit / denek kantatu dute nire ahotik.

Izagirre: Ederra!!

Egiguren: Bertso hori pasa behar didak.

Maia: Finaleko egunean kantatu nuen. Orduan atrea nintzen armariotik… Errenterian hitzaldia bukatutakoan PPko eta PSOEkoak gerturatu egin zitzaizkidan, jode, ez nago oso ohituta horrelakoetara… “Cuando lo humano, está por encima de lo político…” esaten zidan PPko zinegotziak, “el problema es que no nos conocemos entre diferentes…” PSOEkoak…

Egiguren: Bilintxen aitona ere Ayamontekoa zen, Zamorakoa.

Egaña: Ayamontekoa zen Bilintxen aitona?

Egiguren: Bai, bai Ureña zeukan bigarrena

Zu, Ramon, frankismo osteko lehen kultura sailburua izan zinen 80tik 83ra.

Bertsolaritzaren aro modernoko lehen txapelketak nagusiak ere, Amurizak irabazi zituen biak, ordukoak dira. Nola bizi izan zenuen bertsolaritzaren berpizkunde hori zure kargutik?

Labaien: Gu saiatu ginen ahal zena finantzatzen. Administrazioa ez da kultura sortzailea, kasurik onenean lagundu egingo du, eta horretan saiatzen ginen.

Egaña: Ramonen garaian Bertsozale Elkartea sortzeke zegoen. Lan asko zegoen egiteko eta instituzioek jarri zuten berea ere.

Juan Jose Uriak, Hernaniko HBko alkatea izandakoak, kontatzen du 86ko Txapelketa Nagusiko antolatzaile lanetan zebiltzala, garai hartan Donostiako alkate zinen, zuregana jo zutela bi milioi eskatzera eta zuk hiru eskaini zenizkiela.

Labaien: Noski (serio-serio)

Barre egiten dute bertsolariek eta alkateak.

Nola da hori?

Labaien: Euskal kultura indartzeko lehentasunetariko bat bertsolaritza zen, eta ahal genuen guztia lagundu genuen.

Eta orain, Juan Karlos, posible ikusten al duzu horrelakorik?

Izagirre: Orain imposible. Gure lehentasunetan euskara eta euskal kultura oso goian daude baina ekonomikoki ze garaitan bizi garen ere badakigu. Gaur bi eskatu eta hiru eman ez dut uste inork egingo dizunik.

Aginte makila hartu zenuen egunean, Lagun Aro Gipuzkoa Basketen denboraldia ospatzeko ekitaldian, G puntuaren finalaren aurkezpenean… Bertso batzuk botatakoa zara ekitaldi ofizialetan.

Izagirre: Niretzat gure nortasunaren eta kulturaren ikur bat da bertsoa, eta aukera baldin baduzu, orain nagoen tokian nagoelako, noizbehinka horrelako keinu bat egiteko ba egin egiten duzu. Esaten dizute zerbait esan behar duzula eta bi minutu dauzkazula horretarako, eta niri iruditzen zait Habanera batean askoz gauza gehiago esan ditzakedala bi minutuko diskurtso bat irakurrita baino. Prosan egitea tokatu zaidanean gertatu izan zait hasi idazten eta orri bat eta bi orri eta gehiegi luzatzea. Bertsoarekin neurrikoa ateratzen da eta ni behintzat konpletoago sentitzen naiz, esan nahi nituenak esan ditudala iruditzen zait…6 Gero, ez dakit jende batek nola ulertzen duen. Akordatzen naiz Lagun Aro Gipuzkoa Basketen ospakizunaren biharamunean PPko kontzejal bat etorri zitzaidala, “claro, tu hechaste un verso porque no tenías ni idea de baloncesto” esanaz. Batzuk ez diote balore handirik ematen bertsoari.

Egiguren: Ibili ninduan Bilintxen CD bat publikatzeko diru laguntza bat eskatzeko. Gero esan nian, ‘jode, ze ari haiz Bilduko alkateari eskean…’

Izagirre: Eskaera egina al dago? Eskaera egina al dago, Jesus? Ba egin eskaera – serio plantak eginaz.

Egiguren: Ez ninduan atrebitu hirekin hitz egiten eta idazkariarekin jardun nian baina hark esan zidan kulturako ez dakit zeinekin hitz egiteko… Azkenean utzi egin nian.

Egaña: Orain ari haiz – irribarrez.

Izagirre: Bueno, jada bigarren enkargua da e. Iritsi bezain pronto uniformearena, eta orain Bilintxen CDa… – adarra jotzen.

Zeuk egindakoak izaten dira ekitaldi ofizialetako bertso horiek?

Izagirre: Aipatu dituzun hiru horietatik bi nireak dira, eta bestea lagunduta egindakoa, hemen dagoen baten batek lagunduta egina (keinu konplizea botatzen dio Maiari)

Egaña: Bertsoak entzuten badituk antzemango duk zein den lagundutakoa (irribarrez)

Puntua jarriko dizut. Entzun dut asteburuetan etxeko astoari irakurtzen diozula prentsa.

Izagirre: Duela sei bat urte erosi genuen astoa. Etxeko zelaian daukagu, ahuntz bat ere bai, eta haien ondora joaten nintzen egunkaria irakurtzera. Askotan ondoraino etortzen zitzaizkidan eta altuan irakurtzen nien. Gure astoa eta ahuntza ziren notizia irakurri, nire iritzia eman eta diskutitzen ez zidaten bakarrak, ados zeuden guztiz. Orain ez daukat astirik… Burla asko egiten dituzte. Igeldotik natorrelako, baserritik natorrelako, bertsoa kantatzen dudalako… Baina, ojo, nik askotan esaten dut: baserritarrari burla egiten dionak beretzako kalte, ezjakintasuna da honi. 2012an oraindik ere entzun egin behar dira horrelakoak… Nik beti esaten dut baserria sektore produktibo bat dela, orain oso larri dagoena, baina hori baina askoz gehiago ere badela.

Egiguren: Niri badakizue zergatik datorkidan afizioa leitzekoa? Umezaro guztia behizain pasa nuen, lan erreza zen eta denbora sobran nuenez liburuak leitzen hasi nintzen… Irakurketa haietatik etorri zen gero dena, irakurketa haiengatik egin nintzen sozialista.

Maia: Ikusten al duzue? Nola aldatu diren gauzak. Hiru politikariak baserrikoak eta bi bertsolariak kalekumeak.

Izagirre: Ni ez naiz baserrikoa, gerora joan naiz emaztearen familiako baserrira bizitzera, baina nire aitona-eta bai ziren baserritarrak…

Egin izan al duzu bertsotan bestela?

Izagirre: Dezente egin izan ditut, lankide baten despedida dela, bikotekideari detaile bat dala… Idatziz egin eta gero kantatu. Batzuetan bakarrik eta beste batzuetan koadrilan banatu eta denen artean kantatzeko. Eta bat batekoan ere, ordu txikietan, egin izan dut saioren bat, baina oso txarra naiz. Alegia, idatziz baino okerragoa. … Eta horrek ere beti deitu izan dit atentzioa, nola arrastorik ez daukagunok ere gure saiakerak egiten ditugun nahikoa modu naturalean.

Maia: Bertsoak segun eta ze girotan oso ondo funtzionatzen du, batzuetan prosak baino hobeto. Adibidez, adarra jotzeko prosan oso gordina litzatekeena onartu egiten da bertsotan, parranda edo bertso afari baten testuinguruan, azken batean ariketa artistiko gisa egiten delako.

Egaña: Gero, euskaldunak oso txarrak gara hitzen bitartez sentimenduak azaltzen. Nik honi ez diot esango kalean ‘hi Jon’ ikaragarri maite haut’, badaki baina ez diot esaten. Baina bertso saio batean esan egingo diot. Bertsoaren formatuak aukera hori ematen du.

Izagirre: Bai, bai, hori oso inportantea da. Txapelketaren espektakuloarekin pila bat disfrutatzen dut, baina niretzat bertsoa askoz gehiago da, barruan daukazuna esateko tresna bat.

Labaien: Euskararen tresna nagusienetariko bat da, dudarik gabe.

Maia: Gero, bertsoak jarraitzen du funtzio bere funtzio soziala betetzen. Ezkontzak direla, hileta laikoak direla…

Izagirre: Mezetan ere botatzen dira, motel…

Mahaiaren alde batean Labaien, Maia eta Egiguren elkarrengandik gertuago daude. Eta bestean beste hainbeste gertatzen zaigu Izagirre, Egaña eta hiruroi. Batetik bestera azkar dabil solasa, ez dago inor isilik egoteko, eta hasiak dira elkarrizketa paraleloak sortzen mahaiaren alde banatan. “Duela gutxi UGTko 99 urteko gizon baten hileta izan dut. Enkarguzko bertsorik zailenak horiek izaten dira hil den norbait despeditzeko egin beharrekoak” komentatzen dio Egañak alkateari. “Baina ederrenak, sentimendu handiena daukatenak ere horiek izango dira” erantzuten dio alkateak. “Oso-oso gertukoa baldin bada sentimendu gehiegi ere bai batzuetan- dio bertsolariak – Eta gertukoa ez baldin bada oso zaila izaten da hain gauza intimoa zeharkako erreferentzien bidez osatzea. Familiakoek hobeto egingo lukete sentimenduz…”. Horrelakoetan gertuko batek egindakoak behar dutela defendatzen du Izagirrek, eta gutxira bertso intimoetaz ari dira. “Bertsolaritza ez da derrigor norbaiten aurrean egin beharrekoa, ezta? Bertso intimoa ere badago, norberak bere buruarekin egiten duenean”; “Bai-bai. Dutxan, bolantean… Nik Balmasedan bertso saioa egin badut, bueltan kotxean natorrela botako ditut bertso onenak, neka-neka eginda banago ere”

Mahaiaren beste aldean bide bitxiagoa egin du solasak: Hileta laikoekin hasi dira eta Sabino Aranarekin bukatu. “Benigno Baskaranek hiletetara jende gehiago eramaten zuen apaizek baino. Zuk ere ezagutu zenuen, ezta? (Labaieni) ‘Leyenda Vasca’n aipatzen duten el santo laico” Egigurenek. “Hala zen gainera, bai, bai. Eibarko apaiz laikoa” Tolosakoak. “Apaiz laikoa, horri oximorona7 deitzen zaio, pensamiento navarro bezala…” egiten du irribarre Maiak. “Gero Eibarko alkate egin zuten Baskaranen alaba eta nazionalistek irabazi zutenean ezin zuen sinetsi ere egin” jarraitzen du berearekin Egigurenek. “Aizu, hitz hori, nazionalista, ez da egokia. Sabinok sortu zuena izan zen mugimendu abertzale bat” zuzentzen du Labaienek. “Aspalditik erabiltzen da euskaraz ‘nazionalistiak’” setatsu Egiguren. “Eta baita ‘nazionalistuak’ ere”, gaineratzen du Maiak.

Tabernako zerbitzaria pasa da edalontzi hutsak jasotzera eta bigarren erronda eskatu dugu. Denek berdina, eta Izagirrek ezer ere ez berriro.“Zuek erdi erretiratuta zaudete baina ni hemen lan ordutan etorri naiz, eta lan ordutan ez dut edaten” esplikatzen du. Hauteskunde kanpainarekin bera ere topera dabilela protestatu du Egigurenek. Ordu erdi barru beste konpromiso bat omen dauka alkateak. Ordu erditik gora daramakigu jardunean eta alkateak presa daukala ikusita, bertso politikoetara aldatzeko tenorea dugula komentatzen diet. Zerbitzariaren atzetik museoko langile bat etorri zaigu, ordea, eta zilarrezko kutxatxo banatan museorako gonbidapen sorta batzuk oparitu dizkigu. “Oteizari buruzko erakusketa aste honetan inauguratzen dugu eta gustatuko litzaiguke zuek ere bertan izatea” dio. Eta “eskerrik asko, eskerrik asko” errepikatzen dute guztiek prestutasunez. POSIekin8 mahaia partekatzearen ajeak. “Oteiza, hori bai bitxoa – dio Labaienek museoko langilea aldendu bezain pronto – Kultura Sailburu nintzela Arte Ederretarako Zuzendari Nagusi izateko bere burua eskainiaz etorri zitzaigun, ‘pero sin control presupuestario’…”

Euskal herriko historia politikoa bertso zaharren bidez errepasatu daiteke. Liberalen eta karlisten bertsoak, abertzaletasunaren sorrerakoak, aurreko bi mendeetako inguruko gerra guztiak… Bertso politiko historiko hauen artean ba al dago bereziki gustatzen zaizuen sortaren bat?

Labaien: Muñagorriren bertso berriak: ‘Ehun mila españolek ez dutena lortu / lortuko ote du alkatetxo batek’9. Alkateak ez zituen maite…(Izagirrek algara)

Egaña: Esanguratsuak Xenpelarrenak. Ia guriak egin du10. Bi gerla karlisten artean egindakoak dira eta bigarrena bazetorrela ikusten zuen tipoak.

Maia: Gu gera hiru probintzi, lengo legerik ez utzi…

Egiguren: Katolikoa zen eta bere familia karlista zela esaten zen. Bertso horietan ikusten den dilema da liberalen kontra dagoela, baina ez duela gerrarik nahi, gerra galdu egingo zela ikusten zuelako. Esaten du gerra nahi duenari tiro bat eman behar zaiola.

Egaña: Kuriosoa da, gerran kontrako beligerante azaltzen da.

Labaien: Donostia esaten da liberala zela baina nik ez daukat hain garbi. Fernando VII.ren garaian aldi konstituzionaletik absolutistara pasatzerakoan Donostian jendeak kalean ‘biba errege absolutua’ esaten zuen. Hemen dendariek nahi zituzten foruak baina fronterarik gabe.

Egiguren: Frantsesak izan edo españolak izan igual-igual zitzaien.

Labaien.: Interes komertzialak ziren denak.

Maia: Euskal Herriaren zazpi probintzien lehen formulazioa uste dut Txirritarena dela: ‘Larrosa baino ederragoko gure zazpi probintziak/ lau Españaren menpe daudenak / hiru han ditu Frantziak…

Egaña: Xenpelarretik Txirritara 50 urte daude eta diferentzia handia nabaritzen da, hiru probintzietatik zazpi probintzietara pasatzen da. Tartean Sabino Arana eta hori guztia dago.

Labaien: Iparraldean Xaho…

Egiguren: Niretzat onenak Txirritak Canovasen alargunari bota zizkionak dira. Esaten dute inprobisatuak direla baina niri onegiak iruditzen zaizkit inprobisatuak izateko11.

Egaña: Ederrak dira.

Maia: Canovasenak maila gorena dira.

Labaien: Gogorrak dira, e. ‘Guk Foruak galdu ditugu eta zuk senarra’.

Maia: Amuriza eta biok liburuxka atera genuen, Mende baten aldarriak bertso zaharretan jarriak. Ikusi genuen bertsoen bidez XX. mende osoaren kronika politiko eta soziala egin zitekeela. Bai gerrak,, bai emigrazioak, bai goseteak. Elizanburutik hasi, Lapurditik, hura ere politikaria zen, eta bat batean gerora bota izan diren gaurdainokoetaraino. Hor mordo bat daude zahar eta berri… Joxe Agirrek Frankori buruz kantatukoak kurioso askoak dira: ‘Horrek ez digu egingo ez mesede eta ez kalte/ juan daneko hogei urtean disekatuta daukate” Hilzorian zegoenean ez zela hiltzen eta ez zela hiltzen eta disekatuta ote dagoen bururatzen zaio Agirreri. Uztapideri ere Casimiro Morcillo kardinal frankista hilzorian zegoela jarri zioten gaia Seguran: ‘orain esango dizut suabe suabe / eta jarriko zaitut jakintzaren jabe / isil isilik egon bazina askoz ere hobe/ odolkirik ez dago txerria hil gabe’ (barreak, Izagirreren algarak)

Labaien: Bertsolaritzak badauka halako kontudentzi bat, ezpata bezala, taka! (eskuarekin keinua egiten du, ezpatarekin norbaiti lepahezurra hautsiko balio bezala) … Hala ere obispo gaietan ez dugu hobekuntzarik izan, e? Garai batean Goma eta Morcillo, eta gaur egun Rouco eta hemen daukagun hau.

Egiguren: Hori nire herrikoa da.

Labaien: Ez al da Zumarragakoa?

Egiguren: Ama Aizarnakoa du eta txikitan asko egoten zen Aizarnan.

Labaien: Hori atera zaigu fenomenoa.

Egiguren: Hori Aita Santu izatera iritsiko da.

Maia: Burua badauka behintzat. Txapel handia jarri beharko diote (barreak mahaian)

Egaña: Nire kintakoa da 61koa.

Egiguren: Hotza da.

Maia: Hori ere disekatuta ote dagoen susmoa badu hainbatek.

Egiguren: Setienekin bromak egiten zituzten hotza zelako, baina hau nik uste dut gehiago dela.

Labaien: Ezin dira konparatu ere egin, Setienek beste kategori bat zuen.

Egiguren: Bisitatzera joan nintzen, herrikoa zenez nolabaiteko hartu eman bat egon zitekeelakoan eta ezta hitzik ere. Esan nion umetan bere amarekin askotan joana nintzela astoaren gainean enkarguak egitera eta ezta hitzik ere.

Labaien: Nik uste dut ez duela hitzik esaten ez duelako ezer esatekorik. Hutsa da, hori da fanatiko bat.

Egiguren: Horrek ere badauka zerikusia horren izendapenarekin. Ez da batere nazionalista (biek barre egiten dute).

Labaien: Luzitu zian.

Egiguren: Madriden esaten zuten denak ‘hi, joder hau fatxa bat da, nola…’ ‘bai baina antinazionalista da ’

Labaien: Bai-bai, baina horrelako obispoekin honako fenomenoa ari da gertatzen: Lehen PNVkoak katolikoak ginen eta orain ari gara bihurtzen kristauak.

Egiguren: PSOEko zaharrek esaten zuten Arzallusek ez zuela hainbeste agintzen Setien zela PNVko benetako burua- zirikatzen du Labaien.

Labaien: Ez dakit, ni Setienen laguna naiz betidanik…

Egiguren: Ni Antonio Zavalaren laguna nintzen nahiz eta PSOEkoa ez izan hura.

Labaien: Aizu, alderdi politiko batean bukatzea da akzidente bat. Askok guztiaren aurretik alderdi puñeteroa jartzen dute baina ez du zertan horrela izan.

Politika zer da bertsolarientzat, gai bat gehiago edo gai bat baino gehiago?

Maia: Gai bat gehiago da, gu ez gea dedikatzen horretara. Presentzia handia dauka baina guk ez dugu politika egiten, guk artea egiten dugu. Gai delikatua da, baina politikak balio digu artea egiteko.

Egaña: Nik uste dut politika gai politikoak ez direnetan ateratzen dela batez ere. Gipuzkoa eta Bizkaiari buruz jarri gaia eta hor ateratzen denak zuku politiko gehiago duela gai bezala banderen auzia jarrita botatzen ditugun bertsoek baino. Horrelako bertsoetan azaltzen den norberaren ideologia hori da bertsolariaren izaera politikoa.

Zein dira inoiz entzun dituzuen bertso politikoki desegoekienak?

Egaña: San Frantziskon geundela Curutchetek, han jaiotako bertsolari batek, galantak bota zituen. Gaia jarri ziguten Kaliforniako krisi ekonomikoa konpontzeko zer egin eta Maialen eta biok pilota partiduetan apustu egin eta horrelako txorakeri batzuk esan genituen. Bere txanda tokatu zenean, oso errepublikanoa, oso eskuindarra da Curutchet hau, demokrata guztiak itsasora bota beharko liratekeela bota zuen zapla (barre egiten du). Hori hemen ezin duk kantatu, PPko denak itsasora bota behar direla… Segidan homosexualen ezkontza zer iruditzen zitzaigun jarri ziguten gaia, eta eskubidea dutela nahi dutena egiteko, nahiz eta ezkontzea ez oso ideia ona izan, egin nahi badute ezkon daitezela eta holako batzuk bota genituen Maialen eta biok. Hango beste bertsolari baten, Goñiren, txanda iritsi zenean ez dagoela gauza itsusiagorik bibote bat beste bibote bati musu ematen ikustea baino kantatu zuen. Niri irudiak grazia egin zidan arren guretzat hori politikoki incorrectoa zen, baina haientzat gu kantatzen ari ginena zen politikoki desegokia…

Labaien eta Egigurenek euren hartu-eman partikularrarekin jarraitzen dute. Labaien oso jantzia da Euskal Herriaren historian, eta baita historia militarrean12 ere. Egiguren ez zaio atzean gelditzen, euskal foruen galeraren inguruan egin zuen doktorego tesia zuzenbidean, eta hainbat entsegu politiko historiko argitaratu ditu gaiari lotzen zaizkionak13. Historia kontuak asko gustatzen zaizkie biei ala biei. “Elizanburu Solferinoko itsua al da?” Egigurenek. “Ez, ez zen egon Solferinon14” Labaienek, “garai hartan bere unitatea Chamberyn zegoen”. “Napoleonen tropetan egon zen, ezta?” Egigurenek. “Bai, Bonapartista zen, guardia pertsonalekoa. Hauek absolutistak ziren. Solferinoko itsua Sarako mutil bat zen”. Egigurenek kontatzen dio El Paísera artikulu bat bidali zuela Napoleon Madrilera seiehun euskaldunekin sartu zela esanaz eta denak zur eta lur gelditu zirela. “Bai, giputzak ziren” esaten dio Labaienek. “Ez ziren giputzak, frantsesak ziren” Egigurenek. “Moratiren La guide Basquen azaltzen da nola tartean guardia de corps-ak ere baziren, eta hor gipuzkoar asko egoten zen” zehazten du politikari jeltzaleak. Egigurenek kontatzen du bertso zahar batzuetan topatu zuela pasartea. “Tropa haietan bertsolariren bat zegoen eta kontatzen du Madrila sartu zirela pentsatuz Espainia liberatzera zetozela” kontatzen dio Labaieni.“Azkenean harrapatu eta lepoa moztu zieten erdiei. Hori bertsotan dator. Hori kontatzen duzu, eta Madrilen gezurra dela esaten dizute, ez datorrela historiako liburuetan… Historiako liburuetan ez baina bertsotan bai… Ezagutzen diren lehengotako bertsoak izango dira gainera…”. “Muñagorriren bertso berriak igual zaharragoak” Labaienek. “Egia da bertsolariak garaiko kronistak zirela. Batez ere, euskaraz idatzi ere egiten ez zen garaian historia euskaraz bertsotan kontatzen da. Eta ez da historialariek kontaturiko historia baizik eta herritar arruntena, bertsolariak herritar arruntak ziren eta beren bizipenak kontatzen zituzten” sartzen da tartean Maia.

Egiguren: Garai batean gerrarako arma izan zen bertsoa, propaganda. Karlisten jarraitzaile gehienek erdaraz ez zekitenez, liberalek, haiengana iristeko, asko idatzi zuten bertsotan.

Labaien: Noski. Aitzolentzat bertsolaritza zen tresna politiko bat. Zuk esango zenukeen bezala ‘baserrietan nazionalisten pozoia sartzeko tresna’ (Egañak barre txikia)

Jendaurrean aritu beharra, dialektika, lehia… badago antzekotasunik politikarien eta bertsolarien jardunen artean. Zein dira zuen ustez antzekotasun eta ezberdintasun handienak?

Egaña: Ezberdintasun handiena da guk indibidualki funtzionatzen dugula eta hauek talde baten baitatik. Guk gaur hau esan dezakegu eta bihar antzeko zerbait, edo baita zerbait oso desberdina ere. Politiko batek, eta batez ere aparatuaren inguruan baldin badabil, partiduak esaten duena esan behar du beti. Hala ere bi hauek ez dira adibiderik onena, biak heterodoxo samarrak izan dira beti (irribarrez).

Maia: Bihurri samarrak.

Labaien: Nik behin ere ez diot kasurik egin aparatuari…

Egiguren: Ni beti aparatua izan naiz… (barreak alde batean eta bestean)

Labaien: Zu aparatua? Ba ni ez… Eta alderdiak halako erabakia hartu du, edo halako iritzia dauka esan izan didatenean beti esan izan diet “apellidua faborez”, “zein da erabaki edo iritzi horren apellidua?”.

Maia: Andonik gehiago daki kontu hauetaz, baina eurak erabiltzen dituzten oratoria eta pertsuasiorako teknika batzuk erabiltzen ditugu guk ere.

Egaña: Nire ustez bertsoa poesiatik urruti dago, baina kondentsazio poetikoa deitzen zaionarekin bai dauka zerikusia. Alegia, hitz gutxitan asko esateko gai izaten jakin behar dugu, hitz gutxitan asko eta iristeko moduan esaten. Hori da politikariek euren diskurtsoetan bilatzen dutena.

Egiguren: Niretzat bertsolariak poetak dira.

Labaien: Aizu Egiguren, ez al zaizu iruditzen gaur egun bertsolaria politikarien dekadentziaren sinboloa denik? Bertsolariak inprobisatu egiten du eta oraingo politikaria mitin guztietan ikusten dugu, joño, ez dela gauza lau hitz segidan egiteko paperari begiratu gabe.

Egiguren: Oraingo jendea paperarekin ateratzen da. Parlamentuan debekatua dago paperarekin ateratzea, ze bestela ez dago aguantatzerik… (Egaña eta Eizagirrek irribarre egiten dute)

Labaien: Aizu, nik parlamentuan lo egiten nuen, egunkariaren atzean ezkutatu eta lo (barre algara lehertzen da mahaian)

Egiguren: Ni jaiki egiten nintzen eta sofa batera joaten nintzen lo egitera. Baina multak jartzen hasi ziren bozkatzen ez zuenari eta azkenerako soldatak ez zidan ematen isunetarako ere (barrez jarraitzen dute denek).

Labaien: Aburrimentu bat da parlamentua (Izagirre algaraka)

Egiguren: Eh?

Labaien: Aburrimentu bat dela parlamentua.

Egiguren: Bai, baina garai batean ez zen horrela.

Labaien: Bai, XIX. mendean…

Egiguren: Zure garaian ere ez. Gogoratzen al duzu, bazegoen ba frankista bat, Gasteizko Hierro edo…

Labaien: Bai, gure aurkakoa, bai, bai.

Egiguren: Hemen La Voz de España eta Unidad egunkariak ixtekoak ziren krisiagatik eta Euskadiko Ezkerrak haiek salbatzeko ekimen bat aurkeztu zuen. Uztailaren 18a zen bozketa eta frankista honek tribunatik, “que felicidad, que gozo, un 18 de julio y volvemos a hablar de la unidad y de la voz de España…” (Barreak denek) Gaur egun inori ez zaio bururatzen horrelako ezer. .

Labaien: Gaur egun ez dago oratoriarik; gainera kultura eskaseko jendea da.

Egiguren: Miterrand adibidez artista bat zen.

Labaien: Miterrand zen politikari bat baino gehiago intelektual bat.

Egiguren: Artista bat.

Labaien: Artista bat baina, aizu, bere akatsekin. Okupazioaren garaian petainista15 izan zen…

Egiguren: Bai baina bueno…

Labaien: Hor badago argazki bat Petaini eskua ematen. Eta badago beste argazki xelebre bat ere… Gerran mobilizatu egin zuten eta bere konpainiaren argazkian denak kuarteleko gorroarekin azaltzen dira Miterrand izan ezik. Miterrand zuhur-zuhur bere kaskoarekin kar, kar, kar…

Egiguren: Hollandek irabazi zuenean ni Bastillan nengoen Parisen egin ziren ospakizunetan. Ikurrina bakarra nirea zen… ez zegoen eta bandera espainiarrik ere. Han zegoen jendeak ez zuen “Hollande! Hollande!”, esaten, “Miterrand! Miterrand!” esaten zuen.

Labaien: Bai, bai. Gaur egun, oraindik, Frantzian sozialista denak erabat Miterranden jarraitzaileak dira, baina ez daukate Miterrandik, Hollande triste bat daukate.

Egiguren: Maitia laguna dut eta beti tokatu zaio Intxauspe eskuindarraren kontra aurkeztea eta galtzea. Azken hauteskunde hauetan ordea lehen itzulian Maitiak sekulako aldea atera zion Intxausperi. Elkarrekin egon ginen batean Xalbadorren bertso bat eman nion kanpainan Intxausperi zuzenduta kantatzeko: ‘Ze diputatu ona haizen, ze fabore egiten dituan, zenbat agintzen duan Frantzian, baina Euskal Herria ez baduk eramaten bihotzean ez haiz izango inoiz gure ordezkaria izango”. Bigarren itzulian, ordea, abertzaleen bozekin, Intxauspek irabazi zuen berriro.

Xalbadorren bertso hori lokalizatu nahian ibili dira bertsolariak, eta lortu dute, noski.. “Disko gogorrean milaka bertso dituzue zuek” komentatzen die Izagirrek miresmenez, eta ez zaio arrazoirik falta. Badirudi gai direla tekla ikusezin bati eman eta edozein bertso, zahar nahiz berri, lerroz lerro buruz esateko. Egiguren eta Labaienen disko gogorrek ere gigabyte asko dituzte, eta ondo beteta daude hauek ere, baina bestelako kontuekin. Alkate ohiak kontatzen du batxilergoa egin zuenean 1789ko iraultzako diskurtsoak buruz ikasten zituztela Frantziako eskoletan. “Mirabeauren16 diskurtso batzuk oraindik ere buruz dakizkit. Haiek bai zeukatela sekulako oratoria!”. Egigurenek buruz daki Espainiako Lehen Errepublikan Castelarrek17 Konstituzioan Erlijio Askatasuna sartzearen alde botatako diskurtsoa: “Grande es el Dios del Sinaí, las nubes le envuelven, los truenos le acompañan, los rayos le alumbran. Pero mucho más grande es el Dios de la cruz, el Dios humilde con la corona en la frente que a pesar de todo dijo perdónales Señor porque no saben lo que hacen. Esa es la religión que quiero llevar a la Constitución: La religión de la libertad, la religión de la igualdad, la religión de la fraternidad”. “Bai, diskurtso polita da, baina Lehen Errepublika hori desastre bat izan zen gero” Labaienek. Oratoriaren baliabideetara bideratzen da berriketa, eta zenbait xehetasun aletu ondoren denak ados daude, bai politikariak eta bai bertsolariak, inprobisaziorik onena ondo prestaturiko inprobisazioa dela azpimarratzerakoan. Gaurko politikarien errepasoari ekiten diote gero. Arzallus eta Felipe aipatzen ditu Egigurenek. Otegi eta Rubalcaba Egañak. Ibarretxek ez ditu denak konbentzitzen eta Erkoreka pausatuegia dela diote. “’Yo solo hablo con los que llenan plazas de toros como Felipe Gonzalez’ halaxe esan zigun Arzallusek berarekin izan nuen azken bileran. Mahaitik jaiki eta ospa egin zuen” kontatzen du Egigurenek.

“Arzallusek zuen formazio bat, Jesuita izandakoa zen, eta inspirazioak zituen” esplikatzen du Labaienek.

Alkateak dio primeran ari dela pasatzen baina joan beharra daukala. Tertulia eten eta argazki saioari ekin diogu, bada, taldeko argazkietan bost parte hartzaileak agertzea komeni baita. Alde batera eta bestera ibili ditu argazkilariak, baina txikia izan arren artaldea ez da gobernatzeko erraza. Beste hiruek zintzo samar betetzen dituzte hara edo hona mugitzeko aginduak, eta irribarrez begiratzen diote kamerari, baina Egiguren eta Labaienek berriketa batean jarraitzen dute, Miterrand gora eta Miterrand behera, eta ez kamerari begiratu, ez entzun, metro batzuk atzetik dabiltza saio osoan zehar. “Abeeer, bi gaixto horiek, kasu pixka bat argazkilariari” saiatzen da mugitu arazten Izagirre erdi broman erdi presaka. Bertsolariak ere gustura daude sortu den girotxoarekin. “Hauek daukate etorria!” dio Maiak.

Aldez aurretik suma zitekeen hiru politikariek perfil egokia zutela horrelako tertulia batetarako. Beren alderdian aurki daitezkeen figura irekienetarikoak dira, eurekiko ezberdinak direnekin hartu emanerako joera erakutsi izan duen jendea. Beraz, jarrera ez da sorpresa bat izan, baina bai gradua. Jesus Egigurenek zur eta lur utzi ditu bertsolariak bertso zaharren inguruan erakutsi duen ezagutzarekin, eta harridura puntua ere sortu du berriketarako eta zirikatzeko erakusten duen gogoak. Hedabideetan ikus daitekeen txisparik gabeko gizonak, izozte baten erdian balego bezala hitz egiten duenak, ez dauka zerikusirik gaur mahaian eseri denarekin. Ramon Labaienek ere portatzen ari da. Kultur kontuetan jantzia eta hizlari fina zela bagenekien denok baina erakusten duen bizitasunarekin solaskideen sinpatia denak ari da irabazten. Banan bana denak besarkada batekin agurtzen ari den Juan Karlos Izagirrek ere jarri du bere alea. Buru azkarrekoa dela ikusten da, bera baita beti alde guztietako txiste eta gehiegikeria denak harrapatzen lehena, eta famatzen duten bezain tipo naturala dela. “Bueno, Jesus, badakizu. Eskaria egin Bilintxen CD horretarako; bueno alkate jauna, zaindu eta segi horrela; Andoni…”

Biak dira ofizio gogorrak, baina, zein da gogorragoa?

Labaien: Politika, motel, politika.

Egiguren: Bertsolaritza azken batean arte bat da, eta politika, berriz, izan daitekeen ofiziorik txarrena.

Labaien: Beti zarpa preparatuta.

Egiguren: Etsaiak alde guztietan dauzkazu, eta handienak norbere partiduaren barruan egoten dira normalean.

Labaien: Aizu Egiguren, azken aldian jarraitzen zaitut eta geroz eta hobeto zabiltzala ikusten dut; PNVtik geroz eta gertuago zaude (zirikatzen).

Egiguren: Jada berandu samar da niretzat aldatzen hasiko, gainera zuek bazarete nahikoa bestela ere.

Labaien: Arrazoi daukazu, eta gehiago esango dizut: Herri honek behar du benetako PSE bat eta ez PSOE bat Euskal Herrian.

Egiguren: PSOEn sartu nintzenean ni nintzen euskaraz zekien bakarra eta orain hemengo gazte denek badakite.

Egaña: Hori pozgarria da.

Labaien: Nik susmatzen dut PSE pittinka-pittinka PSE bihurtzen ari dela. Euskal Herriko sozialismoa eta ez Espainiako sozialismoa Euskal Herrian, Ferraz kalea Bilboko txoko batean.

Egiguren: Baina zaila da. PSE bakarrik izan bagina boto gutxiago izango genituzke. Bi arima izaten dira alderdi bakoitzean: zuek ere badituzue, guk ere bai, ezker abertzaleak ere bai… Oreka bilatu behar.

Maia: Oreka gutxi izaten da batzuetan.

Egiguren: Ni alderdian sartu nintzenean ez zuten ikurrina esaten kuskurriña esaten zuten (barre egiten du Egañak). Hori ez da Euskadiko bandera, hori PNVren bandera da esaten zen, eta gero sozialista bat izan zen ofizial egin zuena: Aznar. Consejero de Marina edo Obras Públicas edo… ez dut ondo gogoratzen zein kargu izan zuen gizon hark.

Labaien: Francori planteatu omen zioten señera eta ikurrina legeztatzea. Señerarena ez omen zuen garbi ikusten baina ikurrinarena bai: ‘La ikurrina no, esa es una bandera de guerra’. Eta Francok bazekien zer zen gerra, e?.

Egiguren: Odonek baino errazago jarri dute orain Bildukoek.

Maia: Orain epaitegietatik hasi dira inposatzen…

Egiguren: Baina zergatik ez jarri? Zeini egiten dio kalte bandera batek? Udaletxea denona da, ezta? Zergatik baztertu?

Labaien: Bada bandera española hori zerbaiten sinbolo delako, gerra eta frankismoa oroitarazten dizkigulako…

Egiguren: Jode, guri ere bai, gurea errepublikarra zen; baina zer egon behar dugu, bizitza guztia horrekin bueltaka?

Jesusek politikaren lehen lerro horretatik erretiroa hartzeko asmoa azaldu du, eta zuk, Ramon, urte batzuk badira pausu hori eman zenuela; zein aholku emango zenioke bizitzea tokatzen zaion etapa berri honen aurrean?

Labaien: Politikatik ez da inoiz erretiratzen bat. Beste gauza bat da kargu publikoa…

Egiguren: Honen aholkuek ez dute balio. PNVkoak erretiratzen direnean Euskaltelen, Mondragon kooperatiban edo bankuren batean tokia izaten dute. Edo bestela funtzionarioak dira eta euren postura itzultzen dira…. Nik lan bila hasi beharko dut.

Labaien: Aizu, nik ere horrelaxe egin nuen. Sapa enpresan hasi nintzen, Soraluzen, kanoiak egiten (serio).

Maia: Ardantzagatik eta esaten du (irribarrez).

Labaien: Sabino Aranak ez luke hori onartuko, beraz, utz dezagun Ardantza aparte.

Egiguren: Sabino Arana da izan duzuen intelektual bakarra. Horrek ez du gehiegi esaten PNVren alde.

Labaien: Sabino Arano izan zen izan zena. Asmatu zituen gauza batzuk… Ikurrina tartean… Bueno, egia esan ikurrina zaharragoa da…

Egaña: Bai, e?

Labaien: Erregimentu frantziar baten bandera izan zen XVIII. mendean.

Egiguren: Teoria arraro bat daukat, Ramon. Nik uste dut Sabinoren irakurgai nagusia, bere teoriak inspiratu zituena, Extremadurako pentsalari bat izan zela, ezin dut izena gogoratu, Espainiako integrismoaren sortzailea.

Labaien: Hori ez dago zalantzan jartzerik, Sabino zen integrista…

Egiguren: Gainera negozioak zeuzkan Talavera de la Reinan.

Labaien: Bai armadorea zen. Baina, aizu bueno, Sabino zen karlista bat.

Egiguren: Integrista bat (barreak bertsolariek)

Labaien: Bai, baina, garai hartakoa. Gaur egun asko famatzen da Barandiaran. Nik ez nuen asko maite. Sarako eskolan latineko klaseak ematen zizkigun eta sekulako kankarrekoak ere bai aldiro. Hura zen apaiz integrista bat. Integrista usaina zuen baita bere sotanak ere. Beti arrazoia zuen…

Egiguren: Madriden beti galdetzen didate nola aguantatu dugun ETAren kontra eta esaten diet: haiek eta gu apaiz berdinek edukatu gaitxistean…

Labaien: Denak gara integristak herri honetan. Horregatik ez gara konpontzen…

Euskal politikaren bi familia-tradizio handiren baitako kideak dira Egiguren eta Labaien. Azken 30 urteotan sozialistek eta jeltzaleek agindu dute EAEko instituzioetan, eta gerra aurretik ere hor zebiltzan, elkarren lehian baina elkarren inguruan. Ez dira edozein kide gainera, bizitakoen eta entzundakoen artean hainbat belaunaldiren kronika politikoa lehen pertsonan egiteko bezainbeste jakinduria pilatutako politikari beteranoak baizik. Tarteka handi samarrak ere esaten dizkiote elkarri, eta ‘ostras!’ aurpegiarekin begiratzen dit Egañak; “titularra daukak hor” ere esan dit ahopeka pare bat aldiz. Esandakoak, ordea, Andoniren ahopekoak bezala erdi serio erdi jolasean botatakoak direla dirudi. Ez dago haserrerik politikarien ahots eta keinuetan. Bertsolarien presentziak animatuta-edo elkarri zirtoa botatzeko gogoa da nabari zaiena. Aldizkari ezezaguneko kazetari ezezagunaren presentziak ere ez ditu gehiegi kezkatzen, giro informala nagusitu da. Aukera polita izan daiteke, bada, bi familia-tradizio hauen arteko tirabira erdi pribaturen bat ezagutzeko. Grabagailuak badauka nahikoa bateria.

Zein da ezagutzen duzuen politikaririk bertsozaleena?

Maia: Alkate asko dago.

Egaña: Baina bueno, Sabin Intxaurraga zena, Imanol Murua zena…

Labaien: Murua oso bertsozalea zen.

Maia: Intxaurraga saio guztietan egoten zen… Gero niri inpresioa egin zidan alkate hau, Izagirre, Donostiako jaietan Easo plazan egunero-egunero bertso saioan bokadilo eta guzti lurrean eserita ikusteak.

Labaien: Eta zergatik ez? Bokadiloa doan baldin bada denek jaten dute azkar asko, kar-kar

Egiguren: Odonek ere egingo luke botoak ateratzeko behar izanez gero (Egaña algaraka).

Labaien: Ez zuen espero Donostiakoa galtzea, e?

Egiguren: Zuek jarri duzue Bildu.

Labaien: Baina Bildu atera zen lehenengo.

Egiguren: Albistur ere atera zen eta azkar asko kendu zenuten. Eta Imanol Murua ere…

Labaien: Baina Odonek ere egin zituen aurretik bere gauzak, eta PSEk ere bai lehendakaritzarekin. Gauza horiek gero bueltakoa ekartzen dute.

Onintza Enbeita Madrilgo Kongresuan dago Diputatu, eta Iratxe Ibarra Jaurlaritzarako proposatu dute. Badirudi bertsolariak karrera politikoa egiteko moduan zaudetela. Animatuko zinatekete norbaitek proposatuaz gero?

Maia: Niri askotan eskaini didate baina ez zait interesatzen maila horretan aritzea.

Egaña: Niri ez dit inoiz inork ezer eskaini. Gauzak ondo egiten ari naizenaren seinale.

Egiguren: Gu politikan sartu ginen obligazio bat bezala. Erlijioak ere zerikusia bazuen askoren kasuan. Toribio Etxeberria eta hauek denak oso erlijiosoak ziren. Nahiz eta elizak sozialistak gaizki hartzen zituen.

Labaien: EAJn ere egon zen bereizketa hori. ANVkoak zer ziren ba? PNVkoak baina igandetan elizara joaten ez zirenak. Baina azken momentuan apaizari deitzen zioten kar-kar.

Maia: Politikoek bertsolariok baino gehiago zirikatzen duzue batak bestea.

Egiguren: Ze bestela ez dauka graziarik… Niri beti esan didate, “sin el PNV no se puede hacer nada, pero nunca te fies del PNV”

Labaien: Bueno-bueno-bueno, no hay que fiarse. Esto es un valle de lagrimas… no hay que fiarse, noski.

Egiguren: PSOEko zaharrek esaten dute PNVkoek elizak babestu besterik ez zutela egiten gerran.

Labaien: Ez, ez, ez. Aizu, hori nire gaia da. 45 batailoi jarri genituen eta galdu genituen 6000 gazte. Ahaztuegiak izan ditugu bai milizianoak zuek eta bai gudariak geuk, baina sekulako borroka egin zuten.

Egiguren: Laster zu ere ahaztuko zaituzte.

Labaien: Niri hori igual-igual zait.

Politika dela eta gaurko bertsolaritzari ere egin izan zaio kritika. Garai batean liberalak eta karlistak bazeuden orain denak bando berdinekoak zaretela. Nola ikusten duzue kritika hori?

Egiguren: Garai batean pixka bat apartatu ninduan denek gauza berdinak kantatzen zituztelako: aberria, Euskadi…

Labaien: Ez dago politizaziorik, sentimendua dago…

Egiguren: Baina egon da garai bat bertsolari guztiek beti alde batera jo dutena.

Labaien: Euskaldun gehienek jo duten aldera.

Egiguren: Euskaldun guztiak ez dira abertzaleak.

Labaien: Zu ere abertzalea zara. Zure modura, baina abertzalea.

Maia: Nazionalista ez, baina abertzalea bai.

Egaña: Gu hitzekin ari gara lanean, eta hitza beste espresio modu batzuk baina esanahi argiagokoa da, hizketan beti ateratzen da zerbait. Beraz, politikaz ari garenean politikaz ari garela ikus daiteke eta baita neurri batean edo bestean norbere posizioa zein den. Gero, gaiak gizarteak bizi dituen kezken isla dira baita. Azkeneko BECean esaterako, nik sumatu nuen gai asko telesail amerikarretan kokatu zitezkeela; hartu ‘Urgencias’ eta hartu ‘Ley y orden’ eta finaleko gai askorekin kapitulu bat osa zitekeela arazo handirik gabe. Posible da gai horiek ez oso gertukoak izatea, adibidez, Herreran bizi den langabetu batentzat, baina gure publikoarentzat bazuten interesa. Beraz, ondo bizi den jendearen kezkak, gizarte maila altu bateko gatazkak planteatu ziren. Eta gero, hori ere bizi dugulako, baita Euskal Herriko gatazka politikoa ere. Hiru urte hauetan asko ari dira aldatzen gauzak eta agian hurrengo BECean beste gai batzuk eta beste ikuspegi batzuk azalduko dira.

Maia: BECeko gaiak hartzen badituzu gai politikoak zuzenean plazaratzen dituztenak %7a dira. Maitasun kontu bat, minbizia kasua, parranda gau bat… Horrela joaten dira gehienak. Guk abaniko zabal bati kantatzen diogu, baina politikari buruzko sei gai horiek, herri honetan politika bizi dugun bezala bizi dugulako eta ulertzen den bezala ulertzen delako, asko markatzen dute.

Gai politikoa jarriko dizuet, denon artean, puntuka edo nahi duzuen bezala erantzuteko. Nola ikusten duzue Katalunian gertatzen ari den guztia?

Maia: Interesantea iruditzen zait… Momentuz legalki katalanek ez dute gatazka Ibarretxek eraman zuena baino urrunago eraman. Hura Madrila joan zen Kongresura eta han diskurtso handi bat egin zuen…

Egaña: Diskurso de estado bat egin zuen…

Labaien: Bai, bai, bai, bai.

Maia: Bazekien paretan kontra joko zela, eta hala ere jarri zuen erreferendumaren eguna, eta papeleta mordo bat inprimatu zituen. Baina gero iritsi zen eguna eta ez zen ezer izan. Nik uste dut Artur Mas ez dela horretaraino iritsi. Baina ikusten dudan diferentzia da herritarrek aurrea hartu dietela politikariei… Manifestazio erraldoi horretara herri gisa atera zen jendea, ez alderdi baten edo bestearen jarraitzaile gisa. Eta Artur Masek, esango nuke ez zela manifestaziora joan ere egin, gerora hartu nahi izan duela olatu hori, Ibarretxek ez bezala herri oso bat dauka atzetik… Nik uste dut Euskal Herrian horrelako zerbait behar dugula: alderdien gainetik gehiengo sozial batek erabakitzeko eskubidearen defentsa gauzatu behar duela, eta hor edozeinek izan behar duela tokia, oso oinarrizko kontua delako.

Egaña: Ez dakit nik alderdi politikoak lidergoa gizarteari uzteko prest dauden hemen. Maia: Hemen beti alderantziz gertatu da, alderdiek beti herritarren oinarrizko akordioak blokeatu izan dituzte.

Labaien: Partidu politikoek dena kontrolatu nahi izan dute. Dena da kontrolatu nahia alderdi politikoetan. Baina herria hasi da bultzatzen, alderdiak hasiak dira politikaren monopolioa galtzen…

Maia: Esaldia ez dakit non irakurri nuen, baina polita da: Alderdi politiko batek ez du mundua aldatuko, baina pertsona batek aldatu dezake mundua.

Egiguren: Felipek kontatu zidanez, Chavezek Castrori aholkua eskatu zion bere Konstituzio Bolivartarraren erreferenduma egin aurretik. ‘Ni se te ocurra! que el pueblo se equivoca’, esan omen zion Castrok. Eta azeri zaharrak asmatu, Chavezek galdu egin zuen lehen erreferendum hura.

Maia: Baina ados egongo zara herriaren erabakitzeko eskubidearekin, ezta?

Egiguren: Nik uste dut erreferenduma hanka sartze bat dela, batez ere nazionalistentzat. Niri iruditzen zait independentzia lortzeko metodo posible bakarra kontsentsua dela.

Maia: Baina kontsentsuak soziala izan beharko du, ez alderdien artekoa.

Egiguren: %51ak ez dauka eskubiderik %49ari inposatzeko.

Egaña: Baina konstituzioa ere sistema horren bidez jarri zen indarrean, sistema horretxekin. Ez zen alderdi guztien kontsentsurik egon.

Egiguren: Erreferenduma ez da egiten konstituzio gehienetan. Gainera gure kasuan ez dut ikusten erreferendum horren bidez Euskal Herria inoiz independientea izan daitekeenik.

Labaien: Izango da izango dena.

Egiguren: Nik uste dut Espainiaren arriskua Katalunia dela eta ez Euskal Herria. Han gutxiago edo gehiago denak dira nazionalistak eta hemen berriz bakoitza bere aldetik…

Labaien: Bueno, gu euskaldunak gera, beste jende mota bat.

Egiguren: Hemen erdiak ez dira nazionalistak. %80a alde dagoenean ez erreferendumik, ez Konstituziorik eta ez ezerk ez du geldiaraziko, Euskal Herriak independentzia lortuko du. %80a alde badago , zer egin behar dute? Tankeak atera?

Labaien: Nik ezagutu nuen Companys18. Estatu Katalana deklaratu zuen 34ean eta hurrengo egunean kartzelan zegoen. Fusilatu egin zuten (fusilarekin apuntatzen duenaren keinua egiten du eskuekin)

Egiguren: Legalitatea bere alde zuen Estatu Katalana deklaratu zuenean. Orain, ordea, ez dago horrelakorik.

Intentsitaterik ez zaio falta solasari, baina luze ere badoa eta tarteka ingurura begiratzeko astia ere ematen dio bati. Inguruko mahaietan bezeroak esertzen ikusten ditu, eta bezeroak altxatzen. Ume batzuk plazan harrapaketan jolasean. Eta pixkanaka konturatzen da tertuliara bost lagun gonbidatu arren badagoela seigarren bat, distantziara bada ere, zitara azaldu dena. Larruzko jaka bat daraman gizon handikote bat da, terrazako mahaiak bukatzen diren izkinan banku batean eserita dagoena. Lehenengo patata zorro bat jaten aritu da, egunkaria, Diario Vasco, irakurtzen zuen bitartean. Tarte batean iPadarekin aritu da jolasean. Principe zinemara sartu da eta txokolatezko palmera batekin itzuli da bere lekura. Ez du inorekin hitz egiten, ez dago inoren esperoan. Bizkartzainarekin dabil oraindik Egiguren.

 

Labaien: Gu gobernuan geundela gauza asko egin genituen ilegalak zirenak, baina Espainiako legalitatea zen…

Egaña: ETB ilegal sortu zuen Ramonek (irribarrez).

Labaien: Alde batetik Espainiako legalitatea zegoen eta bestetik euskal legitimitatea. Gure muga legitimitateak markatzen zuen.

Egiguren: Legitimitatea eta legalitateak biek erro berbera dute, legea.

Labaien: Franko ere legala zen, bere legeen arabera, baina ez zen legitimoa.

Egiguren: Demokrazian legalitatea saltatzen duenak legitimitatea ere saltatzen du.

Labaien: Aizu, gu ez ginen joan Frankoren aurka ez zelako demokrata. Gu frankoren aurka joan ginen gure aurka zetorrelako.

Egiguren: Autonomia pixka bat eman bazizueten bere alde joango zineten… (barreak bertsolariek)

Labaien: Dudarik gabe, dudarik gabe…

Egaña: Bai, e? Hori horrela al da? (dezente harrituta).

Egiguren: Behin etorri zitzaidan Euskadiko Ezkerrako bat esanez “ya, ya esta, hemos hundido al PNV. He descubierto que hablaron con los nazis”. Aurrean Landaburu19 zegoen eta esan nion “si eso lo sabe todo el mundo, el padre de este estuvo hablando con…”

Labaien: Si, hombre, eta Eugenio20 Uztaritzen…

Egiguren: Hori gauza jakina da.

Labaien: Bai, gauza jakina da.

Egaña: Guk ez genekien…(adierazten du Andonik gainerakoon harridura).

Labaien: Guk garai hartan hartu-eman handiak geneuzkan bretoiekin. Eta Hitlerrek han mugimendu politiko handi bat egin zuen. Liberatu zituen preso politiko bretoiak esanez haiek ez zirela frantsesak, finantziatu egin zituen…

Hitz potoloak dira guretzat, baina eurak jolas batean bezala dihardute. Katua eta sagua bailiran egiten dute salto pasarte batetik bestera, zirtoka eta purrustadaka, aldiro besteari adarra jotzeko aukerarik galdu gabe. Liberalak eta karlistak, errege absolutistak eta Napoleon, Espainia eta Frantzia, errepublika eta diktadura, Gerra Zibila eta Mundu Gerra, abertzaleak eta sozialistak… Historia bazterrekoa, konplikatua eta aldrebesa euskaldunona, ia beti ejertzitorik gabe, gehienetan elkarren aurka eta beti gerran. Bi hauek entzunda bat konturatzen da, zeinen luze, gordin eta sakona den gure eztabaida, interesgarria ere bai, noski, eta nolako saltseroak behar duten hor buru-belarri sartuta bizi direnak.

Egiguren: Euskadik ez du inoiz independentziarik lortuko, eta zuen kulpagatik gainera: Ez duzue frantsesik irakasten eskoletan.

Labaien: Hori da akats bat, kristoren akatsa (baiezko keinu nabarmenak egiten ditu).

Egiguren: Nola espero daiteke Frantziak eta Europak independentzia babestea frantsesez ez badakizu.

Labaien: Aizu, ni 37an Donibaneko eskolan ikaslea nintzen, patioan euskaraz egiten genuen, baina klasean euskaraz eginez gero, zigortuta geunden segituan. Eta Donibane euskalduna zen.

Egiguren: Baina nazionalista batentzat euskal hizkuntzak euskara, frantsesa eta gaztelera izan behar dute.

Labaien: Bai, dudarik gabe… dudarik gabe

Egiguren: …Frantsesez egin gabe ez dago nazioa eraikitzerik…

Labaien: Bueno ba, gaizki egina puñetas! Aizu, ez gara santuak, batzuetan erratzen gara! Nik uste dut hori dela kristoren hanka sartzea …. (oraingoan apur bat aztoraraztea lortu du Aizarnakoak).

Egiguren: Eta Nafarroa Euskadin sartzea eta astakeri horiek… Tuterako bat nola egongo da Bilboren menpe… (zirikatzaile erabat Egiguren)

Labaien: Aizu!, Nafarroa ez da Euskadi, Euskadi Nafarroa da.

Egiguren: Nik ez dakit Konstituzioa egiterakoan zeinek engainatu zituen nazionalistak, baina Nafarroak Euskadin sartzeko eskubidea du jarri beharrean Euskadik Nafarroan sartzeko eskubidea du jarri balute, bide erdia egina zegokeen…

Labaien: Euskaldunon estatu soberano bakarra Nafarroa izan da…

Maia: Baina oraingo jendeari horrek ez dio balio, Noaingo bataila galdu zela eta…

Nola planteatuko zenukete Nafarroak Euskal Herrian izan dezakeen lekua?

Egaña: Nik uste dut abertzaletasunak autodeterminazioa eta lurraldetasunaren arteko dilema duela orain…

Egiguren: Bateraezinak dira…

Labaien: Zer dute zerikusirik Maulek alde batetik eta Bilbok bestetik: euskara. Besterik ez. Bada, euskararen herria da gure subjektu politikoa, zazpi probintziak.

Maia: Gure lurraldea ere, bertsolariena, hori da. Azpeitiara, Donapaulera edo Goizuetara berdin-berdin joaten gara. Gaur non tokatzen da, ba hara… Barakaldo, Leitza, Uztaritze…

Labaien: Baina Euskal Herri horrek, lurraldetasun horrekin, aurrera egiteko lortu behar da Nafarroa berriro Nafarroa bihurtzea. Begira hemen pena bat izan da Sabinoren ideiak atera zirela aurrera eta ez Kanpionenak21

Egiguren: Badakizu Nafarroa noiz urrundu zen Euskaditik? Marcha por la Libertad22 egin zenean…

Labaien: Hori izan zan Telesfororen ideia eta Telesfororen hanka sartzea. La invasion de navarra esaten zuen garaiko prentsa espainolistak.

Egiguren: Tuterara ikurrinarekin joan eta buelta. Horrek ez du ezertarako balio.

Labaien: Historia pausuz pausu egiten da. Bakoitzak ikusi nahi du bere bizitzaren baitan, baina hori baino luzeagoa da eta ez dugu ikusiko. Ars longa vitae brevis23 esaten da latinez. Egingo du ordea bere bidea.

Egiguren: Euskadik independentzia erabakitzen badu, Arabak “yo no quiero” esango du.

Egaña: Ez, esango dik ‘quiero’. Jada 30 urte daramatzate ‘perteneciendo a’ , eta hurrengo hauteskundeetan igual EH Bilduk irabaziko dik. Soziologikoki aldatzen ari da Araba

Labaien: Araban aldatu da lehen Gasteizko 50 familiaren eskutan zegoela guztia, jauntxokeria hutsa zen.

Egiguren: Sabino Aranaren nazionalismoa da Bilborako egindako gauza bat…

Labaien: Bizkaitarrismoa… Baina 50.000 gudari frentean. Aizu, nazionalismoa odolak egiten du. Franklinek24 esan zuen, zentzu politikoan hartu behar dira hitzok, abertzaleen odolarekin urtu behar dela askatasunaren arbola.

Egiguren: Badakizu zeinek galarazi zuen Gernikako arbola moztea, ezta? Del Burgoren aitak.

Labaien: Aizu, sin ofender, e? Baino Del Burgo da Zamorakoa kar, kar…

Larruzko jakadun gizonkotea surfeko aldizkari bat ari da irakurtzen orain. Telazko zorro batetik atera du. Eta fruitu lehorren poltsa bat ere bai. Martxa honetan jarraitzen badu arazoak izan ditzake kolesterolarekin. Lanbide arraroa izan behar du bizkartzainarenak. Batez ere bake garaian.

Maia: Arbolaren sinboloa Iparragirrek ekarri zuen euskal imajinariora.

Labaien: Ez, ez zaharragoa da.

Maia: Baina bera Frantziako gortean egon zenean karlistekin…

Labaien: Ez, ez, ez. Gernikako arbolaren inguruan dokumentatuta gelditu den lehengo zeremoni inportantea egin zen 1795 urtean. Asanblada Nazional frantseseko ordezkariak, Le Convention Francaise, etorri ziren omenaldi bat egitera askatasunaren lehen arbola zelako, Le premier de la liberte.

Egiguren: Hosto batzuk eraman zituzten bueltan.

Maia: Baina gure imajinariora Iparragirrek ekarri zuen. Aurretik ez dago arbola aipatzen duen bertsorik edo arbola irudikatzen duen koadrorik.

Egaña: Frantsesak etorri baziren Iraultza Frantsesa egin berritan zerbait izango zen.

Egiguren: 1848ko iraultzan joan zen Iparragirre. 60 urte lehenago, iraultza frantsesa eman zenean herri bakoitzean askatasunaren arbola bat jarri zuten eta ordurako Gernikakoa ezaguna zen. Rousseauk25 ere aipatzen du bere lanetan. Iparragirre, esaten denaren aurka, ez zen karlista, Marsellesa abesten aritu zen arbola haietan eta gerora ezagutu zuen Gernikakoa… Zuen beste hanka sartze bat izan zen (Labaieni zuzentzen zaio) Gernikako arbola ez hartu izana himno bezala.

Egaña: Hor PNVk hanka sartze handia egin zuen. 30 urteotan ez dute lortu Gora eta Gora inork abestea. Gernikako arbola izan balitz arrakasta gehiago izango zuen… Ez da zaila.

Labaien: Nik horren aurka bozkatu nuen.

Maia: Zer dira kopla batzuk, ezta?

Labaien: Sabinorenak. Aurresku bat.

Egiguren: Letra kendu zioten, arrazista zelako… El canto a la raza vasca.

Labaien: Erlijioari egiten zion gorazarre arrazari baino gehiago.

Egiguren: Gernikako arbola izango da munduko himno bakarra ez duena gerrari edo odolari buruz hitz egiten…

Labaien: Hirugarren aukera bat ere maneiatu zen; jaiki-jaiki. Jaiki-jaiki euskotarrak (abesten) argia da zabala, argia da zabala… (Egaña eta Maiak abestiarekin laguntzen diote)”

Maia: Baina gero Holandesak26 aipatzen ditu eta pixka bat arraroa da himnoa izateko, ezta?

Labaien: Bueno, zergatik ez? Itsasotik mintzatzen da… (abesten)

Egigurenek ez du deskantsurik hartzen. Gogora dakar nola Tierno Galvanek Madrilen plaka bat jarri zuen‘Aquí se canto por primera vez el ‘Guernicaco arbola’’ esaten zuena. Labaienek kontraerasoan kontatzen du Ricardo García Danboreneak Gora ta gora abestian ‘goiko Jaun Onari’ aipatzen denean horrek zer esan nahi zuen argitzeko eskatu ziola Legebiltzarreko interpelazio batean. “Joder señor Garcia Damborenea, a pesar de su PSOE usted ha sido educado en colegio relijioso y debería saber” erantzun omen zion berak; “y si no, puede que venga aquí Zumalakarregi y le fusile”. Barre egiten dute bertsolariek. Probokazio horiek alde guztietatik egon direla dio Egigurenek, Juan Jose Pujanak Legebiltzarreko lehendakari zenean señor García deitzen ziola García Damboreneari. “Bueno, aizu. Pujanari Monseñor Pujanza deitzen genion guk, kar, kar,kar” erantzuten dio Labaienek. Barrez lehertzen dira bi bertsolariak.

 

Badirudi gizarteak geroz eta konfiantza gutxiago duela politikariengan, bertsolariak, aldiz, oso estimatuak zarete. Nola hobetu dezakete euren irudia zuen ustez?

Egiguren: Politikoekiko mesfidantza egotea ez da gauza txarra. Eibarko sozialisten kontsigna zen ‘elige al mejor y vigilalo como si fuera el más corrupto’.

Maia: Gure jardunak ez digu herriarengandik apartatzen uzten. BECeko finalean 15.000 lagun hurbildu ziren bertsolariak entzutera, telebistatik zuzenean 200.000 pertsonak ikusi zuten, eta biharamunean, niri adibidez, auzoko festa batzuetan 30 laguneko bertso afaria tokatu zitzaidan.

Egiguren: Politikariak ere horrela ibiltzen gara.

Maia: Hasi aurretik eta bukatutakoan ere ez gara sartzen kamerino batzuetan. Bukatu eszenatokitik jaitsi eta ondoko tabernara goaz behean daudenekin.

Egiguren: Gu bezala.

Labaien: Politikoak txarrak dira, alderdiak txarrak dira, baina, zein da alternatiba? Beste Franko bat? Politikoaz mesfidatzearena ez dakit hain ona den.

Egaña: Nik ez dakit urtarrilean 400 euro irabaziko ditudan edo 1.400. Igual horregatik onartzen gaitu jendeak, sokarik gabe jauzi egiten dugulako.

Egiguren: Niri ere berdina gertatzen zaidak.

Egaña: Bai, baina politika oraintxe utzi dualako eta heuk esan duanez PNVkoa ez haizelako.

Egiguren: Igeltsero bezala ibili beharko diat eta PNVkoa banintz, berriz, etxeak eraikitzen nengoke honezkero.

Labaien: PSOEk dauka problema bat (arnasa sakon hartzen du). Hiru urte egon zarete Jaurlaritzan eta zuen lorpenen zerrenda hor dago. Bilduri ere berdina gertatuko zaio, Gipuzkoan ari dira gestionatzen eta lasterrera denok ikusi ahal izango dugu gestio horren emaitza.

Egiguren: Guk hiru urtean lortu dugu zuek 30 urtean lortu ez zenutena.

Labaien: Guk 30 urtean asko egin dugu, e!

Egiguren: Bai-bai eta meritu guztia ere ez dugu guk eramango, baina orain dela hiru urteko Euskadi eta gaurkoa ez dira berdinak. Gero inork ez digu eskertuko baino…

Labaien: Zigortu egingo zaituztete hauteskundeetan.

Egiguren: Suarezi ere sekulako egurra eman zioten eta gerora egin dizkiote omenaldiak. Artista bat zen hura ere.

Irakurri dut pragmatiko gisa definitzen zarela, baina hau ez al dator kontraesanean beti korrontearen aurka aritzeko erakutsi duzun joerarekin?

Egiguren: Nik badakit PSE Madrilen mendetik irteten ez duen bitartean ez dela Euskadin irabazteko gai izango. Euskaldunak, nahiz eta sozialista izan, bere bihotzean Euskadi nazio bat dela pentsatzen du, eta kanpotik datorrenari ez dio utziko hola eta hola agintzen. Baina jende asko erail da nazionalismoaren izenean… Bueno isildu egingo naiz… Niretzat izan da obligazio bat betetzea eta ez dit pentsatu espainola den edo ez den…

Maia: Hobe zu bezalako gehiago egon izan balira.

Egiguren: Hemen PSOE egon izan ez balitz ez nikek jakin nahi zer izango litzatekeen. Hemen, Gipuzkoan, ez da Estaturik egon. Intxaurrondo zegoen eta PSOE… eta gainerakoan ETAk agintzen zuen.

Labaien: Nik ez daukat inpresio hori.

Baina euskalduna eta posibilista izanda ez al litzateke errazagoa PNVn edo ezker abertzalean bukatu izana?

Egiguren: Bai baina ni beti heterodoxoa izan naiz… Gainera guk pentsatzen genuen PNV eskuin eskuinekoa zela… Gero praktikan guk bezalako politikak egin ditu, sozialdemokratak… Baina, Sabino Aranak esan zituen gauzak, joño, gogorrak ziren oso.

Labaien: Baina horiek esan zituen orain dela ehun urte.

Egiguren: Nik, munduko aukera politikorik arraroena egin izan banu ere, beti euskaldun sentitzen jarraituko nuke. PSOEkoa naiz baina ez diot inoiz nire jatorriari uko egin, nire jaiotetxearekin kontaktua eten ez dudan bezala… Garai batean Eibarko sozialista denak euskaldunak ziren, Akilino Amategik diskurtso denak euskaraz egiten ditu. Baina bizi izan dugun gatazka dela eta eredu horri jarraipena ematea ez da erreza izan.

Labaien: Baina zuk uste duzu Eibarko sozialista haien tartean bere lekuan egongo liratekeela Chacón edo Rubalcaba.

Egiguren: Nik uste dut PSEk ez daukala PSOEren menpe egoterik; Madrileko burokrata batek ezin duela lehendakari izan.

Maia: Ni bertsolaria banaiz neurri batean behintzat nire abueloren printzipio ezkertiarrengatik izan da hori. Hura jaio zen Albaceteko mendiko herri txiki batean, gerran errepublikaren bandoan alistatu zen, eta frentean Cabeza del Bueyra iritsi zen. Han nire abuela ezagutu zuen, gerra galdu zuten, miserian bizi ziren, beldurrez, mehatxatuta, eta hemen lana zegoela jakin zutenean bizi berri baten bila etorri ziren hona. Euren printzipioa sozialista eta solidarioak bere semea alabei transmititu zizkietena, eta printzipio horiek zirela medio seme alaba horiek hemengo Francoren kontrako borrokan integratu ziren. Borroka horretatik iristen naiz ni ikastolara, eta ikastolatik lehenengo euskalduna eta gero bertsolaria izatera.

Labaien: Hor sekulako aukera egin zuten zure gurasoek.

Egiguren: Hori askok egin dute.

Egaña: Hori gutxiegik egin dute… Hemen Extremadurakoa izatea latza izan da; hona lanera etorri ziren, ez inor zapaltzera, baina gero oso erraza izan dute erdaldun izatea, eta asko ez dira hortik mugitu.

Labaien: Etorri zirenean, edo ekarri genituenean, horrek tentsioak sortu zituen. Hable en cristiano famatua, esaterako, baina gaur egun hori gaindituta dago, hori historia da.

Egaña: Integrazio kasuak badaude. Azpeitian euskaldundu dira, Zarautzen ere dezente… Txikiren familia adibidez…

Maia: Baina pedigri kontuek luze iraun dute…

Labaien: Historiaren fase bat egon da.

Maia: Imigranteen herrietan komunitate kulturalak eta politikoak bat egiten dute. PSOEk irabazten duen herrietan, imigrante haien eta bere ondorengoen gehiengo bat dagoelako gertatzen da hori, eta jende horrek euskal kulturaren ez ezagutza handia dauka oraindik. Zoritxarrez isolamentuak gaur arte iraun du kasu askotan… Elkar ezagutzen ikasi behar dugu.

Egiguren: Kuriosoa da PSOEk irabazi duen herrietan bigarren alderdia HB izaten dela. Pasaian adibidez, behin bakarrik irabazi izan du PNVk…

Maia: Soziologikoki badaude holako konpartimentu batzuk hizkuntzarekin eta kulturarekin zerikusia dutenak eta nahikoa estankoak direnak…

Labaien: Ordu bi terdiak! Mekauen!, nire emaztean likidatu egingo nau…

Egaña: Bai, zera hainbeste urtetan ez badu egin honezkero ez du egingo… (barreak)

Ordubi terdiak paseak dira. Ia hiru ordutako tertulia. Berriro gelditu beharra daukatela esaten diote elkarri, polita joan dela, “baina hurrengoan kazetaririk gabe” jotzen didate adarra. Tertuliako taldeari Kafe San Telmo izena jarri beharko litzaiokeela diote broman. Museoaren kafetegiak Bokado izena duela uste duela aipatzen du norbaitek, baina gehiengoari ez dio konbentzitzen, “Kafe San Telmo izen hobea da tertulia batentzat”. Labaien mugikorretik ari da berandutu egin zaiola esaten, Maia ere bai. Egañak ez du mugikorrik eta poltsikoan gordetzen ditu tabakoa eta museoko langileak emandako gonbidapenen kutxatxoa. Denok altxa gara. Denok Jesus Egiguren izan ezik. “Baina ez al dugu bazkalduko edo? Nik pentsatzen nuen elkarrekin bazkalduko genuela”.

Maia eta biok geratu gara. Terrazan bertan eskatu ditugu eguneko hiru menu. Arnaldo Otegiz eta Felipe Gonzalezetaz hitz egin digu politikariak. Sevillakoa oraindik ere PSOEko lider naturala dela dio. Elgoibarkoa ere benetako lider bat dela, eta kartzelatik atera ez badute lidergo hori lausotzearren izan dela. Goitik behera irakurri omen du hauteskunde kanpainan Otegik atera duen liburua; oso interesgarria iruditu omen zaio… Luzaroan erdi isolaturik egon ondoren gerra bukatu delakoan lubaki bakartitik irten berria denaren gauzak kontatzeko antsiaz hitz egiten du. Eta zigarroak ere horrela erretzen ditu, bata bestearen atzetik. “Tontakeria galanta egin dut tabakoarekin. Azken legegintzaldian harrapatu nau, daukadan adinarekin. Patxi Lopez eta hauek deskantsuetan kanpora atera eta erretzeko aprobetxatzen zuten. Eta nik, begira ez egotearren, bada pasa bat. Eta gero beste bat. Egia esan, ez zait batere komeni”.

Eguzkiak gozo berotzen du Donostiako Zuloaga plaza. San Telmo museoaren kafetegiko eta Union Artesanako terrazetan dagoen jendea bazkaltzen ari da. Kuriosoa, garai batean Donostiako Cafe Gijón27 deitzen zitzaion Union Artesanari. Geure platerak ere mahai gainean daude. Gosea. “Jaten hasi beharko dugu” dio Maiak. Grabagailuari ere bateria agortzen ari zaio. Bazkaltzea tokatzen da. Stop.


 

1 Tertulia diogu asmoa ez delako ez mahai inguru bat eta ezta elkarrizketa bat egitea ere. Mahai ingurua balitz gai bat edo gai gutxi batzuk finkatu eta landu beharko lirateke aldez aurretik; gai askori buruz edo gai librean arituko dira eta aldez aurretik ez dute ezer prestaturik ekarri. Elkarrizketa balitz, berriz, gehienez bizpahiru izan beharko lukete elkarrizketatuek, edo gutxienez etorri txikiagokoak; galdetegia prestatu da, bai, baina erantzunek hartzen duten bideari jarraitzeko asmoarekin.

2 Solasa, hizketa, berriketa, hartu emana da helburua. COPE edo Intereconomiako tertulietan egiten dena baina hizketakide interesgarri eta pluralekin, eta, noski, grazia eta seriotasun gehiagorekin.

3 Labaiendarren etxea Ateneo txiki bat izan zen gerra aurretik. Lizardi kale berean bizi zen, esaterako, edo Orixe familiaren lagun mina zen. Euskonewsen 597. zenbakian emaniko elkarrizketan Ramonek kontatzen du aitak esaten zuela garaiko Gipuzkoako guztiek euren etxean egiten zutela bigarren jatordua. Apaiz euskaltzale horien artean itzal handikoena Jose Ariztimuño Aitzol (1896-1936) zen ezbairik gabe. Idazle, kazetari, sindikalista, politikari eta eragile, gerra aurreko euskal kulturaren berpizkundearen bultzatzaile nagusienetarikoa izan zen berau. Labaiendarrak bezala tolosarra, gertu-gertukoa.

4 XVI. mendeko literatur korrontea da gongorismoa, barroko espainiarraren baitakoa, klasikotasunaren argitasun eta oreka hautsiaz estetika ariketa intelektual erretoriko gisa lantzen zuena. Alegia, intelektuala, herri xehearentzat ulertzeko nekezegia, Aitzolek zerabilen adieran.

5 Alberto Surioz ari da, noski, Patxi Lopezen gobernuak EiTBko zuzendari nagusi izendaturikoa.

6 Aginte makila hartu zuenean botatako bertsoa: Barkau atrebentzia ez bagara formal ari, / Bilintx bezala udalean sartu bagera kantari / eta kantuz gaurtik ekin biharko Donostiari, / Auzoetatik datozen haizeak orrazteari, / ezkerretik begiratzen diogu itsasoari / aro berri bat dakarren herritar olatuari. / Zorionak Donostiari eta Euskal Herriari, / portu bat jarri diogu guztion esperantzari

7 Erretorikaren figura literarioa. Kontrajarriak diren bi kontzeptu lotzen dira kontzeptu berri bat sortzeko. Adibideak: Errealitate birtuala, gerra humanitarioa.

8 Very Important Person (VIP) ingelesaren euskarazko adiera: Pertsona OSo Inportantea.

9 Jose Antonio Muñagorri Tolosako eskribaua zen Lehen Karlistadetan (1833-1839) eta Foruen aldeko nahiz gerraren kontrako idatzi bat plazaratu zuen. Idatzi horretan esandakoak bertsotan jasotzeko ere eskatu zuen. Pakea eta Fueroak izeneko sortaren hamabosgarren bertsoa da Labaienek aipatzen duena: Gerran azkarrak eta / pakean umillak, / beti izandu gera /euskaldun mutillak / Eziñ egin dutena / eun milla gizonek, / egin oi du gurekin / alkatetxo batek.

10 Ia guriak egin du, / badegu zeinek agindu. / Ez oraindik umildu, / alkarrengana bildu. / Gerra nahi duen guzia / berari kendu biziaEz naiz ni gerraren zale / baizik pakearen alde. / Zeinek nahi duen galde, / berari tira, dale. / Bala bat sartu buruan, / aspertuko da orduan.

Gu gera hiru probintzi. / Hoieri firme eutsi, / nahiz hanka bana hautsi; / jaioko dira berriak, / gu gera Euskal Herriak.

11 Antonio Cánovas del Castillo (1828-1897) alderdi kontserbadoreko burua, eta Euskal Foruak abolitu zituen Espainiako Errestaurazioaren bultzatzaile nagusia. Arrasaten erail zuen Michele Angiolillo anarkistak. Esaten da Donostiako Diputazioaren eraikinaren atarian egin zuela topo Txirritak Joaquina de Osma y Zabala alargunarekin eta hantxe bertan bota zizkiola bertsoak: Il da Canovas, fuera Canovas, / pikaro gaizki eziya, / galdu zituen gari-zelaiak, / gallendu zaio sasiya; / galdu zituen ipar garbiyak, / gallendu trumoi nasiya, / galdu zituen fueruak eta / Jaungoikoaren graziya, / galdu zituen bizi-lekuak, / galdu du bere biziya!

Iru reloju, iruna kate, / iru mallakin bakoitza, / buruan berriz iru orratza; / iru doblako amoriyua / tximista bezin zorrotza, / iru tirotan utzi zizuten / zuri senarra illotza, / iru ezpatak zulatzen dute / señora zure biotza

12 Hainbat elkarrizketetan gaztetan bokazio militarra izan zuela aipatu izan du. Gerraostean familia erbesteratu eta eskola frantsesetan izan zen hezia eta herrialde hartako ejertzitoaren historiak erabat liluratu zuen. Gerora berunezko soldaduak egitea izan du afizio, eta tailer bat ere ireki zuen horretara zuzendua, Jaurlaritzako Sailburu izendatu zutenean, Garaikoetxea lehendakariak ezarri zituen bateraezintasun arau zorrotzak zirela-eta, alde batera utzi behar izan zuena. Mundu mailako ospea lortu dute Labaienen berunezko soldaduek alor honetan adituak direnen artean.

13 El PSOE en el País Vasco, 1886-1986; Euskadi, tiempo de conciliación, El socialismo vasco y la izquierda vasca, 1886-1994; Los últimos españoles sin patria (y sin libertad), El arreglo vasco; Fueros, constitución y política en los siglos XIX y XX; La crisis vasca. Entre la ruptura y el diálogo con ETA, las claves de la paz

14 Solferinoko bataila 1859ko ekainaren 24ean eman zen izen bereko Lonbardiako herrixkatik gertu. Napoleon III.ren tropek eta Sardiniako Erreinukoak, 120.000 soldadu guztira, Inperio Austriarraren 100.000 soldaduko ejertzitoa garaitu zuten.

15 Ez da kalifikazio gozoa. Nazien okupazio garaian erresistitzea erabaki zuten frantziarrek Charles De Gaulle generala zuten buru, kolaboratzea erabaki zutenek Philippe Pétain Mariskala.

16 Mirabeau Kondea Frantziar Iraultzak izan zuen hizlari ospetsuena izan zen. Bere diskurtsoek sekulako zalaparta sortzen zuten beti. ‘Herriaren Hizlaria’ deitzen zioten eta Asanblada Nazional Eratzailearen lehendakari izatera ere iritsi zen.

17 Emilio Castelar politikari eta idazlea Gobernuko presidente izan zen Espainiako Lehen Errepublikan, XIX. mende amaieran. Bere lehen diskurtsoa eman zuenetik, 1854ean Madrilen, Partidu Demokratikoaren ekitaldi batean, hizlari bikainaren ospea irabazi zuen prentsan eta jarraitzaile nahiz arerioen artean. Espainiako historia politikoak izan duen hizlaririk onena dela esan ohi da.

18 Lluís Companysi buruz ari da. ERCko buruzagia eta Bigarren Errepublikan Kataluniako Generalitateko lehendakari izandakoa. 1934ko urrian Kataluniako Estatuaren sorrera deklaratu zuen. Gerra galdu ondoren, Generalitateko lehendakari funtzioak betetzen jarraitu zuen erbestetik 1940an polizia militar alemaniarrak harrapatu arte. Francoren esku utzi zuten naziek eta torturatu ondoren Montjuiceko gazteluan fusilatu zuten frankistek.

19 Gorka Landaburu kazetariaz ari da, Cambio 16 astekariaren, Aldaketa 16 aldizkariaren eta El Paísen Euskadiko edizioaren zuzendari izandakoa. ETAren atentatu bat jasan zuen 2001. PSOEko afiliatua da Landaburu. Bere aita, aldiz, Francisco Javier Landaburu EAJeko buruzagi garrantzitsua izan zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritzan Lehendakariorde kargua betetzera iritsi zen.

20 Ez dakigu nori buruz ari den. Gudarien EMB Santurtzi batailoiko burua, Eugenio Orbegozo, izan daiteke agian.

21 Arturo Kanpion Nafarroan euskal kulturak XIX. Mende amaieran eta XX.ren hasieran bizi izan zuen loraldiaren bultzatzaile nagusia izan zen. Iruindarra eta euskaldun berria Euskaltzaindiaren sortzaile eta Eusko Ikaskuntzaren Ohorezko lehendakari izan zen.

22 1977ko udan burutu zen martxari buruz ari dira. Amnistia Osoa eta hegoaldeko lau probintzientzako Estatutu bat aldarrikatzen ziren besteak beste. Deitzaileen artean Telesforo Monzonena zen aurpegi ezagunena. EAJ eta PSE-PSOEk ez zuten bat egin martxarekin. 48 eguneko martxaren ondoren, Iruñerako sarrera debekatua zutenez, eta Guardia Zibilak blokeatuta zeukanez, Aranzuriko landan egin zen azken ekitaldia. 150.000 lagun bildu ziren bertan.

23 Egitekoa luze, bidea labur.

24 Franklin Delano Roosveeltek, Estatu Batuetako 32. Presidentea eta lau aldiz aukeratua izan den bakarra,. Bigarren Mundu Gerrari egin behar izan zion aurre bere azken mandatuan. Gerrari eta bakeari buruzko hainbat aipu dotore utzi zituen.

25 XVIII. mendeko filosofoa. Oraindik ere bigarren hezkuntzako eskoletan Platon, Kant, Marx eta beste bizpahiru egilerekin batera irakasten den bakanetakoa. Bere ideiak funtsezkoak izan ziren Ilustrazioaren eta Frantziar iraultzaren garapenean. Berdintasunaz, askatasunaz, demokraziaz, hezkuntzaz aritu zen.. Bere obrarik garrantzitsuenean, Emilion (1762), honakoa utzi zuen idatzita: “Gernikako arbola Askatasunaren arbolen artean antzinakoena da, lehenengoa, guztien aita”. Aipatzekoa da Harremana izan zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideekin, eta Gernikako arbolaren berri hauen bidez izan zezakeela pentsatzen da. 1765ean osaturiko euskal noble eta burges ilustratuen elkartea bat zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Aipatzekoa da, baita, kuriosoa iruditu zaigu behintzat, gaur egun oraindik martxan dagoela elkarte hau (www.bascongada.org) eta Jesus Egiguren bertako kide dela.

26 Jatorrizko bertsioa euskal marinelen kantua da, eta holandarrak eta flandriarrak aldi berean adierazteko Olandres euskal hitz hibridoa, darabil. Euskal kortsarioen izpiritua jasotzen duen abestia Holanda eta Flandria XVI. mendean elkarrengandik banatu aurretikoa da, bada: Jeiki, jeiki etxekoak, / argia da zabala, / argia da zabala! / Itsasotik mintzatzen da / zilarrezko tronpeta. / Baita ere ikaratzen/ Olandresen ibarra, / Olandresen ibarra!

Jaiki, jaiki etxekoak, / argia da zabala / argia da zabala! / Itsasotik mintzatzen da / ontzi bat kargatua; / Gaitezen denak mentura / Haren atakatzera!

Jaiki, jaiki etxekoak , / argia da zabala / Itsasoan agiri da / argi gozo biguna, / bere aurrean beldurtuta/ ihes doa iluna

Bertsio Sabiniano hau ere topatu dugu:

¡Jagi, jagi, euzkotarrak, / lasterr datorr eguna! / Sorrkaldetik agiri da/ argi gozo-biguna.
Bere aurrian bilddurrtuta/ igesi dua illuna.
¡Jagi, jagi, euzkotarrak, / lasterr datorr eguna! / Sorrkaldetik agiri da / JEL-eguzki ederra. / Bere argijak berotuko / dausku geure bijotza.
¡Jagi, jagi, euzkotarrak, /eta batzau gattezan! / Arrtu danok izkillubak / eta Aurrera goyazan. / Geure Aberri-areyuak / gustijak il daiguzan.

27 Madrilgo kafetegi mitiko honek XX. mendearen lehen erdian tertulia literario eta politiko ugari bizi izan zituen. Espainiaren ondare kultural eta historia politikoaren parte dela esaten dute… Gureak ez du ziurrenik orduko tertulia haien grazia eta seriotasunik izan, baina airean joan dira bi ordu eta erdi. Desizoztearen arrasto berriak utzi dizkigu gainera bidean: “Egunen batean gelditu behar dugu eta gurekin etorri behar duzu bertso saio batetara” ari zaio esaten Jon Maia Jesus Egigureni.